2006/12/21

Luistxo Fernandez HUHEZIn

Luistxo HUHEZIn

Atzo Luistxo Fernandez izan genuen HUHEZIn, hitzaldi bat eman zuen-eta Web 2.0 ikastaroen barruan. Tagzaniaz hitz egin zuen, baina mapen inguruan batez ere, eta horretarako Google Earth aplikazioaz ere baliatu zen zenbait unetan.

Interesgarria izan zen oso Luistxoren hitzaldia, baina hona hemen, laburturik, handik ateratako zenbait baieztapen:
  • Gaur egun Googlen mapekin egiten du lan Tagzaniak, baina laster gauza bera egingo du Yahooren eta Microsoften mapekin.
  • Googlek bezala, Tagzaniak ere laster ipiniko du publizitatea mapetan, diru iturriak ziurtatze aldera.
  • 2007tik aurrera GPSek ibilbideak egiteko aukera emango dute. Hori dela eta, egun batean Tagzaniak erabiliko ditu bere mapak, ez inorenak, baldin eta lortzen badu jendeak ibilbideak markatzea aplikazioan bertan.
  • Euskal Herriko agintariek erabat mapeatuta dute gure lurraldea, baina ez dute uzten ez Googlek ez beste inork mapa horiek erabiltzea, Kanarietan ez bezala, non bertako gobernuak doan eman dizkion Googleri, turismoa sustatzeko baliagarri izango delakoan.
  • Mapen eremuan ere betetzen da buztan luzearen legea, munduan milaka eta milaka mapa txiki argitaratzen baitira, eta horiek negozio iturri izan daitezke.

2006/12/14

HUHEZIko ikasle batek irabazi du Sustatu saria

Laburra eta onaHUHEZI fakultateko ikasle batek, Mikel Alvarez beasaindarrak, irabazi du Sustatu saria, atzo arratsaldean Mondragoen eman zena, bertako kultura etxeko kalistroan. Epaimahaiak horrela azaldu zuen epaia:
The Indezents du izena blogak. Bruce Lee-ren aurpegia du aldamenean. Mezu bat baino gehiago proposatu zigun, baina oilasko petxugarena aukeratu du epaimahaiak. Mezu bihurri bat, ganberro samarra, baina freskoa. The Indezents-ek mutil gazte bat izan behar zuela susmatu genuen, bere hozkailuaren egoera jakinda, eta halaxe da, Sustatuko blog mezuen lehiaketaren irabazlea, Mikel Alvarez beasaindarra da.
Mikel Alvarez Ikus-entzunezko komunikazioa ari da ikasten HUHEZIn, 3. maila, eta sekulako zaletasuna hartu dio blogari. Beste ikaskide zenbaitekin batera, sarri idazten du, txispa berezi batekin.

Jaia
Sariez gain, jaia ere interesgarria izan zen oso. Eta atsegina. Ed Freyfogle, Iban Zaldua, Luistxo Fernandez eta Iban Arantzabalen hitzak entzun genituen, umorez eta ironiaz zipriztinduak. Bideo bat ere bai, Arteman agentziak egina, Sustaturen historia kontatzen. Eta ondoren, pintxoak eta agurrak bertaratutakoen artean, tartean blogari asko.

Ikusi nahi izanez gero orduko argazkiak, Flickr-en ditutuzue mordo bat. Hemen sorta bat, neuk sortua. Eta hemen sustatu5 etiketarekin argitaratuko diren guztiak.

2006/12/04

ETEN erakundeak HUHEZI hartu du

ETEN (European Teacher Education Network) erakundeak onartu egin du bere baitan HUHEZI, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea, atzo bertan nazioarteko hezkuntza sareak jakinarazi zionez Joxemari Egañari.

ETEN 1988an sortu zen Danimarkan helburu bikoitzarekin: bultzatzea taldelana eta ikasle zein irakasleen mugikortasuna eta sustatzea talde ikerkuntza. Munduko 52 unibertsitate eta erakunde (denak ere hezkuntzan espezializatuak) daude ETEN sarean, herrialde hauetakoak: Belgika, Danimarka, Ingalaterra, Faroe Uharteak, Finlandia, Israel, Lituania, Mazedonia, Holanda, Norvegia, Portugal, Suedia eta AEB.

Urtarriletik aurrera, hortaz, gure fakultatea ETEN erakundeko kide izango da.

2006/11/22

Jardunaldiak Euskarazko Bikoizketaz

Azaroaren 23an jardunaldi batzuk egingo dira Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean, eta bertan euskarazko bikoizketa izango da aztergai.

EIZIEk antolatu ditu jardunaldiok, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatearen laguntzarekin. Egun bateko saioa izango da, euskarazko bikoizketan diharduten profesionalen artekoa, eta irekia jarduera horretan interesa duten guztiei: itzultzaileak oro har, eta ikus-entzunezko komunikazioaren esparruan ari diren ikasleak, profesionalak eta adituak.

Jardunaldiotan euskarazko bikoizketaren ezaugarriak eta berezitasunak aztertuko dira: telebista eta zinema; publizitatea. Bikoizketaren garrantzia euskararen normalizazioan.

Egitaraua
  • 09:00 Jardunaldiaren aurkezpena.
  • 09:30 Jesus Eguzkitza (Mixer - Edertrack): Bikoizketa, hizketaren lantegia. Hitza = arnasa / Esan-bidearen gurpila / Hizketaren araubidea. Euskaraz asmatzeko, bizitzeko, maitatzeko, saltzeko... gai ez bagara, gureak egin du.
  • 11:00 Atsedenaldia.
  • 11:30 Iñaki Zubizarreta (Mixer - Irusoin): Euskarazko bertsioa nola prestatzen den: itzulpen-egokitzapena. Pertsonaien ezaugarriak eta hizkuntza erregistroak. Publizitatea. Bikoizketaren garrantzia euskara biziberritzeko.
  • 12:30 Marian Galarraga (Tinko): Zinemarako euskarazko bikoizketa: erdal filmak euskarara, euskarazko filmak erdaretara. Ikusleak eta banaketa: majorrak.
  • 14:00 Bazkaria.
  • 15:30 Asier Larrinaga (ETB): Bezeroaren ikuspegia: egin ostekoaren inguruko hausnarketa.
  • 17:00 Jardunaldiaren laburpena eta ondorioak.

2006/11/21

Xabier Madariaga HUHEZIn

Atzo arratsaldean Xabier Madariaga kazetaria izan genuen Eskoriatzan, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren 2. mailako ikasleekin hitz egiten. “Erlijioak eta kazetaritza” izan zuen mintzagaia.

Hasteko, lau bideo aurkeztu zituen, Israelen lan egiten zuen garaikoak, eta denetan agerikoa zen erlijioaren indarra. “Albisteen %80k badute zerikusirik erlijioarekin”, esan zuen Ekialde Hurbilaz ari zela. Kasu askotan, baina, erlijio kontuak hitz gutxitan azaldu beharrak interpretazio okerretara eraman gaitzakeela esan zuen.

Galdera asko egin zizkioten ikasleek: nolatan joan zen Israelera, hiltzeko beldurrik izan ote zuen, euskaldun moduan agertzeak zer ondorio dituen… Galdera guztiei erantzun zien, bere ohiko estilo bizkorrarekin, eta jendea pozik.

2006/11/13

Elkarrizketa Xabier Madariagari

Zihara Aranbarri Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari da HUHEZIn, 3. maila, eta oraintsu argitaratu du joan den apirilean Xabier Madariaga kazetariari egindako elkarrizketa, berau artean EITBren berriemailea zela Israelen. Gure Bazterrak izeneko blogean aurkituko duzue elkarrizketa, benetan interesgarria.

Xabier Madariaga HUHEZIn izango da hil honen 20an, bertan hitzaldi bat emango die-eta Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleei, 2. mailakoei, arratsaldeko 15:15etan hasita.

2006/11/01

Literatura lantzen Web 2.0 erara

Missourin bada institutu bat, South Valley Jr High, Liberty herrian, eta hor bada pertsona bat, Eric Langhorst, historia irakaslea 8. mailan, zeinek proiektu interesgarri bat abiatu duen institutuko ikasle guztiek irakur dezaten liburu bat, Guerrilla Season, eleberri historiko bat Pat Hughes idazleak idatzia.

Langhorst-ek 5.000 dolar lortu ditu diru laguntza moduan institutuko ikasle guztiek, eta baita zenbait gurasok eta komunitateko kidek ere, eros dezaten liburuaren ale bana. Horrekin batera, irakasleak blog bat sortu du, The Guerrilla Season Book Blog, non ikasleek, gurasoek, irakasleek eta egileak berak —Pat Hughes buru-belarri inplikatu da proiektuan—, parte hartuko duten irakurketa kolektibo batean.

Irakurketaren ezaugarriak
Proiektua abiatu da 2006ko urriaren 23an eta amaituko da urte bereko azaroaren 19an. Aldi horretan, irakurleek iritzia emango dute blogean eta parte hartuko dute eztabaidetan. Gauzak ordena apur batez egiteko, igande iluntzero antolatzaileek esango dute zer atal irakurriko duten aste horretan, 80 bat orrialde inguru. Gainera, aste bakoitzean hainbat galdera egingo dira, eztabaidak bideratzeko.

Blog horrek, ordea, ezaugarri bitxi bat izango du: erantzunak moderatuak izango dira. Eric Langhorst-ek eta Pat Hughes-ek jasoko dituzte erantzun guztiak post elektroniko bidez, eta berauek irakurrita erabakiko dute argitaratu edo ez. Horrezaz gain, erantzunak bi modutan sinatuko dira: “anonimous” moduan, edo izenarekin soilik. Ez dira argitaratuko izen-deiturekin sinatutako erantzunak, ezta irainak edo huts nabarmenak dituztenak ere.

Azken proiektua
Blogak testuak erabiliko ditu, podcastak eta argazkiak. Bukaeran, ostera, irakurleek proiektu bat egin beharko dute, eta horretarako hainbat aukera izango dituzte:
  • Poema bat idaztea liburuak landutako gaiaren inguruan.
  • Bukaera alternatibo bat idaztea eleberriari.
  • Poster bat diseinatzea liburua zinemaratzen dutenerako.
  • Elkarrizketa bat egitea liburuko pertsonaia bati.
  • Marraztea komiki bat 9 panelekoa eta hor irudikatzea liburuaren eszena bat.
  • Diseinatzea beste azal bat liburuari.
Guerrilla Season liburu historiko bat da, eta kontatzen du Missouriko bi mutilen historia 1863an, AEBak gerra zibilean zirela.

