2006/03/10

Komunikaldiak: Pili Kaltzada

Gizarte-erantzukizuna eta enpresa-komunikazioa
Erronkak eta gogoetarako bidea



Nondik hasiko gara?
Egunon guztioi eta eskerrik asko. Lehenik eta behin, eskerrak antolatzaileei beren ausardiarengatik. Izan ere, ausarta behar du batek ni bezalako ezjakina jardunaldi hauetara gonbidatzeagatik. Hurrengo minutuotan enpresa-komunikazioaren zintzotasunez hitz egin behar dudanez gero, zintzoa izaten saiatuko naiz, zuekin ere. Baiezkoa esan nuen gonbidatu nindutenean, egoa eta harrokeria puztu egiten dituztelako horrelako gomitek. Eta baiezkoa esan orduko, zalantzan hasi nintzen. Eta zalantzak ikara bihurtu dira eguna hurbiltzen joan den tamainan. Gaur egun gizarte-erantzukizuna deitzen dugun horri buruz hitz batzuk egiteko eskatu zidaten, eta hitzak ordenatzea, berez, ez da zaila. Kontua da, gure artean idatzi gabeko istorioa dela oraindik gizarte-erantzukizuna, eta beraz, neurri handian, hitzak asmatzen jardun beharko dut.

Zintzo-zintzo jokatuz gero, beraz, hemen baino hortxe, zuen artean egon beharko nuke jazarrita, baina baiezkoa esan nuen, eta hitza hitz.

Hasi aurretik, hala ere, pare bat argibide. Batetik, antolatzaileen gomendioei jarraiki, azalpenenean zehar lagungarri izango diren diapositibak gaztelaniaz prestatu ditut. Hizketaldia, ordea, euskaraz egingo dut. Inork galderarik egin nahi balu, aukera dezala zein hizkuntzatan nahi duen eta horretantxe erantzuten saiatuko naiz neroni ere.

Eta bestetik, esandakoak hobeto kokatze aldera, esan dezadan inongo enpresaren ordezkaria ez naizela. Nire burua baino ez dudala ordezkatzen, eta hortaz, hemen azalduko diren adibideak, eta botako ditudanak nire gogoetak dira. Ni naiz, beraz, errundun bakarra. Eta ekin diezaiogun, beraz.

Kokatze aldera, hainbat datu
Enpresaren komunikazioaren esparruan aldaketa handiak gertatu dira azken bolada honetan. Abstraktua irudi lezake horrek, baina gure esparru hurbilera etorrita ere, erraz antzeman daitezke urte gutxitan jazo diren aldaketak. Eta aldaketa horiek gora-behera ere, geure buruari begiratu behar diogu, zertaz ari garen eta zer egin gura dugun garbi izango badugu.

Gure enpresa-ehundura, Euskal Herrikoa oro har eta Gipuzkoakoa bereziki, erakunde txiki edo ertainek osatua da. Enpresa guztien %93 inguruk 10 langile baino gutxiago ditu gaur egun, edo zehatzago esanda, duela ia urte eta erdi, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak euskal enpresen lehiakortasunari buruzko ikerketa interesgarria burutu zuenean.

Neurri horretako enpresetan komunikazioa bigarren edo hirugarren mailako kezka izaten da. Lehena bizirautea da, eta orpoz orpo doakio horri balantzea eta emaitza ekonomikoak arnasa hartzeko modukoak izatea. Eta hortik aurrera, komunikazioaz kezkatzen dira gutxi edo asko, baina ez guztiak. Krisi-egoerak alde batera utzita, jakina.

Hortaz, mundu mailan puntakoa den joera bat hemen, gurean, zelan aplikatu beharko litzatekeen azaltzea arras bitxia gerta dakizuke. Nolanahi dela ere, ezinbestean jorratu beharreko esparrua izango dela esan ohi da, eta neurri handian, zantzuak ikusten hasi gara jadanik.

Kalitate-sistemak eta kudeaketarena bikaintasuna egiaztatzeko prozesuekin duela hamar bat urte gertatu zena ikusita, ez da oso aztia izan behar Gizarte-Erantzukizuna ere laster enpresa txiki eta ertainetan ezartzen hasiko dela esateko. Neurria egokitu beharko da prozesua, baina moda berri hau gurean geratzera datorrela ematen du.

Gizarte-Erantzukizuna zehatz-mehatz azaltzea ez da gogoeta honen helburua. Batetik, ez naizelako ni horretarako pertsona egokia eta, bestetik, jardunaldi hauen esparrua komunikazioa delako beren-beregi.
Hortaz, gizarte-erantzukizunaren kontzeptua eta praktika zertxobait azalduko baditut ere, enpresaren komunikazio-sisteman horrek eragingo dituen aldaketak, eta sortzen dizkigun aukerak mahai gainean uzten saiatuko naiz nagusiki.

Kate-begi berri bat
Ikus dezagun, bada, nondik datorren kontu hau. EEBBetan sortu zela onartzen da oro har eta 50eko hamarkada inguruan jarri ohi da abiapuntu-datatzat. Guztiak ere, kontzentzuz onartutako datuak dira, ez baitago batere garbi nola izan ziren gauzak. Litekeena da, gainera, ezinezkoa izatea hasiera-puntu bat finkatzea, eboluzioaren ondorio baita joera berri hau.

Nolanahi dela ere, orduko eta hango gizartea asaldatu zuten hainbat gertakariren argitan ulertu ahal da egokien zertan datzan Gizarte-Erantzukizuna. Vietnameko gerra, apartheid-a, emakumeen eskubideen urraketa sistematikoak... Horiek guztiak gertatu ziren garaian, edo azalaratzen hasi ziren garaian, piztu zen kezka. Gai hauek guztiek gizartea asaldatu zutela esan dut, baina zehatzago litzateke esatea herritarrak asaldatu zituztela, pertsonak, kontsumitzaileak beren indarra agerrarazteko moduak bilatzen hasi zirelako orduan. Erregimen politikoak iraunarazten duten kontsumo-jarreraz gogoeta egiten, adibidez, edo etikoki, edo ingurumenaren ikuspuntutik deitoragarriak diren jokaerak nola edo hala legitimatu egiten zituztela ikusi zuten. Eta ondorioz, gizartea aldaketak eskatzen hasi zen, eta enpresek gizarte-arazoetan parte hartze zuzenagoa behar dutela aldarrikatzen... Eta gaur egun bizi garen egoerara iritsi gara, ibilian-ibilian.

Nolabait esateko, enpresaren rola gizartean aldatzearen eskutik iritsi da kontzeptu hau kudeaketa-eredua bihurtzera. Herritarrok gure kontsumo-eskubidearen indarraz jabetzean, produktu merke eta lehiakorrak eskatzetik produktu horiek merkaturatzen dituzten enpresen jokaera aztertzera jo dugu. Aldatu egin da gure eskariaren profila: kontsumitzaileak gara, eta horrek hainbat lanabes jartzen ditu gure esku, erabili nahi izatera, gizarte-aldaketarako tresna garrantzitsuak izan daitezkeenak.

Hona, beraz, definizio azkar bat: Enpresaren Gizarte-Erantzukizuna edo Gizarte-Erantzukizun Korporatibo (bietara esaten zaio-eta) enpresek gizartean, lan-esparruan, ingurumenean eta giza eskubideen esparruan sortzen dituzten inpaktuen gaineko jarrera da; betekizunez, konpromisoez edo jokaeraz hitz egiten digun kontzeptua da, beraz.

Eboluzioa aipatu da hasieran joera honen jatorriaz bi hitz esateko, eta oraindik ere eboluzionatzen ari den kontzeptua dela hartu behar da kontua. Ohikoa da hori enpresa-kulturari eragiten dioten faktore guztietan, bestalde. Duela 50 urte enpresek marketin-a aintzat hartu gabe ekoizpen hutsera jotzen zuten bezalaxe, edo duela hiru hamarkadara arte kalitatea kudeaketa-sistemetan batere agertzen ez zen bezala, duela gutxira arte gizarte-inpaktu hau ez da enpresaren barne-kudeaketa sistemetan egiazki integratu.

Orain, ordea, erabat irauli da joera hori eta enpresak gizarte edo ingurunean sortzen dituen inpaktuak politika guztien parte bihurtu dira. Inpaktu horiek ezagutu nahi ditu enpresak, zergatik sortzen diren aztertzen du eta negatiboak diren kasuetan, saihesteko neurriak hartzen ditu.

Harremana, nolabait esateko, aldatu egin da errotik. Kontsumitzaileak ez du bakarrik bere beharrak ase egingo dituen produktu onena eskatzen. Horrez gainera, bere sinismen, ideia eta oro har baloreekiko uztartzeko modukoak diren praktika etiko, sozialak eta konpromisozkoak eskatzen dizkio enpresari.

Epe motzerako estrategiak ez direla balekoak, gero eta nabariago ageri da enpresa munduan ere. Aintzat hartu behar dira beste faktore batzuk eta horiek zein diren jakiteko enpresaren parte diren interes-taldeei entzun egin behar zaie. Oso garrantzitsua da gure lan-esparru honetan dialogoaren kontzeptu hori.

Eta honekin lotuta, bi definizio horietara iristeko oinarrizko gogoeta egiten dute erakunde sustatzaileek. Enpresaren egiteko garrantzitsuena balorea sortzea da. Errentagarria izatea, nahigo bada. Enpresa-jabe eta akziodunek balore ekonomikoa eskatzen diote, beste ezer baino lehen, enpresari. Eta ulergarria da, jakina. Errentagarria ez den enpresak nekez eutsi ahal izango dio etorkizunari. Ez du enplegurik sortuko (ez kalitatezkorik, ezta bestelakorik ere), ezin izango du, adibidez, zergen bidez gizartearen ongizatea bultzatu, eta abar. Errentagarria izatea da enpresaren kezka nagusia, eta hala izaten jarraituko du. Baina nolako errentagarritasuna bilatzen du enpresak gaur egun?

Ekonomikoa, bistakoa denez. Baina errentagarria ere izan nahi du gizartearentzat, gizartea baita bere mantenu-gaia. Herritarrek kontsumitzen dituzte bere produktu edo zerbitzuak, zuzenean edo zeharka. Epe motzera errentagarria izatetik, “iraunkortasun” edo “jasangarritasunaren” kontzeptuarekin lotutako beste errentagarritasun-mota agertu zaigu. Gaur egungo beharrei erantzun nahi die enpresak, baina etorkizuneko beharrak asetzeko funtzioa kolokan jarri gabe. Gaur egun usatzen dituen baliabide naturalak, adibidez, epemugarekin eskuratzen ditugula onartzen dute enpresek. Geuk, herritar eta kontsumitzaileok, baliabideak finituak direla onartzen dugun bezalaxe.

