2005/07/11

Irakasleei gustatu ez irakurtzea

Asteburu honetan irakurri dut El País egunkarian irakasleek konpromiso eskasa dutela irakurketarekin. Egunkariak Espainiari buruz ziharduen, baina uste dut Euskal Herrian ere ez garela oso urruti ibiliko Idea Institutuak egin duen azterketaren emaitzetatik.

Liburutegiak, zertarako?
Espainiako argitaratzaile talde batek egin du galdetegia, kezkatuta baitzegoen Espainian gazteek gutxi irakurtzen omen dutelako. Galdera asko egin dituzte eskoletako liburutegien gainean, baina emaitzetan ikusi dute irakasleek beraiek ez dutela gustuko irakurtzea. Hona hemen datu zenbait:
  • Galdetutako irakasleen %40 inoiz ez da joaten ikastegiko liburutegira.
  • Irakasleen %24 astean behin joaten da liburutegira.
  • Irakasleen %22, hilean behin.
  • Irakasleen %23k eskolak eman ditu liburutegian.
  • Irakasleen %77k, aldiz, inoiz ez du ezer antolatu liburutegiarekin lotuta.
  • Irakasleen %77,4k lan egiten du testu liburuarekin, baina ez ditu ikasleak bultzatzen irakur dezaten.
Azterketak ondorioztatu du irakasleek konpromiso eskasa dutela irakurketarekin. Irakasleek interesgarritzat jotzen dute eskolak liburutegia edukitzea, baina ez da sartzen beraien helburuetan. Zertarako liburutegiak eskoletan, diote argitaratzaileek, baldin eta irakasleek ez badituzte motibatzen ikasleak irakurtzera? Galdera ona.

2005/07/08

Internet eta idazkuntza, elkarren etsai?

Eztabaida interesgarria piztu da egunotan Joan Mari Irigoien idazlearen adierazpen batzuen harira. Altzako idazleak oraindik orain jaso du Euskadi Saria, eta, horren harira, hitz hauek esan ditu DV egunkarian:
Lo mío es escribir, pero tenemos grandes enemigos como Internet o las nuevas tecnologías, que sin duda, afectan a nuestro campo. Pero seguiré ahí, escribiendo a diario.
Eta Luistxo Fernandez kazetari eta teknofilo apartak erantzun egin dio bere blogean, Ingelesen Hilerria izenekoan. Beste zenbaitek ere parte hartu du eztabaida horretan, Joan Mari Irigoien bera barne.

2005/07/07

Arizmendi okindegiak Kalifornian

Ameriketako Estatu Batuetan 300 enpresa antolatuta daude kooperatiba moduan, bertako Kooperatiba Elkarte Nazionalak dioenez. Horietako batzuk Kaliforniaren iparraldean aurkitu ditugu, tartean Arizmendi okindegiak, Oaklanden, San Frantziskon eta Emeryvillen, non saltzen omen den pizzarik onenetakoa paraje haietan, The San Francisco Chronicle egunkariaren arabera.

Arizmendi okindegia sortu zen The Cheese Board Collective kooperatibatik, azken horren arrakastan oinarrituta. Okindegi horretan ez omen dago nagusirik, denek omen dute botoa erabakiak hartzeko, horiek hartzen dira kontsentsuz, eta Jose Maria Arizmendiarrietaren ikuskeran sinesten dute. Horregatik Arizmendi izena.

Batez beste 28 dolar irabazten dute orduko, beraien osasun premiak estalida daude, eta urtean laupabost aste hartzen dituzte oporrak, ordainduta. Luxu handia, kontuan hartuz gero AEBetan langileek batez beste pare bat aste baino ez dituztela hartzen. Bazkide egiteko, berriz, 1.000 dolar ipini behar izaten dute kooperatiban.

Eskuzabaltasuna lanean
Willie Perez kooperatibistak Arrasate bisitatu zuenean, zur eta lur geratu zen, ikusirik gainerako kooperatibek nola erantzun zuten Fagor kooperatibari erre zitzaionean biltegi handi bat Gasteizen: “hango langile guztiei lana eman zitzaien beste kooperatiba batzuetan, nahiz eta hori zela-eta irabaziak txikiagoak izango ziren kooperatiba horietan. Han jendea ez da bat ere berekoia enpresa kudeatzeko orduan”.

Liburu bat ere argitaratu dute, beraien esperientzia zabaltzeko, The Cheese Board Collective Works, eta horretan segitzen dute, kooperatibismoaren berri ona zabaltzen, hitzekin eta ekintzekin, hemen dioten moduan.

2005/07/06

Kooperatibak aztergai AEBetan

Live Journal aldizkariak artikulu bat kaleratu berri du, Mondragon: past performance and future potential, Kenneth Lovecraftyk idatzia. Artikulua luzea da, eta zazpi atal nagusi ditu:
  1. Mondragon kooperatibak.
  2. Arizmendiarrieta eta banaketa aurreratua.
  3. Mondragon kooperatiba esperientziaren oinarrizko printzipioak.
  4. Kooperatiben egitura eta gobernua.
  5. Arrakastaren arrazoiak.
  6. Desertzioa.
  7. Zer eskain diezaioke Mondragonek munduari?
Artikuluaren bukaeran egileak eskatzen du sortzea Mondragon Ikaskuntzen Nazioarteko Elkartea, koordinatzeko kooperatiben mugimendua eta munduan zehar dabiltzan ikertzaileak.

2005/07/05

Kristalezko sabaia

Atzo aurkeztu zen HUHEZIn uztail honetako lehen karrera amaierako proiektua. Izenburu deigarria zuen —Lan iragarkien analisia generoaren ikuspegitik—, eta Miren Apraiz ikaslearen hitzak entzun genituenok irten ginen komentziturik oraindik lan dezente dagoela egiteko, generoen arteko berdindatasunera bidean.

Miren Apraizek lan eskaintzak aztertu ditu bere proiekturako, El Correok igandeetan ateratzen dituenak. Batzuk ziren 1995ean argitaratutakoak, eta beste sorta bat, bost urte geroago. Eta egileak garbi ikusi du oraindik ere enpresa askok hizkuntza bat edo beste erabiltzen dutela, nori doakion iragarkia.
  • Aldaketarik ez. 1995etik 2000ra ez du somatu aldaketarik generoen arteko tratamenduan.
  • Bereizkeria horizontala. Horrela deritzo Miren Apraizek sexuen arabera bereizten denean hizkuntza. Adibidez, iragarki batzuetan beti agertzen zen “dependientas”, baina inoiz ez “dependientes”; edo “director de mantenimiento”, baina ez “directora de mantenimiento”.
  • Gizonetan pentsatzen. Beste batzuetan, edozein zela iragarkia, bukaeran, “interesados” ipiniko zuen.
  • Gizonei, info gehiago. Iragarkiak gizonezkoei zuzentzen zitzaizkienean, askoz ere handiagoak izaten ziren, eta azalpen gehiagorekin. Emakumezkoentzat zirenean, aldiz, txikiagoak eta azalpen gutxirekin.
Proiektuaren aurkezpenean Miren Apraizek hainbat aldiz aipatu zuen kristalezko sabaia adierazteko nola enpresa askotan sabai ikusezin bat ipintzen zaien emakumeei, alegia, idatzi gabeko oztopoak, eragozteko gorago egin dezaten. Proiektu interesgarria, eta bai enpresek eta baita gainerakook ere kontuan hartzeko modukoa.

2005/07/04

Komunikazioa emakumeen eta gizonen artean

Egun hauetan Deborah Tannen hizkuntzalariaren liburu bat irakurtzen ari naiz, ¡Lo digo por tu bien!, eta hor egileak dio emakumeek modu batean ulertzen dituztela pertsonen arteko harremanak, eta gizonezkook beste modu batean.
  • Emakume askok, dio Deborah Tannenek, hitz egiten dute beren lagunekin kezkatzen dituzten gauzen gainean, zeren eta emakumeek hori baitute modurik oinarrizkoena adiskidetasuna lantzeko.
  • Gizonen arteko adiskidetasuna, aldiz, ez da oinarritzen elkarri sekretuak kontatzean, baizik eta jarduerak partekatzean, gauzak elkarrekin egitean.
Bat nator Tannen-en iritziarekin. Aspalditik konturatuta nengoen emakumeak askoz ere praktikoagoak direla elkarren arteko elkarrizketetan, gizonezkoak oso erraz lerratzen baikara “gai inportanteetara”, alegia, politikara eta kiroletara, esate baterako.

Deborah Tannen hizkuntzalaria da, baina ez du gramatika aztertzen, baizik eta pertsonen arteko komunikazioa, nola haserretzen garen —edo pozten— eta zergatik, gure artean hitz egiten dugularik, etab. Liburu interesgarria da.

2005/07/01

Argia astekaria, RSS bidez

Atzo irakurri genuen Sustatun hemendik aurrera Argia aldizkariak ere RSS bidez zabalduko dituela bere edukiak, Argia astekaria eta Kulturaren Hari@. Ez zen erabaki erraza izango Argiarentzat, bere edukiak RSS bidez zabaltzeak esan nahi du-eta aldizkariak aldatu egingo duela bere orain arteko modeloa, alegia, eduki guztiak bere webgunean soilik eskaintzea, baina RSSri esker, Argiak beste kanal bat ireki du bere edukiak banatzeko.

Erabaki ona izan da, aukera emango digu-eta Argia zaleoi haren edukiak edozein albiste biltzailetatik jasotzeko (dela Bloglines, dela Aurki.com…), edonon gaudela ere. Zorionak, beraz, Argia aldizkariari erabaki horrengatik, eta zorionak orain artean egin duen bide oparoagatik.

2005/06/30

Interneten ezaugarriak

Gaur egun gutxik ukatuko dute Internet dela erremintarik ahaltsuena informatzeko eta komunikatzeko. Baina zer ezaugarri ditu Internetek?
  • Internet da amaraun bat, eta milioika dokumentu ditu hitz eta irudien bidez uztartuta. Hipertestuari esker, irakurleak jauzi egin dezake informazio batetik bestera. Internetek, bestalde, nabigatzeko aukera asko eskaintzen ditu: loturak, soinuak, irudiak, mapak, bideoak eta animazioak. Horri esker, esan daiteke Internet dela hipermediaren hipermerkaturik handiena.
  • Internetek hautsi egiten ditu denborak eta espazioak ezarritako hesiak. Gaur egun Interneten sar gaitezke edonoiz eta edonon.
  • Interneten sarbidea dugu genero askotara: prentsa, aldizkariak, liburuak, hitzaldiak, artikuluak, musika, bideoa, irudiak, programa informatikoak, etab., ia kontrol edo zentsurarik gabe. Sareak aukera ematen du, hortaz, harremana egiteko edonorekin, edozein tokitan dagoela, teknologiaren eta hizkuntzaren mugak gaindituz gero.
  • Internet da informazio iturri ia agortezina; mundu osoak partekatzen du, eta beroni esker posible da elkarlana alde bietara.
  • Gaur egun Internet da hedapen esparrurik irekiena eta demokratikoena. Posible da Interneten informazioa zintzilikatzea beste inon baino merkeago.
  • Inon aurkitzekotan primizia informatiborik, Interneten aurki daiteke, bizkorragoa baita irratia, telebista eta prentsa idatzia baino. Horri esker, edozein hiritarrek jakin dezake albiste baten berri korporazio handi batek baino.
  • Internet kanal askotarikoa da, eta heterogeneoa, eta hor elkar eragiten ari dira sarea bera, posta elektronikoa, txatak, foroak, posta zerrendak, albiste taldeak, etab.
  • Internetek aukera ematen dio bai irakurleari zein idazleari anonimatua gordetzeko.

Ezaugarri hauek aurkitu ditugu Internet y competencias básicas liburuan, Carles Monereok eta Marta Fuentesek idatzitako artikulu batean.

2005/06/28

Kanadarren bisita

Atzo hamar irakasle izan genituen HUHEZI fakultatean, denak Saint Mary’s Unibertsitatekoak, Kanadako ekialdean, eta denak lanean master batean, Kooperatiben kudeaketa izenarekin. Gehienak kanadarrak ziren, baina bazen tartean ingelesik, estatubatuarrik eta quebectarrik ere.

Mondragon Unibertsitateko bost irakaslerekin elkartu ziren, eta, bi ordu eta erdiz, galderak egiten aritu ziren, Euskal Herriko kooperatiba mugimenduaren gainean, eta unibertsitateari buruz.

