2006/04/28

Gora IKTeroak!


Atzo gurean izan genituen IKTeroak, hau da, Mikel Etxarri, Maite Goñi eta Jokin Lacalle (argazkian horrela agertzen dira), hirurak irakasleak Euskal Jakintza ikastolan, Ordizian. Gonbidatu egin genituen Web 2.0 ikastarora, azal zezaten nola erabiltzen ari diren teknologia berriak beraien ikastolan. Baina hori baino dezente gehiago eskaini ziguten.

Azaldu ziguten nola hasi ziren orain urtebete pasatxo blog batekin, eta hortik aurrera, nola murgildu diren, gero eta gehiago, Web 2.0 teknologietan, jakin gabe ere Web 2.0 izena zutenik ere. Aitortu zuten izugarri ikasi dutela urte honetan, teknologia kontuetan eta nola aplikatu teknologia horiek irakaskuntzan. Horrekin batera, ikuspegi zabala eskaini ziguten Web 2.0 fenomenoaren gainean.

Baliabide mordoa sortu dute Euskaljakintza izeneko blogean, eta esperientzia ezin interesgarriagoa abiatu ikasleekin. Ikusi besterik ez dago hemen zenbat ikasle hasi diren blogeatzen Ordiziako ikastola horretan. Eta horietako gehienek Bloglines erabiltzen dute, eta del.icio.us, eta beste hainbat programa.

IKTroek sinesten dute jakintza partekatzea ona dela, eta beraien ikastolarentzat sortu dituzten baliabideak besteon esku utzi dituzte, guk ere erabil ditzagun beldur barik.

Euskal Jakintza Ikastola harro egon daiteke IKTeroekin. Beharginak dira, maite dute irakaskuntza, eta kutsatu egiten dute ilusioa. Ni, behintzat, oso pozik irten nintzen ikasgelatik, eta uste dut ikasleak ere, halatsu joan zirela. Zorionak!

2006/04/27

Euskalbar

Asier Irizarrek gomendatuta, atzo instalatu nuen laneko ordenagailuan Euskalbar. Plugin hau Firefox nabigatzailean ezartzen da, eta balio du euskara-gaztelania edo gaztelania-euskarak klik batez kontsultatzeko. Hiztegi hauek ditu kontsultagai: Euskalterm, Hiztegia 3000, Elhuyar, Hiztegi Batua eta Itzul.

Erreminta zoragarria iruditu zait, bost hiztegi irekitzen dizkigu-eta nabigatzailean. Euskaraz asko idazten dugunontzat, perla bat. Zorionak, bada, Juanan Pereirari, lan bikaina egin baitu. Mereziak ditu, bai horixe, nahi adina garagardo. Nahi baduzue instalatu, klik egin Librezale elkartearen webgunean. Hortxe duzue, beste extentsio askoren ondoan.

2006/04/24

Liburu interesgarria irakasleontzat

Justu oporretarako iritsi zitzaidan liburu hau Amazon liburu-dendatik —Blogs, Wikis, Podcasts, and Other Powerful Web Tools for Clasrooms, Will Richardson irakasle blogariak idatzia—, eta arreta handiz irakurri dut, altxor bat iruditu baitzait, erabat gomendagarria ikasgelan teknologia berriak erabili nahi ditugun irakasleontzat.

Will Richardsonek argi azaltzen du nola sareko erremintek sor ditzaketen ikasteko formatu berriak, eta esplikatzen du nola erabili erreminta horiek ikasgeletan, inplikatzeko ikasleak ikaskuntza interaktiboan. Ikasleekin landu beharreko trebetasun berriak agertzen ditu, eta horretarako hainbat adibide landu, lotura interesgarriak eskaini eta ideia mordoa plazaratzen ditu.

Edukiak
Hori guztia lantzeko, Will Richardsonek eduki hauek lantzen ditu liburuan:
  • Blogak.
  • Wikiak.
  • RSSak
  • Agregatzaileak.
  • Gizarte bilketak.
  • Argazkiak sarean.
  • Pokastinak.
Web 2.0 ikastaroan emango ditugun programa asko agertzen dira liburu honetan, bakoitza testuinguru aberats batean azalduta. Beraz, Web 2.0 nola aplikatu ikasgelan ikasi nahi duzuen irakasleok hemen duzue liburu bat, erabat gomendagarria.

2006/04/04

Blogak 2.0 jardunaldiak

Ostegun honetan, apirilak 6, Blogak 2.0 jardunaldiak egingo dira Deustuko Unibertsitatean. Jardunaldi inportanteak, bertan goi mailako adituek hitz egingo baitute Web 2.0 fenomenoaren gainean.

Helburuak
Antolatzaileek honako helburu hauek dituzte jardunaldi hauekin:
  • Azaltzea Web 2.0 aplikazioen hainbat esperientzia.
  • Prestakuntza teknikoa eskaintzea gaur egun erabiltzen diren hainbat teknologiaren inguruan: Ajax, APIak, feed-ak, mikroformatuak eta gizarte-softwarea.
  • Web 2.0k eskaintzen dituen aukeren berri ematea, eta, traktore-elementu izan daitezen, gure inguruan egiten ari diren proiektuen berri ematea.
  • Web 2.0 aplikazioak garatzeko interesa dugun guztiok ekitaldi bateratu batean biltzea, hobeto ezagutzeko elkar eta Euskadin ekosistema txiki bat sortzen saiatzeko.
Gaiak
Gaiei dagokienez, honako hauek jorratuko dira:
  • Blogak
  • Wikiak
  • Gizarte-tresnak
  • Web-zerbitzuak eta APIak
  • Mikroformatuak
  • Edukien bilketa
  • Podcast-ak
  • Tag-ak eta folksonomiak
  • Informazio bilatzaileak
  • Web semantikoa
  • Eduki libreen lizentziak
Dagoeneko 100dik gora lagunek eman dute izena jardunaldiotan. Argibide gehiago nahi duenak, jardunaldietarako propio sortutako blog honetan aurkituko du.