Hainbat erreferentzia-marko
Hona hemen kontzeptu honen inguruan eman ohi diren azalpen edo definizio usuenak. Oso antzekoak dira denak, baina ñabardura batzuk badaude.

• Europako Batzordeak
Integración voluntaria, por parte de las empresas, de las preocupaciones sociales y medioambientales en sus operaciones comerciales y sus relaciones con sus interlocutores (stakeholder)”.

Borondatezko izaera azpimarratzen dute Europako erakundeak, eta era horretara, borondatearen esparruan garatzen ari da estatukideeen artean.

• Centro Mexicano de Filantropía:
Ondoko honek Mexikoko enpresa eta erakunde-talde oso zabal baten definizioa ematen digu.
Una empresa socialmente responsable es aquella que, además de ofrecer productos y servicios de calidad, genera utilidades y empleos y paga impuestos, desafía su creatividad para identificar los problemas que aquejan a su comunidad y propone alternativas para su solución. Es un modelo de trabajo y organización que permite retribuir a la sociedad lo que esta toma de ella. Es la forma de hacer negocios de manera sustentable.”

“Sustentable” hitzak agerian uzten du jatorria. Baina hemen garrantzitsuena da enpresaren barne eta kanpo-dimentsioa uztartzen dituela ikustea. Gerora, komunikazioaren esparrura itzulitzakoan, ikusiko dugu zein garrantzitsua den hori.

Erreferenziazko markoak aipatzen ari garelarik, gure esparru hurbilenean, liburu berdea hartu behar dugu kontuan. Izan ere, Europako Batzordeak emandako definizio horretatik abiatuta, eragitea du helburu honek, enpresa-talde eta erakunde publikoen bidez.

• Liburu berdea:
Erreferenziazko markoak aipatzen ari garelarik, gure esparru hurbilenean, liburu berdea hartu behar dugu kontuan. Izan ere, Europako Batzordeak emandako definizio horretatik abiatuta, eragitea du helburu honek, enpresa-talde eta erakunde publikoen bidez.

“Fomentar un marco europeo para la responsabilidad social de las empresas. Mediante el presente documento la Comisión Europea se crea un foro de debate para conocer cómo la Unión Europea podría fomentar el desarrollo de la responsabilidad social en las empresas europeas así como también en las internacionales, aumentar la transparencia y la calidad informativas de los sociedades y mejorar la contribución de las mismas al desarrollo sostenible”.

Eragitea helburu duten ekimenen artean hau aipatuz hasi gara, baina ez da bakarra. Oro har, borondatezko ekimenak dira guztiak, eta konpromisoan oinarritzen dira. Partaide diren erakunde edo estatuek praktika hauek beren lurralde edo eragin-eremuaren barruan sustatzeko konpromisoa egiten dute eta normalean, gero hori sektore-aplikazioetan gauzatzen da.

Sistema hauek guztiek, definizioaz landa, betetzeko moduko gomendioak ere ematen dituzte. Mundu mailako erreferentzia-markoetan mugitzen ari gara, mundu osoan berdin edo oso modu antzekoan aplika daitezkeen borondatezko arauak ematen zaizkigu, gero egokitu beharko ditugunak.

• Global Reporting Iniative
Zalantzarik gabe, GRI delako hau da ezagunena. Izan ere, bere egitekoa enpresek argitaratu ohi dituzten jasangarritasun-txostenen estandarizazioa da eta ondorioz, enpresetan sarritan erabiltzen ditugu GRIren gomendioak. Urtean behin, gutxienez, geroago ikusiko dugun legez.
Iniciativa creada en 1997 por la organización no gubernamental CERES (Coalition for Environmentally Responsible Economies) junto con PNUMA (Programa de las Naciones Unidas para el Medio Ambiente), con el apoyo de numerosas instituciones privadas, empresas, sindicatos, ONGs y otras organizaciones «con el objetivo de fomentar la calidad, el rigor y la utilidad de las Memorias de Sostenibilidad».
Informazio gehiagorako: www.globalreporting.org/

• Munduko Ituna
GRI-k gure konpromisoak zelan agerrarazi esaten digu, eta Nazio Batuen Erakundeko Munduko Itunak zein konpromiso bete behar diren esaten digu.
“Iniciativa lanzada por la Organización de las Naciones Unidas con el objetivo de promover la conciliación de los intereses empresariales con los valores y demandas sociales”.
Informazio gehiagorako: www.pactomundial.org/

Egitekoak
Bere burua gizartearen aurrean erantzuletzat agertu nahi duen enpresak, ondokoak bete behar ditu:
  • Lehen-lehenik, dagozkion esparruetan legearen aginduak bete. Giza eskubideen esparruan, lan-harremanen kudeaketan, ingurumenarekiko politiketan, eta abar. Legea da erreferentzia-marko garrantzitsuena, begien bistakoa den moduan.
  • Legea betetzea, ordea, ez da nahikoa. Legea baino haratago doazen konpromisoak agertu behar ditu enpresak, erantzule gisa kontsideratua izango bada. Eta konpromiso horiek ekintzatan ikusarazi behar dira, eta enpresaren barne-kudeaketa ereduan txertatuta egon behar dute. Neurri honekin, nolabait esateko, enpresaren “aldarrikapen hutsa” ez bihurtzea nahi dute erakunde sustatzaileek; lortzen ari ote den aztertzeak luze joko luke, alabaina. Robert Kaplan irakasleak dioenez, etorkizunean enpresek bere aktiboen berri ematean, “aktibo ukiezinen” balorea neurtuko dute nagusiki. Enpresa baten balioa aktiboen horien menpekoa izango dela dio gure irakasle optimista honek.
Praktika piska bat
Zertan gauzatzen da hau guztia? Horra milioiko galdera. Hasteko, ondokoak bete behar ditu enpresak.
  • Batetik, bere kudeaketa-ereduan hainbat esparruetarako politika zehatzak inplementatu beha ditu. Besteak beste, akziodunekiko komunikazioa errazteri begirakoak, langileekin komunikatzekoak, gizarteari informatzekoak eta gizarte-jarduera burutzekoak, ingurumenaren kudeaketaren ingurukoak eta hornitzaileekiko politikari buruzkoak. Eta horiek, gainera, osotasunean aztertu eta kudeatu behar ditu enpresak.
  • Neurri hauen guztien gibelean komunikazio-ikuspegi batetik interesatzen zaizkigun baloreak bi dira: gardentasuna eta zehaztasuna. Zein zaila den gardentasuna? Emaitza onak eta negatiboak ematea, adibidez. Helburuak bete gabe daudela aitortzea, adibidez. Zaila da oso, baina kudeaketa-kulturaren aldaketa eskatzen ari garelarik, hortxe dugu erronka ederra. Gardentasuna epe luzerako apustua da, iraunaraziko digun jarrera. Enpresa gizakien eredura antolatzen ari garelarik, gizakiok bezain akasduna agertzea ez da txarra… hala da eta.
  • Eta aurrekoak osatzeko, eredu praktiko honek kanpotik ikustatzeko modukoa izan behar du. Neurgarria izan behar du, beraz. Urtez urte emendatu diren akatsak agertu behar ditu; urtez urte zein aurrerapauso egin den azaldu behar da, eta egin ez badira ere, berdin.
Ondorio batzuk
Politika horiek barneratzea ez da nahikoa horien berri zabaltzeko bitarteko egokiak eta nahikoak atontzen ez badira. Amaitu da goitik beherako informazio-emate soilak. Akabo dira komunikatuak. Orain komunikatzea dagokigu.

Orain arte esandako guztiak askotariko eraginak ditu enpresaren barne-antolaketari dagokionez.Kudeaketaren arloan, sistema berriak sortu dira eta horiek aplikatzean eta integratzean datza erronka. Ez dugu gai hori hemen azalduko, zeharka ez bada ere. Guri axola zaiguna, izan ere, Gizarte-Erantzukizunak komunikazioaren arlora ekarriko dituen praktika eta jokatzeko modu berriak dira.

Kontzeptu honen muinean datzan baloretik abiatuta, erraz ikusten dira bikaintasun-eredu honen ondorioak. Izan ere, gizartearen premiei erantzutea helburu duen enpresak, premia horiek behar bezala identifikatu egin behar ditu zentzu progresiboan, hau da, gizartearen arazoak, iguripenak eta herritarron nahiak ezagutu behar ditu, eta aztertu, eta horientzat irtenbideak proposatu. Eta gainera, modu dinamiko batez egin behar ditu horiek guztiak, dagokion funtzioa beteko badu. Ondorioz, enpresaren jardueran interesa duten interes-taldeekiko harreman eta elkarrizketa-sare trinkoa sortu eta elikatu egin behar du. Eta horretan sartzen gara gu, enpresaren komunikazioa garatzea gure ardura den neurrian.
Interes-taldeak dira, ondorioz, enpresaren komunikazio-talderi lehengaia emango diotenak. Enpresak berak sortutako informazioa bezain garrantzitsuak dira, ondorioz, inguruak ematen dizkigun inputak. Horrek hainbat ondorio begi-bistako ditugu: gure informazio-sarea ez da jadanik enpresaren eremu txikira mugatzen, eta are zabalago behar du. Dokumentazio, datu-base, eztabaida-gune eta antzekoen garrantzia ageri da hemen.

Informazioaren jatorrian ez ezik, helmugan ere ondorioak ditu Gizarte-Erantzukizuna komunikazio-sarean integratzeak. Lehen esan dugun moduan, gardentasuna oinarrizko printzipioa da, eta zer komunikatzen dugun, nori komunikatzen diogun, eta nola komunikatzen dugun aztertzea dagokigu puntu horretan. Sinplifikatzea arriskutsua da beti, baina gutxienez, inpaktu horiek guztiak ondoko hiru ataletan aztertu beharko lirateke.

Barne-komunikazioa
Enpresak bere lan-taldearekin duen harremana, gero eta gehiago, komunikazioaren inguruan garatzen da. Enpresa, erakundea, nahiago bada, informatzaile izatetik elkarrizketaren parte bihurtzera jo behar du. Esaten erraza da, baina egiten zailago. Beharbada esparru honetan, hau da, komunikazioaren barne-dinamikan, islatzen dira ondoen enpresaren kudeaketa-kultura. Gure artean, oraindik usu dira eredu tradizionalistak, goitik beherako informazio-fluxuak baino garatzen ez dituztenak, eta hori barne-elkarrizketa hori jorratzen den kasu apurretan.
Gizarte-Erantzukizunaren ikuspegitik azalduta, beraz, enpresak etengabeko elkarrizketa-foroak ireki behar ditu giza baliabideen iguripenak, iritziak eta iradokizunak jasotzeko. Jasotzea, alabaina, ez da nahikoa, eta horiei guztiei aterabidea emateko mekanismoak atondu behar ditu.

