2006/11/22

Jardunaldiak Euskarazko Bikoizketaz

Azaroaren 23an jardunaldi batzuk egingo dira Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean, eta bertan euskarazko bikoizketa izango da aztergai.

EIZIEk antolatu ditu jardunaldiok, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatearen laguntzarekin. Egun bateko saioa izango da, euskarazko bikoizketan diharduten profesionalen artekoa, eta irekia jarduera horretan interesa duten guztiei: itzultzaileak oro har, eta ikus-entzunezko komunikazioaren esparruan ari diren ikasleak, profesionalak eta adituak.

Jardunaldiotan euskarazko bikoizketaren ezaugarriak eta berezitasunak aztertuko dira: telebista eta zinema; publizitatea. Bikoizketaren garrantzia euskararen normalizazioan.

Egitaraua
  • 09:00 Jardunaldiaren aurkezpena.
  • 09:30 Jesus Eguzkitza (Mixer - Edertrack): Bikoizketa, hizketaren lantegia. Hitza = arnasa / Esan-bidearen gurpila / Hizketaren araubidea. Euskaraz asmatzeko, bizitzeko, maitatzeko, saltzeko... gai ez bagara, gureak egin du.
  • 11:00 Atsedenaldia.
  • 11:30 Iñaki Zubizarreta (Mixer - Irusoin): Euskarazko bertsioa nola prestatzen den: itzulpen-egokitzapena. Pertsonaien ezaugarriak eta hizkuntza erregistroak. Publizitatea. Bikoizketaren garrantzia euskara biziberritzeko.
  • 12:30 Marian Galarraga (Tinko): Zinemarako euskarazko bikoizketa: erdal filmak euskarara, euskarazko filmak erdaretara. Ikusleak eta banaketa: majorrak.
  • 14:00 Bazkaria.
  • 15:30 Asier Larrinaga (ETB): Bezeroaren ikuspegia: egin ostekoaren inguruko hausnarketa.
  • 17:00 Jardunaldiaren laburpena eta ondorioak.

2006/11/21

Xabier Madariaga HUHEZIn

Atzo arratsaldean Xabier Madariaga kazetaria izan genuen Eskoriatzan, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren 2. mailako ikasleekin hitz egiten. “Erlijioak eta kazetaritza” izan zuen mintzagaia.

Hasteko, lau bideo aurkeztu zituen, Israelen lan egiten zuen garaikoak, eta denetan agerikoa zen erlijioaren indarra. “Albisteen %80k badute zerikusirik erlijioarekin”, esan zuen Ekialde Hurbilaz ari zela. Kasu askotan, baina, erlijio kontuak hitz gutxitan azaldu beharrak interpretazio okerretara eraman gaitzakeela esan zuen.

Galdera asko egin zizkioten ikasleek: nolatan joan zen Israelera, hiltzeko beldurrik izan ote zuen, euskaldun moduan agertzeak zer ondorio dituen… Galdera guztiei erantzun zien, bere ohiko estilo bizkorrarekin, eta jendea pozik.

2006/11/13

Elkarrizketa Xabier Madariagari

Zihara Aranbarri Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari da HUHEZIn, 3. maila, eta oraintsu argitaratu du joan den apirilean Xabier Madariaga kazetariari egindako elkarrizketa, berau artean EITBren berriemailea zela Israelen. Gure Bazterrak izeneko blogean aurkituko duzue elkarrizketa, benetan interesgarria.

Xabier Madariaga HUHEZIn izango da hil honen 20an, bertan hitzaldi bat emango die-eta Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleei, 2. mailakoei, arratsaldeko 15:15etan hasita.

2006/11/01

Literatura lantzen Web 2.0 erara

Missourin bada institutu bat, South Valley Jr High, Liberty herrian, eta hor bada pertsona bat, Eric Langhorst, historia irakaslea 8. mailan, zeinek proiektu interesgarri bat abiatu duen institutuko ikasle guztiek irakur dezaten liburu bat, Guerrilla Season, eleberri historiko bat Pat Hughes idazleak idatzia.

Langhorst-ek 5.000 dolar lortu ditu diru laguntza moduan institutuko ikasle guztiek, eta baita zenbait gurasok eta komunitateko kidek ere, eros dezaten liburuaren ale bana. Horrekin batera, irakasleak blog bat sortu du, The Guerrilla Season Book Blog, non ikasleek, gurasoek, irakasleek eta egileak berak —Pat Hughes buru-belarri inplikatu da proiektuan—, parte hartuko duten irakurketa kolektibo batean.

Irakurketaren ezaugarriak
Proiektua abiatu da 2006ko urriaren 23an eta amaituko da urte bereko azaroaren 19an. Aldi horretan, irakurleek iritzia emango dute blogean eta parte hartuko dute eztabaidetan. Gauzak ordena apur batez egiteko, igande iluntzero antolatzaileek esango dute zer atal irakurriko duten aste horretan, 80 bat orrialde inguru. Gainera, aste bakoitzean hainbat galdera egingo dira, eztabaidak bideratzeko.

Blog horrek, ordea, ezaugarri bitxi bat izango du: erantzunak moderatuak izango dira. Eric Langhorst-ek eta Pat Hughes-ek jasoko dituzte erantzun guztiak post elektroniko bidez, eta berauek irakurrita erabakiko dute argitaratu edo ez. Horrezaz gain, erantzunak bi modutan sinatuko dira: “anonimous” moduan, edo izenarekin soilik. Ez dira argitaratuko izen-deiturekin sinatutako erantzunak, ezta irainak edo huts nabarmenak dituztenak ere.

Azken proiektua
Blogak testuak erabiliko ditu, podcastak eta argazkiak. Bukaeran, ostera, irakurleek proiektu bat egin beharko dute, eta horretarako hainbat aukera izango dituzte:
  • Poema bat idaztea liburuak landutako gaiaren inguruan.
  • Bukaera alternatibo bat idaztea eleberriari.
  • Poster bat diseinatzea liburua zinemaratzen dutenerako.
  • Elkarrizketa bat egitea liburuko pertsonaia bati.
  • Marraztea komiki bat 9 panelekoa eta hor irudikatzea liburuaren eszena bat.
  • Diseinatzea beste azal bat liburuari.
Guerrilla Season liburu historiko bat da, eta kontatzen du Missouriko bi mutilen historia 1863an, AEBak gerra zibilean zirela.