2007/03/01

Lutxo Egia: nola erakarri teleikusleak Ibaizabal Telebistara?

Hona heman Lutxo Egiaren hitzaldia: "nola erakarri teleikusleak, euskararekin, Ibaizabal Telebistara?"


Arratsaldeon guztioi

Lehenik eta behin, Bilboko Ibaizabal Mendebalde Kultura elkartearen izenean, eskerrik asko jardunaldi hauetara gonbidatu izanagatik.

Bilbo Handian telebista digitala martxan jartzeko elkartea dugu Ibaizabal. Orain urtebete inguru talde txikia sortu zen. Egun, talde eragileko posta-zerrendan berrogeita bost lagun agertzen gara.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren arabera Bilbo Handia izeneko barrutiak Bilbo, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga eta Etxebarri batzen ditu. Gu beste hiru barrutitako lagunekin ere ari gara beharrean: Uribe-kosta, Ezkerraldea eta Mungialdea.

Bilbo Handia Ikus-entzunezkoak enpresa sortu dugu Ibaizabalek eta Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak. Ondo bidean, hilaren 5ean aurkezpen publikoa egingo dugu Ibaizabal eta Hamaikak, Bilboko Kafe Antzokian. Orain gure erronkak honako hauek dira: enpresa-proiektua garatu, egitasmoa aurkeztu lehiaketara eta komunikazioa sendotu. Hain zuzen ere, komunikazio estrategiak pisu hartuko du datozen hilabeteotan. Jende askok zertan gabiltzan badakien arren, euskarazko telebista digitalaren proiektua nahiko ezezaguna da.

“Nola erakarri teleikusleak, euskararekin, Ibaizabal Telebistara” (ez da hori telebistaren izena, laster erabakiko dugu). Zeharka helduko diot gaiari, Ibaizabalekook ez baikaude orain une horretan. Dena den, lagungarriak izan daitezkeelakoan, ideia batzuk mahairatuko ditut:

Bilbon, geografia ez da kohesionatzeko baliagarria, ez bederen beste toki batzuetan baliagarria den heinean. Ez dago zertan azpimarraturik, bestalde, zein garrantzitsuak diren komunikabideak nortasun-sortzaile edo emaile gisa.

Bilbon tokiko telebistek pisu nabarmena hartu dute. Sarri audientzietan ikusten da. Bai eta lagunarteko solasaldietan ere. Ezin ditugu bazterreko hedabidetzat jo. Aurkezle batzuk (prime time-koak behinik behin), beste kate batzuetako bezain famatuak dira.

Bilbon tokiko telebistak egokiak dira gizarte-sarea ehundu eta zabaltzeko. Komunitatea ederto baten ezagutzen dute. Hurbiltasunaren eredua ekarri digute. Helburua komunitate bera da.

Bilbon tokiko telebistak erdarazkoak dira. Euskarari ez zaio keinurik egiten.

Bilbon, bada, ez dugu euskarazko erreferentziarik. Gure erreferentziak beste telebistetan daude. Batetik, Bilboko tokiko telebistetan. Bestetik, ETB1ean. Bilboko telebistak bere eredua sortu beharko du. Ezin da izan besteak bezalakoa (mahainguruan egongo da aukera, beharbada, adibide bat edo beste ipintzeko). Hala ere, eredu haiei begiratu beharko die ezinbestez.

Aurrera jarraitu baino lehen, Kafe Antzokia aitatu nahi dut. Eta zergatik aitatu Kafe Antzokia?, galdetuko du batek baino gehiagok.

Literatura-testu fundazionalek bezala, sinetsita nago Kafe Antzokiak mugarria ezarri duela Bilbon. Badira hamaika urte luze sortu zela. Ez da aisialdirako gune hutsa. Oinarrian teorizazio soziolinguistikoa dago; oinarrian, zer ekarri behar dion hiriari; oinarrian, zer euskarari. Urteak joan urteak etorri, uste dut Antzokia apur bat aldendu dela hasierako ideiatik. Programazioan ikusten dut batik bat. Ez dago hain mugatua euskararen mundura. Ez da euskararen santutegia. Eta beharrik ere ez dago. Baina han euskaldunok ez dugu arrotz ikusten geure burua. Diglosia faltsutzen duen toki elegantea da.

Horretaz gain, erreferentea da. Bilbo Handirako erreferentea.

Baina zer dela-eta Antzokia, galdetuko dute berriro.

Beste galdera batekin erantzungo dut: jarri al da antzeko proiekturik Bilbon hamaika urte luze hauen ostean? Hau da, sortu da euskarazko ekimenik Bilbo handirako? Niri ez zait bakar bat ere bururatzen.

Are gutxiago komunikabideen esparruan, kenduta Bilbo Hiria Irratia (Kafe Antzokiko euskarazko irratia).

Gurean ez dugu euskarazko hiri-egunkaririk. Doako egunkariak modan jarri zaizkigu, ordea, non eta Metroan. Kolore horiko lau kazeta banatzen dituzte astelehenetik ostiralera, atzean daukaten enpresa-taldeen ideologia kargak igortzeko torpedoak (agian, behartuta sentituko da Euskaltzaindia urte batzuk barru Vizcaya V-z, C-z eta Y-z idaztera. Eta ez da broma).

Hiri aldizkaririk ere ez dugu. Bai, ordea, euskarazko auzo-aldizkari bi: Berton (Santutxu-Begoña auzunean) eta Prest (San Ignacio-Deustuan). Ongi erroturik auzoetan biak ala biak. 40.000 eta 50.000 bizilagunen auzoei buruz ari gara. Auzo ikaragarriak, beraz. Herri handiak. Edo hiri txipiak. Izan ere, Bilbon garrantzia handia baitute auzoek. Hainbestekoa non batek baino gehiagok garrantzia kentzen dion hiriari berari. Eta arrazoirik ez zaio faltako, hemendik aurrera gero eta gaitzago izango baita hiriaren definizio bakarra eskaintzea.

Arrazoi bat edo beste, Bilbo Handian ez gara hirirako proiekturik sortzeko gauza izan. Zergatik? Ezinezkoa al da euskarazko komunikabide bat sortzea Bilbon?

Mahainguruan aukera egongo da gai hauen gainean luze eta zabal berba egiteko. Amaitu nahi dut ostera ere Kafe Antzokia ekarriz. Hura sortu aurretik, bakan batzuek bakarrik irudika zezaketen zer ekarriko zion hiriari. Beharbada errazagoa da irudikatzea zer ekarriko dion euskarazko telebistak. Tren honetara igoz gero, ulertuko dugu gai garela geure proiektuak sortzeko eta geure proiektuetan sinesteko, geroak (edo arlo publikoak) ekarriko duenaren zain egon gabe. Autoestima gizentzeko giltza dugu telebista. Eta autoestima sano inportantea da gurea bezalako gune erdaldun batean. Ez dut apokaliptikoa eman nahi, baina tren honetara igo ezean, komunikazio eta entretenimendurako tresna eraginkor bat galtzeaz gain, Bilboko euskaldunok, urte batzuetan bederen, ez gara gauza izango ezeri ekiteko.

No comments:

Post a Comment