Honek enpresaren barne-funtzioak apur bat aldatzea ekar lezake, ongi dakigun moduan, gehienetan harreman hauek giza baliabideen sailetik eramaten direlako. Ikuspegi hau integratzekotan, diziplinarteko komunikazio-estrategia ezarriko genuke barne-komunikazioaren esparruan, eta bi sailen arteko lankidetza estuan oinarritutako eredua aplikatuko litzateke.

Kanpo-komunikazioa
Kanpo-komunikazioaren esparruan kontua are zailagoa izan daiteke, enpresaren esku ez dauden bitartekoak usatu behar ditugulako. Komunikabideek aparteko zeregina dute gizarte-inpaktuan oinarritutako kudeaketa-estrategiaren igorle bihurtu behar direlako. Plus bat gehiago eskatu behar zaie, beraz, komunikabideei, informatzeaz landa, hiritar-kultura sortzeko ardura ere badutelako.

Honek testuinguru berri bat dakarkigu, enpresaren eta hedabideen arteko harremanaren enfoke berria eskatzen duen neurrian. Lehenik eta behin, bi aldeek elkarri aitortu behar diote kultura horren alde bakoitzak duen zeregin independente eta aldi berean osagarria. Enpresak konfiantzaz jokatu behar du komunikabidearekin, informazio guztia eta egiazkoa emanez, konparatzeko moduko datuak eskainiz, baita enpresa beraren kaltean denean ere.

Informazioaren gardentasunak zintzotasuna eskatzen du, eta horretan denok zer ikasi handia dugu. Bestalde, gure enpresetan horren ohikoa den tekno-hizkuntza berezia baztertu eta kontzeptuok ulertzeko moduan transmititzen ikasi behar dugu. Litekeena da ikasi beharrik ez izatea, lehendik ere bagenekielako. Baina “desikasi” egin behar ditugu enpresak berak kutsatu dizkigun hainbat eta hainbat klitxe eta adierazpide anker.

Bestalde, komunikabideek ere ahalegina egin behar dute gai hauek jorratzeko orduan ikuspegi ireki eta dibulgatiboa emateko orduan. Nahikoa erraza da enpresa baten urteko emaitzei buruzko oharra kaleratzea, baina lan apur bat gehiago eskatzen du, adibidez, enpresa horrek berak gizon eta emakumeen berdintasun-politiketan zer ekimen bultzatzen dituen azaltzeak. Eta bi aspektu horiek funtsezkoak dira herritarron esku jarri nahi bada ikuspegi osatua.

Komunikazio korporatiboa
Komunikazio korporatiboaren esparrua erabat aldarazi du Gizarte-Erantzukizunak. Orain arteko oinarrizko komunikazio-estandarrei beste batzuk erantsi zaizkie, enpresaren hedaduraren eta inplikazioaren arabera etorri direnak.

Lehen aipatu den moduan, GRIren urteko txostena litzateke honen guztiaren adierazgarri garbiena, baina ez da bakarra.

Jasangarritasun-txostena. Gaur egun, eredu usuenak GRI erakundearen araberakoak dira, hau da, erakunde honek emandako estandarrak betetzen dituzten urteko txostenak. Printzipioz, bi urtez behin argitaratzea gomendatzen bada ere, normalean urtekoak egin ohi dira ia enpresa guztietan.
GRIren betekizunak zein diren azaltzeak luzeegi joko luke, baina bada oinarrizko elementua oso aintzat hartu behar dena. Emaitza-kontu hirukoitza ematea eskatzen du GRI-k eta oro har, eskatzen du gizarte-erantzukizunak. Emaitza-kontu ekonomikoak argitaratzearekin batera, urtea beste bi esparrutan “zelan joan den” ere esan behar du enpresak: gizarte- eta ingurumen-arloetan, hain zuzen ere. Emaitza-kontu hirukoitza, bada, jasangarritasun-txostenen funtsa da, oinarri-oinarria.

Horrez gainera, GRIren egiaztagiria lortzea edo ez enpresek emandako informazioaren kalitatearen araberakoa izango da. GRI-k lanaren adierazle kuantitatiboak eskatzen ditu (adibidez, zenbat langile dituen enpresak, formazio-orduak, lan-harremanei buruzko neurgailuak, eta abar luzea) esparru desberdinetan, interes-taldeekiko harremana zela bideratzen den ikusteko. Eta gero, bestelako adierazleak ere proposatzen ditu enpresaren konpromisoak (sozialak eta ingurumenezkoak eskuarki) noraino betetzen diren ikusteko. Saldukeriaren kontrako protokolo finkorik duen, HIESak jotako langileen eskubideak bermatzeko neurriak hartzen dituen, ingurumen-inpaktua eragin dezaketen praktikak emendatzeko kudeaketa-sistemarik eta abar. Gauza asko eskatzen dizkigu GRIk, eta horien truke, bere “oniritzia” ematen du gizartearen aurrean erantzule gisa agertzeko.

Jasangarritasun-txostena da, zalantzarik gabe, hasieran komunikazio korporatiboan buruhauste gehien eragingo digun arloa, askotan berariaz sortu beharko direlako kudeaketa-ereduak. Zintzoa izanez gero aitortu behar dugu askotan aplikatzen zaila gertatzen direla protokolo horiek, orokorrak eta mundu osorakoak diren neurrian, bertako ezaugarri propioak zelan agerrarazi ez delako garbi ikusten.

Txosten honekin batera, bestelakoak ere agertu dira, batzuk indar handiz. Horra, adibidez, erakunde-gobernuaren txostena, inbertsiogile eta akziodunen artean informazioaren gardentasuna bermatzeko eta enpresaren gobernua nola edo hala kontrolatu ahal izateko diseinatua.

2003. Urteaz geroztik, estatu espainolean burtsan kotizatzen duten enpresa guztiek bete behar duten aspektua da.

Proposamen batzuk
  • Berria den neurrian, ezartzen zaila gerta daiteke kudeaketa-joera hau. Zailtasunak, ordea, ez dira oztopo izango proposamen konkretu batzuekin heldu egiten badiegu. Hona batzuk.
  • Enpresaren barruan, goi-organoetan erabateko sintonia beharrezkoa da. Enpresaren estrategia da, ez komunikazio-sailarena. Enpresaren izateari eragingo dioten aldaketak proposatzen ari gara, eta horiek guztiak aurrera eramateko lidergo argi eta erabatekoa behar da.
  • Diziplinarteko taldeak behar ditugu. Elkarrekin lantzeko, adibidez, barne-komunikazioaren diseinu berria. Giza baliabideen sailetan dagoen ezagutzari komunikazio-esparrukoa gehitu egin behar zaio. Bakoitzak ondoen dakiena jarriko du mahai gainean.
  • Prozesuak ezarri behar dira, ez ekintza puntualak. Interes-taldeekiko harremana ez da une isolatu batez egiten den zerbait. Dialogoa etengabekoa da, esparru askotakoa. Eta prozesu definitu eta koordinatua da. Inkestak maiztasun finko batez egiten ez badira, alferrik dira erabat. Datuak neurgarriak izatez gainera, joera bat erakusten digute, eta joerarik ez dago konparatzeko moduko aldietan egiten ez badira.
  • Elkarlanerako esparruak bilatu behar ditugu komunikabideekin, informatzetik komunikatzera pasa behar dugu. Hasteko behin, elkarri aitortu behar diogu legitimitate nahikoa komunikazioaren esparruan. Komunikabideek goizero irabazten dute legitimotasun hori kioskoan; enpresok aldi oro irabazi behar dugu gure politikaren bidez. Ez ahantzi: gardentasuna, zintzotasuna eta dibulgazioa.
  • Adibideak bilatu, egon badaude eta. Kalitate-sistemetan praktika egokiak deritze horrelakoei. Gure enpresaren neurri edo dimentsio berekoak izan daitezkeenen ezagutza oso balekoa gertatuko zaigu, aplikatzeko moduko ideiak emateaz gainera, besteek oker egindako bidetik ez joaten ikasiko dugu eta.

Komunikaldiak: Ana Urkizaren hitzaldia

Komunikazio korporatiboa enpresa txiki eta ertainetan: iragana, oraina eta etorkizuna.

Sarrera honen helburua komunikazioaren kontzeptua enpresa barruan kokatzea litzateke. Hau da, komunikazioa, enpresaren politika orokorraren baitan kokatzea edo, beste era batera esanda, komunikazioa, enpresa une oro hartuz doan erabaki estrategikoen eta operatiboen artean txertatzea.

Oso hedatua da, gaur egun, “enpresak, komunikatu gabe, ezin du bizi” dioen esaera. Baina esaera irauli egin beharko genuke, beharbada, esanez, gaur egun, ez dagoela komunikatzen ez duen enpresarik. Eta hortxe dago kakoa. Hain zuzen ere, enpresa asko baitago komunikazioa planifikatzen ez dutenak eta, are gehiago, komunikazioari lehen mailako garrantzia ematen ez diotenak.

Esan berri dudana, beharbada, azalekoa irudituko zaizue, hutsala. Baina gaur egun, oraindik, askotariko enpresak dira, kudeaketa plana abian jartzen dutenean, kudeaketa plan horrekin konplitzeari eskaintzen dizkiotenak beren ahalegin guztiak eta komunikazioa, beti ere, bigarren edo hirugarren plano batean gelditzen da, gehientsuenetan, kudeaketa plan horretan ez delako txertatzen.

Komunikazioaren funtzioak, komunikazioaren helburuak, komunikazioaren kokapena enpresaren baitan, oraindik, berriak ditugu enpresa askotan. Eta are gehiago, enpresa txiki eta ertainetan.

Puntu honetara helduta, enpresaren baitan komunikazioak duen balioa azaldu nahi nuke, era sinple batean:

  • Komunikazioa, gure enpresa besteengandik bereizteko balio duen marka edo ñabardura da.
  • Komunikazioa, enpresen lehiakortasuna neurtzen duen faktorea da.

1.1. Enpresaren errendimendua

a. Diskurtsoa eta praktika

Enpresa ororen helburua, etekinak izatea dela ulertzen dugu. Eta helburu hori lortzeko, enpresak bi estrategia erabiliko ditu nagusiki:

Estrategia praktikoa: EGITEN DUENA

Estrategia diskurtsiboa: ESATEN DUENA

Enpresa batzuek, bi estrategiak batera bideratzen eta gidatzen dituzte. Eta komenigarria da, estrategia praktikoak eta estrategia diskurtsiboak formulazio bera izan dezaten.

Horrela bada, komunikazioaren helburua da:

  • Enpresaren estrategia diskurtsiboa eta praktikoa integratzea, bat egitea
  • Enpresaren barne komunikazioa, komunikazio komertziala, komunikazio korporatiboa eta komunikazio instituzionala bat egitea, integratzea.

