2005/06/30

Interneten ezaugarriak

Gaur egun gutxik ukatuko dute Internet dela erremintarik ahaltsuena informatzeko eta komunikatzeko. Baina zer ezaugarri ditu Internetek?
  • Internet da amaraun bat, eta milioika dokumentu ditu hitz eta irudien bidez uztartuta. Hipertestuari esker, irakurleak jauzi egin dezake informazio batetik bestera. Internetek, bestalde, nabigatzeko aukera asko eskaintzen ditu: loturak, soinuak, irudiak, mapak, bideoak eta animazioak. Horri esker, esan daiteke Internet dela hipermediaren hipermerkaturik handiena.
  • Internetek hautsi egiten ditu denborak eta espazioak ezarritako hesiak. Gaur egun Interneten sar gaitezke edonoiz eta edonon.
  • Interneten sarbidea dugu genero askotara: prentsa, aldizkariak, liburuak, hitzaldiak, artikuluak, musika, bideoa, irudiak, programa informatikoak, etab., ia kontrol edo zentsurarik gabe. Sareak aukera ematen du, hortaz, harremana egiteko edonorekin, edozein tokitan dagoela, teknologiaren eta hizkuntzaren mugak gaindituz gero.
  • Internet da informazio iturri ia agortezina; mundu osoak partekatzen du, eta beroni esker posible da elkarlana alde bietara.
  • Gaur egun Internet da hedapen esparrurik irekiena eta demokratikoena. Posible da Interneten informazioa zintzilikatzea beste inon baino merkeago.
  • Inon aurkitzekotan primizia informatiborik, Interneten aurki daiteke, bizkorragoa baita irratia, telebista eta prentsa idatzia baino. Horri esker, edozein hiritarrek jakin dezake albiste baten berri korporazio handi batek baino.
  • Internet kanal askotarikoa da, eta heterogeneoa, eta hor elkar eragiten ari dira sarea bera, posta elektronikoa, txatak, foroak, posta zerrendak, albiste taldeak, etab.
  • Internetek aukera ematen dio bai irakurleari zein idazleari anonimatua gordetzeko.

Ezaugarri hauek aurkitu ditugu Internet y competencias básicas liburuan, Carles Monereok eta Marta Fuentesek idatzitako artikulu batean.

2005/06/28

Kanadarren bisita

Atzo hamar irakasle izan genituen HUHEZI fakultatean, denak Saint Mary’s Unibertsitatekoak, Kanadako ekialdean, eta denak lanean master batean, Kooperatiben kudeaketa izenarekin. Gehienak kanadarrak ziren, baina bazen tartean ingelesik, estatubatuarrik eta quebectarrik ere.

Mondragon Unibertsitateko bost irakaslerekin elkartu ziren, eta, bi ordu eta erdiz, galderak egiten aritu ziren, Euskal Herriko kooperatiba mugimenduaren gainean, eta unibertsitateari buruz.

Beraiek ere jakinarazi zuten interes handia dutela kooperatibagintzan. Hori dela eta, bigarren mailako kooperatiba bat sortu zuten, eta horretarako elkartu hainbat kooperatiba anglofono. Ondoren, hitzarmen bat egin zuten Saint Mary’s Unibertsitatearekin, eta diru iturriak bilatzen hasi masterra antolatzeko. Bi urtean dena zuten eratuta. Ikasle guztiak lanean ari dira kooperatibetan, Zeelanda Berrian batzuk, Eskozian beste batzuk, Kanadan, AEBetan, eta Quebecen, besteak beste. Denak ardura postuetan.

Saint Mary’s Unibertsitateko irakasleek oraindik bizpahiru egun egingo dituzte Euskal Herrian, kooperatibak eta horien inguruko fenomenoa aztertzen.

2005/06/27

Nola erabili bilatzaileak. Kasu praktiko bat

Askotan irakasleok arazoak izaten ditugu irakasteko ikasleei, modu praktikoan, nola erabili bilatzaileak Interneten. Lana errazte aldera, kasu praktiko bat ekarriko dugu hona.

Kasu hori atera dugu Carles Monereo eta Marta Fuentes irakasleek egindako liburutik, Internet y competencias básicas.