2006/10/29

Ondorioak Zaragozako kongresuaz

Oro har, kongresu kaskarra izan da Zaragozakoa, Gazte Ikertzaileen Nazioarteko Jardunaldiak Komunikazioan, nahiz eta atalik interesgarriena bigarren egunean izan genuen, goizean izandako lehen mahai ingurua, Kazetaritza Digitalaz jardun zuena.

Xose Lopez irakaslea da Santiago de Compostelako Unibertsitatean, eta hamar proposamen eta ondorio bat azaldu zituen. Komunikazioaren ekologiaz hitz egin zuen, komunikazioak jendartean jokatzen duen rolaz, hiritarrek rol erabakigarriagoa izango dutela kazetaritza digitalean, besteak beste. Ondorio moduan, proposatu zuen hausnartzea erremintek zelan eragiten duten komunikazio prozesuetan.

Ramon Salaberria zuzendariordea da Kazetaritza proiektuetako Departamenduan, Nafarroako Unibertsitatean. Bere hitzaldian ikerkuntza gehiago eskatu zuen jakiteko zelan aldatzen ari den kazetariaren bizibidea. Bere iritziz, digitalizazioak aldatu egin ditu kazetaritza egiteko hiru aldiak: ikerkuntza, produkzioa eta zabalkundea. Bi ohar egin zituen, adierazgarriak: askotan amateurrek gehiago dakite zelan bilatu informazioa kazetariek baino; bestetik, ezartzen ari da eredu kolaboratibo bat kazetaritzan. Sortzen ari da, azkenik, kazetaritza eredu bat hurbilagoa, zeinak irakurlea pertsona inteligentetzat hartzen baitu.

Txema Alegre erredaktoreburua da La Vanguardia egunkariaren edizio digitalean. Haren hitzetan, hedabide tradizionalak aldatu ziren Internetera jakin barik zertara zihoazen. Horren ondorioz, ez dira konturatzen Interneten irakurleek beste premia batzuk dituztela. Zenbait kazetarik nahiago du halako edo bestelako gerraren gainean idatzi, kontuan hartu gabe bere irakurleek zer behar dituzten. Gainera, kalitatezko prentsak sinesgarritasuna galdu du, agintearen zerbitzuan jarri delako. “Teknologia berriek gure lekutik atera gaituzte” esanez amaitu zuen.

Roberto Garcia Bermejo zuzendari nagusia da Aragon Digitalen. “Guretzat Internet aukera bat da kazetariarentzat” esanez hasi zen. Izan ere, 2000. urtean kazetari talde batek erabaki zuen Aragon Digital sortzea, eta horretarako elkartu egin ziren ingeniari informatiko talde batekin. Gaur egun 1.000 bat bezero dituzte, Aragoeko hedabide guztiak ia, eta ordaindu egiten dute jasotako informazioagatik. Aurrerago Digital.es sortu zuten. Eta izandako arrakastaren adierazgarri, Interneten landutako hainbat produktu paperean argitaratzen ari dira, jendeak eskatuta.

2006/10/26

Zaragozatik, bihotzez

Bai, lagunak, Zaragozan gaude, ziber kafe batean idazten mezu hau. Atzo etorri ginen Aitor Zuberogoitia lankidea eta biok kongresu batera: Gazte Ikertzaileen Nazioarteko Jardunaldiak Komunikazioan. Uda partean komunikazio labur bat bidali genuelako etorri gara Aragoiko hiriburura.

Ailegaera
Gasteiztik abiatu ginen atzo, autobusez. Zaparrada galanta izan genuen Gasteizen, baina bidean jarri bezain laster, eguraldi garbia izan genuen. Zaragozan, haize epela: 24 gradu. Hotela beste puntan zegoenez, autobus geltokitik urruti, taxi bat hartu behar.

Hotela berri samarra da, gela politekin. Maletan han utzita, kalera irten ginen, afaltzeko asmoarekin. Saltoki handi batzuetara joan, eta han olagarroa jan genuen. Berriro hotelean, errepasoa eman pare bat egunkariri, eta lo egitera.

Gosaria
Goiz jaiki gara, 07:00etan. Gosaltzearekin batera, jakin dugu Athletic-ek berdindu egin zuela etxean eta Realak galdu bigarren mailako talde baten aurka. Eskerrak gosaria ona izan den!

Autobusez joan gara Merkataritza Ganberara, hantxe dira-eta jardunaldiak. Autobusean, kolore askoko aurpegiak. Bat-batean, alboko emakumeari telefonoz deitu diote. Errusieraz hasi da hitz egiten: “da” gora eta “da” behera. Mundu guztiak entzuten genion, baina ulertu, piperrik ere ez.

Jardunaldiak
Lehen eguneko jarduna ez zait larregi gustatu. Irekitze ekitaldian, hitz hutsalak eta handiusteak. Kazetaritzaren bertuteak airean, denak gogaitu arte. Aretoan, ikasle dezente agertu dira ordenagailu eramangarriarekin, aretoan wi-fia baitago.

Lehen mahai ingurua oso lege zaharrekoa iruditu zait, beti komunikazioaren parametro klasikoen barruan. Bigarrena apur bat interesgarriagoa, batez ere hobeto ulertzeko zelan hedatu den telebista estatu espainiarrean.

Arratsaldean, berriz, mahai inguru bat izan dugu iritzizko kazetaritzaren gainean, eta bertan izan da eskuin kazetaritzaren sorta oparoa: Charo Zarzalejos, Pilar Cernuda, Antonio Casado eta Mariano Gistan. Nekez egin dut aurrera, bitartean sekulako logura egin zait-eta. Entzun dira zenbait gauza kontuan hartzekoak, baina gehiena berbaro aspergarria izan da.

Aspaldiko ezagunak
Egunak baina, eman digu ezusteko atseginik. Liburu batzuei begira geundela, aspaldiko lagun bat inguratu zaigu: Xose Lopez, irakaslea Santiago de Compostelako Unibertsitatean eta aspaldiko laguna. AEBetan ezagutu genuen elkar, SND erakundearen pare bat kongresutan, eta hamalau bat urte izango ziren elkar ikusten ez genuela. Jose Pereirarekin zegoen, bere lankidearekin. Eta hantxe izan gara, kontu kontari, aretoan sartu bitartean.

Aspaldiko lagunak

Kanpotik etorri garenoi bazkaltzera gonbidatu gaituzte, eta hantxe agurtu dugu Ramon Salaverria, laboratorio multimediako zuzendaria Nafarroako Unibertsitatean. Baita Javier Diaz-Noci eta Idoia Camacho EHUko irakasle euskaldunak. Bapo jan eta ondo edan dugu, bertako ardo beltz gazte bat. Horrek eragingo zidan gero logura, arratsaldeko mahai inguruan.

Orain arratsaldeko 19:40ak dira, eta hemen gaude Aitor eta biok, ziber kafe honetan, unibertsitate hiriaren ondoan, kronika hau idazten hotelera egin aurretik. Bihar itzuliko gara etxera, autobusez, hemendik arratsaldeko 17:15etan irtenda. Dena ondo badoa, hiru orduan Gasteizen izango gara.

2006/10/24

Proiektu aurkezpenak IKTF masterrean

Urriaren 23an hasita, eta 31 bitartean, zortzi proiektu aurkeztuko dira IKTak Formazioan masterrean, hemen, HUHEZI fakultatean. Denak seigarren promozioko ikasleak dira, gehienak irakasleak lehen eta bigarren hezkuntzan, kristau eskoletan. Defentsak irekiak izango dira, edonork ikusteko modukoak. Hona hemen proiektuon gaiak:
  • Renovación web Colegio Urdaneta (Loiu, Bizkaia).
  • Comunicación multimedia con madres y padres en el Colegio Niño Jesús (Gasteiz).
  • www.galbae.com Web contrainformativa.
  • Ho Txi Min haziak. Web proyecto Ho Txi Min en Guatemala.
  • Euskal curriculuma.
  • www.elema.org y la elaboración de material multimedia para la formación en el manejo de un software libre para la comunicación virtual.
  • Multimedia de religión: Colegio Veracruz (Gasteiz).
  • Jugando con las emociones.

2006/10/17

Aitor Zuberogoitia, blogari

Aitor Zuberogoitia HUHEZIko irakasleak blog bat sortu du Blogak.com komunitatean, Lehengaia du izena eta leloa, berriz, “komunikazioa, euskara eta beste kontu batzuk”, eta hori erabiliko du bere ikasleekin komunikatu eta material akademikoa bertan eskegitzeko.

Aitor karrera zuzendaria da Ikus-entzunezko komunikazioan, eta bi irakasgai ematen ditu aurten: Euskarazko Komunikazioaren Historia lehen lauhilekoan eta Informazio-dokumentazioa bigarrenean. Bere materialak eta ikasleen lanak argitaratuko ditu blogean. Esperientzia interesgarria izango da, benetan.

2006/10/11

Web 2.0 apunteak wiki batean

Aurten ere Web 2.0 ikastaroa ematen ari naiz Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean, baina oraingoan bi talderi, eta biei lehen lauhilekoan. Aurrekoan ikastaroan erabili nituen apunteak blog honetan argitaratu nituen. Oraingoan, ostera, wiki batean argitaratuko ditut, eguneratuta.

PBwiki izeneko wikia aukeratu dut wikia egiteko, plataforma erraza begitandu zait-eta erabiltzeko. AEBetan irakasle askok erabiltzen dute wiki hori irakaskuntza proiektuak partekatzeko, eta nik ere horixe egin nahi dut neure apunteekin: berauek partekatu bai ikasleekin eta baita irakurleekin ere. Horretarako wikia iruditu zait egokiagoa bloga baino, wikiak posible egiten baitu edukiak aldatzea eta osatzea.

Badut baina, beste arrazoi bat apunteok wiki batean ipintzeko: ohitu nahi ditut ikasleak wiki batean sartzera eta berau irakurtzera, wikia nola egin ikasi aurretik jakin dezaten zer den wikia eta nola erabil daitekeen.

Nola editatu wikia
Apunteak izena eman diot wikiari, eta atalka banatuko dut, jorratuko ditugun gaien arabera. Irakurri nahi baduzue, helbide honetan duzue. Eta zerbait aldatu nahi baduzue, edo osatu, erabili pasahitz hau: "web2.0" eta klik egin edit page botoi urdinean, izenaren azpian. Ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira.

Errespetatzeko plantillak duen estiloa, kontuan izan wikiak berak ematen dituen aholku hauek. Horrela, dena errazago joango da.

Oraingoz wikiak bi atal ditu argitaratuak: Web 2.0 eta Blogak. Gainerakoak, eskolak eman ahala argitaratuko ditugu.