Hau da, diskurtsoa eta praktika bateratzea eta diskurtsoa bera ere, mezua, bere izaera ezberdinetan, bateratzea.

b. Enpresaren helburua: etekin ekonomikoa eta etekin soziala.

Esan berri dugu, enpresaren helburua etekinak lortzea dela. Baina etekin horiek izan daitezke ekonomikoak edo eta sozialak.

Etekin ekonomikoak, besteak beste, enpresaren jarduera tekniko, komertzial, finantzari eta produktiboari esker erdietsiko dira. Eta etekin sozialak, ostera, enpresak bere jarduera ekonomikoari esker gizarte bati eskaintzen dion onuraren irakurketatik erdietsiko dira. Baina galdera da: etekin sozialak ere termino ekonomikoetan bakarrik baloratu eta neur al daitezke?

Hemen, komunikazioaren alderdi ukiezinarekin egiten dugu topo. Azken finean, amankomunean eta harremanean jarriz, komunikazioak ukiezinak diren ideiak, asmoak, irudiak eta zaporeak kudeatzen baititu.

1.2. Enpresaren legitimitatea eta identitatea


Enpresaren identitatea edo nortasuna egiturak, sistemak eta errepresentazioek osatzen dute. Identitateak bi osagai ditu: imaginarioa (hau da, langileek beren enpresaz duten irudia, langileen printzipio moral eta profesionalak, eta enpresarengan eragina duten kanpo eta barneko taldeak... besteak beste) eta produkzio sinbolikoa (hau da, lehendakariaren diskurtsoa, denboraren antolaketa, espazioaren antolaketa, mitoak, ohiturak, tabuak... besteak beste).

Komunikazioaren ikuspegitik, legitimitatea enpresak bere ingurunearekin duen harremana da. Eta identitatea, enpresak bere langile eta publikoentzako daukan izaera.

Komunikazioak, aitzitik, identitateaz hitz egiten digu bakarrik. Zertarako? Legitimitatea lortzeko. Komunikazioak, beraz, gure enpresa legitimatzen du.

1.3. Komunikazioaren funtzioak

Komunikazioaren funtzioak hiru dira nagusiki:

  • Harremanetan jartzea
  • Amankomunean jartzea
  • Mugimenduan jartzea

Eta hau adierazteko, aforismo ingeles hau jotzen dut egokitzat:

TELL ME BUT I´LL FORGET

SHOW ME AND I´LL REMEMBER

INVOLVE ME AND I´LL ACT

2. ATALA: KOMUNIKAZIOA NOLA ULERTU ETA GARATU DEN IRAGANETIK GAUR EGUNERAINO. Zertzelada hainbat.

Duela hamarkada batzuk, eta ez dira hainbeste, 50. eta 60. hamarkadaz ari gara, enpresen helburu nagusia PRODUZITZEA edo EKOIZTEA zen. Merkatuaren eskaerari erantzutea. Merkatuak, momentu hartan, gehiago eskatzen zuen; premia handiagoa zegoen merkatuan, ekonomiak erantzuteko zuen gaitasuna baino. Hau da, eskaria handiagoa zen eskaintza baino.

Urte gutxiren buruan, eskaria eta eskaintza parekatzera heldu zen, ordea. Produktuak biderkatzen hasi ziren. Oparotasunaren gizartearen atarian kokatu ginen. Eta atari honetan, KOMERTZIALIZAZIOA ezagutu genuen. Hau da, produktuen gaineko hautua zuzentzeko profesionalak eta hauen ezinbesteko jarduna. Eta honekin batera garatu ziren MARKETINA eta MARKA kontzeptuak.

80. hamarkadaz geroztik, eta areago, 90. hamarkadan sartuta, produktuetan eta marketan ez ezik, enpresaren irudian dagoela bereizgarritasuna eta lehiatzeko modua ulertu da. Eta, beraz, produktuez eta markez gain, enpresak eta erakundeak dira publiko hartzaileari hurbilarazi nahi zaizkionak.

3. ATALA: KOMUNIKAZIOAK ZERTARAKO BALIO DUEN

3.1. Errealitate berri baterantz: baloreak jomuga.

Historia pixka bat egitera ausartuz gero[1], komunikazioak barnebiltzen dituen zereginetan ezagutzen, lehena, publizitatea izan da (egun, ikuspegi orokorrago batetik eta publizitateaz haraindi dauden ekimenak ere ulertzen dituelarik, kanpo komunikazioaz mintzatu ohi gara); gero, harreman publikoak ezagutu genituen (batez ere, bezeroari dagokion harrera egiteko erabilitako profesional eta tresnak); ondotik, prentsa bulegoak (komunikabideekin harremanetan jartzeko lan-sailak); eta azkenik, barne komunikazioa (langilegoarekiko komunikazioa sustatzeko atala).

Gaur egun, betebehar guzti hauek, dimentsio jakin bat hartu dute erakundeetan, espezializazio sakona eskatzen dute, eta maila horretan, esperientzia ezberdinak ezagutzen ari gara.

Errealitate honetan, komunikazioak ikuspegi edo definizio ezberdinak izan ditu, hala nola: kazetaritzaren ikuspegitik, komunikabideekiko harremanak eta harreman publikoak landu dira batik bat. Enpresa eta erakundeen ikuspegitik, publizitatea, marketina eta irudia; eta giza ikasketen arlotik, barne komunikazioa eta lan-taldeen egituraketa berriak.

Komunikazioaren funtzio nagusia amankomunean jartzea dela esan dugu atarian. Komunikazioaren zirkuluan parte hartzen duten alderdi ezberdinen arteko harremana sustatzea (dela enpresaren eta bezeroen artekoa, dela zuzendaritzaren eta langilegoaren artekoa...), aipatu alderdion arteko afinitate mailarik altuena lortu asmoz. Afinitate faktore hau, egun, ez da merkaturatzen den produktu edo zerbitzuetan kokatzen, komunikazioan baizik.

Komunikazioa, beraz, enpresek beren identifikaziorako darabilten tresna bilakatu da; komunikazioa, enpresen lehiakortasunerako ezaugarri nagusienetarikoa bihurtu da; komunikazioak, finean, bizitza, sinesmen eta jarrera ereduak proposatzen dizkigu.

Horrela bada, komunikazio kabinetea edo komunikazioaren funtzioa enpresaren baitan helburu zehatz batekin sortzen da: eragina izateko helburuarekin, alegia. Eta eragina duen heinean, gizartegintzaren eragile dinamiko den neurrian, gizartea egiten ari da.

Marka jakin bat saltzeko abian jarriko dugun publizitate kanpaina jadanik ez da ekintza komunikatibo hutsa izango, hots, igorleak egituratutako mezu baten aurrean hartzaileak ez du berehalakoan erreakzionatuko eta erosiko. Komunikazio kabineteen edo sailen helburua, hartzaileak iragarki edo komunikazio horretan agertzen diren gainontzeko zeinu edo sinboloekin bat egitea izango da.

Eragin eremu bikoitzaz topo egingo dugu, beraz: epe laburrera enpresari edo erakundeari errentagarri izango zaizkion estrategien diseinuak izango duena batetik, eta erakunde edo enpresa horiek epe ertain edo luzera begira prestatu nahi duten gizartearen heziketa, bestetik.

Laburbiltzeko, gaur egungo erakundeek ideiak eta baloreak transmitituz irabazi eta lortu nahi dute bai irudia, bai dagokien edo espero eta behar duten merkatu partea.

3.2. Komunikazio kabineteen edo sailen eragina gizartegintzan

Komunikazio kabineteen edo sailen zereginari buruzko definizio edo zehaztapen bat eman beharko beharko bagenu, komunikazio kabineteak, gaur egun, gizarte eraikitzaileak direla esango genuke: komunikazio kabineteek edo sailek eragina dutela gizartean, alegia. Eragin berarizkoa. Eragin nahitazkoa. Eragin aurrez pentsatua, kalkulatua eta neurtua.

“Gizartearen eraikitze” lan horretan, hala ere, mailaketa edo esparru ezberdinak daude eta komunikazio kabineteek edo sailek ondoko alor hauexetan eragiten dute:

  • Alor informatiboan edo periodistikoan: edozein enpresa edo erakunde, informazio iturri den neurrian (pasiboki eta aktiboki), maila orokorrean zein zehatzean, informazioaren munduaren parte da (iturri gisa, informazio egituratzaile zein informazio emaile bezala.
  • Alor publizitarioan: komunikazio kabinetea daukan enpresa edo erakundea merkatu jakin batean dago eta bere produktu edo zerbitzua merkatu horretan ezagutarazi beharko du, horretarako, publizitateaz baliatuko delarik. Publizitatearen kasuan ere, enpresa edo erakundea, informazio egituratzaile eta igorlea da.
  • Alor ekonomikoan: edozein enpresa edo erakundek gizartean balioa eragiten edo gizarteari balioa eransten dion neurrian, alor ekonomikoaren eragile da.
  • Giza alorrean: enpresa edo erakundeetan barne komunikazioa abian jartzen denean, gizakiengan eragin zuzena dute komunikazio kabinetearen bidez igorriko eta helaraziko diren mezuek.
  • Produkzio katean: lan-informazioari esker, lan egiteko modu zehatzak eta berriak azaltzen zaizkio lanarigoari, eta informazio honen jabe izateak, produkzio katean eragin zuzena dauka.
  • Autoaskitasun mailan: komunikazioak, informazioak, langileak autonomoagoak eta askeagoak egiten ditu.

Komunikazioak gizartean duen eragin hau ez da, hala ere, berez sortzen. Komunikazioaren lana eta honek erakundearen barruan hartzen duen rola, aldez aurretik diseinatua eta planifikatua dago. Horrexegatik du, hain zuzen ere, gizartegintzan eragina. Eragina izan dezan egituratzen delako eta txertatzen erakundearen baitan.

3.3. Enpresa komunikazioa: gizarte eragile berria

Komunikazioaren zeregina baloreak (eta zergatik aitortu ez, ideologiak ere bai) transmititzea eta saltzea dela esan daiteke. Baloreek egingo baitituzte enpresak ezberdin eta merkatuak hurbilago sentituko baititu.

Badirudi, beraz, erakundeek gero eta argiago utzi edo agertu behar dutela zein den beren nortasuna. Kontsumitzaileok, eta gizarteak, orobat, halaxe eskatzen diegu, eta ondorioz, nortasun horri dagokion enpresa-irudia eskaini behar digute. Gero eta argiago defendatu behar dute nortasun horri dagozkion balio korporatiboak. Eta beraz, balio korporatibo horiei dagozkien mezuak landu eta kudeatu beharko dituzte.

Gizartea heziz doa. Produzkioaz gain, erakundeei gizartearekiko konpromezua ere eskatzen zaie eta konpromezu horretan erakundeek beren baloreak transmititu eta balore horien alde lan egin beharko dute. Erakundeek, aitzitik, gizartearen baloreekin bat egiten duten nortasuna eta balio korporatiboak eraikiko dituzte. Eta zubi-lan horretan, komunikazioa izango da gizartearen eta erakundeen arteko bitartekaria. Horretarako sortzen eta planifikatzen da.

