2005/09/29

Globalizazioa eta Autoeraketa

Joan den asteartean "Globalizazioa eta Autoeraketa" liburua aurkeztu zen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean, HUHEZIn. Liburua elkarlanean egin dute unibertsitate publikoaren (EHU) eta unibertsitate kooperatiboaren (MU) artean, zehazki, Lanki eta Gezki institutuek.

Liburuaren egileak
Liburuak gogoeta zabala egiten du globalizazioaren inguruan, eta ekarpen berria egiten du autoeraketaren inguruan, atal horretan kooperatibismoa hartzen baitu kontuan. Lau irakaslek idatzi dute lana, euskaraz:
  • Mikel Zurbano. EHUko ekonomia irakaslea, eta Gezkiko partaidea.
  • Antxon Mendizabal. EHUko ekonomia irakaslea eta Gezkiko partaidea.
  • Jon Sarasua. HUHEZIko pentsamendu irakaslea eta Lankiko partaidea.
  • Ainara Udaondo. HUHEZIko irakaslea eta Lankiko partaidea.

Mamia
Liburuak bi atal nagusi ditu, eta bakoitzak globalizazioaren hainbat arlo aztertzen ditu.

Lehen atala
  • Pentsamendu sozioekonomikoa
  • Globalizazioa
  • Munduko ekonomiia gaur egun
  • II Mundu Gerraren ondoko eredu sozioekonomikoak
  • Oinarriak eredu berrirako

Bigarren atala
  • Autoeraketa
  • Lau ideia autoeraketa gaur egun kokatzeko
  • Autoeraketa ekonomikoaren potentziala eta mugak

Horrekin guztiarekin, egileek gogoeta eta eztabaidarako marko bat eskaini nahi diote unibertsitate irakurleari, berarengan pentsaturik idatzi baitute liburua.


2005/09/28

Komunikazioa helburu




Iritsi dira gazteenak, Ikus-entzunezko komunikazioa ikastera etorriak. 38 dira guztira, eta dagoeneko hasi dira eskolatan. Guk astelehenean atera genien argazkia, lehen eskola egunean, artean lur hartu gabe zeudela.

Lau urte dituzte aurrean, bi ziklotan banatuta, eta helburu bat: komunikatzaile bihurtzea. Ilusiorik, behintzat, ez zaie falta. Eta guri ere ez. Ongi etorri!

2005/09/27

Euskal Jakintza

Jakintza Ikastolako zenbait ikaslek eta irakaslek, zehazki DBHO 2koak, blog bat sortu berri dute, Euskal Jakintza, eta hor hasi dira beraien gauzak plazaratzen, denetik apur bat: liburuak, komikiak, albisteak… Oso itxura ona du Euskal Jakintzak.

Nor Gara atalean garbi adierazi dute zer helbururekin sortu duten bloga:
Gure asmoa euskara ahalik eta gehien erabiltzea izango da, bai ahoz baita idatziz ere. Gauzak horrela, ideia ona iruditu zaigu hizkuntzaren erabilerarako oinarri gisa blog hau erabiltzea! Euskara eta teknologia berriak bikote ederra osa dezaketela pentsatzen dugu eta ideia hori aurrera eramateari ekin nahi diogu.

Helburu horietan lagungarri, hainbat baliabide ipini dituzte blogaren eskuineko zutabea, jendeak erabil ditzan kontsultak-eta egiteko, hala nola hiztegiak, EGA ariketak eta azterketak, hautaprobak, hizkuntza jokoak, kritikak, informazioa euskal idazleei buruz, etab.

HUHEZIko Giza Zientzia departamendutik agurrik beroena Euskal Jakintzako taldeari, eta zorionak, egin duen blog ederrarengatik.

2005/09/25

Writely

Writely
Gaur Writely aurkitu dut, programa bat testuak idazteko, Word eta TextEdit bezalakoa, baina Writely ez dago nire ordenagailuan, baizik eta sarean. Artikulu hau berau Writelyn idatzi dut osorik, eta gero zuzenean argitaratu blog honetan.

Harrituta geratu naiz zein erraza den berau erabiltzea. Artikulu hau hemen argitaratzeko, pauso hauek eman ditut:

  • Writely horren webgunera joan.
  • Izena eman.
  • Erantzun postara etorri zaidan mezuari, baieztatzeko nik eman dudala izena.
  • Idatzi artikulua.
  • Zuzenean argitaratu Writelytik Gizakomera.