Denoi, ikasleei eta irakurleei, eskatuko dizuegu kontuz erabiltzea wiki hau, aldaketak denon onerako izan daitezen. Eskerrik asko.

2006/10/10

Web 2.0 freakyen kontua ote?

Aurrekoan, aurkeztu nienean lehen mailako ikasleei zer asmo nituen Web 2.0 ikastaroan, ikasle batek esan zidan gauza horiek orain arte freakyen kontuak izan direla, alegia, jende bitxi edo arraroarena. Eta erantzun nion, ezetz.

2005eko uztailaren 7an bonba erasoa gertatu zenean Londresen, lehen argazkiak han gertatutakoaren gainean Flickr-en agertu ziren, atentatuaren inguruan zebilen jendeak aterata eta Flickr-en ipinita. Herritarrak, kazetari.

Egun hartan bertan, norbaitek ireki zuen sarrera berri bat Wikipedian: 7 July 2005 London bombings, eta ordu batzuen buruan, osatuz joan zen, eta hori ere herritarrek egin zuten, batek datu batzuk erantsita, beste batek beste batzuk, honek argazki bat, hark mapa bat… Herritarrak, entziklopedista.

Badira Web 2.0 horretan programa batzuk, tartean guk ikasiko ditugunak, eta horiek jende askok erabiltzen ditu munduan: irakaskuntzan, kazetaritzan, medikuntzan, publizitatean… Hau ez da freaky kontua.

2006/10/09

Aldaketak Web 2.0 ikastaroan

Ikasturte honetan hainbat aldaketa sartu ditut Web 2.0 ikastaroan, komunikazioko ikasleentzat prestatua. Aldi honetan aplikazio hauek sartuko ditut, aurrekoan sartu ez nituenak:
  • Google Calendar. Iruditzen zait CalendarHub baino malguagoa eta aberatsagoa. Nik neuk horixe erabiltzen dut orain nire egutegiak egiteko.
  • YouTube. Aurrekoan ez nuen sartu, baina begitatzen zait Ikus-entzunezko ikasleek erabili beharreko aplikazioa dela, hainbeste hedatu baita mundu osoan.
  • Wikiak. Aurtengo apunteak wiki batean argitaratuko ditut, baina ikasleek ere wikia erabiliko dute proiektu bat egiteko.

Horekin batera beste aplikazio batzuk ere ikusiko ditugu, aurrekoan bezala, hala nola, bloga, posta zerrenda, del.icio.us, Bloglines, Tagzania eta Odeo.

2006/10/05

Hasi gara Web 2.0 ikastaroetan

Ikusirik zer arrakasta izan zuen joan den ikasturteko ikastaroak, aurten bi ikastaro emango ditut lehen lauhilekoan, biak Web 2.0, baina bi mailatan: lehen eta hirugarren mailan, komunikazioan bietan. Lehen mailan 34 ikasle ditut, eta derrigorrezkoa da ikastaroa. Hirugarrenean 26 ikasle etorri dira, eta ikastaroa aukera askekoa da.

Atzo bloga egin genuen batean eta bestean, eta aurkitu nuen, bai, alderik bien artean. Hirugarren mailan ikusten da asko ibiliak direla ordenagailuan eta Interneten; berehala ulertzen zituzten azalpenak, eta bizkor egin genuen aurrera. Lehen mailan, berriz, gorabehera handiak daude batzuengandik besteengana; batzuk trebeak dira, oso, baina beste batzuek sekula ez dute ordenagailurik erabili, edo oso gutxitan.

Hala ere, pozik irten nintzen ikasgelatik, denek dute-eta ikasteko gogoa eta ilusioa. Seguru nago asko ikasiko dutela eta oso ondo igaroko dugula.

2006/09/28

Julio Ibarraren bisita




Atzo Julio Ibarra izan genuen HUHEZIn, hitzaldi bat eskaini zigun Ikus-entzunezko ikasle etorri berriei egindako harreraren barruan. Aretoa bete egin zen, ikasle hasi berriez gain, beste asko ere etorri zirelako komunikaziotik.

Aurten bi eguneko harrera egin diegu lehen mailako ikasleei, Ikus-entzunezko komunikazioa egitera etorritakoei. Atzokoa izan zen bigarrena, eta bukatu zen Julio Ibarraren hitzaldiarekin, baina aurretik ikasleek lan polita egin zuten.

Zazpi taldetan banatuta zeudela, talde bakoitzari eman zitzaion kasu bana, taldean landu eta gero denen aurrean aurkezteko, bezperan bezala. Hauek izan ziren kasuak:
  1. Lehiaketa bat antolatu behar duzu telebistarako. Zehaztu nolakoa izango den, zer motatako langileak beharko dituzun eta zer egiteko izango dituzten.
  2. Realeko prentsa arduraduna zara, eta prentsaurreko bat antolatu behar duzu.
  3. Komunikazio arduraduna zara MCC taldean eta plan bat prestatu behar duzu, kontuan hartuta Interneten kanpaina gogor bat antolatu dutela MCCren kontra.
  4. Kazetari bat zara, eta zuzeneko bat egin behar duzu Herri Urratsen gainean, albistegian sartzeko.
  5. Erreportaje bat prestatu behar duzu Kontxako estropaden gainean.
  6. Antolatu tertulia saio bat irratirako, lau gonbidaturekin.
  7. Kazetaria zara Goienkarian, Debagoieneko astekari batean, eta lagun ekologista batek deitu dizu hegazti bat agertu dela hilda Urkulu urtegiaren inguruan. Dirudienez, susmoa dute hegazti gripeak jota hil ote den. Zer egin?
Ordu erdi izan zuten ikasleek kasuak taldetan lantzeko, eta ordubete kasu guztiak azaltzeko. Oso lan ona egin zuten, bai kasuak lantzeko orduan eta baita azaltzerakoan ere.

Ondoren etorri zen Julio Ibarraren hitzaldia. Pasadan, aipatu zuen bere ibilbide profesionala, Radio Euskadin hasi eta Metro Bilbao enpresan bukatu, ETB2ko Teleberritik igarota. Kazetaritzaz hitz egin zuen gonbidatuak, komunikazio gabineteen gainean, kazetariek lanean nozitzen dituzten presioez, duintasun profesionalaz… Hitzaldia gaztelaniaz egin zuen, baina erantzunetan euskara erabili zuen. Bukaeran, txalo handiak.

Taldetan.jpg

Bukaera polita harrera plan bereziarentzat, aurten lehendabizikoz egin baita horrelako zerbait HUHEZIn. Ikasleek pozik amaitu dute, eta irakasleok ere bai.

2006/09/27

Harrera eguna, egun berezia

IKO-aurkezpena.jpg

Ikus-entzunezko komunikazioa ikastera etorritako ikasle berriek atzo izan zuten harrera eguna. Eta benetan harrera berezia izan zuten, ez ohikoa. HUHEZIko areto nagusian elkartu ondoren, 33 ikasle lehen egunean, koaderno bana jaso zuten, non ematen zitzaien informazio praktikoa, ikasturteari lotua. Gero Aitor Zuberogoitia karrerako zuzendariak egin zien ongi etorria eta ikasketen aurkezpena.

Ondoren, baina, taldeka antolatu ziren ikasleak, bederatzi taldetan, eta bakoitzari eman zitzaion kartulina bat eta betebehar bat: batzuek informazioa jaso behar zuten liburutegiaren gainean, beste batzuek tabernaz eta fotokopia zerbitzuaz, etab. Horrela, ordu erdi igarota, denak elkartu ziren, eta taldeka egin zuten egindako lanaren aurkezpena, kartulinaren laguntzarekin.

Kamerarekin.jpg

Aurkezpena ere berezia izan zen, taldeko hiru kide aurkezpena egiten ari ziren bitartean, beste bat ari baitzen bideo kamerarekin irudiak hartzen, irudiak pantaila handi baten ikusten zirela. Oro har, lan ona egin zuten ikasleek, eta aurkezpen ganorazkoak. Aretotik irtendakoan, askoz ere gehiago zekiten HUHEZIren gainean.

2006/09/20

Liburu interesgarriak blogen gainean

Jose Luis Orihuela irakasle argentinarrak denda bat ireki du Amazon liburu denda birtualean, eta hor gomendatzen ditu hainbat liburu, denak blogekin lotuta. Interesgarria bibliografia bat osatzeko gai horren inguruan. Horrezaz gain, beste zerrenda bat ere osatu du, erosi nahiko lituzkeen liburuekin.

2006/09/15

Mezu bat Flock nabigatzailetik

Mezu hau Flock nabigatzailean ari naiz idazten, ikusteko ea posible dudan hemendik zuzenean bidaltzea Gizakomera.

technorati tags:,

Blogged with Flock

2006/07/19

Euskal Herria, 2025

Negu partean, istiluak izan ziren Frantzian. Hori zela eta, Infokom-eko ikasleek inmigrazioa aztertu zuten ikasgelan. Horren harira, idazlan bat egin zuten, nola ikusten zuten Euskal Herria hemendik hogei urtera. Hauxe duzue idazlan horietako bat, Amaia Zalduak idatzia.

Euskal Herria, 2025
Ia egunero etortzen naiz Zarautzera, nire jaioterrira, gurasoei bisita egitera; azken finean, Usurbildik hona bost minutu besterik ez dira. Kalera atera naiz, hotz egiten du. Espaloitik doazenek ez naute begiratzen; agenda elektronikoek eta muturrean daramatzaten mikrofonoek konpainia nahikoa egiten diete. Bazar txinatarraren paretik pasa naiz, eta gogoratu dut zortzigarrena ireki berria dutela Kale Nagusian. Duela hogei bat urte irekiko zen lehenengoa Zarautzen, eta ordutik gauzak asko aldatu dira.

Esaten dute Orio, Zarautz eta Getaria herri bat bilakatuko direla, izan ere demografiak gora egin du eta duela hamar urte Abendañon egin ziren etxebizitzak txiki geratu dira. Orain pentsatuta, urteak dira ez naizela auzo horretatik igaro, etorkinen gune bihurtu zuen Udalak, eta ez da ia inor hurbiltzen. Eskola bat ere eraiki da inguru hartan, baina ez dakit askorik.

Oroitzen naiz nola duela hogei urte Frantzian arazoak izan ziren etorkinekin, bizi-baldintza txarretan bizi zirenez, altxamenduak izan ziren; baina gobernuak isilarazi egin zituen. Iskanbila horiek gertatu zirenean, alarma piztu zen Europako gainontzeko herrialdeetan eta immigranteei sarrera debekatu zitzaien. Hala ere, giza-eskubideen aldeko organizazioek eta dirutza baten truke paperak lortzen zituzten norbanakoek Estatuek hartutako neurriak zapuztu zituzten.