Komunikazioari esker, balio jakin batzuk transmitituko zaizkio gizarteari[2], balio efektiboak izango direnak, eta gizarteari hazten lagunduko dion konpromezua hartzen duten erakundeek egingo dute gizartea eta kultura. Bitartekariak, guzti hori ahalbidetuko duten esku zuriak, esan bezala, Komunikazio Kabineteak edo sailak dira, beraiek bilakatzen direlarik, azken finean, albistegarri diren “egia” nagusien jaun eta jabe.

4. ATALA: KOMUNIKAZIO POLITIKAK PRAKTIKAN, ENPRESA TXIKI ETA ERTAINETAN

4.1. Atarikoak

· Komunikazioa kontzeptu estrategikoa da

Quinn[3]-en arabera, estrategia zera da: “erakunde baten helburuak, politika eta jarduera nagusiak ikuspegi koherente batean barnebiltzen duen plana edo araua”. Autore honentzako, erakundeak bere helburuak lortzeko praktikan jarriko dituen jardueren marko teorikoa izango da estrategia.

Definizio honi, Majluf[4]-ek honako idea hau gehitzen dio: estrategia erakundearen marko teorikoa izango da eta marko teoriko horrek erakundearen jarraipena gidatuko du denboran zehar eta inguruak eskatzen dituen aldaketei egokitzeko gaitasuna emango dio, beti ere, erakundearen izaerarekiko koherentzia mantenduz eta bermatuz.

· Komunikazioaren estrategiak enpresaren estrategia nagusiari erantzun behar dio

Costa-k[5] adierazten duen bezala, “ikuspegi korporatibista batetik, erabaki estrategikoak modu berezi batez hedatzen dira bektore handietara”. Honekin zera esan nahi digu Costak: enpresarentzat giltzarri diren komunikazio erabakiak estrategikoak direla, modu integratzaile batean jardunez gero, indar bateratzailea hartzen dutelako, proiekzio jakin bat ematen diotelako, eta enpresarentzako funtsezkoak diren bektoreak bateratzen dituelako, denboran planifikatuz.

Hallet[6]-ek, gai honen inguruan, zera dio: “Komunikazio estrategiak epe luzera hartzen du zentzua, hau da, enpresaren osagai eta baliabide guztiak kontuan hartzen dituenean”. Eta Sanz[7]-ek zera esanez biribilduko du estrategiaren ideia hau: “Komunikazioaren estrategia erabakiak hartzeko eta jardunbideak zehazteko arau multzo bat da, enpresari laguntzen diotenak modu ordenatu eta egituratu batean aurrez zehaztutako helburuetarantz lerratuz”.

Arestian esan bezala, komunikazioa enpresaren estrategiei erantzuteko tresna da. Komunikazioak gure enpresa besteengandik bereizteko balio du, enpresen lehiakortasuna neurtzeko faktorea da. Hori dela eta, enpresaren eginkizun guztien oinarrian egon behar du komunikazioak.

Komunikazioak enpresaren sistema zurruna eta sistema ahula bateratuko ditu. Sistema zurrunean, produktuak, zerbitzuak eta merkatua, antolakuntza sistema eta erabakitze organoak, planifikaziorako eta kontrolerako prozedura teknikoak, eta bere ezagutza teknologiko eta komertziala izango ditu. Sistema ahulean, ostera, enpresaren ikus identitate korporatiboa, kultura korporatiboa eta komunikazio korporatiboa izango ditu enpresak.

Eta kontzeptu guzti hauek, estrategia baten barruan bilbatu beharko dira, koherentzia bat eman eta enpresaren estrategiei beren-beregi erantzuteko.

Ikuspegi horrek izaera estrategikoa izango du batetik, hau da, enpresaren baliabideen eta inbertsioen arabera egituratuko da, epe luzera, ertain zein laburrera komunikazio ekimenak zeintzuk izango diren eta nola programatuko diren zehaztuko direlarik. Eta bestetik, estrategia horrek, izaera operatiboa izango du, hau da, urtero berrikusten dena eta aurrekontu jakin bati atxikia izango dena. Azken honi, komunikazio plana deitzen diogu.

4.2. Komunikazio estrategiaren diseinua

Komunikazioaren garrantziaz eta ezinbestekotasunaz konturatu ondoren, ordea, nola eta nondik hasi, komunikazioaren estrategia hori diseinatzen?

Komunikazio estrategia, helburu jakin bat lortzeko diseinatuko ditugun ekimen eta mezuak planifikatzeko marko dinamikoa izango da. Zentzu honetan, komunikazio estrategia enpresa edo erakundearen plan estrategikoarekin bat etorri beharko da. Are gehiago, enpresa edo erakundearen plan estrategikoaren baitan gauzatu beharko da.

Komunikazio estrategia planifikatzeko metodologiak bi ildo nagusi ditu: azterketa ildoa eta diseinu estrategiaren ildoa.

4.2.1. Azterketa ildoa

Azterketaren ildo honetan, honako elementu hauek izango ditugu aztergai:

a. Publiko objektiboa: lehendabizi, gure enpresa edo erakundearen publiko objektiboa zein edo zeintzuk diren identifikatu eta aztertu beharko ditugu. Ondo bereizi beharko dira zeintzuk diren publiko errealak, zeintzuk potentzialak, eta zeintzuk publikoa izatea nahiko genituzkeenak.

b. Segmentazioa eta hierarkizazioa: publiko objektiboak zeintzuk diren zehazten ditugunean, enpresaren edo erakundearen beharren eta interesen arabera segmentatu eta hierarkizatuko ditugu.

c. Komunikazioaren kontsumorako ohituren azterketa: puntu honetan, informazioa jaso edo eskatzeko ohiturak, erosketa ohiturak eta eskaintzen den zerbitzu edo produktuaren erabilera ohiturak aztertuko dira.

d. Diskurtso konparatua: enpresa edo erakundearen lehiakide zuzenak eta zeharkakoak zeintzuk diren zehaztuko dira.

e. Bereizgarritasun kontzeptuala: enpresa edo erakundearen ezaugarri edo bereizgarri nagusiak zeintzuk diren zehaztuko dira. Bereizgarri batzuk oinarrizkoak izango dira, hau da, enpresa edo erakundearen aktibitateak edo sektoreak derrigorrez eskatzen edo suposatzen dituenak. Besteak, ordea, bereizgarri propioak dira, hau da, gure enpresa edo erakundea besteengandik bereizteko balioko dutenak.

f. Nabaritasun azterketa: publiko ezberdinek gure enpresa edo erakundeaz duten ezagutza gradua jakiteko, nabaritasun azterketa egin behar da.

4.2.2. Diseinu estrategiaren ildoa

Aurreko ildoa azterketarena bada, honako hau, estrategiak zehazten hasten garenekoa da. Honakoak dira, beraz, komunikazio estrategia zehazteko pausoak:

    1. Publiko objektiboa: gure enpresa edo erakundearen publiko objektiboa zein den zehaztuko da. Publiko objektibo hau izango da komunikazio estrategiaren oinarri nagusia.
    2. Helburua: komunikazio estrategiaren helburua zein den zehaztuko da.
    3. Kontzeptu bereizgarriak zehaztea: zehaztutako publiko objektiboarengan enpresak edo erakundeak jarri duen helburua lortu ahal izateko, diskurtso bat egituratu beharko da eta diskurtso horrek mezu bat edo gehiago izan ditzake bere baitan. Diskurtso horixe izango da gure enpresa edo erakundea besteengandik bereiziko duena: publiko objektiboari gure zerbitzuen, produktuen edo gure berri emateko erabiliko ditugun komunikazio baliabideak.
    4. Kontzeptu integralaren eraikuntza: derrigorrekoa da asmatzea, komunikazio estrategiaren baitan zehaztuko ditugun diskurtso, mezu eta euskarri guztiak integratuko edo bateratuko dituen kontzeptu bat. Normalean, ideia bat izaten da. Kontzeptu honek gure komunikazio estrategia besteenarengandik bereiztea eta gure komunikazio ekimenek edo kanpainek denboran irautea lortu behar dute. Kontzeptu integral honen eraikuntzan kontuan hartuko ditugun elementuak honakoak izango dira: bereizgarritasuna, gailentasuna, iraunkortasuna, ukiezintasuna, sinesgarritasuna eta bideragarritasuna.
    5. Erantzukizunak: komunikazio estrategiak enpresa edo erakundeko sail ezberdinak koordinatuta egotea eskatuko du, hala nola: giza-baliabideetako saila, harreman publikoen saila, publizitate saila eta marketin saila.
    6. Helburu ekonomikoak: helburu ekonomikoak neurtzeko hainbat sistema erabil daitezke: salmenta kopuruen arabera, merkatu kuotaren arabera...
    7. Komunikazio helburuak: argiak eta garbiak izan behar dira. Eta gainera, enpresa edo erakundearen helburu ekonomikoekin bat etorri behar dute.
    8. Inbertsioa: komunikazio estrategiarentzako esleitzen den aurrekontua, lortu nahi diren helburu estrategikoen eta enpresa edo erakundearen inbertsio ahalmena kontuan hartuta kalkulatu beharko da.
    9. Komunikazio plana: komunikazio estrategia bat abian jartzeko, komunikazio plan zehatz bat behar da, hau da, komunikazio ekintza bakoitzeko aktore bakoitza noiz abian jartzen den eta noiz bukatzen duen argituko duen planifikazioa.
    10. Adierazleak edo neurgailuak: komunikazio ekimenen eraginkortasuna neurtu ahal izateko, neurgailu kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiliko dira.

Bukatzeko, esan, komunikazioaren gestioak edo kudeaketak, oinarrizko pausu hauek igarotzea eskatzen duela:


  1. Ikerketa
  2. Azterketa eta interpretazioa
  3. Diseinu estrategikoa
  4. Zuzendaritza eta kudeaketa
  5. Integrazioa
  6. Ebaluazioa eta jarraipena

5. Komunikazio esparrua zehaztu

Gure enpresa edo erakundearen azterketa egin dugunean, helburu estrategikoak ezagutu, enpresa edo erakundearen aukerak eta mehatxuak, ahuleziak eta indarguneak (komunikazioari dagozkionean, batik bat)..., badakigunean zeintzuk diren enpresa edo erakundearen ildo estrategikoak eta epe labur, ertain zein luzerako lortzea aurreikusi dituen emaitzak, eta bestalde, enpresak edo erakundeak dituen baliabideak, komunikazio esparrua zehazten da. Beste era batera esanda, komunikazio ekimenak zein esparrutara helaraziko diren edo gure enpresa edo erakundearen estrategia zein esparruko komunikazio ekimenetan oinarrituko den zehazten da.