Atentatua Madrilen
Eskola bateko ikasleek, bigarren mailako hezkuntzakoek, jakin nahi zuten zer gertatu zen 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuan. Ikasgelan luze eta zabal hitz eginda, konturatu ziren informazio eskasa zutela, eta askotan, kontraesanez betea. Hori ikusita, irakasleak proposatu zien bilaketa zorrotza egitea, ikasleek zituzten galderei ganoraz erantzuteko:
  • Nola gertatu zen?
  • Zer kalte eragin zituen (pertsonen artean, materialak…).
  • Nork hartu zuen parte (laguntzak, profesionalak, antolakuntza, erantzukizunak…).
  • Nola erantzun zuten hiritarrek? (komunikatuak, ekitaldiak, kale agerraldiak…).
  • Nola erantzun zuten gainerako herriek?
  • Nondik abiatu ziren lehen ikerkuntzak? Zergatik?
  • Zer eragin izan zuen atentatuak politikan eta gizartean?
Erabaki zuten Interneten bilatuko zutela informazioa, beraz, di-da antolatu ziren taldetan, eta hasi ziren bilatzen, hainbat erreminta erabilita: direktorioak (Ozú, eresmas…), bilatze motorrak (Google, Yahoo!, Altavista, Lycos, Alltheweb), metabilatzaileak (Metacrawler), agenteak bilaketa adimentsuak egiteko, sareko prentsa (La Vanguardia, El Periódico de Catalunya, El País, ABC), posta elektronikoa, zerrenda elektronikoak, etab.

Hitz gakoak ere asmatu eta antolatu zituzten, bilaketak egiteko: 2004ko martxoaren 11, Espainia, Madril, hilketa, terrorismoa, izuikara, bonba, trenak, Atochako tren geltokia, Santa Eugeniako tren geltokia, El Pozo del tío Raimundo tren geltokia, Téllez kalea, ETA, etab.

Eragozpenak
Hasi bilatzen, eta berehala konturatu ziren ikasleek informazio larregi zegoela, eta horietako asko, gainera, bat ere zehatza ez, intoxikazio hutsa. Beraz, ezinbestekoa zen bilaketa ondo zehaztea. Nola egin galdera, emaitzak oso bestelakoak ziren:
  • 2004ko martxoaren 11. Hori idatziz gero, Googlek ematen zituen 3.070.000 emaitza.
  • 2004ko martxoaren 11 + Terrorismoa + Espainia + Madril. Hori idatziz gero, berriz, 25.100 emaitza.
Ikasleak ohartu ziren, bai, zehaztu beharra zegoela, eta estrategia aldatu zuten. Hasi beharra zegoen, gainera, bereizten alea eta lastoa, kontua baitzen aukeratzea informazioa, beren galderei erantzuten zien neurrian.

Erakusketa
Ikasleek izugarri aurreratu zuten informazioa biltzen eta antolatzen. Bukaeran, erakusketa bat prestatu behar izan zuten, egunkari-mural moduko bat, non erakutsi baitzieten gainerako ikasleei zer lan egin zuten.

Hori egin baino lehen, azalpen bat egin zuten ikasgelan, eta hor azaldu prozedura guztia. Ikaskideen onespena jaso zuten, eta zenbait kasutan baita kritika ere. Hori zela eta, talde batzuek errepikatu behar izan zuten bilatze eta antolatze lana.