Hori guztia egiteko ezin izan dut Safari erabili, oraingoz Writely ez baitabil nire eguneroko nabigatzailearekin. Firefox erabilita, ordea, dena bikain joan da.

Primeran elkarlanerako
Writelyk badu ezaugarri bat oso garrantzizkoa: aukera ematen du hainbat lagunek lan egin dezaten dokumentu berean. Beraz, taldeetan oso erabilgarria izan daiteke. Nik dagoeneko sortu dut horrelako dokumentu bat, eta bi laguni bidali diet, dokumentua osa dezaten.

Writely, gainera, erabilerraza da, oso, erabiltzeko. Itxura garbia du, ulerterraza, eta malgua. Oraingoz musutruk erabil daiteke, ezer ordaindu barik, gutxienez beta moduan dabilenean, hau da, proba gisa. Gero beharbada hasiko dira zerbait kobratzen, zenbat erabiltzen den.

Bukatzeko, gomendio bat: ahal baduzue, probatu.

2005/09/21

Jainkoa ere, pokastinean

Elizak beti erakutsi du begi ona teknologia berriak bereganatzeko. 1931n Eliza Katolikoak Vatikano Irratia sortu zuen, zeinak gaur egun zabaltzen baitu bere mezua 34 hizkuntzatan. Eliza Ebangelikoak, bestalde, irratia bai, baina telebista landu du bereziki, AEBetan. Gaur egun, berriz, Ipar Ameriketan 500etik gora elizak hedatzen dute beren mezua pokastina erabiliz.

The New York Times egunkariak azaltzen du nola ari den zabaltzen pokastina AEBetako elizen artean, parrokia txikietan zein handietan. Kristau batzuek gimnasioan entzungo dute beren abadearen igandeko sermoia, edo paseatzen ari direla, edo automobilean, lanera bidean. Ulertzekoa denez, abade gazteak ari dira pokastina egiten.

Zer da, baina, pokastina? Pokastina Adam Curryk ezagutarazi zuen 2004an, eta beronen bidez edozeinek —afizionatua izan, nahiz irrati profesionala— sortu ahal ditu audio artxiboak, irratsaio baten tankerakoak, jendea harpidetu dadin eta entzun ditzan ordenagailuan eta edozein mp3 musika jogailutan (ez derrigorrean ipotx batean), nahi duen unean eta tokian.

2005/09/20

MUren ikasturte hasiera, luzeegia

Atzo ikasturte hasiera ofiziala egin zuen Mondragon Unibertsitateak Oñatin, Santa Ana aretoan. Eta hantxe izan ginen, agintariez eta kazetariez gain, hiru fakultateetako irakasle dezente. Eguraldia, primerakoa; aretoa, egokia; eta ekitaldia, luzea. Horrelakoxeak izan ziren goizeko ordu horiek.

Eguraldiarekin eta aretoarekin, beraz, aitzakiarik ez. Baina ekitaldiaz esango nuke gauzaren bat edo beste. Adibidez, gure agintariek hobeto komunikatu beharko luketela, ez baitago zertan bihurtu ikasturte hasiera adreilu jasangaitz eta aspergarri.

Mahaian zortzi lagun egon ziren, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria tartean. Horietatik, baina, bost lagunek hitz egin zuten. Eta horietaz gain, seigarren batek ere egin zuen berba, ekitaldiari zegokion ikasgai magistrala emateko. Ikasgai magistrala eta MUko lehendakariaren txostena luzeak izan ziren, batez ere lehena. Gainerakoak, luze ibili ez baziren ere, ez zuten giroa larregi arindu.

Nire iritziz, hiru lagunek hitz eginda, nahikoa litzateke: ikasgai magistrala eman behar duenak, errektoreak, eta lehendakariak. Eta, hala ere, inor ez litzateke iritsi behar 40 minutura, atzokoan gertatu zen bezala.

2005/09/19

Blog bilatzaileak

Ugaltzen ari dira blogak, egunero milaka. Nola, orduan, egin horien jarraipena? Gero eta tresna egokiagoak sortzen ari dira kudeatzeko blogetan zer informazio agertzen den, tartean burua galdu barik. Horietako azkena Google enpresak atera berri du: Google Blog Search.