Zorionez, Euskal Herrian oraindik ez dira hasi etorkinen eta gobernuaren arteko liskarrak, baina 2005 baino beranduago etorri ziren kanpotar guztiak etxera itzularazteko proposamena oraintxe aurkeztu da kongresuan. Lege aldaketa zentzugabe horri erantzuna emateko manifestaldiak antolatzea pentsatu da. Agian Ahmed-ekin joango naiz, eta horrela Igeldoko erreserba naturala ere bisita dezakegu, ez bainaiz oraindik joan.

Euskal Herria, 2025. Ia egunero zapaltzen dudan lur hau, geroz eta ezezagunagoa egiten zait, batez ere neguan elurra egiten duenean, ez baitut aukerarik behin izan nintzen neskatoa putzuzulo batean bilatzeko. Inguratzen nauten etxe asko arrotzak zaizkit, eta nire oroimena oroimin bihurtzen da; eskerrak Torre Luzea edo Musika Plaza ikustean irribarreak ihes egiten didan. Hotz egiten du, eta gaur elurra egingo du.

Amaia Zaldua

2006/06/27

69.000 edublog munduan

Will Richardson irakasleak aipatzen du Joanne Jacobsen artikulu bat, The Knowledge Tree Goes Social, non esaten den gaur egun 69.000 edublog daudela munduan. Horrek esan nahi du beste horrenbeste irakasle ari direla blogak egiten irakaskuntzaren gainean. Bada zerbait.

2006/06/21

Gela multimedia prest dago



HUHEZIn Ikus-entzunezko komunikazioan diharduten ikasleek prest dute gela multimedia bat, erabat digitala eta material berriarekin hornitua. Gela horretan argazkigintza landuko da, edizio elektronikoa, multimedia produkzioa, bideo produkzioa eta audio produkzioa.

Gela ia amaituta dago, eta bertan ikasleek honako azpiegitura hauek aurkituko dituzte:

  • Lau gela, bideo ediziorako. Horietatik, bi bereizmen handikoak.
  • Estudio bat audioa lantzeko. Kontrol gela bat eta mintzalekua, dena 5.1 audio kalitatearekin.
  • Bost ordenagailu autoediziorako eta multimedia lanak egiteko.
  • Inprimagailu bat kalitate fotografiko gorenekoa, posterrak-eta egiteko.
  • Bi bideo kamera bereizmen handikoak (HDTV) eta bolante bat grabazio berezietarako.
  • Lau bideo kamera (Mini DV), erdi mailakoak.
  • Bi argazki kamera, bata profesionala eta bestea (12 MP) erdi profesionala (6 MP).
  • Bi ekipo argiztapenerako.
  • Lau mikro harigabeak.

Tx Multimedia enpresak lagundu du instalazioa egiten, eta Angel Katarain soinu ingeniaria arduratu da instalazioen audioa fintzen. Proiektuaren ikuskatze lanak, berriz, Mikel Usabiagak egin ditu. Ikasleak hasiak dira bertan edizio lanak-eta egiten.

2006/06/20

Play Tagger, probatu beharrekoa

del.icio.us zerbitzuak beste aplikazio bat atera du, Play Tagger, erabilgarria oso mp3 artxiboak erabiltzen dituenarentzat.

Badu bookmarklet bat, playTagger izenekoa, eta hori eramanez gero gogokoen barrara, hortxe geratuko da, harik eta aurkitzen duzun arte gustuko mp3 lotura bat. Orduan klik egin playTagger izen horri, eta webgune horretako loturan triangelu urdin bat agertuko da, justu URLren ezkerrean. Hor klik eginez gero, mp3 artxiboa entzun liteke zuzenean, edo, nahi izate aldera, del.icio.us-en gorde. Kasu horretan, del.icio.us-en ere agertuko da triangelu urdina, eta horri esker, del.icio.us-en bertan entzungo da mp3 artxiboa, joan beharrik barik blogera edo mp3 originala dagoen tokira.

Aurrekoan egin nuen aproba del.icio.us-en, nire kontuan. Primeran dabil.

2006/06/14

Atxaga, Larrañaga, Lertxundi eta Olasagasti, HUHEZIra irakasle

Datorren ikasturtean Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Eneko Olasagasti eta Jone Larrañaga HUHEZIn arituko dira, Ikus-entzunezko Komunikazioan. Mondragon Unibertsitatearen fakultateak, bestalde, hitzarmenak sinatu ditu EITBrekin eta beste hainbat komunikazio enpresarekin.

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea indartzen ari da Ikus-entzunezko Komunikazioa. Datorren ikasturtean, lau profesional ekarriko ditu fakultatera, goi mailakoak: Bernardo Atxaga idazleak zenbait irakurraldi egingo ditu, iruzkinez lagunduak. Anjel Lertxundik, bestalde, Fikzio gidoigintza ikasgaia emango du. Gogoan izan Anjel Lertxundik bi film luze eginak dituela (Hamaseigarrenean aidanez eta Kareletik), eta lanean diharduela ETBko hainbat serietan. Eneko Olasagastik, bestalde, Ikus-entzunezko ekoizpena eta errealizazioa irakatsiko du. Enekok ere hainbat film zuzendu ditu (besteak beste Sí, quiero eta Maité) eta baita telebistako serieak ere (Bi eta bat, Jaun eta jabe eta Martin). Jone Larrañagak, azkenik, Irratigintza emango du. Jone Euskaldunon Egunkarian ibilia da, Euskadi Irratian eta ETBn, eta Rikardo Arregi Kazetaritza saria irabazia du.

Hitzarmenak
Bestalde, HUHEZIk lan hitzarmenak sinatu ditu EITB taldearekin, eta beste enpresa hauekin: EKT (Berria egunkaria eta Hitzak argitaratzen ditu), Pausoka ekoiztetxea, Goiena Komunikazio taldea eta Proyección TV enpresarekin. Horietaz gain, bete hitzarmen batzuk sinatuko ditu beste hamabost enpresarekin, gehienak komunikazio arlokoak. Hitzarmen horiei esker, Ikus-entzunezko ikasleek praktikak egingo dituzte enpresa horietan eta berauek bisitatuko dituzte. Enpresa horietako profesionalak, bestalde, HUHEZIra etorriko dira beren esperientziak konpartitzera bertako ikasleekin.

2006/06/12

Nola atera etekin handiena Googleri

Google da bilatzaileetan errege, baina askotan ez diogu ateratzen behar besteko etekina bilatzaile bikain horri. Hona hemen zenbait trikimailu hori lortzeko, artikulu honetan hartuak:

Oinarrizko erabilera
  • Erabili aipu markak " " bilatzeko esaldi oso bat. Adibidez, "Bill Gates conference" idazten baduzu, Googlek itzuliko dizkizu zehatz-mehatz esaldi hori duten emaitzak.
  • Markatu hitz ezinbestekoak + zeinuarekin. Adibidez: +"bill gates" conference idatziz gero, bilatzaileak itzuliko ditu "bill gates" duten emaitza guztiak, baina ez derrigorrean conference dutenak.
  • Saihestu nahi ez dituzun hitzak – zeinua erabilita. Adibidez: apple -fruit idatziz gero, Googlek itzuliko dizu Apple enpresaren gaineko informazioa edo New York hiriari buruzko zenbait, baina sagar frutari buruz ezer ez.
Aholku orokorrak
  • site:http://www.mondragon.edu/ Horrek erakutsiko dizkizu bakarrik zer orri dauden domeinu horretan.
  • related:http://www.mondragon.edu/ Horrek erakutsiko dizkizu zer orrik duten zerikusia URL horrekin.
  • link:http://www.mondragon.edu/ Erakutsiko dizu zer webgunek egiten duten lotura Mondragon Unibertsitatearekin. Erabilgarria, oso, jakiteko webgune baten popularitatea.
  • define:hitza Adibidez, sartzen baduzu define:university Googlek hainbat definizio emango dizkizu, zer den unibertsitatea, ingelesez. Halaber, hainbat hitz eskainiko dizkizu goian, urdinez, testuinguru horretakoak, esate baterako, open university edo university college.
  • maps: lasterbide bat Google Maps-era joateko.
  • info:http://www.mondragon.edu/ Googlek erakutsiko du zer informazio duen webgune horren inguruan.
  • weather:bilbao Modu bizkorra jakiteko zer eguraldi iragarrita dagoen Bilbo alderako.

2006/06/09

Hutsegiterik handienak lana eskatzerakoan

Fer Martin kanariarrak artikulu interesgarri bat atera du bere blogean, eta hor azaltzen du zeintzuk diren, bere iritziz, hutsegiterik handienak lana eskatzeko orduan. Aintzat hartzekoa, enpresaz enpresa lan bila dabiltzanentzat.

2006/06/07

Web 2.0 fenomenoaren ifrentzua

Will Harris-ek beste modu batean ikusten du Web 2.0 fenomenoa. Artikulu honetan dioen moduan, Web 2.0 fenomenoak badu alde ilun bat: horren erruz —hainbeste komunitate, hainbeste etiketa, hainbeste joan-etorri— galdu egingo dugu pribatutasuna, eta enpresa handiek, zeinak erosten ari baitira Web 2.0ko enpresarik arrakastatsuenak, erabiliko dute informazio hori guztia beraiek nahi dutena merkaturatzeko.

Honela dio Will Harrisek artikuluaren hondarretan: “Beraz, Murdoch-ek dena daki MySapace-ren gainean. Yahoo-ko finantza guruak ere jakinaren gainean daude zer pentsatzen duzun, zer argazki egiten dituzun eta zer artikulu irakurtzen dituzun. Googleko morroiek ere badakite zeren bila ari zaren, eta ziur izan hori guztia nahi izango dutela lotu zure posta elektronikoarekin, egutegiarekin eta sarean erabiliko duzun edozerekin. Zenbat balio du informazio horrek guztiak?”.

Hala ere, Interneten gabiltzanez gero ez ote gara gure arrastoak etengabe uzten ari bisitatzen ditugun leku guztietan?

2006/06/05

HUHEZIko ikasle bat, pilota txapeldun 2. mailan

Joan den larunbatean Labrit pilotalekuan, Iruñean, Asier Berasaluze HUHEZIko ikasleak irabazi zuen txapela 2. mailako buruz burukoan, 22-21 irabazita Iker Arretxeri. Kronikek diotenez, Asierrek ohi baino min gutxiago egin zuen sakearekin, baina beste dohain batzuk erakutsi zituen. Partida nahasi samarra izan omen zen, baina emozioz betea, azken pilotakada arte. Titulu horri esker, Asier Berasaluzek eskubidea izango du datorren urtean lehen mailako buruz burukoa jokatzeko.