Beraiek ere jakinarazi zuten interes handia dutela kooperatibagintzan. Hori dela eta, bigarren mailako kooperatiba bat sortu zuten, eta horretarako elkartu hainbat kooperatiba anglofono. Ondoren, hitzarmen bat egin zuten Saint Mary’s Unibertsitatearekin, eta diru iturriak bilatzen hasi masterra antolatzeko. Bi urtean dena zuten eratuta. Ikasle guztiak lanean ari dira kooperatibetan, Zeelanda Berrian batzuk, Eskozian beste batzuk, Kanadan, AEBetan, eta Quebecen, besteak beste. Denak ardura postuetan.

Saint Mary’s Unibertsitateko irakasleek oraindik bizpahiru egun egingo dituzte Euskal Herrian, kooperatibak eta horien inguruko fenomenoa aztertzen.

2005/06/27

Nola erabili bilatzaileak. Kasu praktiko bat

Askotan irakasleok arazoak izaten ditugu irakasteko ikasleei, modu praktikoan, nola erabili bilatzaileak Interneten. Lana errazte aldera, kasu praktiko bat ekarriko dugu hona.

Kasu hori atera dugu Carles Monereo eta Marta Fuentes irakasleek egindako liburutik, Internet y competencias básicas.

Atentatua Madrilen
Eskola bateko ikasleek, bigarren mailako hezkuntzakoek, jakin nahi zuten zer gertatu zen 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuan. Ikasgelan luze eta zabal hitz eginda, konturatu ziren informazio eskasa zutela, eta askotan, kontraesanez betea. Hori ikusita, irakasleak proposatu zien bilaketa zorrotza egitea, ikasleek zituzten galderei ganoraz erantzuteko:
  • Nola gertatu zen?
  • Zer kalte eragin zituen (pertsonen artean, materialak…).
  • Nork hartu zuen parte (laguntzak, profesionalak, antolakuntza, erantzukizunak…).
  • Nola erantzun zuten hiritarrek? (komunikatuak, ekitaldiak, kale agerraldiak…).
  • Nola erantzun zuten gainerako herriek?
  • Nondik abiatu ziren lehen ikerkuntzak? Zergatik?
  • Zer eragin izan zuen atentatuak politikan eta gizartean?
Erabaki zuten Interneten bilatuko zutela informazioa, beraz, di-da antolatu ziren taldetan, eta hasi ziren bilatzen, hainbat erreminta erabilita: direktorioak (Ozú, eresmas…), bilatze motorrak (Google, Yahoo!, Altavista, Lycos, Alltheweb), metabilatzaileak (Metacrawler), agenteak bilaketa adimentsuak egiteko, sareko prentsa (La Vanguardia, El Periódico de Catalunya, El País, ABC), posta elektronikoa, zerrenda elektronikoak, etab.

Hitz gakoak ere asmatu eta antolatu zituzten, bilaketak egiteko: 2004ko martxoaren 11, Espainia, Madril, hilketa, terrorismoa, izuikara, bonba, trenak, Atochako tren geltokia, Santa Eugeniako tren geltokia, El Pozo del tío Raimundo tren geltokia, Téllez kalea, ETA, etab.

Eragozpenak
Hasi bilatzen, eta berehala konturatu ziren ikasleek informazio larregi zegoela, eta horietako asko, gainera, bat ere zehatza ez, intoxikazio hutsa. Beraz, ezinbestekoa zen bilaketa ondo zehaztea. Nola egin galdera, emaitzak oso bestelakoak ziren:
  • 2004ko martxoaren 11. Hori idatziz gero, Googlek ematen zituen 3.070.000 emaitza.
  • 2004ko martxoaren 11 + Terrorismoa + Espainia + Madril. Hori idatziz gero, berriz, 25.100 emaitza.
Ikasleak ohartu ziren, bai, zehaztu beharra zegoela, eta estrategia aldatu zuten. Hasi beharra zegoen, gainera, bereizten alea eta lastoa, kontua baitzen aukeratzea informazioa, beren galderei erantzuten zien neurrian.

Erakusketa
Ikasleek izugarri aurreratu zuten informazioa biltzen eta antolatzen. Bukaeran, erakusketa bat prestatu behar izan zuten, egunkari-mural moduko bat, non erakutsi baitzieten gainerako ikasleei zer lan egin zuten.

Hori egin baino lehen, azalpen bat egin zuten ikasgelan, eta hor azaldu prozedura guztia. Ikaskideen onespena jaso zuten, eta zenbait kasutan baita kritika ere. Hori zela eta, talde batzuek errepikatu behar izan zuten bilatze eta antolatze lana.

2005/06/24

Eten digitala

Gai hau behin baino gehiagotan jorratu dugu euskal blogosferan. Orain arte eten digital deitu izan diogu herrialdeen artean sortu den distantziari, aberatsek eskura baitituzte baliabide digital gehienak, baina pobreek ez. Gaur berriz, Carles Monereo pedagogoari irakurtzen —Internet y competencias básicas—, ikusi dut eten digital horren barruan gerta daitezkeela beste eten batzuk.
  • Eten geopolitikoa. Herrialdeen artean gertatzen den etenari deitzen dio horrela, guk gorago aipatu dugun definizioaren haritik.
  • Eten etnikoa. Berak horrela deitzen dio ingelesa dakitenen eta ez dakitenen arteko etenari, hizkuntza hori baita nagusi sarean, lingua franca gaur egun.
  • Genero etena. Gaur egun, eta zenbait tokitan bereziki, askoz ere gizonezko gehiagok erabiltzen dute Internet. Emakumeak, aldiz, atzean geratzen ari dira.
  • Belaunaldien arteko etena. Gazteak ari dira batik bat Interneten. Zaharrak, ostera, albo batera geratzen ari dira.
  • Alfabetatze etena. Alfabetatu gabeek jai dute Interneten, hor ibiltzeko gutxieneko jakintza bat eduki behar da-eta.
Gizon gazte batek, zuria, eskolatua, ingelesa badaki eta bizi bada herrialde industrializatu batean, eskura izango ditu informaziorako eta komunikaziorako teknologiak, eta aukera franko bere burua garatzeko.

2005/06/23

iPod programaren gazi-gozoak unibertsitatean

Ikasturte honen hasieran, 2004ko udazkenean, Duke Unibertsitateak oparitu zien lehen mailako ikasle guztiei iPod bana, magnetofono batekin batera, “ikasleek erabil dezaten teknologia modu sortzailean”. c/net webguneak dioenez, egitasmoa kostatu zitzaion unibertsitateari 500.000 dolar.

Urtebete geroago, unibertsitateak aurkitu du ikasleen %60k erabili dutela ipotxa eskolako materiala grabatzeko; ikasleen %28k, berriz, erabili dute musika irakurgailuaren disko gogorra informazioa gordetzeko, iPod azken batean hori baita, disko gogor bat, eta balio du musika eta argazkiak gordetzeko, aparailua nolakoa den.

Humanitate ikasleek erabili dute gehien ipotxa, batez ere musika eta atzerriko hizkuntzak ikasten ari direnak, nahiz eta ingeniaritza ikasleek ere erabili duten proiektu batean, konputatzeko metodoen gelan. Gaztelania ikasten ari diren ikasleek ere azterketetan erabili dute musika entzungailua, entzuteko nola hitz egiten zuten espainieraz.

Arazoak
“iPodi esker ikasleek lan gehiago egin dute audio zereginetan”, esan du unibertsitateak. Hala ere, aurkitu dute arazorik esperimentu horretan: arazoak formatu eta lizentziekin; arazoak ikasle askok ez zekitelako zer egin ipotxekin; eta arazoak unibertsitateak berak ez zuelako baliabide nahikorik jendea entrenatzeko.

Hala ere, datorren ikasturtean ere, unibertsitateak oparituko ditu ipotxak, baina eskola partikularrak hartuko dituzten ikasleen artean soilik.

2005/06/22

Bi arazo hiritarren kazetaritzan

Hiritarren kazetaritza hedatzen ari da. Gure artean Goiena.net izango da kasurik aipagarriena. Enpresa bati dagokio, baina ari da erremintak sortzen, hiritarrok erabil ditzagun informazioa sortzeko, blog komunitatea kasu. Beste toki batzuetan, aldiz, formatu irekiagoak sortzen ari dira, adibidez, Backfence, aurreko batean hementxe bertan aurkeztu genuena, edo Bayosphere, edo Ourmedia.org.

Sam Whitmore kazetariak artikulu interesgarri bat idatzi du Forbes aldizkarian, eta hor aztertu egiten du hiritarren kazetaritza. Oso egokia ikusten du, batez ere hurbileko informazioa lantzeko komunitateetan, baina aurkitzen dio arazorik.

Badakigu idazten?
Egileak txosten bat aipatzen du, Alfabetatzearen Aldeko Institutuarena, non esaten baita 2002an AEBetan 16 eta 65 urte arteko hiritarren artean erdia bakarrik zeudela alfabetaturik aurrera egiteko moduan gaur egungo lan merkatuan. Beraz, hori horrela bada, nork idatziko du webgune horietan, Backfencen eta Bayospheren esate baterako?

Aitzitik, esanguratsua iruditzen zaio egileari Ourmedia.org webgunearen eredua, non eskaintzen baita, doan, lekua eta banda zabaleroa bideoak zintzilikatzeko, audioak, argazkiak, testua edo softwarea. Whitmorek azpimarratzen du nola testua laugarren tokian doan eskaintzan, bideoa, audioa eta argazkien ondoren. Haren ustez, Ourmediak egokiago erantzuten dio AEBen errealitate soziologikoari, beste biek baino.

Infobandaloak
Webgune batek arrakasta baldin badu, berehala agertuko dira infobandaloak, eta bertan utziko dute beren arrastoa: gorrotoa, xenofobia, eta beste horrelako perlak.

Batzuek, ezabatu egiten dituzte mezu horiek, beste barik. Beste batzuk, ostera, saiatzen dira galbahe informatikoak ezartzen, oztopatzeko intrusoen lana. Dena dela, oraindik inork ez dio aurkitu erabateko konponbiderik arazo horri.

2005/06/21

Hamasei ikaslek aurkeztuko dute proiektua uztailean

Uztailaren 4tik 15era, epaimahaiak osatuko dira HUHEZIn, Giza Zientzietako ikasleek aurkez ditzaten karrera amaierako proiektuak. Dagoeneko 16 ikaslek eman dute izena proiektua aurkezteko, denak Enpresarako Giza Zientziak amaitutakoak.

Gaiak
Gaiei dagokienez, denetik dago uztaileko proiektuetan. Hauxe da zerrenda:
  • Erosketen optimizazioa, prozesuetan oinarritutako kudeaketaren bidez.
  • Ezagutza sistema ezartzea Lazpiur S.A. enpresan.
  • Lan iragarkien analisia, generoaren ikuspegitik.
  • Oinarrizko errentak.
  • Iraunkortasun txostena.
  • Esplizitatu, deskribatu, landu eta sistematizatu Incress enpresak zer metodologia erabiltzen dituen konpetentziak identifikatu, ebaluatu eta kudeatzeko.
  • Jardueraren gestioa Ulma Handling Systems enpresan.
  • Komunikazio plana Ecenarro kooperatiban.
  • Bideragarritasun plana Sortzen Kultur Ekoizpenak enpresarentzat.
  • Ontzi garbigailu sailaren jarraipen komertziala.
  • Jardueraren gestioa Ulma Forja enpresan.
  • Ezagutu, kontrolatu eta ebaluatu merkaturatutako produktuak zer eragin duen erabiltzailearengan.
  • Harrera plana Goizper kooperatiban.
  • Lan arriskuen prebentziorako auditoria OHSAS 18001ean oinarrituta.
  • 5Sen ezarpena Fagor Industrialen egosketa sailean.
Bat izan ezik, ikerketa bibliografikoa baita, gainerako proiektuak enpresetan egin dira.

Deialdiak
Ikasleek hiru deialdi izaten dituzte karrera amaierako proiektuak aurkezteko: uztailean, irailean eta otsailean. Bakoitzak aukeratzen du proiektua noiz aurkeztu, bere interesen arabera.

Aurkezpenak
Ikasleak hamabost minutu ditu bere proiektua aurkezteko, diapositiba proiektagailu baten laguntzarekin. Aurrez aurre izango ditu tutore akademikoa, enpresan izan duen begiralea, eta beste gonbidaturen bat. Aurkezpenaren ostean, erantzun beharko die epaimahaikideek egindako galderei.

Aurkezpenak, bestalde, irekiak dira. Ikaslearen familiartekoak, lagunak eta ikaskideak egon daitezke bertan.