Enpresa edo erakunde bakoitzak bere esparru edo egituratze propioa egingo du, dituen beharren (enpresa edo erakunde estrategia zein estrategia komunikatiboa) eta baliabideen arabera (baliabide ekonomikoak zein giza baliabideak).

Ondoko lerrootan, edozein enpresa edo erakunderentzat baliagarri izan daitekeen eta komunikazioaren esparru guztiak aurreikusiko lituzkeen egitura proposatzen da. Komunikazio esparru nagusiak, hauek izan ohi direlarik:


  1. BARNE KOMUNIKAZIOA: gure enpresa edo erakundearen barne komunikazio plana zehaztea eta egituratzea izango da atal honetan komunikazio departamentuaren edo sailaren egitekoa.
  2. PRENTSA BULEGOA: enpresak edo erakundeak kanpora begira izan nahi duen oihartzuna, eta batez ere, komunikabideen alorrean lortu nahi duen eragina zehazten duenean, prentsa bulegoaren zereginak zeintzuk izango diren zehaztuko ditu. Prentsa bulego honen zeregin nagusiak, gure enpresa edo erakundearen irudia eta sortuko dituen albisteak ezagutzera emateko komunikabideak hautatu, hauekiko harremanak zaindu eta albisteen eta informazioaren kudeaketa jarraitua egitea izango da.
  3. IRUDI KORPORATIBOA: enpresa edo erakunde baten irudi korporatiboaren osagai nagusiak ikus identitatea, kultura korporatiboa eta aurreko bi elementu hauen gaineko komunikazioa dira. Hori dela eta, gure enpresa edo erakundearen irudi korporatiboa zaintzeko, gure komunikazio planean ekintza zehatz batzuk sartu beharko dira ikus identitatea eta kultura korporatiboa hedarazteko. Hori dela eta, esparru edo sail honen egiteko nagusia, Irudi Korporatiboaren Eskuliburua eta Produktu eta Marken politika Eskuliburuak zaintzea eta betearaztea izango da.
  4. HARREMAN PUBLIKOAK: gure enpresa edo erakundeak ezinbestekoa du beste enpresa edo erakundeekin harremanetan jardutea. Dela sinergiak eta ezagutza partekatzeko (harreman ekonomikoak), dela saltzeko (harreman komertzialak), dela herri jakin bateko industria, zerbitzu edo kultura sarearen parte direlako (harreman politikoak)... Hori dela eta, gure enpresa edo erakundearen komunikazio planak beste erakundeekin izango ditugun harreman ekimenak zehaztu beharko ditu. Harreman hauek, era askotakoak izan daitezke, besteak beste:

4.1. Jardunaldiak

4.2. Bilerak: formalak zein ez formalak

4.3. Enpresaren edo erakundearen ateak irekitzen direneko ekitaldiak

4.4. Hitzaldiak

4.5. Telefonoa

4.6. Korrespondentzia

4.7. Bisitak

4.8. ...

  1. TOPAKETAK: komunikazio ekimen hau, oraintsu arte, harreman publikoen esparruan sartu izan da. Hala ere, orain, aparteko kapitulu bat osatzeko joera dago. Ekimen honen baitan ulertzen dira, besteak beste:

5.1. Azokak

5.2. Erakusketak

5.3. Aurkezpenak eta demostrazioak

5.4. Proiektu defentsak

5.5. ...

  1. PUBLIZITATEA: esparru hauxe da, beharbada, garatuena eta, horregatik, zabalena ere. Denborarekin, atal hau hustuz joango den segurantza dugu komunikazioaren jardunean gabiltzan profesionalok eta esparru berriak sortuko direla. Esan bezala, beraz, publizitatearen esparruan, honako jardunak izan daitezke aipagarri:

6.1. Argitalpenak: katalogoak (produktu katalogoak zein katalogo korporatiboak), aldizkariak (kanpo zein barnekoak), buletinak, eskaintzak, produktu aurkezpenetarako euskarri ezberdinak...

6.2. Ikus-entzutezko euskarriak: bideoak (produktu bideoa zein bideo korporatiboa), CD eta DVDak, web orriak (produktu orriak zein orri korporatiboak)...

6.3. Publizitate kanpainak: produktu kanpainak, marka kanpainak, kanpaina globalak, nazioartekoak, instituzionalak...

6.4. Marketin kanpainak: promozioak, euskarriak eta prestakuntza.

  1. ESPONSORIZAZIOA ETA MEZENAZGOA


6. Enpresaren helburu estrategikoak komunikazio helburu

Helburu estrategikoek enpresa edo erakundearen etorkizunera begirako ildoak zehazten dituzte edo ildo horiek emaitza jakin batzuk lortzera zuzentzen dituzte. Helburu horiek desideratum bat direla esan liteke, teoria bat, asmo bat, edo enpresa edo erakundearen bidea. Desideratum hori, aitzitik, oso abstraktua da, ukiezina ia. Antzematen zaila egiten da eta, beraz, urruti somatzen da. Helburu estrategikoek, ostera, hurbilekoak izan behar dute enpresako edo erakundeko zuzendariek eta langileek aipatu helburu horiek ulertu eta helburu horiek lortzeko abian jarri behar dituzten politikak, betearazi behar dituzten funtzioak eta jarri behar dituzten baliabideak modu zuzenean egin dezaten.

Hori dela eta, komunikazioa, enpresa edo erakundeak zehaztutako desideratum hori langilego guztiari helarazteko, ulertarazteko eta eurena egiteko bitartekaria izango da. Komunikazioak plan estrategikoaren eta helburu estrategikoen azalpena, ulermena eta zergatia erraztuko ditu. Komunikazioak langilegoa motibatu eta helburu horien lorpenera lerratuko ditu. Hau da, komunikazioak, enpresaren edo erakundearen helburu estrategikoak komunikazio helburu bilakatuko ditu


7.Komunikazio plana

Behin helburu estrategikoak komunikazio helburu bilakatuta ditugunean eta komunikazio helburu horiek mezu edo kanpaina ezberdinetan zehaztuta, komunikazio plana egituratzen has gintezke.

V. ATALA: ENPRESA TXIKI ETA ERTAINETAKO KOMUNIKAZIO KORPORATIBOAREN ETORKIZUNA: NOLA ATXIKI

Kapitulu hau, jardunaldietan eztabaidagai gisa aztertuko da.



Komunikazio korporatiboa aztergai

Gaur Komunikaldiak egingo dira HUHEZIn, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Jardunaldi horietan aztergai nagusia izango da Komunikazio korporatiboa.

Parte hartzaileak
Guztira 76 lagunek eman dute izena jardunaldiotan parte hartzeko, gehienak Debagoienekoak, baina badira etorriko direnak Bilbotik, Donostiatik eta Gasteiztik ere. Sexuen arabera, %53 gizonezkoak dira, eta eremuka, honela sailka daitezke:
  • Enpresak %47
  • Ikastetxeak %23
  • Hedabideak %12
  • Komunikazio agentziak %9
  • Erakundeak %5
  • Banakoak %3
Egitaraua
  • 09:00 Jardunaldien aurkezpena: Joxe Mari Aizega, Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoa.
  • 09:15 Ana Urkiza (Deustuko Unibertsitatea): Komunikazioa enpresa txiki eta ertainetan: iragana, oraina eta geroa.
  • 10:00 Pili Kaltzada (BBK): Komunikazio korporatiboa eta gizarte erantzukizuna.
  • 11:00 Atsedena.
  • 11:30 Eduardo García Matilla (Corporación Multimedia): Los retos comunicativos de la empresa.
  • 15:00 Juantxo López Uralde (Greenpeace): La comunicación en los movimientos sociales.
  • 16:00 Juanjo Brizuela (AZK Komunikazioa) eta Roberto Vazquez (Lana): Construcción de imagen corporativa. Estudio de un caso práctico: la cooperativa Lana.
  • 16:30 Mahai ingurua: Jorge García Martín (Comma Consultores), Jesús Ginto (MCC) eta Pedro Rodríguez (Michelin): La comunicación en la empresa vasca: ¿una asignatura pendiente?. Moderatzailea: Aitor Zuberogoitia (HUHEZI).

2006/03/06

Web 2.0 ikastaroa

Datorren osteagunean, martxoak 9, ikastaro bat ematen hasiko naiz Web 2.0 kontzeptuaren inguruan. Bertan hainbat programa, zortzi, irakatsiko diet 15 ikasleri, denak Irakasle ikasketak egiten. Helburua da programak ikasitakoan gai izan daitezela edozein eskolatan erabiltzeko, programa egokiak dira-eta jakintza partekatzeko eta taldelana bultzatzeko.

Hamasei eskola egunean ikasiko dute blog bat egiten, posta zerrenda bat, nola idatzi sarean (netiketa), eta programa hauek: Bloglines, del.icio.us, CalendarHub, Flickr, Tagzania eta Writely. Denak erabili beharrekoak, eurek aukeratutako proiektu batean.

Izango duzue ikastaro horren berri gehiago, eskolak eman ahala, hementxe eskegiko dugu-eta hainbat material, hor erabilitakoak.

2006/03/01

Kongresua kazetaritza digitalaz

Martxoaren 2an eta 3an Kazetaritza Digitalaren gaineko VII. Kongresua egingo da Huescan, eta, hori dela eta, antolatzaileek argitaratu dute liburu bat, ponentzia guztiekin, Análisis y propuestas en torno al periodismo, PDF formatuan.

Hizlarien artean Jose Larrañaga izango da EHUko irakasleak, zeinek aurkeztu baitu kongresurako ponentzia bat, izenburu honekin: Información cercana y en mi lengua: Vilaweb, Vieiros y Goiena.net. Informazio gehiago ponentzia horren gainean, Goiena.net webgunean.

2006/02/28

MUniversitas aldizkariaren 2. alea


Otsailean kaleratu da MUniversitas aldizkariaren bigarren alea, eta oraingoan erreportajea eskaini zaio Mondragon Unibertsitateak, beste unibertsitate askok bezala, duen erronka garrantzitsuenetako bati, nazioarteratzeari.

Horrekin batera, beste gai hauek ere landu dira: aldaketak graduondoko ikasketetan, Moodel software libreko plataforma berriaren ezarpena, idazkaritza birtuala, Komunikaldiak, ebaluazio sistema Mendeberri hezkuntza proiektuan eta ikerkuntza proiektuak, besteak beste. Elkarrizketa, berriz, Joxe Mari Aizegari egin zaio, M.U.ko errektoreorde akademikoari.

Aurrekoan bezala, Lorena Martinezek egin du azaleko ilustrazioa, zeinek unibertsitarioen nazioarteratzea irudikatzen baitu.