Asier Berasaluze Hezkuntza Fisikoa ikasten ari da, Irakasletza ikasketen barruan, eta aurten amaituko ditu ikasketak. Sarelariak taldeko kide ere badugu, Web 2.0 ikastaroa egiten ari baita. Zorionak, Asier!

2006/06/01

Web 2.0 Flickr

Gaur aztertuko dugu Web 2.0ko zerbitzurik entretenigarrietako bat, Flickr, webgune bat sortua argazkiak erakutsi, kudeatu eta partekatzeko. Halaber, blogari askok erabiltzen dute Flickr handik argazkiak kokatzeko bere blogetan.

Flickr zer den
Flickr marka dator flicker izenetik, eta horrek bi esangura ditu: argazkigintzan, zerbaitek ñir-ñir egiten duenean esaten zaio; bestetik, pizten dugunean pospolo bat, begiratzen badiogu aurrez aurre, suaren gainaldean dirdira bat sortzen da, horri deritzo flicker.

Flickr zerbitzua 2002an sortu zuen Ludicorp enpresak Vancouverren, Kanadan. Hasieran sareko joko bat izan behar zena, gero argazkiak partekatzeko webgune bihurtu zen, sekulako arrakastarekin, hainbestekoa, non 2005ean Yahook erosi baitzuen.

Zertarako Flickr
Flickr-ek aukera ematen du argazkiak munduko beste edozeinekin partekatzeko. Bertan izena ematerakoan, erabiltzaileak erabakitzen du Flickr-era igoko dituen argazkiak pribatuak izango diren (eta orduan berak eta berak erabakitzen dituenek soilik ikusiko dituzte) edo publikoak, mundu guztiak ikusteko moduan.

Flickr-ek ere, Web 2.0ko beste programa askok bezala, etiketak erabiltzen ditu argazkiak izendatzeko. Argazkiak zer gai duen edo bertan nor agertzen den aintzat hartuta, hitz gako bat edo beste idatz daiteke etiketan. Eman dezagun argazki batean agertzen dela Alberto Iñurrategi mendizale famatua oinez jendartean Bizkaiko ikastolen alde Ibilaldiaren egunean, Elorrion. Kasu horretan, argazki horri hitz gako hauek ipiniko dizkiogu etiketatzeko orduan: "iñurrategi ibilaldia_06 elorrio”. Horri esker, baten batek nahiko balu argazki hori bilatu Flickr-en, nahikoa luke hitz gako horietako bat idaztea argazki horretara iristeko.

Horrezaz gain, Flickr-ek aukera ematen du argazki sortak antolatzeko (sets deitzen diete ingelesez), gaiaren arabera moldatuak. Badu, gainera, aplikazio txiki bat zerbitzuaren barruan, zeina deitzen baita Organizr, eta balio du argazkiak antolatzeko, etiketak editatzeko, etab.

Interesgarria irakaskuntzarako
Horretarako, baina, komeni da Macromedia Flash Player instalatzea norberaren ordenagailuan, doako programa bat. Macromedia Flash Player horri esker, lana izugarri erraztuko zaigu Flickr-en lan egiteko orduan:
  • Argazkiak Flickr-era igotzea oso erraza izango da.
  • Argazkiak antolatzea ere ezin errazago egingo dugu.
  • Argazkiei oharrak egitea posible da, Sophie ikasle amerikarrak argazki honetan egin duen moduan, erakusteko Jane Goodall antropologoak zer material erabiltzen zuen txinpantzeak aztertzeko, Afrikan. Baliabide hori oso interesgarria izan daiteke eskoletan, ikasleek beraien ikasproiektuetan lantzeko. Hori egiteko, behin Macromedia Flash Player instalatuta dugunean, nahikoa da klik egitea gure argazki batean, eta, berau agertzen denean pantailan tamaina handian, klik egitea “add note” irudian, justu argazkiaren gainean, ezkerrean. Lauki bat agertuko zaigu argazkian, lerro etenekin eta lau ertzekin. Lauki hori batetik bestera mugitu ahal dugu, nahi dugun lekuan ezarri arte. Lauki horietatik tira eginez, gainera, aldatu ahal dugu laukiaren neurria, luzatuz edo txikituz. Guk nahi dugun tokian eta neurrian dagoenean, idatzi egingo dugu zerbait azpiko kutxan, eta bukatutakoan, gorde, “save” botoian klik eginda. Hor dugu ohar bat. Noski, hiru lau edo zortzi ohar idatz ditzakegun, argazkiarekin zer egin nahi dugun.
Beste hainbat aukera
Flickr-ek hileko 20MB ematen dizkio erabiltzaile bakoitzari, doan. Horregatik, komeni da Flickr-era igo aurretik argazkiak, tamainaz murriztea, bestela argazki multzo batekin beteko dugu kupoa. Hori gerta ez dadin, erabili Photoshop programa edo Xnview, azken hau software librearekin egina eta doakoa, eta hor murriztu argazkien tamaina Flikcr-era igo aurretik.

Flickr-ek aukera ematen dizu lagun sareak egiteko, programak berak “contacts” deitzen dituena. Gustukoak badituzu norbaiten argazkiak, klik egin “contacts” hitzaren gainean, goian, eta “invite” berban. Mezu bat idatzi pertsona horri, eta berak erantzuten badizu, zure sarean izango da.

Flickr-ek RSS eta Atom erabiltzen ditu. Horrek esan nahi du Bloglinestik harpidetza egin ahal duzula zenbait lagunen Flickr kontuetara, eta Bloglinestik jakin haiek noiz argitaratu duten argazki gehiago.

Hasi Flickr-en
Flickr erabiltzeko, lehenengo eta behin izena eman behar duzu, eta horretarako nahikoa duzu helbide elektroniko bat. Beraz, zure esperientzia primerakoa izan dadin, egin hau:
  1. Sartu Flickr-en, eta izena eman.
  2. Joan Macromediara, eta instalatu Macromedia Flash Player.
  3. Ez baduzu programarik argazkiak tratatzeko, joan XnView webgunera, jaitsi programa eta instalatu zure ordenagailuan.
  4. Atera zenbait argazki.
  5. Lotu argazki makina ordenagailura USB ahotik, eta ekarri hona ateratako argazkiak.
  6. Murriztu argazkien tamaina zure ordenagailuan eta karpeta berezi batean gorde.
  7. Joan Flickr-era, eta klik egin upload izenean. Joan igotzen argazkiak, multzoka.
  8. Izendatu argazkiak Flickr-en eta etiketak ipini.
  9. Argitaratu.
  10. Oharrak gehitu pare bat argazkiri, horretarako “add notes” aplikazio txikia erabilita.
Web 2.0 ikastaroaren gaineko artikulu guztiak
Aurtengoz, hemen bukatu da Web 2.0 ikastaroa. Hementxe dituzu ikastaro honen inguruan hemen argitaratutako artikulu guztiak:
  1. Web 2.0 ikastaroa
  2. Writely eta Web 2.0 ikastaroa
  3. Web 2.0 lehen eguna
  4. Sarelariak posta zerrenda
  5. Web 2.0 Blogak
  6. Web 2.0 CalendarHub
  7. Liburu interesgarria irakasleontzat
  8. Gora IKTeroak!
  9. Web 2.0 Bloglines
  10. Web 2.0 Netiketa eta del.icio.us
  11. Gure ikasle sarelariak
  12. Web 2.0 Pokastinak
  13. Web 2.0 Tagzania
  14. Aldaketak ikastaroan

2006/05/30

Aldaketak ikastaroan

Hasieran uste baino bi eskola egun gutxiago izango ditugu Web 2.0 ikastaroan. Horregatik, penaz eta dolorez, azken gonbidatu biak ez dira etorriko, Iban Arantzabal eta Luistxo Fernandez. Ibanena atzeratu egin zen, azken aldian gaixorik ibili delako, eta horrek berak, beste aldaketa bat eragin zidan ikastaroan: azkenean, sakrifikatu egin dugu Writely, eta pokastina sartu, ikasleek atseginez hartuko zutelakoan. Datorren ostegunean izango dugu, hortaz, azken eskola eguna, eta hor Flickr ikusiko dugu.

2006/05/29

Web 2.0 Tagzania

Tagzania Euskal Herriko enpresa batek sortu zuen, CodeSyntax, Eibarkoa, eta sekulako arrakasta izan du nazioartean. Ingelesez sortu zuen, baina gero eta hizkuntza gehiagotara ari dira itzultzen, itzulpenak tokian tokiko erabiltzaileek eginda, Tagzania software librean egina baita.


CodeSyntax map - Tagzania

Izena bera bikaina iruditzen zait, Tagzania, zeren, Tanzaniarekin duen antzekotasunagatik, lekuren bat adierazten du, baina aldi berean argi uzten du hasieratik Tag hori, izan ere, Tagzanian etiketak ezinbestekoak baitira. Horregatik, izen horrek ondo funtzionatuko du edozein hizkuntzatan, edozeinetan iradokitzen ditu-eta etiketak eta lekuak.

Zer da Tagzania?
Tagzania da zerbitzu bat zure gogoko mapak sailkatzeko etiketa bidez. Interneten dago, ez duzu ezer instalatu beharrik zure ordenagailuan, eta, gutxi-asko, del.icio.us programak bezala egiten du lan. del.icio.us-ekin gertatzen den moduan, zenbat eta jende gehiagok erabili Tagzania, lurralde partekatuak sortzen dira, zure eta nire gustuko tokiak baino harago, milaka eta milaka lagunen leku aukeratuak.

Tagzaniak beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu, zeren etiketa bidez jakin ahal duzu zein tokitan jokatuko diren Munduko Futbol Txapelketako partidak Alemanian. Edo Done Jakue Bidea egin ahala, utzi ahal dituzu zeure markak, nondik nora ibili zaren. Liluratuta zaudela Da Vinci Kodea liburuarekin, eta markatu nahi dituzula haren arrastoak Tagzanian? Hori ere egin ahal duzu, noski.

Hala ere, apalago ere has zaitezke. Zure etxea gorde ahal duzu, nondik nora ibili zaren oporretan, zure lantokia, zure herriko ermitak… zernahi leku gorde ahal dituzu Tagzanian.