2005/06/24

Eten digitala

Gai hau behin baino gehiagotan jorratu dugu euskal blogosferan. Orain arte eten digital deitu izan diogu herrialdeen artean sortu den distantziari, aberatsek eskura baitituzte baliabide digital gehienak, baina pobreek ez. Gaur berriz, Carles Monereo pedagogoari irakurtzen —Internet y competencias básicas—, ikusi dut eten digital horren barruan gerta daitezkeela beste eten batzuk.
  • Eten geopolitikoa. Herrialdeen artean gertatzen den etenari deitzen dio horrela, guk gorago aipatu dugun definizioaren haritik.
  • Eten etnikoa. Berak horrela deitzen dio ingelesa dakitenen eta ez dakitenen arteko etenari, hizkuntza hori baita nagusi sarean, lingua franca gaur egun.
  • Genero etena. Gaur egun, eta zenbait tokitan bereziki, askoz ere gizonezko gehiagok erabiltzen dute Internet. Emakumeak, aldiz, atzean geratzen ari dira.
  • Belaunaldien arteko etena. Gazteak ari dira batik bat Interneten. Zaharrak, ostera, albo batera geratzen ari dira.
  • Alfabetatze etena. Alfabetatu gabeek jai dute Interneten, hor ibiltzeko gutxieneko jakintza bat eduki behar da-eta.
Gizon gazte batek, zuria, eskolatua, ingelesa badaki eta bizi bada herrialde industrializatu batean, eskura izango ditu informaziorako eta komunikaziorako teknologiak, eta aukera franko bere burua garatzeko.

2005/06/23

iPod programaren gazi-gozoak unibertsitatean

Ikasturte honen hasieran, 2004ko udazkenean, Duke Unibertsitateak oparitu zien lehen mailako ikasle guztiei iPod bana, magnetofono batekin batera, “ikasleek erabil dezaten teknologia modu sortzailean”. c/net webguneak dioenez, egitasmoa kostatu zitzaion unibertsitateari 500.000 dolar.

Urtebete geroago, unibertsitateak aurkitu du ikasleen %60k erabili dutela ipotxa eskolako materiala grabatzeko; ikasleen %28k, berriz, erabili dute musika irakurgailuaren disko gogorra informazioa gordetzeko, iPod azken batean hori baita, disko gogor bat, eta balio du musika eta argazkiak gordetzeko, aparailua nolakoa den.

Humanitate ikasleek erabili dute gehien ipotxa, batez ere musika eta atzerriko hizkuntzak ikasten ari direnak, nahiz eta ingeniaritza ikasleek ere erabili duten proiektu batean, konputatzeko metodoen gelan. Gaztelania ikasten ari diren ikasleek ere azterketetan erabili dute musika entzungailua, entzuteko nola hitz egiten zuten espainieraz.

Arazoak
“iPodi esker ikasleek lan gehiago egin dute audio zereginetan”, esan du unibertsitateak. Hala ere, aurkitu dute arazorik esperimentu horretan: arazoak formatu eta lizentziekin; arazoak ikasle askok ez zekitelako zer egin ipotxekin; eta arazoak unibertsitateak berak ez zuelako baliabide nahikorik jendea entrenatzeko.

Hala ere, datorren ikasturtean ere, unibertsitateak oparituko ditu ipotxak, baina eskola partikularrak hartuko dituzten ikasleen artean soilik.

2005/06/22

Bi arazo hiritarren kazetaritzan

Hiritarren kazetaritza hedatzen ari da. Gure artean Goiena.net izango da kasurik aipagarriena. Enpresa bati dagokio, baina ari da erremintak sortzen, hiritarrok erabil ditzagun informazioa sortzeko, blog komunitatea kasu. Beste toki batzuetan, aldiz, formatu irekiagoak sortzen ari dira, adibidez, Backfence, aurreko batean hementxe bertan aurkeztu genuena, edo Bayosphere, edo Ourmedia.org.

Sam Whitmore kazetariak artikulu interesgarri bat idatzi du Forbes aldizkarian, eta hor aztertu egiten du hiritarren kazetaritza. Oso egokia ikusten du, batez ere hurbileko informazioa lantzeko komunitateetan, baina aurkitzen dio arazorik.

Badakigu idazten?
Egileak txosten bat aipatzen du, Alfabetatzearen Aldeko Institutuarena, non esaten baita 2002an AEBetan 16 eta 65 urte arteko hiritarren artean erdia bakarrik zeudela alfabetaturik aurrera egiteko moduan gaur egungo lan merkatuan. Beraz, hori horrela bada, nork idatziko du webgune horietan, Backfencen eta Bayospheren esate baterako?

Aitzitik, esanguratsua iruditzen zaio egileari Ourmedia.org webgunearen eredua, non eskaintzen baita, doan, lekua eta banda zabaleroa bideoak zintzilikatzeko, audioak, argazkiak, testua edo softwarea. Whitmorek azpimarratzen du nola testua laugarren tokian doan eskaintzan, bideoa, audioa eta argazkien ondoren. Haren ustez, Ourmediak egokiago erantzuten dio AEBen errealitate soziologikoari, beste biek baino.