Google Blog Search
Beta moduan kaleratu da Google Blog Search, hau da, oraindik probatan dago, eta izan dezake zer hobeturik. Hala ere, dagoeneko erabil daiteke. Sartu gai bat bilatzailean, edo pertsona baten izena, eta blogosferan ezer argitaratu bada hitz horren inguruan, hor agertuko da. Guk Fagor hitza idatzi dugu, eta hauxe agertu zaigu emaitzetan. Baita HUHEZI ere.

Bilaketa modu sinplean egin daiteke hor, bilatu nahi den hitza idatzita, edo bilaketa aurreratua, klik eginez Advanced search loturan, Google izenaren eskuin aldean.

Technorati
Technorati ere blog bilatzaile bat da. 2005eko irailean bilatzaile horrek indexaturik zituen 17 milioi blog. Beraz, informazio iturri baliotsua da, oso, informazioa bilatu nahi izanez gero blogosferan. Search botoian klik eginez gero, sartu adibidez Tagzania hitza, eta orri oso hau emango digu CodeSyntax enpresa euskaldunak eginiko programari buruz.

Beste bilatzaileak
Badira beste blog bilatzaileak hortik zehar. Hona hemen zenbait:
Feedster.
Bloglines.
Blogger.

2005/09/16

Hogei blogari Eibar.org blog komunitatean

Euskal Herrian Eibar.org taldeak sortu zuen lehen blog komunitatea, uztailean urtebete. Gero etorriko ziren Goiena.net eta DV, besteak beste. Baina eibartarrak izan ziren lehenak.

Iazko uztailean, ikastaro bat antolatu zuten Eibarren, eta haren ondorioz abiatu zen blog komunitatea. Urtebete geroago, 20 blogarik osatzen dute Eibar.org blog komunitatea, denak euskaradunak, eta zein baino zein hobea. Zorionik beroenak!

2005/09/15

Datorren astean hasiko dira ikasleak

Datorren astelehenean hasiko dira eskolak HUHEZI fakultatearen ia karrera gehienetan. Gizan Zientzietan behintzat, bai. Ikus-entzunezko karreran, berriz, aurten estreinatuko baita, astebete geroago hasiko dira.

Giza Zientziak
Irailaren 19an hasiko dira Giza Zientzietako ikasle guztiak, betiko moduan, arratsaldez. Eta aurkezpen orduak hauek izango dira:
  • 15:00 – Enpresarako Giza Zientziak. 4. maila.
  • 15:45 – Enpresarako Giza Zientziak. 3. maila.
  • 16:30 – Enpresarako Giza Zientziak eta Informaziorako eta Komunikaziorako Giza Zientziak. 2. maila.
Ikus-entzunezko Komunikazioa
Karrera berriko ikasleak, berriz, hurrengo astelehenean hasiko dira, alegia, irailaren 26an.
  • 14:30 - Ikus-entzunezko Komunikazioa. 1. maila.
Ikasturte hasiera MUn
Mondragon Unibertsitateak ere irailaren 19an egingo du ikasturte berriaren hasiera ekitaldia. Oñatin izango da, Santa Ana aretoan, goizeko 11:30ean. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ere hantxe izango da, beste unibertsitateetako errektoreekin batera.

2005/09/14

Aitor Zuberogoitia, irakasle HUHEZIn

Informazio eta Komunikazio departamendua (IK) indartu egin da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Izan ere, HUHEZIk Aitor Zuberogoitia irakaslea kontratatu du, bertan irakatsi eta IK departamenduan lan egin dezan.

Aitor Zuberogoitiak hainbat zeregin izango ditu lehen urtean: parte hartu karreraren garapenean, lagundu ikasketa berriak ezagutarazten, harremanak landu Euskal Herriko hedabideekin, eta irakatsi.

Biografia
Aitor Zuberogoitia Etxebarrian jaio zen, Bizkaian, orain 33 urte. EHUn lizentziatu kazetaritzan, eta 2003an aurkeztu zuen doktore tesia: “Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean”. Urtetan euskarazko hedabide askotan egin du lan (Argia, Euskaldunon Egunkaria, Bilbo Hiria Irratia…), eta Topagunean ere aritu da, tokian tokiko hedabideen koordinatzaile.