Tagzaniak mapak egiten ditu?
Ez, Tagzaniak ez du maparik egiten. Aitzitik, harrapatu egiten ditu Google Maps edo beste mapa zerbitzuetan (Multimap, MSN Maps, Windows Live Local, Geo URL) aukeratzen dituzun mapak eta gorde, sailkatuta. Beraz, Tagzania erabili behar baduzu, ona izango da lehenik Google Maps edo beste horietako zerbitzuetan saltseatzea.

Nola egin lan Tagzaniarekin
Tagzania doako zerbitzua da, erabilerraza, eta ez da ordaindu behar. Hala ere, komeni da pausoak hurrenkera jakin batean egitea, hobeto ibiltzeko:
  1. Izena eman Tagzanian. Horretarako, klik egin “erregistratu” izenean, zerrenda beltzaren eskuin aldean, goian, eta bete bete beharrekoak.
  2. Ezarri bookmarklet bat zure nabigatzailearen barran, horrek izugarri lagunduko dizu-eta lan egiten Tagzaniarekin. Horretarako, joan hona, eta aukeratu zein nahi duzun ipini nabigatzailearen barran. Eman dezagun Google Maps asko erabiliko duzunez, horri dagokiona nahi duzula. Tagzai! Google Local izen urdinean egin klik eta eraman zure nabigatzailera, arrastratu, eta hantxe geratuko da. Gogoan izan Tagzania ondoen Firefox nabigatzailearekin dabilela. IE erabiliz gero, hainbat errore ematen ditu. Beraz, erabat gozatzeko Tagzaniarekin, instalatu Firefox.
  3. Ireki Google Maps. Eta bilatu nahi duzun tokia. Adibide bat. Idatzi goiko kutxatxoan “san mames, bilbao, spain” eta agertuko zaizu San Mames futbol zelaia. Eta konturatzen bazara, agertzen zaizuna hiru modutan ikusi ahal duzu: mapa moduan, satelitetik ateratako argazki bezala, edo bien arteko hibrido gisa. Egin proba eta klik egin maparen goi aldean dauden hiru kutxetan: mapa, satelitea eta hibridoa. Mapa bera zentratu ahal duzu, klik egiten baduzu mapan eta, atzamarra altxatu barik, mugitzen baduzu ezker-eskuin edo gora eta behera. Egin aproba. Beste kontu bat: nahi baduzu irudi hori bera gertuagotik ikusi, eman + zeinuari, irudiaren ezker aldean. Aitzitik, gura baduzu irudia urrundu, klik egin - zeinuan, bestearen azpian. Jolastu apur bat, zuk nahi duzun perspektiba lortu arte.
  4. Klik egin Tagzai! bookmarklet horretan, lehen zure nabigatzailera igo duzun horretan, eta Tagzaniak harrapatu egingo du zuk Google Mapsen aukeratu duzun mapa. Orain izenburu bat ipini behar diozu, iruzkin bat nahi izanez gero, eta etiketak. Hemen ere, gaiaren arabera, idatzi ahal dituzu etiketak euskaraz edo ingelesez; edo bietan: “futbola” eta “football”, adibidez. Bukatzen duzunean, gorde egindakoa, gorde botoian klik eginda.
Nola itsatsi mapa zure blogean
Nahi baduzu zuk gordetako mapa bat zure blogean itsatsi, Tagzaniak aukera ematen dizu hori dotore egiteko. Horretarako urrats hauek egin:
  1. Aukeratu zein mapa nahi duzun itsatsi zure blogean, eta klik egin maparen izenean.
  2. Klik egin maparen azpian dagoen barra grisean, xml irudi laranjen eskuinean, hor esaten du-eta: “itsatsi mapa hau zure blogean”.
  3. Kopiatu ezkerrean kutxa batean dagoen kode zati hori. Aukeratu dena, eta kopiatu.
  4. Aukeratu zer parametro izango dituen zure mapak, ezker aldeko kutxan. Lau aukera dituzu: mota, eskala, kontrolak eta tamaina. Hasi berria bazara, gomendatuko genizuke hasieran mota bakarrik erabakitzea (alegia, mapa moduan agertzea nahi duzun, argazki bezala, eta hibrido gisa). Hiruzpalau aldiz egindakoan, has zaitezke saltsa handiagotan.
  5. Pegatu kode hori zure mezuaren ondoan, zure blogak duen testu kutxan. Kasu horretan, Blogak.com erabiltzen baduzu, argitaratu aurretik klik egin HTML kutxatxoan, justu testu kutxaren azpian.
  6. Zure mapa zure blogean agertuko da, txukun-txukun.
Ikusi hemen zein txukun erabili duen Mikel Iturriak mapa, mezu bat hornitzeko. Gure esku dago beste horrenbeste egitea.

2006/05/23

Web 2.0 pokastinak

Joan den ostegunean Iban Arantzabal ez zen etorri, gaixorik zegoelako. Hori zela eta, bat-batean asmatu nuen eskola egun bat pokastinen gainean. Berez hasierako egitarauan ez genuen pokastinik sarturik, baina ikusita fenomeno hori gero eta indar handiagoa hartzen ari dela, erabaki nuen merezi zuela horren berri ematea gure sarelariei, eta horrela egin genuen.

Zer da pokastina?
Lehendabizi komeni da izena bera argitzea. Pokastin hitza ingelesetik dator, pod + casting bikotetik, eta esan nahi du irrati amateurra, jeneralean ordenagailuan egina eta RSS bidez zabaldua Interneten. Pokastinak entzun litezke iPod batean (hortik pod hitza) edo edozein mp3 jogailutan, nahiz ordenagailuetan. Euskaraz, berriz, pokastin hitza erabiltzen dut, Patxitraperok horrela izendatu zuelako berak euskaraz egin zuen lehen pokastin hura.

Halako indarra hartu du pokastinak —eta horrek zerikusia du Interneten banda zabalera handitzearekin—, halako indarra, diot, zeren New Oxford American Dictionaryk izendatu baitu 2005. urteko hitza. Eta nor dabil pokastina egiten? Jende arrunt asko, batzuk beren gustuko gauzen gainean hitz egiten, edo, besterik ez bada, gustuko musika kaleratzen. Beste batzuek, berriz, nahiago dute edukia landu, gai baten inguruan zenbaitetan, elkarrizketak eskainita edo grabazioak.

Gaur egun ikusten dugunean norbait kalean aurikular zuri batzuekin paseatzen, ez pentsatu derrigorrean Benito Lertxundi entzuten joango denik. Aitzitik, akaso entzungo du SER kateak iluntzean Ronaldinhori egindako elkarrizketa, Patxitraperoren azkena edo New Yorkeko eliza ebangeliko bateko abadearen igandeko sermoia. Auskalo. Eta hori guztia RSSri esker. Izan ere, pokastinek RSS eramaten dute, eta horiei esker jendea harpidetu egin daiteke iTunes, Odeo edo beste zerbitzuren bat erabilita.

Zer behar da pokastin bat egiteko?
Egia esan, gauza gutxi behar da pokastin bat egiteko: ordenagailu bat, mikro bat, programa bat grabazioak egiteko mp3 formatuan, toki bat zerbitzari batean artxiboa edukitzeko, eta zeresana. Bi programa aipatuko ditugu hemen, asko erabiltzen direnak pokastinak grabatzeko:
  • Audacity. Doakoa da, irekia eta erabilerraza editatzeko eta artxiboak nahasteko.
  • GarageBand. Applek doan ematen du erositako ordenagailu guztietan. Hori ere erabilerraza editatzeko. Musika zati mordoa dauka, libre erabiltzeko.
Odeo Studio
Goiko bi programa horiekin irratsaio birgero samarrak egin daitezke, efektuak-eta erabilita. Baina Odeo Studiok sortu berri du modu bat, oso erraza, oinarrizko pokastinak egiteko, bat ere programarik instalatu beharrik gabe, zeren eta grabazio estudioa sarean baitago.

Horren berri jakin bezain laster ni neu hasi naiz pokastinak egiten Odeo Studio erabilita, eta nahi baduzue proba egin honako urratsak egin behar dituzue:
  1. Lehendabizi, izena eman Odeo Studion.
  2. Bigarrenik, klik egin “record new audio” botoian. Grabazio estudiora eramango zaitu.
  3. Dena gertu duzunean, klik egin record botoian, eta hasi berba egiten.
  4. Bukatzen duzunean, klik egin “stop” botoian. Voilà, zure pokastina eginda dago.
  5. Gorde aurretik, entzun badaezpada klik eginez “play” botoian. Ez bazaude konforme, ezabatu grabatutakoa “clear audio” botoia sakatuta.
  6. Konforme bazaude grabatutakoarekin, gorde, klik eginda “save recording” botoian.
  7. Hurrengo orrian, izenburu bat eman pokastinari, idatzi azalpen bat zertaz doan pokastina, nahi baduzu erantsi zure argazkia, eta sakatu “save”. Zure grabazioa gordeta dago eta osatuta, baina oraindik ez da pokastina, ez baituzu argitaratu.
  8. Argitaratzeko, joan apur bat behera, eta “place in” jartzen duen tokian, aukeratu zure erabiltzaile izena. Ondoren, gorde. Orain bai, Odeok argitaratu du zure pokastina.
  9. Nahi baduzu egindako pokastina txertatu zure blogean, joan orrialdearen behealdera, “Put this audio on your web site” jartzen duen tokira, eta kopiatu horko kode zatia.
  10. Joan zure blogera, eta, zuk nahi duzun tokian, pegatu kode zati hori. Odeoren player horietako bat agertuko da zure artikuluarekin batera, eta hortxe bertan entzun ahal izango da zure pokastina. Nik horrela egin dut Faroan, arazo barik.
Kasu honetan, Odeok eskaintzen dizu grabazio estudioa eta zerbitzaria, pokastina Odeoren zerbitzarietan kokatuta baitago. Baina zuk ezarri ahal duzu zeure blogean. Edo, besterik gabe, jaitsi mp3 artxiboa zure ordenagailura, eta bertan gorde.

Orain zuri tokatzen zaizue proba egitea.

2006/05/22

Gure ikasle sarelariak



Hamabi ikasle ditugu Web 2.0 ikastaroan, denak Irakasle ikasketak egiten, baina hainbat espezialitatetan. Hainbat blog sortu dituzte Blogak.com plataforman, eta hor, taldeka edo bakarka, gustuko gaiak ari dira lantzen.

Hauek dira blogak:

2006/05/18

Aperitifa




Atzo HUHEZIn egin zen, zuzenean, Aperitifa irratsaioa, Garikoitz Udabek zuzendu eta Euskadi Irratiak eguerdietan ematen duena. Iaz izan genuen antzeko esperientzia bat, Arratsaldekoa hemen egin zenean, Literatura Astea zela eta. Hala ere, jendetzagatik, Garikoitzen estilo alaiagatik eta, akaso, irratsaioaren beraren izaeragatik, atzokoak giro berezia sortu zuen.