Infobandaloak
Webgune batek arrakasta baldin badu, berehala agertuko dira infobandaloak, eta bertan utziko dute beren arrastoa: gorrotoa, xenofobia, eta beste horrelako perlak.

Batzuek, ezabatu egiten dituzte mezu horiek, beste barik. Beste batzuk, ostera, saiatzen dira galbahe informatikoak ezartzen, oztopatzeko intrusoen lana. Dena dela, oraindik inork ez dio aurkitu erabateko konponbiderik arazo horri.

2005/06/21

Hamasei ikaslek aurkeztuko dute proiektua uztailean

Uztailaren 4tik 15era, epaimahaiak osatuko dira HUHEZIn, Giza Zientzietako ikasleek aurkez ditzaten karrera amaierako proiektuak. Dagoeneko 16 ikaslek eman dute izena proiektua aurkezteko, denak Enpresarako Giza Zientziak amaitutakoak.

Gaiak
Gaiei dagokienez, denetik dago uztaileko proiektuetan. Hauxe da zerrenda:
  • Erosketen optimizazioa, prozesuetan oinarritutako kudeaketaren bidez.
  • Ezagutza sistema ezartzea Lazpiur S.A. enpresan.
  • Lan iragarkien analisia, generoaren ikuspegitik.
  • Oinarrizko errentak.
  • Iraunkortasun txostena.
  • Esplizitatu, deskribatu, landu eta sistematizatu Incress enpresak zer metodologia erabiltzen dituen konpetentziak identifikatu, ebaluatu eta kudeatzeko.
  • Jardueraren gestioa Ulma Handling Systems enpresan.
  • Komunikazio plana Ecenarro kooperatiban.
  • Bideragarritasun plana Sortzen Kultur Ekoizpenak enpresarentzat.
  • Ontzi garbigailu sailaren jarraipen komertziala.
  • Jardueraren gestioa Ulma Forja enpresan.
  • Ezagutu, kontrolatu eta ebaluatu merkaturatutako produktuak zer eragin duen erabiltzailearengan.
  • Harrera plana Goizper kooperatiban.
  • Lan arriskuen prebentziorako auditoria OHSAS 18001ean oinarrituta.
  • 5Sen ezarpena Fagor Industrialen egosketa sailean.
Bat izan ezik, ikerketa bibliografikoa baita, gainerako proiektuak enpresetan egin dira.

Deialdiak
Ikasleek hiru deialdi izaten dituzte karrera amaierako proiektuak aurkezteko: uztailean, irailean eta otsailean. Bakoitzak aukeratzen du proiektua noiz aurkeztu, bere interesen arabera.

Aurkezpenak
Ikasleak hamabost minutu ditu bere proiektua aurkezteko, diapositiba proiektagailu baten laguntzarekin. Aurrez aurre izango ditu tutore akademikoa, enpresan izan duen begiralea, eta beste gonbidaturen bat. Aurkezpenaren ostean, erantzun beharko die epaimahaikideek egindako galderei.

Aurkezpenak, bestalde, irekiak dira. Ikaslearen familiartekoak, lagunak eta ikaskideak egon daitezke bertan.

2005/06/20

Azterketa garaia

Amaitu dira eskolak. Orain azterketa garaia da. Giza Zientzietan, 3. eta 4. mailako ikasleek maiatzean amaitu zituzten eskolak, eta orain buru-belarri dabiltza, edo praktikak egiten (3. mailakoak), edo karrera amaierako proiektua prestatzen. Azken horien artean, batzuek uztailean aurkeztuko dute proiektua, beste batzuek irailean, eta bada otsailera atzeratu duenik. Bakoitzak bere asmoen arabera.

Lehen eta bigarren mailako ikasleak, ostera, joan den astean hasi ziren azterketak egiten. Gehienek aste honetan bukatuko dituzte. Behin horiek bukatuta, batzuek lehen praktikaldia egingo dute enpresaren batean. Eta gero, oporrak, ondo merezitakoak.