2005/06/20

Azterketa garaia

Amaitu dira eskolak. Orain azterketa garaia da. Giza Zientzietan, 3. eta 4. mailako ikasleek maiatzean amaitu zituzten eskolak, eta orain buru-belarri dabiltza, edo praktikak egiten (3. mailakoak), edo karrera amaierako proiektua prestatzen. Azken horien artean, batzuek uztailean aurkeztuko dute proiektua, beste batzuek irailean, eta bada otsailera atzeratu duenik. Bakoitzak bere asmoen arabera.

Lehen eta bigarren mailako ikasleak, ostera, joan den astean hasi ziren azterketak egiten. Gehienek aste honetan bukatuko dituzte. Behin horiek bukatuta, batzuek lehen praktikaldia egingo dute enpresaren batean. Eta gero, oporrak, ondo merezitakoak.

2005/06/17

Kontuz enpresa elkarrizketa horiekin

Orain hilabete-edo gure ikasle ohi bati deitu zioten elkarrizketa egitera, ikusteko egokia ote zen lanpostu baterako. Elkarrizketa kontsultora batean egin zioten. Hasieran, hitz gozoak: “enpresa hori handia da, eta lau fabrika dauzka; zu hartuko bazintuzte, 40.000 euro irabaziko zenituzke urtean…”. Harira joan zirenean, baina, erabat aldatu zen doinua.

Galdera arraroak
Bat-batean galdera arraroak hasi ziren egiten, eta batzuk, erasokor samarrak:
  • Zergatik ikasi duzu Eskoriatzan, oso garesti baldin bada?
  • Zergatik ez duzu Deustu aukeratu, kontuan hartuta izen handiagoa duela?
  • Non nahi duzu lana bilatu, egin duzun karrerak ez badauka etorkizunik?
  • Joango zaren enpresan, pertsonal burua gaztea da, guapoa, eta mokorra mugitzen du zorabiatzeko moduan. Baduzu arazorik?
  • Sartu zarenean, nik ez dizut esan jartzeko. Zergatik jarri zara?
Elkarrizketak ordubete luze iraun zuen, eta gure ikaslea harrituta irten zen handik, eta apur bat haserre.

Enpresa handienak, txarrenak askotan
Baina hori ez da ezer, alderatuz gero beste enpresa batzuek egiten dutenarekin. Microsoftek, adibidez, buruhaustekoak ematen dizkio elkarrizketatuari, bata bestearen atzean, hautagaiak presiopean erantzun ditzan. Horrelako galderak izaten dira:
  • Txalupa batean zaudelarik, botatzen baduzu maletatxo bat itsasora, zer egingo du uraren mailak, igo ala jaitsi?
  • AEBetako bi estatu ezabatu ahal izango bazenitu, zeintzuk aukeratuko zenituzke?
  • Zergatik ispiluek iraultzen dituzte irudiak alboetara eta ez goitik behera?
  • Nola diseinatuko zenuke Bill Gates-en bainugela?
Nola Microsoft bihurtu den munduko enpresarik handienetako bat, beste asko hari begira ezarri dira, kopiatzen hark zer egiten duen.

Kontua da enpresa asko eta asko, pentsaturik estresa eta lana loturik daudela ezinbestean, ari dira apropos areagotzen hautagaien estres maila. Baina aditu askok zalantza handiak dituzte metodo horren gainean, ez baitute garbi ikusten zenbateraino den eraginkorra. Ikasleak, behintzat, prestaturik joan beharko dira, aurrez jakinda edozer galdetu ahal dietela, bai eta haserretzeko moduko gauzak.

2005/06/16

Sustatuk 100 harpidedun ditu Bloglinesen

Sustatuk arrasto sakona utzi du euskarazko hedabide digitaletan. Sortu zenetik 2001ean, gora egin du etengabe, eta horren froga da zenbat harpidedun dituen Bloglines albiste biltzailearen zerbitzuan: atzo lortu zuen 100garrena. Hori dela eta, Gizakom egiten dugunok zorionik beroenak eman nahi dizkiogu Sustatu egiten duen taldeari.

Zorionak, euskarazko blogen artean beste inork ez duelako halako harpidedun kopurua Bloglinesen. Eta zorionak, Sustatuk asmatu duelako betetzen blogari askok utzitako hutsunea, ikasturte honetan horietako asko joan zaizkio-eta bakoitza bere blog pertsonala egitera.

2005/06/15

Tivo, telebista elkarreragilea

Inguru hauetan ez dago enpresarik horrelako zerbitzurik eskaintzen duenik, baina Ipar Ameriketan Tivo sistemak aldatu egin du, errotik, telebista ikusteko modua. Funtsean, disko gogor bat da Tivo, eta erabiltzen da Bideo Grabatzaile Pertsonal (PVR) moduan.

Zer eskaintzen du, baina, Tivok?
  • Aldibereko grabazioa. Norbera telebista ikusten ari den bitartean, grabatu egin liteke, eta, horri esker, zerbait berriro ikusi nahi izanez gero, atzera egin ahal da, errepikatu, eta segi ikusten, segundurik galdu barik. Bestalde, ikusleak edozein momentutan erabaki dezake grabatzen hastea, VHS kasete baten bila hasi gabe.
  • Grabazio programatua. Tivok sekulako aukera eskaintzen du programak grabatzeko. Programa daiteke saio bat grabatzea, edo serie horretako saio guztiak, nahiz eta hasteko ordua aldatu.
  • Bilaketa adimentsua. Tivoren bidez, ikusleak programa dezake grabatu nahi dituela Julia Robertsen film guztiak, edo bakarrik haren komediak.
  • Gomendioak. Tivok gomendatuko dizkio ikusleari bere gustuko programen antzekoak.
  • Konfigurazioa Internet bidez. Ikusleak ahazten badu zerbait programatzea, urrutitik egin ahal du, Internet erabilita.
Hardwarea eta softwarea
Disko gogorra 99 dolarretan saltzen dute, urrutiko aginte batekin batera, eta bertan 140 ordu graba daitezke. Softwarea, berriz, 12,95 dolar kobratzen dute, hileko.

Tivo aldatzen ari da amerikarrek nola ikusten duten telebista. Ez litzateke harritzekoa izango laster gugana ere iristea. Ikusi nahi baduzue nola dabilen, klik egin demo honetan.

2005/06/14

Ikasleak, Errektore Kontseiluan

Ikasturte honetan Ikasle Biltzarrak pauso sendoak eman ditu HUHEZIn, bere egitura eta eginbeharrak sendotzeko. Argitu du zertan bereiztuko den delegatuen taldetik, zehaztu ditu bere egitekoak eta lan egiteko prozedurak, eta izendatu ditu ikasleen ordezkariak Errektore Kontseiluan.

Funtzioak
Ikasle Biltzarraren funtziorik printzipalena izango da ikasleak ordezkatzea zuzendaritzaren aurrean, Kontseilu Errektorean eta baita Batzar Nagusian ere. Ikasle Biltzarrak berak dioen moduan bere arau orokorretan, gai hauek landuko ditu batez ere:
  • Eskola grebak.
  • Ikasketak, eta diziplina erregimena.
  • Ikasketen antolaketa eta garapena.
  • Ordezkariak izendatzea ikasleek parte hartzen duten organoetan.
Ordezkariak Errektore Kontseiluan
Orain dela gutxi Ikasle Biltzarrak izendatu zituen ikasleen ordezkariak Errektore Kontseiluan. Hiru berriak dira, eta batek lehendik segituko du:
  • Joanes Igeregi. Huen ikasten ari da, 2. mailan. Berria.
  • Irene Larrinaga. Hezkuntza fisikoa ikasten, 2. mailan. Berria.
  • Ainhoa Martin. Psikopedagogia ikasten, 2. mailan. Lehendik segitzen du.
  • Joseba Orella. Infokom ikasten, 1. mailan. Berria.
Lau ikasle horiek, eta beste bik, osatuko dute Talde Dinamizatzailea Ikasle Biltzarraren barruan

2005/06/13

Backfence: hiritarren kazetaritza

Sarean beste kazetaritza mota bat ari da hedatzen: hiritarren kazetaritza, non erabiltzaileak erabakitzen baitu zer den garrantzitsu eta zertaz idatzi. Azken adibidea: Backfence.com. Webgune hori zabaltzen ari da herriz herriz, AEBetan, eta herritarren esku jartzen ditu hainbat erreminta, berriemaile bihur daitezen.

Auzoan bezala
Noiz amaituko dira kale nagusikok herri lanak? Nork ezagutzen du etxe margotzaile on bat? Nork irabazi zuen herriko lasterketa? Non jan daiteke pizzarik onena? Ikusi dituzu zer argazki ederrak ditugun jaunartzetakoak? Nor izango da zuzendari berria herriko eskolan? Inork badaki nola gutxitu spam nazkagarri horiek posta elektronikoan? Noiz da Alkoholiko Anonimoen hurrengo bilera? Era horretako galderak egiten dira auzoen artean, eta galdera horiei erantzun nahi die Backfence webguneak.

Backfence eredu bera ari da zabaltzen herriz herri: erantzun, modu argian, jendeari bere komunitatean gehien interesatzen zaizkion gaiei, eta aukera eman jendeari elkarren artean hitz egiteko.

Denetik, doan
Backfence erabili nahi dutenek albisteak idatz ditzakete webgunean, hitzorduak markatu agendan, argazkiak zintzilikatu auzoekin partekatzeko, doako iragarkiak idatzi, edo informazioa arakatu herriko enpresa edo denda baten inguruan. Hori guztiori modu errazean egin liteke, inor ikaratu barik, Backfencek software eraginkorra landu baitu zerbitzu horiek eskaintzeko.

Backfence doakoa da, bai berau bisitatzeko edo erabiltzeko. Bertako enpresek ordaintzen dute, publizitate bidez (iragarkiak, orrialde horiak eta iragarki sailkatuak). Hala ere, auzoek nahi dutenean jar ditzakete iragarki sailkatuak musutruk, edozer erosi edo saltzeko, zerbitzuak eskaintzeko edo auto bat bilatzeko.

2005/06/10

IK departamendua sortu da

HUHEZIk departamendu berri bat sortu du: Informazioa eta Komunikazioa (IK). Jon Sarasua eta Iñigo Arriaran irakasleek zuzenduko dute, eta, hasieran, beste lankide hauek izango dituzte beraien inguruan: Joxe Aranzabal, Beñat Azurmendi, Onintza Belategi, Miren Gabantxo eta Mikel Usabiaga.

IK departamendua sortu da modu egokian erantzuteko ikasketa berriei, bereziki Informazio eta Komunikaziorako Giza Zientziei eta Ikus-entzunezko komunikazioari. Departamenduak betebehar hauek izango ditu:
  • Finkatzea zer jakintza arlo garatu behar diren.
  • Eztabaidatzea irakasgaien edukiak eta metodologiak.
  • Lantaldeak sortzea gai akademikoak aztertzeko.
  • Bideratzea irakasleen garapen profesionala.
  • Proposatzea ikerketa proiektuak eta doktore tesiak.
  • Identifikatzea zeintzuk diren gai emergenteak.
  • Indartzea harremanak beste unibertsitateekin.
Gainerako departamenduak
Mondragon Unibertsitatean departamendua da oinarrizko unitate bat, irakaskuntzari eta ikerkuntzari lotua, eta balio du unibertsitate funtzioak planifikatzeko, koordinatzeko eta garatzeko. HUHEZIk horrelako sei departamendu ditu:
  • Hezkuntza prozesuak.
  • Hizkuntza.
  • Administrazioa eta zerbitzuak.
  • Giza zientziak.
  • Enpresa gestioa.
  • Informazioa eta komunikazioa.

2005/06/09

Albisteak eskaripean

Hedabide asko eta asko audientzia galtzen ari dira. Izan egunkariak, izan telebistak edo irratiak, gainbehera oso garbi ikusten da AEBetan. Galerari galga ipintzeko, hainbat hedabide alternatiba teknologiko berriak asmatzen ari dira, jendeak jaso ditzan albisteak bide desberdinak erabilita, bakoitzak nahi duen unean, moduan eta lekuan. Bat-batean, kontsumitzailea gidariaren jarlekua hartzen ari da.

The Wilmington News Journal
Delaware estatuan bada herri bat, Wilmington, eta hor, egunean birritan, goizeko 09:00etan eta arratsaldeko 16:00etan, Patti Pettite kazetariak azken orduko albisteak aurkezten ditu, baina ez etxeko telebistan, baizik eta sarean, Wilmington News Journal egunkariaren webgunean. Klik egin In the webcast izeneko sailean, edo neskaren aurpegian, eta ikusiko duzue.