Mahaian, Garikoitz Udabe aurkezten; Asier Odriozola eta Estitxu Fernandez telebista aurkezleak gonbidatu gisa; Makala DJ musika ipintzen; eta teknikari lanetan Mikel Aldama. Behean, berriz, Maider Jauregi bekaduna, ikasleen iritziak jasotzen.

Ia ordubeteko saioa egin genuen, baina konturatu barik joan zitzaigun, irratsaioak martxa izugarria izan zuen-eta. Gonbidatuek serio eta egoki erantzun zituzten ikasleen galderak, inoiz umorea galdu barik. Irratsaio berezia izan zen, ikusgarria, eta gozagarria.

2006/05/11

Web 2.0 Netiketa eta del.icio.us

Gaurko ikasgaia hasi aurretik, ohar bat egin nahi dizuet sarelariei. Konturatu naiz idazterakoan hainbat akats ortografiko egiten dituzuela, nabarmenak. Eta hori da blogean bertan idazten duzuelako, zuzenean. Hori konpontzeko, hiru gomendio:

  1. Ohitura hartu zuen testu prozesadorean idazteko, hor aukera izango duzue-eta Xuxen erabili eta testuak zuzentzeko. Behin hori eginda, kopiatu eta pegatu blogean.
  2. Argitaratu aurretik, beti aurreikusi artikulua edo erantzuna. Eta irakurri. Hori da momentua ikusteko idatzitakoa ondo dagoen, eta egiaztatzeko loturak ondo dabiltzan. Ikusiz gero zerbait aldatu behar dela, hortxe duzue aukera. Konforme zaudetenean, orduan argitaratu.
  3. Sortu karpeta bat eta bertan gorde artikuluak, blogean argitaratzen dituzuenak. Komeni da idazten duzuen guztia gordetzea. Nork jakin, halako batean bildu nahi izango dituzue artikuluok edozer gauzatarako.

Etiketa sarean
Jabi Zabalak oso ondo azaldu duen legez, “Internet plaza bat da, ordenagailu sare hutsa baino, giza sare bat”. Horregatik, ezinbestekoa da Interneten ere gizalegez portatzea, gure jarduerak inor ez mintzeko. Horretarako asmatu da netiketa, hau da, jendetasun arau sorta bat sarean ibiltzeko.

Gaur batez ere posta elektronikoa erabiltzerakoan zaindu beharreko arauak ikusiko ditugu, sareko baliabideetan gaur egun posta elektronikoa erabiltzen baitugu gehien. Eta horretarako oinarrituko gara Virginia Shea-k idatzitako Netiquette liburuan, zeina Jabi Zabalak aipatu baitzuen lehen ekarritako artikuluan, eta baita Robin Williams adituaren Cool Mac Apps liburuan, aurretik nik aipatua Faroan.

1. Baimena eskatu, inor gehitu aurretik posta zerrenda batean. Talde bat antolatzen baduzu zeure mezuak bidaltzeko, egokiena duzu aurrez galdetzea taldean sartu nahi dituzunak. Zuk uste baino jende gehiagok ez du nahi horrelako zerrendetan egotea. Horregatik, baten batek ezetz esaten badizu, ez gaizki hartu. Halaber, zaindu zure posta helbidea eta ez eman edonori. Bestela, spam edo eskatu gabeko mezu zaparrada bat jaso ahal duzu horren ondorioz.

2. Zaindu bidaltzen dituzun artxibo atxikien neurria. ADSLrik ez duen bati bidaltzen badiozu mega bateko argazki bat, sekulako faena egingo diozu, denbora mordoa beharko du-eta artibo hori jaisteko. Argazki bat bidali behar baduzu, aurrez egokitu (horrek esan nahi du programa bat erabili beharko duzula argazkiak tratatzekoa, berauen tamaina jaisteko) sarera bidali aurretik.

3. RTF formatu unibertsala erabili testu dokumentuak bidaltzeko, baldin eta testu hori atxikita igorri behar baldin baduzu. .doc atzizkia duten dokumentuak Word-ek bakarrik ireki ahal ditu. RTF atzizkia dutenak, berriz, testu prozesadore ia guztiekin ireki daitezke. Aintzat hartu Word erabiltzen ez dutenak ere.

4. Identifikatu dokumentu atxikiak. Bidaltzen diozunean baten bati dokumentu bat atxikita, esaiozu zer nolako dokumentua den, hartzaileak jakin dezan zer programa beharko duen dokumentua irekitzeko. “Josune, honekin batera dokumentu bat bidaltzen dizut RTF formatuan. Beraz, ez duzu oztoporik izango Wordekin irekitzeko”.

5. Ez idatzi LETRA LARRIZ. Maiuskulaz idaztea ez dago bat ere ondo ikusia Interneten, adierazten baitu garrasika zabiltzala.

6. Ez iraindu inor sarean. Eta, are gutxiago, ez ezkutatu anonimatoan beste inor iraintzeko. Salaketaren bat egiten baduzu inoren kontra, saiatu berau frogatzen, eta, beti, sinatu artikulu hori.

7. Garbitu mezuen zerrenda amaigabeak. Atzera eragiten dute mezu horiek, non goialdea dozenaka (edo ehunka) izen eta helbiderekin datorren. Horrelako bat jasota erabakitzen baduzu beste norbaiti bidaltzea, aurretik, mesedez, kenduiozu zabor hori guztia, mezua jasotzen duenak erraz irakur dezan han zer esaten den.

8. Ezkutatu taldeetako helbideak. Bidaltzen diozunean mezu bat talde bati, ari zara mezu horretako irakurle bakoitzari agerian ipintzen taldeko guztien helbide elektronikoak, eta hori jende askori ez zaio bat ere gustatzen.

9. Pertsonalizatu mezua. Inoiz erabakitzen baduzu lagun bati bidaltzea mezu bat, zabor hutsa, baina zuri gustatu zaizuna, ondo legoke ohartxo bat idaztea: “Aupa, Ander. Pentsatu dut barre apur bat egingo zenukeela hau ikusita”.

10. Ez sinestu hortik zehar dabiltzan gezurrak. Jasotzen duzunean izuak eragindako mezu apokaliptiko horietako bat, non ohartarazten zaituen halako birus ikaragarritik, kontuz ibili, seguruenik gezur hutsa izango da-eta, ingelesez hoax deitzen den horietakoa.

Sailkatze zerbitzuak eta del.icio.us
Sarean gero eta gauza gutxiago egiten dira bakarka, eta gero eta gehiago elkarlanean. Will Richardsonek dioenez, “aldaketarik handiena Internetekin dugun harremanetan ez da aukera ematen digula argitaratzeko, baizik eta aukera eskaintzen digula partekatzeko, konektatzeko eta sortzeko, gure antzeko interesak dituzten beste batzuekin batera”.

Erreminta berri horiei esker (blogak, agregatzaileak, RSS, del.icio.us, Flickr…) eraiki ditzakegu sare konplexuak eta baliabidez beteak, non aurkitu ahal ditugun askoz ere informazio gehiago, eredu gehiago eta ikasteko gehiago.

Berriz ere aipatuko dugu infoxikazioa, edo bestela esanda, informazio betekada. Izan ere, 10.000 milioi orri baino gehiago daude argitaratuta sarean, eta urtero milioika gehiago gehitzen dira. Zenbait jende ikaratuta dago, ez baitu modurik ikusten hori guztia asimilatzeko.

Etiketak
Baina iritsi dira etiketak. Ingelesez tags esaten zaie eta dira hitz batzuk, guk asmatuak, balio dutenak guk gordetako irakurgaiak sailkatzeko. Bi adibide.

Eman dezagun irakurri dugula artikulu bat sarean Asier Berasaluze pilotariak irabazitako azken partidari buruz, eta gorde nahi dugula, Asier gure ikasletako bat delako, besteak beste. Gordetzeko orduan, hitz giltzarri batzuk aukeratuko ditugu etiketa moduan, adibidez “pilota”, “Berasaluze”, “txapelketa_2006”. Bide batez esanda, idatzi nahi duzun etiketa hitz konposatua baldin bada, hitz bien artean idatzi azpiko marra bat, goian egin dugun bezala.

Jo dezagun artikulu bat irakurri dugula, interesgarria, Flickr programaren inguruan. Gordetzerakoan, hitz hauek aukera ditzakegu artikulua sailkatzeko: “Flickr”, “photos” “web2.0”. Hau da, zenbait kasutan, gaia nolakoa den, komeni dakiguke etiketak ingelesez erabiltzea, horrela gaia konpartikuko baitugu milaka eta milaka lagunekin hortik zehar. Hori baliagarria izan daiteke batez ere gai bat landu behar dugunean, esate baterako Web 2.0 fenomenoa, horren inguruan batik bat ingelesez idatzi delako.

del.icio.us
Etiketekin batera, iritsi da del.icio.us, programa bat uzten diguna guk irakurritakoak gordetzea, sailkatzea eta partekatzea mundu osoarekin, hori guztia etiketak erabilita.

Bloglinesi esker, beste batzuek idatzitakoa partekatzen dugu. del.icio.us honen bidez, ostera, partekatzen dugu besteek, eta guk, irakurritakoa.

del.icio.us programan, etiketak ezinbestekoak dira, zeren bilaketa guztiak etiketen bidez egiten baitira. Programak ba du ataltxo bat iruzkinak idazteko, baina horiek nork berarentzat idazten ditu. Etiketak, berriz, nahi eta nahi ez idatzi behar dira, gordetako irakurgaia etiketen bidez lotuko baita beste irakurgai batzuekin. Nahi baduzu jakin beste batzuek zer gorde duten etiketa berarekin, idatzi goiko URLan: http://del.ico.us/tag/zukaukeratutako etiketa

del.icio.us erraza da erabiltzen. Izena emateko ere, nahikoa da erabiltzaile izen bat sartzea, norberaren izena (edo asmatutako bat), eta pasahitz bat. Hori eginda, kito. Barruan zaude.

Baina del.icio.us-ek aukera ematen digu, gainera, jakiteko gure lagunek zer irakurtzen duten. Horretarako, del.icio.us-en bertan, “Network” aukeratu, eta joan sartzen gure lagunen erabiltzaile izenak. Hortik aurrera, jakingo dugu zer irakurtzen duen Urliak, zer Sandiak eta zer Berendiak. Hori da beste modu bat, zoragarria, irakurgaiak partekatzeko. Zeren ikusten badugu Sandiak edo Mikelek oso artikulu interesgarri bat harrapatu dutela, hortxe bertan daukat aukera artikulu hori neure egiteko, “edit” hitzaren ondoan “subscribe” agertzen baita, letra txikitan. Klik egin hor, eta neure bilduman dago jada.

