2007/03/01

Iñaki Uria: Hamaika Telebistaren proiektua



Sarrera moduan, eta denok jabe gaitezen zer testuingurutan sortu den legea tokiko telebistak arautzeko, Iñaki Uriak hitz egin du azken urteotan ematen ari diren aldaketa teknologikoez, hala nola kanal ugaritzea telebisten esparruan eta berauen kalitatea areagotzea. Bigarrenik, edukiak aipatu ditu, horiek ere gero eta ugariagoak. Testuinguru horretan euskarari gero eta esparru txikiagoa geratzen zaio, Uriaren iritziz. Hirugarrenik, esan du Espainiak duela espektro radioelektrikoaren jabetza, eta guri tokatzen zaigula hori kudeatzea.

Hamaika taldea
Hamaika taldea aurkeztu du ondoren, eta esan du lau talde handik osatzen dutela:

  • Prentsa: Deia-Diario de Noticias taldea, Gara eta EKT taldeak osatua.
  • Sozio teknologikoa: Euskaltel.
  • Bainet produkzio etxea.
  • Elkar argitaletxea.

Uriak aipatu duenez, Hamaika sortu zen helburu batekin: ziurtatzea euskarak izango duela dagokion tokia panorama digital berrian. Horren haritik, Hamaika taldeak bermatu nahi du eskualde bakoitzean tokiko telebista bat egongo dela euskaraz lan egiten. Sarean jarduteak, gainera, ekarriko du publizitate gehiago biltzea.

Hamaika zertan ari den
Gaur egun Hamaika taldeak honako lanetan dihardu:

  • Eskualdetan aliantzak sortzen, ziurtatzeko barruti guztietan egongo dela euskarazko telebista bat: Bilbo Handia Ikus-entzunezkoak, Debabarrena, Donostia, Durangaldea, Oiarsoaldea, Gasteiz eta Laudio aipatu ditu.
  • Telebistak dauden eskualdetan, horiekin hitz egiten. Debagoiena aipatu du, eta hor esan du hitz egiten ari direla Goiena Taldearekin, ados daudela gauza gehienetan eta xehetasun batzuk baino ez zaizkiela falta adostasuna erabatekoa izateko.
  • Sarea antolatzen, sindikaziorako.
  • Proiektua bera prestatzen, martxoaren 23an aurkezteko Eusko Jaurlaritzan.

Nolako telebista sortu
Amaitzeko, gogoeta egin du Iñaki Uriak, eta adierazi du telebista bat sortu behar dela ikusiko dena. Hortxe jo du erroka nagusia Hamaika taldearentzat. Aipatu du, halaber, zelako telebista sortu nahi duten:

  • Gertukoa eta hurbila.
  • Interaktiboa.
  • Informatiboa.
  • Eutsigarria.

Bukaeran, dei egin die HUHEZIko ikasleei, presta daitezen egoera berrirako. Bere iritziz, hedabideek beharko dute jende ondo prestatua, ezaugarri hauekin:

  • Irekia.
  • Dinamikoa.
  • Molda erraza.
  • Prest denetik egiteko.

Nafarroa
Nafarroaz galdetu zaionean, esan du hori etorriko dela, nahiz eta orain ez dagoen Hamaika taldearen lehentasunetan. “Ikusi egin behar zer gertatzen den hauteskundeetan, horrek baldintzatu egingo du-eta egoera”.

No comments:

Post a Comment