Jendeak nahi dituenean ikusten ditu albiste horiek. Lehen hilabeteetan, egunero zazpi eta hamar mila ikusle inguruk ikusi zuten albistegia. Horrela, webguneak gero eta irakurle gehiago ditu, paperezkoak bezeroak galtzen dituen bitartean.

USA Today
USA Today egunkariak ere aitortzen du hedabide handiek galdu egin dutela informazioaren monopolioa. Horregatik, saiatzen ari da irakurleari eskaintzen hainbat plataforma, informazioa eskaripean jaso dezan:
  • USAT News Center. Aukera ematen dio hoteletan-eta dagoen jendeari jaso dezan webgunearen bertsio txiki bat, han eragiteko.
  • AvantGo. Softwaren hori erabilita, aukera ematen die irakurleei egunkariaren albisteak jaso ditzaten edozein eskuko ordenagailutan (PDA).
  • Sakelako telefonoa. Ikusmiratu ditzakete egunkariak zer eskaintzen duen uneoro.
  • RSS. Horri esker, irakurleak nonahi jaso ditzake egunkariaren informazioa, albiste biltzaile bat erabilita.
  • Captivate. Bidaltzen ditu albiste izenburuak, eguraldia eta albiste laburrak telebistaren pantailara.
Arbitron Inc. enpresak egindako galdetegi batean, 27 milioi amerikarrek (AEBetako populazioaren %10) adierazi dute nahiago dutela goitik behera kontrolatu zer jasotzen duten hedabideetatik. Batzuek nahiago dute posta elektronikoa erabili; beste batzuek, aldiz, albiste biltzaileak, Bloglines bezalakoak. Horientzat, etorkizuna iritsi da.

2005/06/08

Lanki, Lankidetzaren ikertegia

Lanki ikertegi bat da, Lankidetzaren ikertegia, eta Eskoriatzan dago, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean. Jon Sarasua irakasleak zuzentzen du, eta bere egitekoa da ikertzea errealitate kooperatiboa eta autoeraketa, eta hortik gogoeta eta prestakuntza zerbitzua eskaintzea kooperatibei.

Ezaugarriak
Lanki gaztea da oraindik, baina nortasuna sendoa du, ezaugarri hauekin:
  • Diziplinartekotasuna. Lankidetza giza zientzien ikuspegitik aztertzen du.
  • Gaztetasuna. Zortzi ikertzailek dihardute Lankin, laguntzaile sare zabal batekin elkarlanean.
  • Lotura eta autonomia. Lanki lotuta dago kooperatiba eragileekin, baina autonomoa da erabat.
  • Eleaniztasuna. Euskaratik abiatzen da Lanki, eta irekita dago beste hizkuntzetara.
  • Irekitasuna. Lanki irekita dago, bereziki munduaren Hego aldeko eragileei begira.

Idazkiak
Lankik webgune dinamiko bat sortu du, hiru hizkuntzatan, eta hor baliabide asko ezarri ditu, bisitariak erabiltzeko. Interesgarriena Idazkiak izenekoa izan daiteke, non irakurleak aurkituko baititu gogoeta testuak autoeraketaren inguruan, eta hainbat ikerlanen emaitzak. Hor sartzen denak gai hauen inguruko idazkiak aurkituko ditu:
  • Autoeraketa.
  • Arrasateko Kooperatiba Esperientzia.
  • Kooperatibismoa eta Gizarte Ekonomia
  • Garapenerako lankidetza kooperatiboa.
Lanki Forum
Irakurri ez ezik, nabigatzaileak aukera izango du eztabaidatzeko Lankiren webgunean, hor txoko bat baitago horretarako: Lanki Forum izenekoa. Izan ere, foro horren helburua da eztabaida piztea kooperatiben eta autoeraketaren gainean. Batzuetan idazkiak izan daitezke abiapuntu eztabaidarako, baina ekarpenak edonondik etor daitezke.

Kudeatzaile batek kudeatuko du foroa, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aurretik. Euskara eta gaztelania erabili ahal izango dira foroan.

Argitalpenak eta ikerlerroak
Lankik hainbat liburu argitaratu ditu, eta ikertzen segitzen du, gogoeta eginez kooperatibek zer behar eta hutsune dituzten etorkizunari buruz.

Sartu webgunean eta bertan saltseatu apur bat. Kooperatibagintzak kezkatzen bazaitu, bueltatuko zara.

2005/06/07

Edukalibre

Europan hiru unibertsitate elkarlanean ari dira Edukalibre proiektua lantzen, Europako Batzordearen babesarekin, Sokrates/Minerba programaren barruan, zeinek bultzatzen baitu informazioaren eta komunikazioaren teknologia irakaskuntzan. Edukalibre proiektuaren helburua da aurkitzea bide berriak hezkuntza materialak sortzeko, software librean oinarrituta.

Dagoeneko Edukalibre proiektuak kaleratu du bere softwarearen lehen bertsioa, eta horren bidez, unibertsitate horietako ikasleak zein irakasleak gai izango dira testuak sortzeko elkarlanean. Proiektuaren produkturik behinena da Edukalibre izeneko plataforma, zeinek baititu hiru modulu:
  • Conversion Tools. Bihurtzen ditu dokumentu elektronikoak hainbat formatutan: Pdf, OpenOffice edo HTML.
  • Collab. Errazteko erabiltzaileei sistemarekin elkar eragitea.
  • Repository Manager. Programen bertsio diferenteak gorde eta kudeatzeko.
Gorago aipaturiko unibertsitateak dira Leedsko Unibertsitatea (Bretainia Handian), Karlsruheko Unibertsitatea (Alemanian) eta Rey Juan Carlos Unibertsitatea (Espainian).

2005/06/06

Nola komunikatzen dute komunikatzaile onek?

Joan den urtarrilean Steve Jobs ikusi nuen nola aurkezten zituen Apple enpresaren berrikuntzak ez ezik, baita bere enpresaren ikuskera eta ametsak ere. Bera San Frantziskon zegoen, MacWorld erakustazokan, eta ni Elorrion, ordenagailuaren aurrean, Quicktime bideo bat ikusten.

Steve Jobs bakarrik zegoen agertokian, eta aurrean zuen jende mordoa, antzoki handi batean. Bere atzean, berriz, pantaila handi bat, eta han diapositibak baliatzen zituen bere mezua azaltzeko. Bukaera aldera, U2 taldeko bi kide aurkeztu zituen, abesti pare bat jo aurretik.

Aurkezpen hura zoragarria iruditu zitzaidan: ondo prestatua, argia, eta emozio puntu batekin, nahiz askotan bat-batekotasun itxura engainagarria ere bazuen. Beti eman dit atentzioa jende horrek nola prestatzen dituen aurkezpen hain eraginkorrak.

10 sekretu ondo komunikatzeko
Orain, ostera, liburu hau aurkitu dut, 10 sekretu erraz munduko enpresa komunikatzailerik onenenak, eta hor Carmine Gallo kazetariak elkarrizketatu ditu hainbat enpresatako buruak —Steve Jobs bera, Richard Branson, Howard Schultz…—, eta ematen ditu hainbat aholku, uler dezagun nola jende horrek bat egiten duen entzuleekin.

Formulak, antza, baditu hainbat osagai: bizitasuna, inspirazioa, prestakuntza, argitasuna, laburtasuna, eta soiltasuna. Hori guztia, aurkezpen ikusgarri batean bilduta.

Komunikazioaz kezkatzen garen guztiok kontuan hartu beharko dugu liburu hau. Nik, behintzat, badut irakurtzeko asmoa.

2005/06/03

Erreportaje saria kazetari gazteentzat

Laster 2.000. zenbakia iritsiko duela-eta, Argia astekariak lehiaketa bat antolatu du, saritzeko kazetari gazteek egindako erreportajerik onenak.

Lehiaketa honetan 30 urtez azpiko guztiak aurkeztu ahal izango dira, eta lanak urriaren 28a baino lehenago entregatu behar. Sari handia 600 eurokoa izango da, baina guztira hiru sari eta bi akzesit emango dira.. Lehiaketaren oinarriak, hemen ikusiko dituzue.

2005/06/02

Kirmen Uribe, hauspoa zabalik

HUHEZI bezalako leku batean lan egiteak badu alde onik, eta bat da, dudarik gabe, sarri samar aukera ematen dizula jende bereziari entzuteko. Atzo izan genuen egun horietako bat, Kirmen Uribe izan genuen-eta hizlari. 34 urte ditu Kirmenek, ume aurpegia du eta ahots fina. Hala ere, ikasgelaren akustika negargarria gorabehera, aingeruei bezala entzun zitzaion, han geunden guztiok mutu baikeunden berari entzuten. Barre asko egin genuen, baina, berak egindako barreei erantzunez, seguru asko.

Idazlearen lanaz hitz egin zigun Kirmenek, “etenik gabeko ibaia” deitu zion. Lanak buruan sortzen dira lehenik, esan zuen, eta gero paperera pasatzen dira. Azaldu zigun nola azken aldi honetan poesiak galdu duen artifizioa, benetakotasuna irabazteko, eta nola tradizio frantsesetik anglosaxoira pasatu garen, irakurle garen aldetik.

Idazlearen bokazioaz egin zigun berba, eta ofizioaz, “baina bokazioa, ofizioa eta formazioa ez dira nahikoa…, pertsona behar da, eta pertsona horrek nola ikusten duen errealitatea; horrek egingo du lan bat berezia”. Ildo horri jarraiki, “poema batek oihartzunak sortu behar ditu irakurleengan, harriak uretan bezala, zeharka jaurtitzen denean”.

Baikor azaldu zen Kirmen Uribe: “garai interesgarria bizi dugu; lehen estuasun handia zegoen euskal literaturan. Gaur egun, ostera, gauzak lasaiago daude, zabalago dugu hauspoa”.

Hitzaldian zehar sei poema irakurri zigun, horietako bat ineditoa, eta aurreratu zigun nobela bat idazten ari dela, zelan aldatu den itsasokoen bizimodua. Txalo mordoa jaso zuen, benetako txaloak.

2005/06/01

Orientatzaile batekin hizketan

Egun hauetan ikasle asko aukeratu beharrean daude non egin unibertsitate ikasketak. Une larriak izaten dira askorentzat, ez baitakite garbi zer egin, eta non. Horregatik, Mari Jesus Ansolarengana jo dugu, orientatzailea Arrasateko Institutuan. Gure elkarrizketatua Elgoibarren jaio zen, pedagogoa da, eta urte dezente egin ditu orientatzaile moduan Bergaran, Eibarren eta Zarautzen.

—Noiztik zara orientatzailea?
—Aurtengoa da nire zortzigarren ikasturtea. Bai aurretik bai tartean, beste lan batzuk egin izan ditut. Ikastetxe ezberdinak ezagutzeko aukera izan dut, eta azpimarratu nahiko nuke lanpostu honetan zein garrantzitsua den estabilitatea izatea.

—Zer ezaugarri behar ditu orientatzaileak?
—Ikastetxearen arabera, Orientazio Departamentuak partaide gehiago edo gutxiago izango ditu. Departamentduko burua izango da, eta, besteak beste, halako funtzioak edukiko ditu:
  • Orientabide Plana eta Tutoretza Plana egitea.
  • Aholkuak ematea eta koordinatzea irakasleak tutoretza lanetan.
  • Ikastetxeko batzorde pedagogikoaren lankidetza izatea.
  • Irakasleekin batera aztertzea ikasleek ikasteko dituzten zailtasunak eta aholkuak ematea.
  • Ikasleen orientabide pertsonal, akademikoa.
  • Ikastetxean sortu ahal diren jokabide eta elkarbizitza arazoei aurre hartzea.
  • Hezkuntza premia bereziko ikasleei arreta ematea…
—Zer harreman dituzue ikasleekin?
—Ikaslea taldeko partaidea da eta talde bakoitzak bere tutorea du. Tutorea izango da ikasleen jarraipena egingo duena eta guk, lan hori egiten lagunduko diegu. Badaude zenbait ikasle bakarkako elkarrizketak eskatzen dituztenak, informazio zehatza eskatuz (non ikasi daitekeen interesatzen zaion karrera, “notas de corte”, irteerak…), eta beste batzuk erabaki hartze prozeso horretan laguntza eskatzen dutenak, oso galduta sentitzen direlako. Azken horiek jarraipen estuagoa eskatzen dute.