2005/06/17

Kontuz enpresa elkarrizketa horiekin

Orain hilabete-edo gure ikasle ohi bati deitu zioten elkarrizketa egitera, ikusteko egokia ote zen lanpostu baterako. Elkarrizketa kontsultora batean egin zioten. Hasieran, hitz gozoak: “enpresa hori handia da, eta lau fabrika dauzka; zu hartuko bazintuzte, 40.000 euro irabaziko zenituzke urtean…”. Harira joan zirenean, baina, erabat aldatu zen doinua.

Galdera arraroak
Bat-batean galdera arraroak hasi ziren egiten, eta batzuk, erasokor samarrak:
  • Zergatik ikasi duzu Eskoriatzan, oso garesti baldin bada?
  • Zergatik ez duzu Deustu aukeratu, kontuan hartuta izen handiagoa duela?
  • Non nahi duzu lana bilatu, egin duzun karrerak ez badauka etorkizunik?
  • Joango zaren enpresan, pertsonal burua gaztea da, guapoa, eta mokorra mugitzen du zorabiatzeko moduan. Baduzu arazorik?
  • Sartu zarenean, nik ez dizut esan jartzeko. Zergatik jarri zara?
Elkarrizketak ordubete luze iraun zuen, eta gure ikaslea harrituta irten zen handik, eta apur bat haserre.

Enpresa handienak, txarrenak askotan
Baina hori ez da ezer, alderatuz gero beste enpresa batzuek egiten dutenarekin. Microsoftek, adibidez, buruhaustekoak ematen dizkio elkarrizketatuari, bata bestearen atzean, hautagaiak presiopean erantzun ditzan. Horrelako galderak izaten dira:
  • Txalupa batean zaudelarik, botatzen baduzu maletatxo bat itsasora, zer egingo du uraren mailak, igo ala jaitsi?
  • AEBetako bi estatu ezabatu ahal izango bazenitu, zeintzuk aukeratuko zenituzke?
  • Zergatik ispiluek iraultzen dituzte irudiak alboetara eta ez goitik behera?
  • Nola diseinatuko zenuke Bill Gates-en bainugela?
Nola Microsoft bihurtu den munduko enpresarik handienetako bat, beste asko hari begira ezarri dira, kopiatzen hark zer egiten duen.

Kontua da enpresa asko eta asko, pentsaturik estresa eta lana loturik daudela ezinbestean, ari dira apropos areagotzen hautagaien estres maila. Baina aditu askok zalantza handiak dituzte metodo horren gainean, ez baitute garbi ikusten zenbateraino den eraginkorra. Ikasleak, behintzat, prestaturik joan beharko dira, aurrez jakinda edozer galdetu ahal dietela, bai eta haserretzeko moduko gauzak.

2005/06/16

Sustatuk 100 harpidedun ditu Bloglinesen

Sustatuk arrasto sakona utzi du euskarazko hedabide digitaletan. Sortu zenetik 2001ean, gora egin du etengabe, eta horren froga da zenbat harpidedun dituen Bloglines albiste biltzailearen zerbitzuan: atzo lortu zuen 100garrena. Hori dela eta, Gizakom egiten dugunok zorionik beroenak eman nahi dizkiogu Sustatu egiten duen taldeari.

Zorionak, euskarazko blogen artean beste inork ez duelako halako harpidedun kopurua Bloglinesen. Eta zorionak, Sustatuk asmatu duelako betetzen blogari askok utzitako hutsunea, ikasturte honetan horietako asko joan zaizkio-eta bakoitza bere blog pertsonala egitera.

2005/06/15

Tivo, telebista elkarreragilea

Inguru hauetan ez dago enpresarik horrelako zerbitzurik eskaintzen duenik, baina Ipar Ameriketan Tivo sistemak aldatu egin du, errotik, telebista ikusteko modua. Funtsean, disko gogor bat da Tivo, eta erabiltzen da Bideo Grabatzaile Pertsonal (PVR) moduan.

