Arratsaldean Josep Angel Guimerà ikertzaile katalanak hartu du hitza mahai inguruan hasi aurretik, antolatzaileek gonbidatu egin dute jakin dutenean Josep Angel Euskal Herrian dabilela ikerlan bat egiten, aztertzeko zer tratamendu ematen zaion hizkuntzari telebistaren digitalizazioan.
Haren atzetik etorri da mahai ingurua, eta hor hitz egin dute Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Lutxo Egia Ibaizabal proiektuko kideak, Jon Aldanondo Goierri Telebistako arduradunak eta Bea Narbaiza EHUko irakasleak. Gaia: “Euskararen lekua Tokiko Telebista Digitalaren araudiaren barruan”. Saio bizia izan zen, galdera-erantzunetan batez ere.
Esandakoak
Hona hemen arratsaldeko saioan entzundako zenbait esaldi:
- Eskatzeak katalana erabil dadin maila batetik gora telebista digitalaren eskarietan laguntzen du ikus-entzunezko industria indartsu bat sortzen. (Josep Angel Guimerà)
- Esango nuke Euskadiko dekretua beldurretik egin dela. Atentzioa eman dit hizkuntza portzentajeak oso apalak izatea, batez ere kontuan hartuta berauek kalkulatu direla oinarri hartuta 2001ean jendeak zenbateko euskara zekien. 2012an telebistek bete beharko dituzte 2001eko hizkuntza eskakizunak. (Josep Angel Guimerà)
- Guretzat euskarazko telebista lokal bat sortzea Bilbon ezinbestekoa da euskaldunok aurrera egiteko. Horrelako telebista batek balioko luke euskaldungoa trinkotzeko, besteak beste. (Lutxo Egia)
- Herri telebista batean munduko kameralaririk onenak ez du lekurik, hemen denetik egin beharko du-eta. (Jon Aldanondo)
- Katalunian kuotak jartzen dira telebista mota guztientzat, hizkuntzari dagozkion kuotak. Hemen telebista lokalei bakarrik ezartzen zaizkie. Zergatik? (Bea Narbaiza)
- Proposatuko nuke hizkuntza eskakizunak ezartzeko orduan kontuan hartzea euskaldunak eta ia euskaldunak. Horrela, hizkuntza eskakizunak igoko lirateke %20. Panorama aldatuko litzateke bereziki hiriburuetan. (Bea Narbaiza)
- Aukeratu genuen euskaldunak bakarrik kontuan hartzea hizkuntza eskakizunak erabakitzeko orduan, errealistak garelako: tokiko telebista handienak erdarazkoak dira; bestetik, euskaldunok oso produktu gutxi kontsumitzen dugu euskaraz. (Patxi Baztarrika)
- Goienak erakusten du gauzak ondo egiten direnean, sortu egiten dela jendearengan telebista euskaraz kontsumitzeko ohitura. Beraz, egin egin behar dira telebistak euskaraz. (Bea Narbaiza)
- Dekretu hau atera dugu errealitatea aldatu nahi dugulako, amore eman gabe egungo egoerari. (Patxi Baztarrika)
No comments:
Post a Comment