—Zer bilatzen dute ikasleek zer karrera egin erabakitzeko orduan?
—Ikasleentzat ez da momentu erraza, erabaki horrek suposatzen duenengatik: ezagutzen duten ingurua, lagunak… utzi eta egoera berriak, lagun berriak, erabakiak hartu behar dituzte. Gai horren inguruan pentsatzen hasten direnean, aurkitzen dituzten zailtasunengatik, atzeratzeko joera dute ikasle askok. Horregatik, bai ikastetxean, baita etxean ere, gai honen inguruan, hitz egin behar dute, informazioa bilatu behar dute… animatu behar ditugu, jakinda, beraiek hartu behar dutela erabakia.

—Zer karrera daude puri-purian?
—Bizi garen ingurua kontuan hartuta, alde batetik ingeniaritza teknikoak, eta enpresarekin lotuta dauden titulazio unibertsitarioak. Lanbide Heziketako Goi Mailako zikloek ere indar handia dute. Bestetik, azken urteotan ikasleen tendentzia da ziklo laburreko ikasketak egitea, nahiz eta, agian, gero ikasten jarraitzeko asmoa izan; baina, gutxienez, titulu bat izatea hiru urte igarota.

—Baduzue harremanik orientatzaileen artean?
—Bai, eta beharrezkoa dela esango nuke. Bailarako orientatzaileak elkartzen gara hilean behin Eibarko Berritzeguneko aholkulariarekin. Lantzen diren gaiak:
  • Berriak aurkeztu eta komentatu.
  • Materiala aurkeztu.
  • Esperientziak trukatu.
  • Formazioa.
—Nolako prestakuntza duzue orientatzaileek?
—Psikologian edo Pedagogian lizentziatuak gara. Lan esparru zabala dugunez, beharrezkoa da etengabeko prestakuntza, ikastetxeko aholkulari lana egin behar dugunez gero (gai orokorrak edo zehatzak).

—Zer harreman duzue unibertsitateekin?
—Unibertsitateak antolatzen dituen orientazio ekintzen berri ikasleei heldu arazten diegu: ate irekietako egunak, hitzaldiak…

—Eskerrik asko eskaini diguzun arretagatik.
—Eskerrak zuei.

2005/05/31

Bihar Kirmen Uribe HUHEZIn

Bihar arratsaldeko 17:45etan Kirmen Uribek literaturaz hitz egingo die Informazio eta Komunikazio ikasleei. Bere literatura lanak, poesiaren nondik norakoak, eta beste gai batzuk izango ditu hizpide idazle ondarrutarrak.

Belaunaldi berri baten ikur bihurtu da Kirmen Uribe euskal literaturan, eta arrakasta handia izan du AEBetan, non hainbat lan itzuli zaizkion ingelesera. Azken aldi honetan, gainera, asteburuero idazten du Berria egunkarian.

Hitzaldia irekia izango da. Beraz, denok zaudete gonbidaturik.

2005/05/30

UEU Eibarren

Aurten lehenengo aldiz, Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren eskainiko ditu hainbat ikastaro, Markeskua jauregian. Uztailaren 11tik 15era izango da hori. Hortaz, aurten Miarritzen, Eibarren eta Iruñean eskainiko ditu UEUk udako ikastaroak.

Egitaraua
  1. Ekonomiaren demokratizazioa: autogestioa aztergai. (Ekonomia)
  2. Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia. (Gaindegia)
  3. Zientzia eta teknikarako euskara. (Hizkuntzalaritza)
  4. Euskal musika ikastaroa. (Musika,Talaiatik)
  5. Emakumeentzako striptease terapeutikoa. (Psikologia,Talaiatik)
Azken ikastaroak sortu du zeresanik sarean, izenburuak eraginda seguruenik. Ikusi egin behar izenburuak berak zenbat jende erakartzen duen.

Zure bitzitza proiektua

Bigarren maila ikasten dutenean, Enpresarako Giza Zientzietako ikasleek ariketa bat egiten dute, “zure bizitza proiektua”, eta hor bakoitzak idatzi behar izaten du zer egin nahi duen hurrengo bost urteetan. Ariketa interesgarria izaten da, behartzen dituelako ikasleak hausnarketa egitera beren bizitzari buruz, eta batez ere bakoitzaren geroaz. Ikasleek idatziz aurkezten dute txostena.

Baita bigarren mailan, baina marketinean, egiten dute beste ariketa bat, nola merkaturatu nork bere burua, “egin zure buruaren marketina”; horretarako ikasleek egiten dute diagnostiko bat beren buruaren gainean, eta hor aztertzen dituzte bakoitzaren indarguneak, ahulguneak, aukerak eta arriskuak.

Ariketa biak dira interesgarriak, horiei esker ikasleak ohartzen baitira nor direla, eta komeni zaiela helburuak markatzea beren bizitzerako.

Gai horrekin lotuta, Felix Gerenabarrenari esker irakurri dugu Tom Peters adituak 1997an Fast Company aldizkarian idatzitako artikulu bat, The Brand Called You / Marka bat zu deitua, non Petersek azpimarratzen baitu marketin pertsonalaren garrantzia.

2005/05/27

Idazkaritza birtuala

Joan den apirilean kiosko bat ipini zen Dorleta eraikinaren sarreran, eta hor hainbat eragiketa egin daitezke, idazkaritza birtualari dagozkionak. Izan ere, bi sarbide ditu idazkaritza birtualak gaur egun: HUHEZIren webgunea, eta kiosko berria.

Eragiketak
Bietan hainbat eragiketa egin daitezke: norberari dagozkion datuak aldatu, notak begiratu, eta matrikulazioa kontsultatu. Oraingoz webgunetik sartzen da jende gehiena idazkaritza birtualera. Izan ere, kioskoa erabiltzeko, Visa cash diru zorro elektroniko bat atera behar da Euskadiko Kutxan, aurrerago hainbat zerbitzu kobratu egingo dira-eta, adibidez, espediente akademikoa eskatzea.

Laster, zerbitzu gehiago
Oraingoz, bada, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ditu Idazkaritza Birtualak, baina datorren ikasturtean zerbitzu gehiago ezarriko dira hor:
  • Notak posta elektronikoz eta SMS bidez bidaltzea ikasleei.
  • Automatrikula. Ikasleak etxetik egin ahal izango ditu tramite guztiak matrikulatzeko.
Bitartean kioskoa erabiltzen da, eta asko, argazki eskaparate moduan. Literatura Astea dela, orla banaketa, edo beste ekitaldiren bat, hor zintzilikatzen dira argazkiak, jendeak pantailan ikusteko. Eta, egia esatera, oso ondo ikusten dira.

2005/05/26

Zentsura Francoren garaian eta gaur

Joan Mari Torrealdai izan genuen atzo HUHEZI fakultatean. Sasoiko ikusi genuen, kementsu, eta argi, hitz egiteko orduan. Zentsuraz hitz egin zigun luze eta zabal, nahiz eta gauza asko eta asko bazter utzi behar izan zituen, denbora faltaz.

Hasi zen azaltzen nola bizi izan zuen zentsura Jakin aldizkarian lehendabizi, Anaitasunan gero, eta Euskaldunon Egunkarian gaur egun. Denetan gaiztoena, Aznarren *sei urtealdi beltza,* dudarik gabe. Gogoratu zuen nola, zeramatenean burua estalita, galdetu zien poliziei zergatik zeramaten gisa hartan, Bin Ladenen kide bat bailitzan, eta batek erantzun: “hay plumas que matan más que las pistolas”.

Aurrerago, azaldu zuen franskismo garaiko zentsurak ze aldi izan zituen: dirigismoa, permisibitatea, eta bigilantzia; 1936an hasi, eta 1983a arte, sozialistak agintera iritsita. Eta gogorarazi zigun zentsura ez zela mugatzen liburuetara; aitzitik, iristen zen albistegietara, aldizkari eta egunkarietara eta baita ikuskizunetara ere: “urte haietan, irrati guztiek bat egin behar izaten zuten Radio Nacional de Españarekin albisteak emateko, handik partea jasotzen baitzuten, frankistek beraiek horrela deitzen baitzioten albistegiari, jatorrian propaganda elementu bat gehiago zelako”.

Beltzak
Eta nortzuk ziren zentsoreak? Arduradun nagusiak delegatuak ziren, Ministerio de Información y Turismoko ordezkariak, baina horien mende zeuden zentsoreak edo beltzak: horiek irakurri egiten zituzten liburuak, laburpenak egin, eta gomendioak idatzi. Inork gutxik ezagutzen zituen beltzak, nahiz eta gero Joan Marik berak jakin izan du zenbaiten nortasuna.

Euskarazko liburu guztiak ez zituzten berdin baloratzen, Torrealdairen hitzetan. Onartzen ziren erlijio liburu xumeak, eta herri literatura. Baita poesia eta nobela ere. Saioak, berriz, zailtasun handiagoak izaten zituen. Eta itzulpenak, eragozpen guztiak. Euskarari dagokionez ere, permititzen zen euskara herritarra, tradizionala, baina ez euskara jasoa eta batua. Zentsuraren kalterik handiena autozentsura izan zen, jendea bultzatzen zuelako ez idaztera, isiltzera.

Hitzaldiaren hasieran pozik agertu zen Joan Mari Torrealdai HUHEZIn egotearren: “ez dadila azken aldia izan”, esan zuen, baina abisua jo zuen gero, “posible baita gu barrura joatea”. Bukaeran denon txaloa eta atxikimendua jaso zuen, euskal kulturaren alde egindako lan erraldoiaren aitormen gisa.

2005/05/25

Katalogoa praktikak eta proiektuak jakinarazteko

Mondragon Unibertsitateak eta Euskadiko Lan Elkartuko Kooperatiben Federazioak hitzarmen bat egin dute, eta horren barruan katalogo bat argitaratu, unibertsitatearen hiru fakultateek eskaintzen dituzten praktika eta proiektuekin. Katalogoa federazioaren kooperatiba guztietan banatuko da.

Katalogo horren bitartez kooperatibek informazio zehatzagoa izango dute Mondragon Goi Eskola Politeknikoak, ETEOk eta HUHEZIk eskaintzen dituzten praktiken eta proiektuen gainean, eta horrek erraztu egingo du praktiken eta proiektuen kudeaketa.

Mondragon Unibertsitatearen ezaugarri bat dira enpresetan egindako praktikak eta karrera amaierako proiektuak. Eta ikasleari ematen diote gutxieneko esperientzia enpresan, eta hainbat kasutan, lanbide bat.

2005/05/24

Nazioarteko mintegia goi mailako hezkuntzaz

Datozen ostegunean eta ostiralean, maiatzak 26 eta 27, Mondragon Unibertsitatearen HEZI Institutuak mintegi bat antolatu du Otalora jauregian, Aretxabaletan, gai honen inguruan: Goi mailako hezkuntza europar konbergentziarantz: ikaskuntzan oinarrituriko ereduak.

Mintegi horretan parte hartuko dute hainbat unibertsitatetako ordezkariak, tartean Aalborg (Danimarka), Monterrey (Mexiko) eta Maastricht-ekoak (Holandan), horiek eredu izan baitziren Mondragon Unibertsitatea zirriborratzen hasi zenean Mendeberri hezkuntza proiektua.

Mintegiak elkargune izan nahi du, bertan bil daitezen nazioarte-eremuko hainbat unibertsitate, batez ere nabarmendu direnak hezkuntza prozesu berritzaileengatik, aldaketa bidean dauden beste batzuekin, truka ditzaten esperientziak, jakintza eta erronkak: pertsonak prestatzea, berritzeko eta moldatzeko gai; eta hiritar eta profesional arduratsuak prestatzea, lagunduko dutenak gizarte bidezkoagoa egiten.

Egitaraua
Maiatzaren 26a, osteguna
09:00 Hasiera ekitaldia: Felix Martí, ohorezko lehendakaria Centre Unescon, Katalunian.
09:30 Aalborg Unibertsitatearen Hezkuntza Proiektua.
10:30 Monterrey Institutu Teknologikoaren Hezkuntza Proiektua.
11:30 Atsedena.
12:00 Maastricht Unibertsitatearen Hezkuntza Proiektua.
13:00 Mondragon Unibertsitatearen Hezkuntza Proiektua.
14:00 Bazkaria.
16:00 Mahai ingurua: Berrikuntza formakuntza-esparru zehatzetan: Enpresa Zientziak, Ingeniaritza eta Hezkuntza Zientziak.
19:00 Kultura ekitaldia eta afaria.