2005/09/13

Bategiteak huts egiten duenean

Auto hegalaria sortu zenean 1945ean, mundua zur eta lur geratu zen, pentsaturik marabilla hark zientzia fikzioaren esparruetara eramango gintuela. Antzeko zerbait gertatu zen auto anfibioa jaio zenean 1961ean: jendeak ez zuen nahi izango besterik. Biek, baina, auto hegalariak eta auto anfibioak, porrot egin zuten erabat.

Produktu hibridoek beti sortu dute lilura handia, baina apenas funtzionatu duten. Hala ere, hitzik baldin badago puri-purian, hori convergence da, bategitea, orain, noski, teknologia berrien eremuan. Kasurik berriena joan den astean azaldu zitzaigun: telefono bat, musika jotzen duena.

ROKR
Motorolak eta Applek egin dute hibrido hori, Cingular telefono konpainiarekin batera, eta sekulako publizitate kanpaina egiten ari dira hori plazaratzeko. Baina beldur naiz Rokr telefonoak ez ote duen porrot egingo: botoiz betea dago eta zaila da erabiltzeko. Dagoeneko agertu dira lehen kritika txarrak horren gainean.

Driron
Euskal Herrian ere badugu konbergentzia kasu bat, oso garbia. Orain dela gutxi, Fagor kooperatibak Driron aurkeztu zuen, makina bat arropa berotu eta lisatzen duena. Nahiago nuke hanka sartuko banu, baina Drironek ere horma jo dezake. Izan ere, etxeko tresna elektrikoetan badago aurrekaririk: garbigailu-lehorgailuak. Egin ziren, baina oso jende gutxik erosi ditu.

Jendeak hibridoak baino nahi ditu produktu onak eta errazak erabiltzeko. Hibridoak, jeneralean zailak izaten dira, oso, eta inork ez du horrelakorik nahi izaten.

Liburu interesgarria
Justu egun hauetan ari naiz liburu bat irakurtzen, El origen de las marcas, eta hor Al eta Laura Ries aita-alabek argi erakusten dute, ehunka adibiderekin, zergatik betegite horiek ez duten arrakastarik. Goiko irudia liburu horretatik aterata dago. Ahal baduzue, irakurri.

2005/09/12

Aurkezpen bikaina

Joan den ostiralean, aprobetxaturik lanean jai nuela, ikusi nuen, hasi eta buka, Steve Jobs Apple enpresako buruzagiak bezperan San Frantziskon egin zuen agerpena, besteak beste iPod Nano berria aurkezteko. Iruditu zitzaidan aurkezpen bikaina, komunikazioaren ikuspegitik. Hona hemen zergatik.
  • Pantaila erabili zuen makulu gisa, ez gidoi moduan, berak handik irakurtzeko.
  • Ematen zuen dena zuela buruan, uneoro bai baitzekien zer esan.
  • Berotasun itzela transmititzen zuen bere mezua azaltzerakoan.
  • Erabili zuen pantaila maisuen pare.
Pantaila
Gutako gehienok Powerpoint erabiltzen dugu laguntza gisa aurkezpenetan. Jobsek beste bat erabili zuen, Keynote, Applek sortutako programa bat, baina biak berdintsuak dira. Desberdintasun txiki hori kontuan hartuta, ohar pare bat egin nahiko nuke Jobsek nola erabiltzen duen aurkezpen programa.
  • Ez du erabiltzen izenbururik pantailetan.
  • Pantaila bakoitzean ez du erabiltzen bost lerro baino gehiago.
  • Pantaila guztien %90ean, bi lerro baino ez ditu erabiltzen. Bi lerro.
  • Behar duenean, irudiak erabiltzen ditu mezua transmititzeko.
  • Grafikoak ere badaki erabiltzen, baina neurrian, eta era sinplean aurkeztuta.
Kontuan hartuta guk joera dugula pantaila datuz eta informazioz betetzeko, Steve Jobsen joera minimalistak harritu egingo gaitu, baina berak lortzen duen emaitza askoz ere eraginkorragoa iruditzen zait. Egun hartan, Steve Jobsek datu mordoa eman zituen, baina amaitutakoan ez genuen datu betekadarik. Geureganatu genituen banaka, eta modu logikoan.

Hizlaria nagusi
Steve Jobsen komunikatzeko erak esaten digu hizlaria dela inportantea, izarra, eta Powerpoint makulu bat, neurriz erabiltzekoa, lagungarri gisa. Eta entzulea ez dela nekatu behar milaka datu emanda. Horrek eskatzen du aurrelana. Ondo prestatu behar aurkezpena, eta ondo aukeratu behar zer datu eman.