2006/02/27

Komunikaldiak HUHEZIn

Martxoaren 10ean Komunikaldiak egingo dira HUHEZIn, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Jardunaldi horietan aztergai nagusia izango da Komunikazio korporatiboa. Matrikula doan egin liteke, baina plaza mugatuak izango dira. Horregatik, izena eman nahi duenak bertan parte hartzeko, hobe du martxoaren 3a baino lehen egitea.

Egitaraua
Zergatik Komunikaldiak
Komunikaldien aurtengo goiburua Komunikazio korporatiboa da. Goiburu hori hautatu dugu enpresa munduaren eguneroko kezkak hurbilarazi gura dizkiegulako Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren ikasleei; enpresa-munduko jendea eta inguruko kooperatibak, berriz, komunikazioaren garrantzi estrategikoaz jabearazi gura ditugu jardunaldi hauen bidez.

Beraz, jardunaldi hauek eratu dira honako eragileei begira: enpresa zein korporazio munduko eragileak, komunikazioaren profesionalak, komunikazio, humanitate zein enpresa ikasketak egiten ari diren ikasleak.

Izena emateko
Matrikula doakoa izango da, baina plaza mugatuak izango direnez, martxoaren 3a izango da izena emateko azken eguna.

Izena emateko, bidali mezu bat helbide honetara: sarrera@huhezi.edu edo, bestela, deitu telefono honetara: 943 71 41 57.

2006/02/22

Idazkuntzaren tripak

Anjel Lertxundik askotan harritzen gaitu, baina oraingo honetan, euskal letretan inork inoiz iritsitako mugetara eraman gaitu. Oraindik orain kontatzen hasi da, sarean (ez paperean) propio idatzitako post scriptum batean, nola idatzi duen egun horretako zutabea. Bere idazkuntzaren tripak eta gorabeherak agerian.

Hasieran erantzunetan hasi zen argitaratzen ohar horiek, baina joan den astean erabaki zuen mezuaren jarraian idaztea, agerian beti. Eta, egunero-egunero, sekulako perlak uzten dizkigu: nola okurritu zitzaion gaia, zergatik izenburua horrela, zenbat bertsio egin zituen, zer ezabatu zuen eta zer erantsi, zergatik...

Oker ez banabil, joan den udan Bernardo Atxagak horrelako zerbait egin zuen EHUren Udako Ikastaroetan, Miramar jauregian, non azaldu baitzuen nola idatzi zituen hainbat poema Etiopia liburuan. Orain, berriz, Anjel Lertxundik erabaki du hori bera egitea, baina egunero, Berrian idazten dituen zutabeak gai hartuta.

Sarelariok zorteko gaude, perla horiek sarean bakarrik argitaratzen baititu, Hitz beste blogean. Badugu zer eskerturik, bai, euskal idazleen artean Internet hobetoen ulertzen eta bertara egokien moldatzen ari denari.

2006/02/21

Blogintzaren bilakaera

New York Magazine aldizkariak ale berezi bat eskaini dio blogosferari, mundu osokoari, eta hor agertzen da blogintzaren historia, 1994an lehen bloga sortu zenetik, gaur egun arte.

Kontuan hartuta lehen bloga euskaraz, Sustatu, sortu zela 2001eko urrian, argi dago euskal blogintza bizkor iritsi zela, urratsik galdu gabe oraingoan.

Erreportajeak badu beste artikulu interesgarri bat, Bost blog jarraitzeko modukoak.

2006/02/20

Nola partekatu aurkezpenak sarean

Oraingoz hiru modu aurkitu ditut aurkezpenak sarean partekatzeko. Denborak, teknologiak eta eskarmentuak aurrera egin ahala, partekatzeko erak ere sofistikatzen ari dira, erabiltzailearen onerako.
  1. Diapositibak bakarrik. CodeSyntax enpresak sarri uzten ditu sarean bere kideek egindako aurkezpenak. Horretarako erabiltzen ditu aurkezpen horien html bertsioa. Horrelakoetan nahikoa izaten da klik egitea enpresak emandako url egokian, aurkezpena nabigatzailean ikusteko. Diapositibak agertzen dira, ahotsik gabe.
  2. Diapositibak, ahots eta guzti. Lawrence Lessig irakasleak utzi digu aurkezpen bat, eta hor klik egiten badugu, aukera izango dugu aurkezpen osoa ikusi eta entzuteko, irudiez gain egileak ahotsa ere utzi baitigu. Hain zuzen ere, biak sinkronizatuta doaz, irudia eta ahotsa, eta horrek askoz ere aberatsagoa egiten du aurkezpena.
  3. Hizlariaren irudiak, diapositibak eta ahotsa. Lewis PR enpresak lan gosari bat antolatu zuen Londresen, blogen gainean hitz egiteko, eta han egindako aurkezpenak, hiru, sarean ikusi ahal ditugu, orain arte inork eskaini duen modurik aberatsenean, nire ustez: hizlariak ikusi ahal ditugu, eta haien ahotsak entzun, aldi berean haien aurkezpenak ikusten ditugula. Lewis enpresak, gainera, aukera eskaintzen digu powerpoint aurkezpenak jaisteko.
Hiru modu aurkezpenak aurkezteko, eta iruditzen zait hirurek balio dutela, beti ere zirkunstantzien arabera, beti ezin baita ahotsa eta irudia grabatu, sinkronizatu, editatu, etab.

2006/02/14

CalendarHub: egutegi bat sarean

Egun hauetan aurkitu dut sarean egutegi hau, CalendarHub, erraza da, eta Web 2.0 programen hainbat ezaugarri ditu, batez ere jakintza partekatzeko aukera. Kasu honetan egutegi horrek aukera ematen dizu jarduerak partekatzeko lagunekin, departamenduko kideekin edo musika taldeko kideekin.

CalendarHub doakoa da (del.icio.us edo flickr bezala) eta nahikoa da bertan izena ematea berehala egutegi bat egiten hasteko. Egia esan, nahi adina egutegi egin litezke: bat pertsonala, beste bat antolatzen ari zaren jardunaldiak kudeatzeko, beste bat alabaren saskibaloi taldearentzat, eta horrela ad infinitum.

Zuk horrela adierazten badiozu, egutegiak mezu bat bidaliko dizu sakelako telefonora edo ordenagailura, gogorarazteko egiteko jakin bat duzula bete barik. Zuk horrela nahi izatera, arakatu egin ahal duzu beste batzuen egutegietan (publikoak diren neurrian), eta harpidetu jarduera jakin batzuetara, argitaratu bezain laster zurean ere ager daitezen. Eta zuk nahi izanez gero, baduzu argitaratzerik egutegia zure webgunean.

Ikasleentzat eta irakasleentzat primerako erraminta iruditzen zait. Ni hasi naiz saltseatzen, eta gomendatzen dizuet zuek ere beste horrenbeste egitea.

2006/02/13

Karrera amaierako proiektuak otsailean

Otsailaren 13tik 2rra bitartean, Humanitateak-Enpresako 15 ikaslek defendatuko dute karrera amaierako proiektua epaimahai baten aurrean. Hona hemen aurkeztuko dituzten gaiak:
  • Pariendo sueños. Los MTD y las fábricas recuperadas.
  • Marketin plana.
  • Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusiko komunikazio plana.
  • Implantación de las 5S en Fagor Industrial.
  • Implantación de las 5S en Coinma S. Coop., y posibles mejoras al método.
  • Seguimiento de las 5S en la sección de cocción.
  • Experiencia de microcrédito de Caja Esperanza. Análisis y propuestas.
  • Hezkuntza prozesuak.
  • Cantagaleko garapen prozesuaren azterketa.
  • Definición del sistema de retribución variable en LKS Ingeniería.
  • Diseño del sistema de gestión administrativo de Dualia.
  • Lan arriskuen prebentzioa.
  • Prestakuntza lana prestatu eta burutu.
  • TSCren marketin plana.
  • Goierriko egitura industrialaren azterketa.
Azken urteotan gertatu bezala, ikasle gehienak, 11, neskak dira. Hizkuntzari dagokionez, berriz, 8 proiektu egin dira euskaraz, erdia baino gehiago.

2006/02/09

Liburu elektroniko bat marketinaz

Seth Godin marketin adituak liburu elektroniko bat argitaratu du, Flipping the Funnel, edo euskaraz esanda, Inbutua irauliz. Liburuak 18 orrialde ditu, hiru bertsiotan jaits daiteke, doan: enpresentzat, alderdi politikoentzat eta gobernuz kanpoko erakundeentzat, eta hor Seth Godinek azaltzen du nola marabillak egin daitezkeen Web 2.0 deituaren zenbait erreminta (flickr, del.icio.us, squidoo, etab.) uztartuz gero idea birus marketinarekin.

Komunikazioa, marketina eta Internet puri-purian.

2006/02/08

Lehen lanaren bila

Atzo Encarni Markotegi izan genuen fakultatean, Adegilaneko zuzendaria. Humanitateak-Enpresa karrerako ikasleekin izan zen hitz egiten, 4. mailakoekin. Curriculumak nola egin, talde dinamikak, testak, elkarrizketak…, gai asko jorratu zituen, denak lehen lanarekin lotuta.

Ordubete eta erdi luze hitz egin zuen, eta mezu bat eman zien garbia: “lana bilatzea bera lan bihurtu behar duzue, modu sistematikoan”. Ikasleek arretaz entzun zuten, eta inoiz baino galdera gehiago egin.

2006/02/06

Adobek, Mac gutxietsi

Joan den astean Adobe konpainiak jakinarazi zuen 2007a arte ez duela zenbait software plazaratuko Mac sistemaren azken bertsiorako, Intel txipekin dabilenarentzat, hala nola Photoshop, Dearmweaver, Fireworks, Illustrator, etab.

Adobek lehiakide gisa ikusten du Apple zenbait alorretan, eta bide hau aukeratu du aurkaria marrukarazteko. Horrek, ordea, kontrako iritziak eragin ditu sarean, Dan Gillmor blogariarena adibidez, erabaki horrekin Adobek kalte egiten baitie munduan zehar Mac sistema darabilten milaka eta milaka disenatzaileei.

2006/02/02

Blogs

Horra beste liburu interesgarri bat, gaztelaniaz argitaratua: Blogs. La conversación en Internet que está revolucionando medios, empresas y ciudadanos (ESIC, 2005). Egileak, berriz, hauek: Octavio I. Rojas, Julio Alonso, José Luis Antúnez, José Luis Orihuela eta Juan Varela.

Liburuak aztertu egiten du zer diren blogak, eta zer eragin izan duten jendearen komunikatzeko moduan, eta baita enpresetan eta harreman publikoetan. Egileek blog bat sortu dute liburuaren berri emateko.