Maiatzaren 27a, ostirala
09:00 1. lantegia: balioetan hezi. (Dinamizatzailea: Miquel Martinez, Bartzelonako Unibertsitatekoa).
10:45 Atsedena.
11:15 2. lantegia: zeharkako konpetentziak. ikasten ikasi. (Dinamizatzailea: Maria Luisa Perez Cabani, Gironako Unib.).
13:00 Bazkaria.
15:00 3. lantegia: irakaslearen eta ikaslearen rol aldaketak. (Dinamizatzailea: Olga Esteve, Pompeu Fabra Unibertsitatea).
16:45 Atsedena.
17:00 Mahai ingurua: Berrikuntza euskal unibertsitate sisteman (Deustuko Unibertsitatea, EHU eta MU).

2005/05/23

HUHEZIk wi-fi sarea ipini du fakultatean

Oraindik ez dago erabat bukatuta, baina dagoeneko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak wi-fi sarea ipini du, hau da, haririk gabeko komunikazioa. Berez bi sare izango dira, erabat osatzen denean ezarri den sistema:
  • Internet. Kanpotik datozenek Interneteko edozein tokitan nabigatuko dute sare hori erabilita.
  • HUHEZI. Fakultateko jendea sartuko da fakultatearen sarean eta erabiliko ditu beronen zerbitzuak. Segurtasun handiko sarea da hau, eta irailean-edo irekiko da, bukatzen denean.
Fakultatearen bi eraikinetan ezarri dira 6 sarbide puntu, bakoitzak 3 antena dituela, haririk gabeko komunikazioa bermatzeko. Dena dela, eraikinen ezaugarriak oso bestelakoak direnez (eraikin nobleak horma sendoak ditu, eta besteak ez), leku guztietan ez da berdin hartzen wi-fi seinalea, berau irrati bidez transmititzen baita:
  • Dorleta eraikinean, garbi hartzen da eraikin osoan. Baita ondoko zelaian ere.
  • Eraikin noblean, oraingoz ikasgeletan eta tabernan.
Hasiera honetan nahi duenak wi-fi sarea erabili, eskatu beharko du IKTko harreran txartel bat, eta hor emango zaio pasahitz bat eta zenbaki bat, sarean sartzeko. Txartel horrek iraungo du 4 ordu, ematen denetik. Hortaz, ikasle edo irakasle batek eramaten badu bere ordenagailu eramangarria fakultatera, Interneten nabigatuko du, posta elektronikoa erabili, eta HUHEZIko webgunearen zerbitzuak baliatuko ditu.

Wi-fi instalazioa egin da SPRI erakundearen diru laguntzari esker. Hori dela-eta, lehen urtean zerbitzua doakoa izango da.

2005/05/20

Ikus-entzunezko Komunikazioa HUHEZIn

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak lizentzia berri bat eskainiko du datorren ikasturtean hasita: Ikus-entzunezko Komunikazioa. Lau urtekoa da, eta emango da lehen mailatik hasita.

Unibertsitate Kontseiluak maiatzaren 11n onartu zion Mondragon Unibertsitateari Ikus-entzunezko Komunikazioa. Eta unibertsitateak berak erabaki duenez, 2005-2006 ikasturtean bertan hasiko gara HUHEZIn karrera berria irakasten, lehen mailatik hasita.

Mondragon Unibertsitateak lizentzia berri hau abiatu du, besteak beste, hobeto erantzuteko gizarteak komunikatzeko duen premiari. Horregatik, profesional polibalenteak sortu nahi ditugu, jakingo dutenak mugitzen esparru zabaletan, prestatuak komunikatzeko plataforma desberdinetan, eta gai errealitatea ulertzeko. Labur esanda, profesional irekiak komunikazioaren esparru guztietara: ikus-entzunezkoak eta idatziak, enpresa komunikazioa, eta Internet.

Lizentziaren perfila
HUHEZIk prestatu nahi ditu komunikatzaileak bereziki trebatuta ikus-entzunezko komunikazioan. Horrek eskatuko du lantzea komunikatzeko trebetasunak, nola kudeatu komunikazioa, eta prestakuntza tekniko sakona ikus-entzunezkoen alorrean. Gure ikasleak gai izango dira, hortaz, ikus-entzunezko produktuak sortzeko, eta unean-unean erabiltzeko euskarri egokia, inguruak zer premia dituen.

Lan esparrua
Fakultateak honako lanbide hauek aurreikusten ditu ikus-entzunezko ikasleentzat:
  • Komunikatzailea ikus-entzunezko hedabideetan, bai hedadura handiko irrati eta telebistetan, nola hedabide lokaletan.
  • Komunikatzailea hedabide idatzietan, hedadura handiko prentsan, eta prentsa lokalean.
  • Sortzailea komunikazio ekoiztetxeetan, aprobetxaturik gaur egun dagoen eskari handia.
  • Komunikazio kudeatzailea enpresan, barne komunikazioa eta kanpo komunikazioa antolatzen.
  • Komunikazio kudeatzailea gizarte erakundeetan, barne eta kanpo komunikazioa antolatzen.
  • Eduki kudeatzailea Interneten.
Indarguneak
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea ondo prestatuta dago lizentzia berria eskaintzeko, eta oinarri sendoak ditu berori berme osoz emateko:
  • Konpromiso sendoa irakaskuntzarekin, 1976an hasi zena Irakasle Eskolarekin, eta pedagogia esperientzia Irakasle Ikasketak, Psikopedagogia eta Giza Zientziak irakasten.
  • Esperientzia Giza Zientzien irakaskuntzan, horren bidez oinarri egokia ematen baitzaio ikasleari ulertzeko eta interpretatzeko bere ingurua.
  • Harreman sakona enpresekin. Horiei esker, ikasleak egingo ditu praktikak eta karrera amaierako proiektuak enpresetan, eta esperientzia horrek izugarri balioko dio gero lana bilatzeko orduan.
  • Hedabide eta enpresa askoren lankidetza proiektu honetan parte hartzeko.
  • MCC kooperatiba taldearen partaide izatea eta MCCren beraren konpromisoa karrera berriarekin
Unibertsitate proiektua sendotzen
Titulu honekin Mondragon Unibertsitateak 25 titulu eskaintzen ditu, gradukoak, ingeniaritzaren, enpresaren eta irakaskuntzaren esparruetan; 29 titulu graduatu ondokoak; eta 5 doktoretza.

2005/05/19

Saiakera lehiaketa geroaldiari buruz

MIK (Mondragon Ikerketa Kudeaketan) zentroak Saiakera lehiaketa bat antolatu du “Lanaren geroaldia / Geroaldiko Lana” izenarekin. Lehiaketa hori MIK Zentroak antolatzen duen izen bereko Udako Ikastaroan barruan dago, EHUko XXIV. Udako Ikastaroen barruan. Ikastaroari zein lehiaketari buruzko informazioa webgune honetan aukituko duzue.

MIK-ek Lanaren Geroaldia bezala ezagutzen den fenomenoa sortarazi duten faktoreetariko batzuk aztertuko ditu, hala nola teknologia berrien barneratze azkarra, piramide demografikoaren zahartze prozesu geldiezina, sarean antolatuko komunitateen bidez egindako ezagutzan oinarritutako lanaren agerpena eta globalizazioa.

Udako Eskola honetan, irailaren 5etik 7ra izango dena, Donostian, fenomenoaren konplexutasuna ikertuko da, diziplinarteko ikuspegi batetik: teknologia, mugikortasuna, lana eta enplegua, enpresa mundua, langileak, erakundeak, hezkuntza eta trebakuntza, espazioa eta lanerako lekuak, lanbide eta profesionalen ikuspegitik, hain zuzen.

Juan Luis Azkarate
AZK Komunikazioa

Wikipedia: entziklopedia bat doakoa

Wikipedia entziklopedia berezia da: sarean dago, boluntarioek elkarlanean idatzia da, eta bertako edukiak musutruke kontsulta daitezke. Orain lau urte sortu zen, eta bitarte horretan izugarri garatu da: 1,5 milioi artikulu inguru aterpetzen ditu, horietatik 500.000 baino gehiago ingelesez idatziak, 200.000 baino gehiago alemanez, eta 100.000 baino gehiago japonieraz eta frantsesez. Euskaraz ere badago, baina oraindik gure hitzkuntzan idatzitako artikuluak ez dira 1.000era iristen.

Wikimedia Fundazioak babesten du entziklopedia hau, eta beronen helburua da entziklopedia bat sortzea eta doan banatzea ahalik eta hizkuntza gehienetan. Gaur egun sareko webgunerik bisitatuenetako bat da: egunean 60 milioi hit inguru jasotzen ditu.

Wiki teknologia
Wiki teknologiari esker da posible Wikipedia. Teknologia horrekin, edozein erabiltzailek edita litzake edukiak, edozein web nabigatzaile erabilita. Hor dabiltzan boluntarioak saiatzen dira ikuspegi neutralarekin lan egiten, nahiz eta, proiektuaren izaera irekiak arazo bat baino gehiago eragin dien. Arazoak arazo, baina, wikizaleak saiatzen dira zehaztasun faltak zuzentzen, eta benetan lan aipagarria egiten dute, Wikipedian agertzen diren edukiak sinesgarriak izan daitezen. Artikulu guztiak GNU Doako Dokumentazio Lizentziapean eginak daude, software librearen espiritu berberarekin.

Wikipediaren arrakasta ikusita, beste proiektu batzuk loratu dira, harekin senidetuta: Wiktionary, Wikibooks eta Wikinews, alegia, wiki hiztegia, wiki liburuak eta wiki albisteak. “Wiki wiki” hitzak “bizkor” esan nahi du hawaieraz. Eta horrela ari da zabaltzen, bizkor bai bizkor.

2005/05/18

Ostiralean, HUHEZI eguna

Datorren ostiralean, hilak 20, egun berezia izango dugu HUHEZIn, Txomintxapel Eguna baita, fakultatearen eguna. Bigarren mailako ikasleek, bai Irakasle Ikasketetan dabiltzanek zein Giza Zientzietakoek, sekulako egitaraua prestatu dute egun horretarako, Beñat Azurmendi irakaslearen laguntzarekin:

10:30 Jokoak: sokatira, toka, soka saltoa, musa, bertsoak, makila jolasa, etab. Parkinean.

12:00 Pregoia, ikasle batek egina, eta Txomintxapelen jaitsiera parkinera.

12:15 Sari banaketa: literatura lehiaketaren irabazleek jasoko dituzte sariak.

12:30 Perkusio txikiteoa. Ikasle-irakasleak, perkusioak lagunduta.

14:00 Bazkaria: 300 lagunek probatuko dute Auzo-Lagunek prestaturiko bazkaria.

15:30 Euskal kantuak.

16:00 Erromeria eta silla jolasa.

17:00 Sari banaketa txapeldun onenari, egun horretan denek txapela jantziko baitute.

18:00 Kontzertua, DJ eta guzti, 20:00ak arte. Hor bukatuko da fakultatearen jaia.

Zortzi t’erdietatik aurrera, jai giroan jarraitu nahi duenak herrian izango du horretarako aukera.

2005/05/17

Patxi Gaztelumendi: blogaren berri ona

Atzo Patxi Gaztelumendi izan genuen HUHEZI fakultatean. Bea Zabalondo irakasleak gonbidatu zuen Informazio eta Komunikazio karrerako ikasleekin hitz egitera.

Blog ikastaroa aurkeztera etorri zen Patxi, UEUk uztailerako antolatu duena Iruñean, sinestuta baitago horrelako ekimenak aurkeztu egin behar zaizkiola interesa izan dezakeen jendeari, esate baterako komunikazio eta kazetaritza ikasleei. Eta aurkeztu ere, patxadaz egin zuen.

Bi helburu ditu blog ikastaroak, Patxi Gaztelumendiren hitzetan: batetik, aukera eskaini ikasleei, bloga sor dezaten; eta, bestetik, gogoeta eta eztabaida egin blogen gainean. Horretarako bost hitzaldi antolatu dituzte, eta mahai inguru bat, uztailaren 20tik 22ra, Larraona ikastetxean, Iruñean.

Blogaren indarra azpimarratu zuen Patxik hitzaldian zehar eta galde-erantzunetan: “komunikazioari dagokionez, euskaldunok inoiz ez dugu izan horrelako bitarteko ahalmentsurik, eta hain merke”. Ikasle batek, hala ere, mesfidati galdetu zion, zerbait txarra edukiko dutela blogak, “ala dena dute ona?”. Aitortu zuen Patxik blogek izan dezaketela alde negatiborik, baina positiboak askoz ere azpimarragarriak direla. Zinez sinesten du Patxik esaten duena. Eta ez dago bakarrik.