Laburbilduz, del.icio.us-ek hainbat modu eskaintzen digu irakurgaiak partekatzeko:

  1. Guk irakurritakoak sailkatuta. Artikulu bat irakurtzen dugunean, interesgarria iritziz gero, gorde del.icio.us-en eta etiketak ipini, beste batzuek ere aurki dezaten.
  2. Etiketak erabilita. Lan bat egin behar badut Google bilatzailearen gainean, “Google” izeneko etiketan klik egin, edo bestela idatzi URLan http://del.ico.us/tag/google, eta hor agertuko zaizkit del.icio.us-en etiketa horrekin gordeta dauden irakurgai guztiak; gehienak ingelesez, eta gainerakoak beste hizkuntza batzuetan.
  3. Lagunen irakurgaien jarraipena eginda. Network bat sortu, sare bat, eta hor jarraitu haiek zer irakurtzen ari diren. Lagunak izan daitezke, edo norberak interesgarritzat jotzen dituen pertsonak.

Bloglines eta del.icio.us
Bada beste modu bat del.icio.us-en jarraipena egiteko eta da Bloglines-en bidez. Nik, adibidez, orain arte bide hori erabili dut jakiteko Luistxok, Garik eta beste batzuek zer irakurtzen duten. Kopiatu haien URLa, pegatu Bloglinesen, agindu horri harpidetzeko helbide horretara, eta karpeta bat izendatu.

Eta orain, ekin lanari: kontu bat sortuko dugu del.cio.us-en, hainbat irakurgai aukeratu, etiketak eman eta gorde. Network bat ere sortuko dugu, jakiteko gure lagunek zer irakurtzen duten. Probatuko dugu nola bilatu gai baten inguruan. Eta sortuko dugu karpeta bat Bloglines-en zenbait jenderen del.icio.us irakurgaiak harrapatzeko.

2006/05/10

Nekane Arratibel, HUHEZIko dekano berria



Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Errektore Kontseiluak Nekane Arratibel aukeratu du Jose Antonio Mendikute oraingo dekanoa ordezkatzeko, honek uztailaren amaieran hartuko baitu erretiroa. Nekane Arratibel Lazkaon jaio zen, Gipuzkoan, orain 38 urte, eta Antzuolan bizi da orain, ezkonduta eta 7 urteko seme batekin.

Psikologia ikasi zuen EHUn, eta bertan egin zuen doktore tesia ere, "Helduen euskalduntzean eragiten duten faktore psikosozialak: motibazioaren rola". 2000ko urrian hasi zen HUHEZIn irakasle lanetan. Aurten irakatsi du Gizarte Psikologia, Garapen Psikologikoa eskola adinean eta Helduen irakaskuntza. Psikopedagogiako koordinatzailea izan da, Hizkuntzen departamenduko buru eta 3. zikloko eta ikerkuntzako arduraduna.

Ikasturte hau amaitu bitartean, Nekane Arratibelek orpoz orpo egingo du lan Jose Antonio Mendikuterekin, karguaren gorabeherez jabetzeko.

2006/05/08

Wikiaren indarra: Londresko leherketak

Begira nola dabilen Wikipedia, sareko entziklopedia hori, non hiritarrek idazten duten musu truke, bata bestearen lana osatzen. 2005eko uztailaren 7an hainbat bonba lehertu ziren Londresko metroan, lau estaziotan zehatzago esanda.

Will Richardson irakasleak kontatzen duenez eSchoolNews blogean: goizeko 10:00etan Morwen izeneko neska batek idatzi zuen lehen informazioa. Hamar minutu geroago, beste batek, informazioa jaso ahala, hainbat aldaketa egin zituen. Bederatzi minutu geroago, norbaitek loturak gehitu zituen, external links, mezu honekin: “Inork ez daki ze ostia gertatzen ari den”.

Minutu bat geroago, baten batek ezabatu egin zuen hitz gordina. Bi minutu geroago, norbaitek erantsi zuen aurkibide bat, eta beste batek editatu. Zortzi minuturen bueltan, 10:18 eta 10:26 artean, 52 aldiz editatu zen albistea. Hurrengo orduan beste 46 aldaketa egin ziren, beti ere informazioa osatzen, eta albistea hazi egin zen 650 hitz izan arte.

Egun eta erdi geroago, artikulua 2.500 aldiz editatu zen, eta 3.500 hitz zituen. Seguruenik ehunka lagunek hartu zuten parte lan horretan. “Artikuluak eskaintzen duen nformazio kopurua itzela da” dio Will Richardsonek, “eta esango nuke hor agertzen den informazioa dela edozein hedabide handik emandakoa bezain zehatza”.

Hor ikusten da, garbi, wikiak zer indar duen, eta zenbateraino eragiten duen sareko elkarlanean, denon onerako.

2006/05/04

Web 2.0 Bloglines

Egun on, denoi. Poliki-poliki bagoaz aurrera. Sortu dugu posta zerrenda bat gure artean informazioa bizkortzeko, moldatu dugu blog bat, eta bertan hainbat mezu landu ditugu, loturak-eta eginez, eta egin dugu egutegi bat. Gaur, berriz, kontu bat sortuko dugu Bloglines agregatzailean, eta hasiko gara gure intereseko informazio iturriak hor sartzen, sailkatuta. Baina goazen pausoka.

Hazkunde ikusgarria
Blogak ugaltzen ari dira perretxikoak bezain bizkor, edo bizkorrago. Orain dela gutxi, Technoratik, sarean dagoen blog bilatzailerik ezagunenak, Technoratik zenbatu zituen 30,4 milioi blog, baina kontua da bost hilabetez behin blog kopurua bikoiztu egiten dela. Horrek esan nahi du blogosfera bost aldiz bikoiztu dela azken hiru urteotan. Edo, beste modu batean esanda, blogosfera da, gaur egun, 30 aldiz handiagoa orain hiru urte baino. Kontuan hartuta blogak 1999an sortu zirela masa fenomeno moduan, Blogger eta Pitas plataformak agertu zirenean, berauetan erraz eta doan egin baitzitekeen blog bat, hazkunde hori ikusgarria da.

Beste horrenbeste gertatzen ari da euskal blogosferan, batez ere Blogari.net Blogak.com eta Mundua.com plataformak sortu direnetik, nahiz eta gure artean hazkundea ez den hain ikusgarria.

Infoxikazioa
Hazkunde horrek eragin lezake, eta eragiten du, informazio pozoinketa bat, edo sarean izendatzen zaion moduan, infoxikazioa, hartzailea ez delako gai informazio desmasia hori ulertu eta bereganatzeko. Betekada ere erabil genezake pozoinketa modu hori ere izendatzeko.

Zenbait adituren iritziz, Cornellá kasu, tresna berriak behar ditugu, lagunduko digutenak kudeatzen informazio olde hori eta saihesten larrimina, informazio desmasiak gugan eragina.

Agregatzaileak
Testuinguru horretan sortu ziren lehen agregatzaileak. Agregatzaile batek biltzen ditu albisteen izenburuak edo historiak RSS edo Atom formatuan eskainiak, eta horrela irakurleak ez du zertan kontsultatu banan-banan orrialde bakoitzak eskaintzen dituen berriak. Agregatzaileak zentralizatu egiten du informazio guztia kontsulta leku bakar batean.

Agregatzailetan erabiliena Bloglines da. Euskaraz, berriz, Aurki.com dugu horietako bat, nahiz eta beste ezaugarri batzuk ere badituen.

Bloglines
Mark Fletcher-ek sortu zuen 2003an, eta bi urte geroago saldu egin zion Ask Jeeves enpresari. Doakoa da eta erabiltzen da albisteak sortu, partekatu eta berauetara harpidetzeko edo, horrela nahi izanez gero, baita blogak sortzeko ere. Plazaratu eta berehala, arrakasta izugarria izan zuen.

Bloglinesek hainbat aukera eskaintzen digu:
  • Harpidetu. Zerbitzu honekin harpidetu gaitezke gure gustuko blog, posta zerrenda, del.icio.us kontu edo webgunetan. Hasiera honetan, guk aukera hau erabiliko dugu gehien.
  • Partekatu. Honi esker partekatu ahal ditugu geure informazio iturririk gogokoenak gure lagunekin edo lankideekin.
  • Bilatu. Blog guztien artean, sarean edo norberaren harpidetzen artean bila dezakegu. Horrezaz gain, behin erabiltzaileak kontu bat sortu duenean, programak perfil moduko bat sortzen du (aintzat hartuta kontu horrek zer hizkuntza eta gai aukeratzen dituen), eta noizbehinka proposamenak egingo ditu antzeko informazio iturriak eskainita.
  • Argitaratu. Blog bat egin nahi izanez gero, Bloglinesek aukera hori eskaintzen du.

Beste modu bat irakurtzeko
Bloglines zerbitzuari esker, beste modu batean irakurri ahal dugu sarean. Goizeko lehen orduan pizten dugunean ordenagailua, Bloglines aukeratu eta hortxe ditugu geuk aukeratutako informazio iturri guztiak, karpetatan antolatuta.
  • Bizkorrago. Bloglinesi esker askoz ere bizkorrago irakurriko ditugu albisteak, klik egingo dugu-eta benetan interesatzen zaizkigunetan. Besteetan, izenburua gainbegiratu, akaso sarrera ere bai, baina sartu ere ez gara egingo.
  • Gehiago. Sistema horrekin askoz ere albiste gehiago gainbegiratuko ditugu, ito beharrik barik. Denbora berean, albiste iturri gehiago.
  • Lasaiago. Bloglinesi esker gutxiagotan sartuko gara blogetan, bakarrik gure intereseko zerbait aurkitzen dugunean.
Egunaren hasieran begiratzen badugu Bloglines, egunaren bukaeran ere beste begirada bat egin ahal diogu. Orduan leitzeko aukera izango dugu goizetik irakurri gabe ditugun albisteak.

Ekin lanari!
Behin azalpenak emanda, goazen praktikan jartzera hemen esandakoak. Horretarako, urratsa hauek egingo ditugu:
  1. Sortu kontu bat Bloglinesen.
  2. Sortu karpeta pare bat bertan.
  3. Harpidetzak egin.
  4. Irakurri harpidetutako iturrietatik.
  5. Bidali lagun bati albiste baten berri.