Zer eskaintzen du, baina, Tivok?
  • Aldibereko grabazioa. Norbera telebista ikusten ari den bitartean, grabatu egin liteke, eta, horri esker, zerbait berriro ikusi nahi izanez gero, atzera egin ahal da, errepikatu, eta segi ikusten, segundurik galdu barik. Bestalde, ikusleak edozein momentutan erabaki dezake grabatzen hastea, VHS kasete baten bila hasi gabe.
  • Grabazio programatua. Tivok sekulako aukera eskaintzen du programak grabatzeko. Programa daiteke saio bat grabatzea, edo serie horretako saio guztiak, nahiz eta hasteko ordua aldatu.
  • Bilaketa adimentsua. Tivoren bidez, ikusleak programa dezake grabatu nahi dituela Julia Robertsen film guztiak, edo bakarrik haren komediak.
  • Gomendioak. Tivok gomendatuko dizkio ikusleari bere gustuko programen antzekoak.
  • Konfigurazioa Internet bidez. Ikusleak ahazten badu zerbait programatzea, urrutitik egin ahal du, Internet erabilita.
Hardwarea eta softwarea
Disko gogorra 99 dolarretan saltzen dute, urrutiko aginte batekin batera, eta bertan 140 ordu graba daitezke. Softwarea, berriz, 12,95 dolar kobratzen dute, hileko.

Tivo aldatzen ari da amerikarrek nola ikusten duten telebista. Ez litzateke harritzekoa izango laster gugana ere iristea. Ikusi nahi baduzue nola dabilen, klik egin demo honetan.

2005/06/14

Ikasleak, Errektore Kontseiluan

Ikasturte honetan Ikasle Biltzarrak pauso sendoak eman ditu HUHEZIn, bere egitura eta eginbeharrak sendotzeko. Argitu du zertan bereiztuko den delegatuen taldetik, zehaztu ditu bere egitekoak eta lan egiteko prozedurak, eta izendatu ditu ikasleen ordezkariak Errektore Kontseiluan.

Funtzioak
Ikasle Biltzarraren funtziorik printzipalena izango da ikasleak ordezkatzea zuzendaritzaren aurrean, Kontseilu Errektorean eta baita Batzar Nagusian ere. Ikasle Biltzarrak berak dioen moduan bere arau orokorretan, gai hauek landuko ditu batez ere:
  • Eskola grebak.
  • Ikasketak, eta diziplina erregimena.
  • Ikasketen antolaketa eta garapena.
  • Ordezkariak izendatzea ikasleek parte hartzen duten organoetan.
Ordezkariak Errektore Kontseiluan
Orain dela gutxi Ikasle Biltzarrak izendatu zituen ikasleen ordezkariak Errektore Kontseiluan. Hiru berriak dira, eta batek lehendik segituko du:
  • Joanes Igeregi. Huen ikasten ari da, 2. mailan. Berria.
  • Irene Larrinaga. Hezkuntza fisikoa ikasten, 2. mailan. Berria.
  • Ainhoa Martin. Psikopedagogia ikasten, 2. mailan. Lehendik segitzen du.
  • Joseba Orella. Infokom ikasten, 1. mailan. Berria.
Lau ikasle horiek, eta beste bik, osatuko dute Talde Dinamizatzailea Ikasle Biltzarraren barruan

2005/06/13

Backfence: hiritarren kazetaritza

Sarean beste kazetaritza mota bat ari da hedatzen: hiritarren kazetaritza, non erabiltzaileak erabakitzen baitu zer den garrantzitsu eta zertaz idatzi. Azken adibidea: Backfence.com. Webgune hori zabaltzen ari da herriz herriz, AEBetan, eta herritarren esku jartzen ditu hainbat erreminta, berriemaile bihur daitezen.

Auzoan bezala
Noiz amaituko dira kale nagusikok herri lanak? Nork ezagutzen du etxe margotzaile on bat? Nork irabazi zuen herriko lasterketa? Non jan daiteke pizzarik onena? Ikusi dituzu zer argazki ederrak ditugun jaunartzetakoak? Nor izango da zuzendari berria herriko eskolan? Inork badaki nola gutxitu spam nazkagarri horiek posta elektronikoan? Noiz da Alkoholiko Anonimoen hurrengo bilera? Era horretako galderak egiten dira auzoen artean, eta galdera horiei erantzun nahi die Backfence webguneak.