2006/02/01

Definizioak Googlen

Googlek badu definizioak bilatzeko sistema bat. Nahikoa da idaztea "define: computer", hainbat definizio jasotzeko ordenagailuaren gainean. Oraindik orain, berriz, beste funtzionalitate bat erantsi dio Googlek bilaketa horri. Definizioez gain, orriaren gainaldean hainbat hitz agertuko dira bilatu den hitzarekin lotutakoak: pertsonal computer, computer network, host computer, etab. Horrek, noski, aberastu egiten du bilaketa.

2006/01/30

iTunes, unibertsitatera

Apple enpresak aurkeztu berri du *iTunes U* izeneko egitasmoa, eta horren bidez sarean ipiniko ditu unibertsitateetan egiten diren ikasgaiak, hitzaldiak zein bestelako hezkuntza materialak, Applen iTunes software erabilita. Urtebetez Applek sei unibertsitaterekin landu du *iTunes U,* proba moduan.

Ez da lehen aldia hezkuntza erakundeek eskegitzen dutela eskola materiala Interneten, baina Applen egitasmoak aukera ematen du gai horiek edonoiz eta edonon entzuteko, pokastinei eta jaitsi daitezkeen audio artxiboei esker. Missouriko Unibertsitateak, esate baterako, lehendik ere eskaintzen zituen pokastinak eta hitzaldiak unibertsitateko sarea erabilita, baina orain sartu egin da Applen programan, ikasle gehienak ohituta daudelako iTunes softwarea erabiltzen, eta hori erabilerraza delako.

Applek eskaintzen die unibertsitateei iTunes softwarearen neurrira egindako bertsio bat, doakoa, eta hori erabilita unibertsitateek zein eskolek pokastinak eta audio liburuak eskegi ditzakete beren webguneetan, zeinak harpidetuta baitaude iTunesera.

Unibertsitateek aukera dezakete zer formatutan erabiliko dituzten audio edo bideo materialak. Baita aukera utziko dietenentz ikasleei beraien materiala kargatzen webgunean.

Kontua da hemendik aurrera unibertsitate horietan ikasten ari diren ikasleek aukera izango dutela ikasgaiak zein audio liburuak entzuteko nahi dutenean eta nahi duten aparailutan, ordenagailuan, iPod entzungailuan edo beste batean. Argibide gehiagorako, klik egin hemen.

2006/01/24

Nolakoa behar du kazetari digitalak?

Elkarrizketa interesgarria aurkitu dut Educación y TIC izeneko blogean, eta hor Hugo Pardo Kuklinski irakasle argentinarrak adierazten du zer ezaugarri izan behar dituen, bere iritziz, kazetari digitalak. Hona hemen zenbait:
  • Errealitatearen ikusmen globala.
  • Sormena ikertzeko.
  • Erraztasuna albistea aurkitzeko.
  • Ahalmena interes makurretatik urruntzeko.
  • Jakin bilatzaileak erabiltzen.
  • Jakin HTML eta Dreamweaver nahiz Photoshop.
  • Esperientzia blogari moduan.
  • Jakin oinarrizko arauak sarean idazteko.
  • Jakin nola editatu audioa eta bideoa.

2006/01/23

Liburu interesgarri bat ikasgelarako

Kaleratzekotan da liburu berri bat, Blogs, wikis, podcasts and other poweful web tools for clasrooms, eta hor Will Richardson egileak azaldu egiten digu irakasleoi nola erabili ikasgelan erreminta horiek, alegia, blogak, wikiak, pokastinak, RSS jarioak, agregatzaileak eta sareko argazki antolatzaileak, besteak beste.

Argitaletxeak dioenez, liburu horrek “behartuko ditu hezitzaileak beste modu batean ikustera nola indartu ikasleen pentsamendu kritikoa, idazkuntza, hausnarketa eta ikaskuntza elkar eragilea”. Egileak desmitifikatu egiten ditu “blog”, “wiki” eta “agregatzaile” bezalako hitzak, eta bihurtzen du ikasgelako teknologia osagai eskuraerraza gelako ikerkuntza, idazkuntza eta ikaskuntzarako.

Irakaskuntzan ari garen profesionalok kontuan hartzeko liburua, zalantzarik gabe.

2006/01/20

AdSense erreminta

Googlek erreminta bat sortu du AdSense iragarkiak ia modu automatikoan sortzeko Blogger plataformako blog guztietan, baldin eta, noski, blogariek iragarki horiek sartu nahi badituzte beren blogetan. Orrialde honetan dituzue xehetasunak, nola sortu AdSense kontu bat modu automatikoan, eta zer neurri eta itxura eman iragarkiari.

AdSense da programa bat Googlek sortu zuena webguneetan publizitatea egiteko oso modu selektiboan. Blogari batek nahi badu AdSense erabili sos batzuk irabazteko, Googlek hainbat ordaintzen baitu bisitari batek horietako iragarki batean klik egiten duen bakoitzean, blogariak izena eman behar du Googlen. Hortik aurrera, iragarki batzuk azalduko zaizkio bere blogean, testu eta irudi esanguratsuekin, bereziki aukeratuak bere blogerako, AdSensek kontuan hartzen baitu zein hizkuntzatan idatzita dagoen blog hori, eta zer gai jorratzen dituen.

2006/01/11

Birdiseinua, denon begi-bistan

Goienkaria egiten duen taldeak sekulako aukera eman digu, irakurleok ere pausoz pauso jarrai ditzagun Goienkariaren birdiseinua horretarako propio sortutako blog batean. Jarraitu ez ezik, parte hartu ere egin dezagun eztabaidan, horrela nahi izanez gero, behintzat.

Nik dakidala, inork ez du horrelako ezer egin ez Euskal Herrian eta ezta hortik zehar ere. Beraz, esango nuke Eneko Azkarate eta Goio Arana aitzindariak direla, eta ausartak, denon begi-bistan egiten ari baitira lana.

Eneko (zuzendaria) eta Goio (diseinatzailea) Bergaran ari dira Goienkariaren birdiseinua lantzen. Gela bat hartu dute Irizar etxean, eta hantxe dihardute berba egiten, eta eztabaida partekatzen, lehenengo eta behin Goienako jendearekin, eta gero gurekin. Izan ere, hasiera-hasieratik erabaki zuten blog bat egitea, non azalduko zituzten birdiseinuaren gorabehera guztiak: tipografia, izena, koloreak eta enparauak.

Eta, bat ere irakurtzen badituzue blog horretan azaldu diren artikuluak, konturatuko zarete goi mailako lana egiten ari direla biak hala biak. Pauso guztiak ganoraz azaltzen, eztabaidetan eskuhartzen, eta dena ezin garbiago arrazoitzen. Zorionak!

2006/01/10

Errezelaren atzean

Gaur Steve Jobs albiste iturri izango da beste behin. Munduko hedabideek xehetasun guztiak emango dizkigute, zer esan duen Apple etxeko lehendakariak Macworld Expo erakusketan. Izan ere, Steve Jobsen aurkezpenak eredugarri bihurtu dira, mitiko ez esatearren. Baina nola prestatzen ditu Jobsek aurkezpenak? Honatx.

Betiko moduan, Applek jasoko du bere neurriagatik eta irabaziengatik dagokion baino arreta askoz handiagoa hedabideetan. Eta horretan zerikusi handia omen du Steve Jobsek. Egun hauetan The Guardian egunkariak artikulu bat argitaratu du, eta hor Mike Evangelist-ek azaltzen du nola prestatzen dituen Jobsek aurkezpenak. Mike Evangelistek badaki horretaz, 2001ean eta 2002an berak parte hartu baitzuen aurkezpen horietan, artean Applen egiten zuen-eta lan.

Asteak prestatzen
Mike Evangelistek dio Steve Jobs asteak aurretik hasten dela prestatzen aurkezpenak, eta gainbegiratu egiten dituela, taldeburuekin batera, aurkezpenean erakutsiko edo aipatuko dituen produktu guztiak.

iDVD produktua aurkezteko, Miken taldeak ehunka ordu behar izan zituen bost minutuko tarte bat prestatzeko. Eta tartea hornitzeko, Erroma eta Santiago arakatu behar izan zuten material egoki bila: bideoak, argazkiak, etab. Materiala jaso ahala, Steve Jobsek gainbegiratu egiten du dena, konforme geratu arte. Azkenean, taldeak erabaki zuen nola aurkeztu iDVD, Steve Jobs bertan zela.

Talde lana
Steve Jobsen hitzaldiak prestatzeko hainbat talde ari dira lanean. Hor ezer ez omen da inprobisatzen.
  1. Talde batek prestatzen du aretoa, non jarriko diren sei bat mila lagun.
  2. Beste talde batek prestatzen du oholtza, eta berorren elementuak: pantailak, eskailerak, etab.
  3. Hirugarren talde batek prestatzen du argiztapena, soinua eta efektu bereziak.
  4. Beste talde batek prestatzen ditu proiekzio sistemak, eta kamioi erraldoi batek lantzen ditu bideo kontuak, edizioak, etab.
  5. Talde batek, azkenik, prestatzen ditu ordenagailuak, aurkezpenean erabiliko direnak, bakoitza bere ordezkoarekin, badaezpada baten batek huts egiten badu.
Probak
Gaurko hitzaldia egin aurretik, baina, Steve Jobsek bi saio ditu eginak, bata bezperan eta bestea bezpera aurrean, beti egiten duen moduan, eta hor landu omen ditu xehetasun guztiak, bere jendearekin batera. Hori guztia, noski, sekreturik handienarekin, hori ere etxearen ezaugarria baita.

2006/01/09

Blog interesgarri bat

Opor hauetan Julen Iturbe blogariaren berri izan dut (eskerrik asko, Luistxo!), eta atentzioa eman dit bera ere irakaslea delako Mondragon Unibertsitatean, nahiz eta beste fakultate batean dabilen, Enpresa Zientzien Fakultatean, Oñatin.

Consultoría artesana en red bloga egiten du, gaztelaniaz, eta hor enpresa gestioaz idazten du. Pertsonak ditu hausnargai, informazioa, gizarte sareak eta teknologiak. Idazkera bizkorra du Julenek, argia eta umorez zipriztindua. Konturatuko zarete, gainera, erruz erabiltzen dituela etiketak, bai blogaren eskuin zutabean, del.icio.us softwarearekin lotuta, eta baita technorati zerbitzuarenak ere, artikulu bakoitzaren bukaeran.

Julen Iturbe
Julen Iturbe 1964an jaio zen Ortuellan, eta gaur egun Bilbon bizi da. Psikologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta hamabi urtez MCCn egin du lan, LKSn lehendabizi eta Maier kooperatiban gero. Beti arduratu da nola hobetu gestioa erakundeetan, pertsonak kontuan hartuta. Argibide gehiago nahi izanez gero, klik egin bere webgunean.

Hemendik aurrera, eta aintzat hartuta blogaren interesa, lotura bat sortu dugu geure blogean Consultoría artesana en red blogera.