Biziki gomendatzen dizuet Steve Jobsen aurkezpena. Hemen ikusi ahal izango duzue, QuickTime erabilita.

2005/09/06

Hogeita lau ikaslek aurkeztuko dute proiektua irailean

Irailaren 14tik 23ra bitartean 24 ikaslek, denak Enpresarako Giza Zientziak ikasitakoak, karrera amaierako proiektuak aurkeztuko dituzte Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI).

Gaiak
Gaiei dagokienez, denetik dago iraileko proiektuetan. Hauxe da zerrenda:
  • Partehartzearen diagnosia MCCn
  • Lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak.
  • ETEO: prozesukako kudeaketa.
  • Nola aztertu barne komunikazioa, eta berau kudeatzeko bi erreminta: bloga eta intraneta.
  • Nola kudeatu jakitatea.
  • Konpetentzia bidezko kudeaketa (bi proiektu).
  • Nola ezarri informatika programa bat langileen prestakuntzarako Maierren.
  • Negozio e-mozionalak.
  • Nola ebaluatu “Bazkide” prestakuntza programa.
  • Kalitate hobekuntza ontzi garbigailuen sailean.
  • Komunikazioaren azterketa eta gizarteratze prozesuen hobekuntza.
  • Bideragarritasun plana.
  • Ikastolen historia eta errealitatea.
  • Hozkailuen pertsonalizazioa.
  • Fagor Arrasate kooperatiba elkartearen etxeko tresna elektrikoen erosketen garapena eta trazabilitatea.
  • ISO 9001 hezkuntzan.
  • Definitu ordainsari aldakorrak.
  • 5Sak Fagor Industrialen.
  • 5Sen jarraipena egosketa sailean.
  • Aztertu zer fiskalitate eta legeria duten fundazioek Europako Batasunean.
  • Huen ikasketen marketin plana.
  • Marketin plana.
  • Marketin plana Lasao enpresan.
Deialdiak
Ikasleek hiru deialdi izaten dituzte karrera amaierako proiektuak aurkezteko: uztailean, irailean eta otsailean. Bakoitzak aukeratzen du proiektua noiz aurkeztu, bere interesen arabera.

Aurkezpenak
Ikasleak hamabost eta hogei minutu artean ditu bere proiektua aurkezteko, diapositiba proiektagailu baten laguntzarekin. Aurrez aurre izango ditu tutore akademikoa, enpresan izan duen begiralea, eta beste gonbidaturen bat. Aurkezpenak, bestalde, irekiak dira. Ikaslearen familiartekoak, lagunak eta ikaskideak egon daitezke bertan.

2005/09/05

Wikiversity: unibertsitate bat doakoa

Wikiversity sortu da, ikastaro bilduma bat, irekia, eta elkarlanean idatzia Wikimedia Fundazioak bultzatuta. Webgune hori da wiki bat, eta horrek esan nahi du edonork, baita guk ere, aldatu edo osatu dezakegula oraintxe bertan edozein modulu, klik eginez edit orrialdean, zein agertzen baita Wikiversityren modulu guztietan.

Wikiversityren webgunean agertzen diren eduki guztiak GNU Dokumentazio Librearen Lizentziapean daude. Horko artikuluak idatzi dizutenak dira eduki horien jabe intelektualak, baina copyleft lizentziari esker, edonork kopia ditzake edo banatu horko edukiak.

Zer da Wikiversity?
Wikiversity orain dela gutxi sortu zen, baina bertan sar litezke edukiak hainbat hizkuntzatan: ingelesez, katalanez, alemanez, gaztelaniaz, esperantoz, frantsesez, interlinguaz, italieraz, nederlanderaz, portugesez, romanaz, suomieraz, vietnamieraz eta txineraz.

Wikiversityk, bestalde, honako ezaugarri hauek ditu:
  • Baliabide bat da, doakoa eta irekia, bestelako wikimedia proiektuak diren bezala.
  • Baliabide bat, non elkartzen diren ikasteko estilo desberdinak eta irakasteko metodo diferenteak.
  • Komunitate ahalegin global bat.
  • Proiektu bat behetik gorakoa eta elkarlanean oinarritua, sortzeko plataformak, metodoak eta edukiak.
  • Baliabide bat aztertu nahi diren gaiak lantzeko.
  • Esperimentu bat uztartzeko ordenagailuak, Internet eta ikasketak.
  • Bilduma bat, non aurki daitezkeen ikasmaterial doakoak eta libreak.
Helburua
Wikivertsityren helburua ez da jakintza zabaltzea, baizik eta ikaskuntza erraztea. Wikiren elkarlanerako ereduak aplikatuko dira e-learning delakoaren egituretara. Eta Wikiversityren audientzia helburua ikasleak dira.