2005/05/16

Joan Mari Torrealdai HUHEZIra

Maiatzaren 25ean Joan Mari Torrealdai izango dugu HUHEZIn, Informazio eta Komunikazioko irakasleek gonbidatuta. Arratsaldeko 17:30etan hitzaldi bat emango du fakultateko areto nagusian. Hitzaldia irekia izango da. Hortaz, edozein etorri ahal izango da, ikaslea izan, nahiz kanpokoa.

Ecce homo
Joan Mari Torrealdai Foruan jaio zen 1942an, eta fraide ikasketak eginda, Jakin aldizkariko zuzendaria izan zen, eta baita Anaitasuna aldizkarikoa ere. Soziologia ere egin zuen Parisen. Bibliografia oparoa du, eta ezagunak dira urtero euskal liburugintzaz egiten dituen azterketak.

2003ko otsailaren 23an Espainiako poliziak atxilotu egin zuen, Euskaldunon Egunkariaren kasuan inputatua. Atxiloketa hura zela eta, Bernardo Atxagak artikulu gogoangarria idatzi zuen. Hona hemen pasarte bat, Torrealdairi eskainia:
Joan den 2003garrengo otsailaren 20an Joan Mari Torrealdai pantailan ikusi nuenean, makurtuta beso baldarraren zamapean eta buru tapatuta, errezatzeko gogoa egin zitzaidan, nahiz errezatzen ez jakin; pentsatu nuen, sentitu nuen, irudi hura ohizko esparrutik at gelditzen zela, eta ezin zitzaiola berari haserre oihua edo komentario politikoa bakarrik jarraitu. Ecce homo: bizitza osoan euskal kulturaren alde jardundako gizona, eta gehienetan alai, irribarrez ("Nola izan liteke fraide hire moduko gizon egoki bat?", egin zion behin oihu Oteizak, Oteiza bera ere, Arantzazu hartan, poz-pozik zebilenean) gizon hori gaizkile bat bezala zeramaten. Malcom Lowryk esaldi bat sartzen du, ez non eta ez han, harira ere ez datorrela, bere liburu ospetsuenean: "Eta orain gauza triste bat etortzen zait gogora: Oscar Wilde Victoria geltokian eskuak esposatuta zituela, Reading-eko presondegira eraman behar zuen trenaren zain, eta jendea berari begira eta esanez, hara, hor dagoen hori Oscar Wilde da". Heldu da garaia: guk ere badugu antzeko gauza triste bat oroimenean.

Halako batean utzi zuten libre, baina oraindik ere inkulpatuta segitzen du, eta laster izango du, beste kideekin batera, epaiketa. Egun hauetan atxikimendu ugari ari da jasotzen Joan Mari, bai Katalunian, eta baita Euskal Herrian ere, non orain dela gutxi, Pen saria jaso duen, Euskal Pen Klubak emanda.

2005/05/13

5. promozioa Enpresarako Giza Zientzietan


Huen 5.promozioa
Originally uploaded by Joxe.
Hementxe duzue 5. promozioa Enpresarako Giza Zientzietan, 4. maila egiten ari dira, eta gaur jasoko dituzte orlak, ekitaldi berezi batean, HUHEZIn bertan. 53 ikasle dira guztira, eta lurraldeka horrela banatzen dira:

* Araba: %11.
* Bizkaia: %19
* Gipuzkoa: %75
* Nafarroa: %5
* Iparraldea: -

Eta sexuari dagokionez, gehienak neskak dira , %73. Beraz, erretrato robot bat eginez gero, esango genuke 5. promozioko ikaslea neska dela, gipuzkoarra, eta 22 urte dituela.

Karrera amaierako ekitaldia

Gaur arratsaldeko 18:00etan orlak banatuko zaizkie 4. mailako ikasleei, Enpresarako Giza Zientziak karreran, aurten amaituko dituzte-eta ikasketak. Ekitaldia izango da HUHEZI fakultatearen areto nagusian, eta bertan parte hartuko dute ikasleek, irakasleek eta ikasleen gurasoek.

Egitaraua
  • Sarrera hitzak.
  • Hitzaldia: “Kooperatibismoaren desafioez bi hitz”, Joseba Azkarraga irakasleak esanda.
  • Jose Antonio Mendikute denakoaren hitzak.
  • Oroigarren ematea
  • Iñaxio Oliver MUko errektorearen hitzak.
  • Gaudeamus.
Ekitaldiaren amaieran luncha eskainiko zaie bertaratzen diren guztiei.

2005/05/12

Uthink: blog komunitatea unibertsitatean

Orain urtebete pasatxo Minnesotako Unibertsitateak blog komunitate bat sortu zuen bere webgunean, Uthink izenekoa, eta berau izango da, seguruenik, unibertsitate batek sortutako blog gunerik oparoena AEBetan.

Gaur egun Uthink delakoak aterpetzen ditu bere baitan 1.291 blog, non 2.282 blogarik idatzi baitituzte 19.245 artikulu, eta irakurleek utzi baitituzte 14.529 erantzun.

Minnesotako Unibertsitateak sortu du gune hau ikusten duelako blogak erreminta paregabeak direla laguntzeko irakasten eta ikasten, areagotzeko eskolako komunikazioa eta bultzatzeko gizabanakoen adierazpena unibertsitatearen barruan.

400 blog bizirik
Goian eman ditugun zenbakiak izugarriak dira, baina hor ere beroarenak kentzea komeni. Alegia, blog asko sortzen dira, baina gero ez dute segidarik izaten. Adituek diote blog bat bizirik dagoela, gutxienez behin eguneratzen denean bi hilabeteko epean. Hori kontuan izanda, Uthink komunitatean daude 400 blog bizirik. Horrek esan nahi du egindako blogen %65 hil egiten direla, ez dutelako segidarik. Datu hori bat dator blogosferan oro har dagoen portzentaiekin, hor ere %66k ez dute-eta segidarik.

Blog eta blogari motak
Era askoko blogak daude Minnesotako Unibertsitatearen komunitatean:
  • Pertsonalak: %57. Hor blogarien gorabeherak azaltzen dira.
  • Ikasgelakoak: %23. Irakasgai baten inguruan sortutakoak. Ikasturtea amaitutakoan, bertan behera gera daitezke.
  • Lanekoak: %13. Departamendu batek sortua, edo blogari batek, lan jakin baten berri emateko.
  • Ikerkuntzakoak: %5. Ikerkuntza proiektu baten berri emateko, adibidez.
Erabiltzaile gehienak, berriz, graduatuak dira, hau da, bigarren zikloko ikasleak, eta unibertsitateko langileak. Horrek ematen dio blog komunitateari kutsu akademiko askoz handiagoa.

Egunean 3 blog berri
Uthink sortu zenetik, orain urtebete pasatxo, egunean 3 blog sortu dira batez beste komunitate horretan. Eta mezuei dagokienez, egunean 68 mezu edo artikulu idatzi dira bertan.

Blog bat sortzeko Uthink komunitatean, ikasleak bi gauza besterik ez ditu behar: Internet nortasuna, eta pasahitza, baina horiek unibertsitatean matrikulatzerakoan ematen zaizkio. Blogak, kategoriatan daude sailkatuta, blogariek asmatutako kategoriatan, eta unibertsitateak aukera ematen dio irakurleari ere, kategorien arabera arakatzeko.

Movable Type plataforma erabili dute Uthink sortzeko, baina uda honetan plataforma horren bertsio eguneratu bat estreinatuko dute,

2005/05/11

Enpresak, komunikazioaz kezkatuta

Azken urteotan gure enpresek sekulako ahalegina egin dute eguneratzeko: kudeaketan, kalitatean, produktibitatean, marketinean, etab. Komunikazioak, berriz, ez du lehentasunik izan, eta hor geratu da, gainditu gabeko erronka. Orain arte.

Aurten fenomeno interesgarri bat gertatu da Enpresarako Giza Zientzietako proiektuekin. Sei enpresak eskatu dizkigute proiektuak eta praktikak, komunikazioarekin lotutakoak. Horrek esan nahi du gure inguruko enpresa batzuk hasi direla konturatzen gabeziak dituztela komunikazioari dagokionez, eta HUHEZIn aurki dezaketela erantzun egokia. Hauek dira enpresak, eta gaiak:
  • Ecenarro (Bergara): Barne komunikazio plana.
  • Zenbaki Aholkularitza (Aretxabaleta): Intranet bat sortzea bizkortzeko barne komunikazioa enpresan.
  • Orbea (Mallabia): Proposamen bat landu, zer komunikatu kanpora begira.
  • AZK (Aretxabaleta): Nola komunikatzen diren kooperatiba balioak gure bailarako kooperatibetan.
  • Fagor Arrasate (Arrasate): Komunikazio plan bat, jakinarazteko langile guztiei zer berrikuntza egin diren erosketa prozesuetan.
  • Fagor Ederlan (Eskoriatza): Harrera plan bat alor bateko langileentzat.
Informazio eta Komunikazioko ikasleentzat ere, seinale ona, dudarik gabe, ikustea inguruko enpresak hasi direla sartzen komunikazioa beren lehentasunen artean.

2005/05/10

Datorren astean, P. Gaztelumendi HUHEZIn

Datorren astelehenean, hilak 16, Patxi Gaztelumendi blogaria Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera etorriko da (HUHEZI), aurkeztera Informazio eta Komunikazioko ikasleei nolakoa izango den blogen gaineko ikastaroa Udako Euskal Unibertsitatean. Aurkezpena arratsaldeko 16:30etan izango da.

Patxi Gaztelumendi
Patxi Gaztelumendi (jertse beltzekoa) Larrabetzukoa da, eta blog bat egiten du, gaztelumendi.org, Larrabetzun literatura talde batean dihardu, Bihotz bakartien kluba. Susa argitaletxearekin ere egiten du lan. Baita Irratia.com sareko irratian, Jabi Zabalarekin batera. Euskadi Irratian ere irratsaio bat du, larunbat eguerdietan, teknologia berrien gainean. Eta, azkenaren azkena, antolatu du blog ikastaro bat UEUn, eta sortu du blog bat, horren berri emateko.

HUHEZI eta literatura lehiaketa

Aurten bosgarren urtez jarraian, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak literatura lehiaketa antolatu du HUHEZIko ikasle guztientzat, kategoria hauetan: poesia, ipuina, bertso papera, maitasun gutuna eta komikia.

Lanak maiatzaren 13a baino lehenago aurkeztu beharko dira, euskaraz, eta inoiz argitaratu gabeak beharko dute izan. Irabazleen izenak, berriz, maiatzaren 20an jakinaraziko dira, fakultatearen jai egunean. Kategoria guztietan, irabazleak jasoko ditu 100 euro, eta akzesitak, 50.

HUHEZI eta literatura
Azken urteotan HUHEZI eta literatura eskutik ageri dira leku askotan, martxo inguruan hemen antolatzen baita urtero Literatura Astea, gero eta oihartzun handiagorekin. Azken edizioaren ardatza izan zen literatura eta bidaia. Hori dela eta, Radio Euskadik zuzenean eman zuen astearen lehen ekitaldia, eta Euskadi Irratiak gauza bera egin zuen azken ekitaldiarekin.

Arantza Ozaeta irakasleak zuzentzen ditu biak, lehiaketa eta astea, eta horretarako Debagoieneko hainbat enpresaren diru laguntza jasotzen du.

2005/05/09

HUHEZI: fakultate euskalduna

Unibertsitate ikasketak euskaraz egin nahi dituen ikasleak, inguru erabat euskaldun batean, HUHEZI hartu beharko du kontuan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Mondragon Unibertsitatean.

Une honetan euskalduntasuna ere aintzat hartzeko elementua da ikasketak aukeratzeko orduan. Eta, zorionez, gaur egun gero eta ikasle gehiagok ikasi nahi dute euskaraz unibertsitatean. HUHEZIk lau eremu eskaintzen dizkie ikasle euskaldunei: Psikopedagogia, Irakasle ikasketak, Komunikazioa, eta Enpresa.

Hori dela eta, HUHEZIk lelo bat aukeratu du, laburbiltzen duelakoan goian esandakoa: HUHEZI: fakultate euskalduna. Lelo hori hautatu dugu, bereizten gaituelako Euskal Herrian dauden gainerako fakultate guztietatik, denetan HUHEZI delako euskaraz goitik behera lan egiten duen fakultatea, nahiz eta gaztelania eta ingelesa ere erabiltzen ditugun irakaskuntzan.