Zerk bereizten du Wikiversity gainerako unibertsitateetatik?
  • Ez duzu ordaindu behar berau erabiltzeko.
  • Ez duzu dirurik jasoko bertan egin ditzakezun ekarpenen truke. Hor lan egiten duten guztiak boluntarioak dira.
  • Ez dauka etxerik, Interneten aterpetzen da eta, zerbitzari batzuetan.
Adibideak
Nahi baduzu ikusi nola antolatzen diren gaiak Wikiversityn, klik egin kristautasunari dagokion orrian. Jakinak, ingelesez dezente garatu dira gaiak.

Gaztelaniaz ere hasi da lanean Wikiversidad delakoa, ingelesezkoa baino motelago, baina euskarazkoa baino biziago, oraindik ere ez baita sortu Wikibertsitatea. Noiz sortuko da?

2005/09/02

Ahotsaren indarra

Bere azken liburuan, El regalo de la comunicación, Sebastiá Serrano katedradunak azpimarratzen du ahotsak zer indarra duen gaixoak hobeto sentiarazteko, eta beste egoera askotan: enpresan, familian, lagunen arteko harremanetan, etab. Egun hauetan, ordea, nabarmen geratu da orobat ahotsak sekulako kalteak sor ditzakeela. Aste honetan bertan Bagdaden izandako gertaerez ari naiz, non ia 1.000 erromes xiita hil diren.

Egia baldin bada hedabideek zabaldu duten informazioa, nahikoa izan da pertsona gutxi batzuk oihuka jartzea, esanez erromesen artean terrorista suizida bat zegoela, jendartean izuikara hedatu eta ia mila pertsona hiltzeko, batzuk zapalduta, eta beste asko zubi batetik ibaira salto eginda. Emaitza izan da atentaturik odoltsuena baino dezente odoltsuagoa. Tiro bakar bat jaurti barik.

Horrelakoxeak gara pertsonak: ahots batek limurtu egin gaitzake, eztia eta beroa baldin bada, baina beste ahots batek ikaratan jar gaitzake, histeriko huts, Bagdaden gertatu bezala. Komunikazioaren gorabeherak.

2005/09/01

Wikipedia, kazetaritza lanetan

Beste behin, Wikipediak harritu egin gaitu: Katrina urakanak Louisianako kosta jo orduko, artikulu oso bat zuen urakanaren ondorioez. Eta artikulu hori etengabe ari da eguneratzen, datu berriak agertu ahala. Hedabide askok baino hobeto ari da lan hori egiten Wikipedia, eta bere emaitza, betiko moduan, doan jaso liteke Interneten.

Eneko Astigarragak ohartarazi zidan lehenengo Wikipediaren balentriaz, eta gero Dan Gillmor adituari gauza bera irakurri nion. Biek hala biek azpimarratzen dute Wikipedia dela hiritar kazetaritzaren adibiderik onenetakoa, eta kasu horrek arrazoia ematen die. “Ez du ezer kontatzen lehen pertsonan —dio Gillmor-ek—, baina (Katrina urakanaren gainekoa) kazetaritza pieza erabatekoa da”.

Wikipedia
Wikipedia entziklopedia bat da, doakoa, Interneten oinarritua eta hainbat hizkuntzatan egina, baita euskaraz ere. Boluntarioek egiten dute elkarlanean, Wikimedia Fundazioak babestuta. 200 bat hizkuntzatan argitaratzen da (horietatik 100 inguruk jarraipena dute), eta gaiei dagokienez, lantzen ditu entziklopedietan lantzen diren gaiak, almanaketakoak, eta egunerokotasun handiko gertakizunak. Bere helburua da entziklopedia bat sortzea, doakoa, eta banatzea ahalik eta hizkuntza gehienetan. Dagoeneko bihurtu da kontsulta lekurik bisitatuenetako bat sarean.

Nork dio doako gauzek ez dutela baliorik?