2005/05/08

TU Lankide aldizkariak 500. alea kaleratu du

Apirileko zenbakia berezia da, oso, TU Lankide Arrasateko kooperatiben aldizkariarentzat. Izan ere, 45 urte bete ditu, 500. alea kaleratu du, eta diseinu berria estreinatu. Marka esanguratsuak edozein aldizkarirentzat. Hala ere, beste behin, TU Lankide ahaztu egin da Internetez.

45 urte
Jose Maria Arizmendiarrietak berak sortu zuen aldizkaria 1960an, kooperatiben berri eman, eta kooperatiben ideala hedatzeko asmoz. Hiru izen izan ditu, ordea, urte hauetan:
  • Cooperación. Hasieran izen horrekin plazaratu zen agerkaria, makinaz idatzita, 200-300 ale banatzen hasi zirenean.
  • Trabajo y Unión (TU). Cooperación izena hartuta zegoela-eta, beste izen bat aukeratu behar, eta TU hautatu zen. 1964an izan zen hori
  • TU Lankide. 1977an gaur egungo izenarekin agertu zen.
Lau zuzendari
Zuzendariak, berriz, lau izan ditu aldizkariak 45 urte hauetan:
  • Jose Maria Arizmendiarrieta. (1960-1976). Berak sortu zuen aldizkaria, eta berak gidatu zuen, hil arte.
  • Juan Leibar. (1976-1984). Irakaslea zen Eskola Politeknikoan, aldizkaria zuzentzen zuen bitartean.
  • Jesus Ginto. (1984-1988). Kazetaria izanik, beste estilo bat ekarri zion aldizkariari.
  • Javier Marcos. (1988- gaur arte). Berak egin ditu urte gehien zuzendari moduan: 17.
500 zenbaki
TU Lankide apal-apal hasi zen, baina gaur egun zabalkunde handia du: hilero 11.500 ale banatzen baitira Euskal Herriko kooperatibetan. Zenbaiten iritziz, ordea, nahikoa ez, kontuan izanda MCC taldeak 70.000 langile dituela. Edozelan ere, hilero 40 orrialde kaleratzen ditu. Eta horietatik %15-20 euskaraz dator; gainerakoa, gaztelaniaz.

Diseinu berria
Aldizkaria sortu zenetik, 17 diseinu aldaketa egin zaizkio. Azkena, 2001ean. 500. ale hau ere berrituta etorri zaigu, diseinuari dagokionez. Ez da aldaketa iraultzailea izan, baina bai begi bistakoa. Izan ere, itxurak ez ezik, mamiak ere hainbat aldaketa izan ditu, batez ere sailei dagokienez.

Internet, ahaztuta
Berrikuntzak berrikuntza, atentzioa ematen du zer arreta gutxi eman zaion Interneti. Nahi badugu TU Lankide kontsultatu sarean, MCCren webguneak ematen digu horretarako aukera. Baina ondo begiratzen badugu, ikusiko dugu kontsultatu ahal dugun azken alea dela… 2003ko uztailekoa! Eta hori PDF formatuan.

Gero eta ordenagailu gehiago dauzkagun honetan, ez litzateke txarra izango —nahi bada, behintzat, TU Lankide familia aldizkari bihurtu— aldizkariaren ganorazko bertsio eguneratua ezartzea Interneten. Gutxienez hori.

Laster konponduko dutelakoan hutsune hori, zorionik beroenak TU Lankide egiten duten guztiei!

2005/05/06

Zenbait lanbide, etorkizuna dutenak

Joan den irailean Madrilera joan ginen HUHEZIko irakasle batzuk, hitz egitera Eduardo Garcia Matilla adituarekin. Corpocación Multimedia enpresako lehendakaria da gaur egun, baina esperientzia luzea du hedabideetan. Elkarrizketaren une batean esan zigun zer lanbidek zuten etorkizuna komunikazioari dagokionez.

Lanbide interesgarriak
Ez zuen zerrenda luzea egin, bai, ordea, esanguratsua:
  • Balio anitzeko kazetaritza. Kazetari horiek gai izango dira, komunikazio enpresa batean ibilita, lan egiteko hainbat euskarritan: telebista, papera, irratia, Internet…
  • Kudeatzaileak ikus-entzunezko enpresetan.
  • Marketin adituak. Gai izango dira mezu konplexuak transmititzeko eta txertatzeko edukietan. Aurreko batean Goio Aranak eman zigun horren berri hemen.
  • Erakunde komunikazioa. Erakundeen barruan Garciía Matillak hainbat alor ikusten zituen landu beharrekoak: Prentsa kabineteak. komunikazio hutsa, bozeramaileak, krisi planak eta komunikazio planak.
  • Ikerkuntza + Garapena. I+G hedabideei buruz, eta nola garatu eredu berriak: irudimena, ekintza eta hausnarketa.
  • Tokian tokiko hedabideak.
  • Espezialistak inmigrazioan. Sesame Street telesaioa, adibidez, sortu zen AEBetako etorkinak integratzeko asmoz.
  • Telebista ikertzaileak. Telebistak baditu arazo larriak, adibidez, indarkeria pantaila txikian, eta horrek dituen ondorioak. Horretaz oraindik ez dakigu ezer.
  • Telebista hezitzaileak. Matillaren iritziz, telebista erabili beharra dago ikasgelan, ikasleek ikas dezaten nola kritikatu. Hori ezinbestekoa ikusten du, gizarteak aurrera egin nahi badu komunikazioaren aroan.

2005/05/04

Periodikoa, malgua eta elektronikoa

Ba al daki inork nolakoak izango ote diren egunkariak etorkizunean? Steven Spielbergek ematen ditu seinaleak. “Inteligentzia Artifiziala” 2001.eko filmean, teknologia eta ingeniaritza genetikoa aurreratuena erakusten digun pelikulan, pertsonaiek, izara tamaina handiko egunkariak irakurtzen dituzte. Spielbergen produktoreak nola ez ziren errakuntza honetaz konturatu? Stevenek ez zituen despeditu, gero ere “Minority Report” fikzio zientziako beste pelikularen hasieran, izara tamainazko beste egunkaria agertzen baita. Kasu honetan, geroxeago, egunkari elektronikoa agertzen da. Ematen du orri elektronikoa malgua dela eta paperezko egunkarian klikatzen ibiliko balitz moduan dabil gure Tom Cruise. Beraz, desesperaziorik ez…, Spielbergen produkzio diseinatzaileek etorkizuna ikusten diote kazetaria izateko lanari.

Izara tamainako egunkariak
Ridley Scott zinema zuzendariak aho zabalik uzten gaitu. 1982. urtean egin zuen “Blade Runner” filma eta 2019. urtean kokatu zuen akzioa. Harrison Fordek —protagonistak—, izara tamainako egunkaria kontsultatu ondoren, berau eskuartean daukala paseatzera doa. Sormen handiko zine ameslari hauek, periodikoak paperezkoak izaten jarraituko dutela eta gainera izara tamainakoak izango direla esaten digute. “The Guardian” eta “The Times” egunkarietako marketineroek ikusita izango ote dituzte pelikula hauek… “The Mirror” eta antzeko eskandalu-egunkarien formatuetara aldatu dutenean?

Hasierako galderara noa. Tabloide itxura izan edo izara formatua izan, eztabaida faltsua da. Gure artean tabloide formako periodikoetara ohituta gaude. Guretzako erosoenak dira…, horretara ohitu garelako. Baina izatez, euskal arrantzaleak atuna munduko itsaso guztietan bilatzen dabiltzan moduan, ikertzaileak, hor dabiltza, jo eta ke, papera malgua eta elektronikoa izan dadin. Paper hau existitzen dela esan, esan dute, baina ez digute inoiz berau erakutsi. Egunkarietako errotatiba fabrikatzaileek, errotatibaren asmakizun hori jaio zenetik, inpresio danborren zabalera aldatzen joan dira edo lanak arintzearren, mikroprozesadoreak sartu dituzte. Software programatzaileek euren aginduetara daude…

Gainbehera
Nori berea da zuzenbidea, eta ezin da ukatu irakurleari edukiak ahalik eta erosoen eskaintzearren periodikoetako disenatzaileek egiten duten eguneroko ahalegina. Baina hau ez da nahikoa izan. Antza denez, gero eta gutxiago irakurtzen dugu periodikoa. Makinatxo arrazoi daude tartean: edukiak, telebistaren konpetentzia eta paperezko egunkariak nolako nahaste-borrastea diren gaur egun.

Honekin esan nahi dut asko falta dela bit-en gainean joan daitekeen informazioa masiboki zabaltzeko. Argitaletxeen industriak zerbait egin beharko du bai informazioa eta bai entretenimendua garraiatzen jarraitzeko.

Miren Gabantxo

2005/05/03

Nola idatzi albisteak, esateko direnean

Udako Euskal Unibertsitateak liburu interesgarri bat kaleratu du, Jose Larrañaga irakaslearena, Nola esan albisteak ikus-entzuleari.

Jose Larrañagak helburu garbia bilatzen du liburu honekin: irakurleak trebatzea, komunikazioaren ikuspegitik behintzat, idatz ditzaten albiste egoki eta ulerterrazak. Esateko albisteez ari da, gero irratian edo telebistan irakurriko diren horietaz.

Ezaugarriak
Esateko idazkera horrek baditu hainbat ezaugarri, Jose Larrañagaren arabera:
  • Aditz aktiboa erabiltzen du batik bat.
  • Orainaldia baliatzen du bereziki.
  • Esaldi laburrak egiten ditu.
  • Marka fonetikoak ditu ezaugarri, ez puntuazio gramatikala.
  • Zenbakiak borobiltzen ditu, hobeto ulertze aldera.
  • Saihestu egiten ditu aditzondoak eta izenordeak.
  • Erredundantziari heltzen dio behin eta berriro.
Atalak
Liburua laburra da, 88 orrialde baino ez ditu, eta berau hiru ataletan banatu du egileak:
  1. Ikus-entzunezko lengoaia.
  2. Ikus-entzunezko idazketaren oinarriak.
  3. Nola ahoskatu eta esan albisteak.
Adibideak ere, ugari dakartza. Liburuaren egileak eskatu zion EITBko zuzendaritzari adibideak bidaltzeko, irratikoak nahiz telebistakoak, baina EITBk ezetz. Tamalgarria.

Jose Larrañaga
Jotxo Larrañaga, horrela ezagutzen dute-eta bere lagunek, Azkoitian jaio zen, eta Oñatin bizi da gaur egun. Lizentziaduna da Historian eta baita Kazetaritzan ere. Doktorea ere bada, kazetaritzan. Hainbat urtez Euskal Telebistan egin zuen lan, albistegietan, beraz, ondo ezagutzen du esparru hori.

Gaur egun irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako fakultatean, non irakasten baitu Idazketa Irrati-telebistan.

Praktikak eta elkartasuna

Urtero, elkartasun gogoak bultzatuta, zortzi bat ikaslek, Enpresarako Giza Zientzietan, Hego Ameriketara edo Afrikara egiten dute, pare bat hilabetez lankidetza proiektuetan parte hartzera. Aurten ere bai.

Praktika berezi horiek orain bost bat urte hasi ziren, Truke programa hasi zenean gutxi gorabehera. Lanki ikertegiak bideratzen ditu, HUHEZIren eta Mundukide Fundazioaren laguntzarekin. Izan ere, erakunde horiek hitzarmen bat sinatu zuten, praktika horiei laguntzeko, eta ikasle bakoitzari ematen diote 480 euro (80.000 pta) diru laguntza moduan, gastuak ordaintzeko.

Lankidetza bila
Aurten ere 3. mailako zortzi ikasle joango dira praktika berezi horiek egitera. Gehienak joango dira ekonomia soziala eta lankidetza bultzatzen duten erakundeetara, herrialde hauetako batzuetara: Mexiko, El Salvador, Brasil, Bolivia, Txile, Paraguay, Guatemala, Ekuador, Kolonbia, Zimbawe, Kuba, Dominikar Errepublika eta Honduras.

Esperientzia aberatsa
Alde guztiek irabazten dute esperientzia horiekin: ikasleek, tokian tokiko erakundeek, eta fakultateak. Baina bereziki ikasleek: beste herrialde bat ezagutzen dute; lagundu egiten diete premia handia duten erakundeei, eta informazio baliagarria ekartzen dute hona, Mundukidek-eta informazio eguneratua izan dezaten nola doazen gauzak han, hortik aurrera hobeto laguntzeko.

Zenbaitetan, gainera, praktika horiek jarraipena izaten dute, eta laugarren mailan karrera amaierako proiektu bihurtzen dira.