Backfence eredu bera ari da zabaltzen herriz herri: erantzun, modu argian, jendeari bere komunitatean gehien interesatzen zaizkion gaiei, eta aukera eman jendeari elkarren artean hitz egiteko.

Denetik, doan
Backfence erabili nahi dutenek albisteak idatz ditzakete webgunean, hitzorduak markatu agendan, argazkiak zintzilikatu auzoekin partekatzeko, doako iragarkiak idatzi, edo informazioa arakatu herriko enpresa edo denda baten inguruan. Hori guztiori modu errazean egin liteke, inor ikaratu barik, Backfencek software eraginkorra landu baitu zerbitzu horiek eskaintzeko.

Backfence doakoa da, bai berau bisitatzeko edo erabiltzeko. Bertako enpresek ordaintzen dute, publizitate bidez (iragarkiak, orrialde horiak eta iragarki sailkatuak). Hala ere, auzoek nahi dutenean jar ditzakete iragarki sailkatuak musutruk, edozer erosi edo saltzeko, zerbitzuak eskaintzeko edo auto bat bilatzeko.

2005/06/10

IK departamendua sortu da

HUHEZIk departamendu berri bat sortu du: Informazioa eta Komunikazioa (IK). Jon Sarasua eta Iñigo Arriaran irakasleek zuzenduko dute, eta, hasieran, beste lankide hauek izango dituzte beraien inguruan: Joxe Aranzabal, Beñat Azurmendi, Onintza Belategi, Miren Gabantxo eta Mikel Usabiaga.

IK departamendua sortu da modu egokian erantzuteko ikasketa berriei, bereziki Informazio eta Komunikaziorako Giza Zientziei eta Ikus-entzunezko komunikazioari. Departamenduak betebehar hauek izango ditu:
  • Finkatzea zer jakintza arlo garatu behar diren.
  • Eztabaidatzea irakasgaien edukiak eta metodologiak.
  • Lantaldeak sortzea gai akademikoak aztertzeko.
  • Bideratzea irakasleen garapen profesionala.
  • Proposatzea ikerketa proiektuak eta doktore tesiak.
  • Identifikatzea zeintzuk diren gai emergenteak.
  • Indartzea harremanak beste unibertsitateekin.
Gainerako departamenduak
Mondragon Unibertsitatean departamendua da oinarrizko unitate bat, irakaskuntzari eta ikerkuntzari lotua, eta balio du unibertsitate funtzioak planifikatzeko, koordinatzeko eta garatzeko. HUHEZIk horrelako sei departamendu ditu:
  • Hezkuntza prozesuak.
  • Hizkuntza.
  • Administrazioa eta zerbitzuak.
  • Giza zientziak.
  • Enpresa gestioa.
  • Informazioa eta komunikazioa.

2005/06/09

Albisteak eskaripean

Hedabide asko eta asko audientzia galtzen ari dira. Izan egunkariak, izan telebistak edo irratiak, gainbehera oso garbi ikusten da AEBetan. Galerari galga ipintzeko, hainbat hedabide alternatiba teknologiko berriak asmatzen ari dira, jendeak jaso ditzan albisteak bide desberdinak erabilita, bakoitzak nahi duen unean, moduan eta lekuan. Bat-batean, kontsumitzailea gidariaren jarlekua hartzen ari da.

The Wilmington News Journal
Delaware estatuan bada herri bat, Wilmington, eta hor, egunean birritan, goizeko 09:00etan eta arratsaldeko 16:00etan, Patti Pettite kazetariak azken orduko albisteak aurkezten ditu, baina ez etxeko telebistan, baizik eta sarean, Wilmington News Journal egunkariaren webgunean. Klik egin In the webcast izeneko sailean, edo neskaren aurpegian, eta ikusiko duzue.

Jendeak nahi dituenean ikusten ditu albiste horiek. Lehen hilabeteetan, egunero zazpi eta hamar mila ikusle inguruk ikusi zuten albistegia. Horrela, webguneak gero eta irakurle gehiago ditu, paperezkoak bezeroak galtzen dituen bitartean.

USA Today
USA Today egunkariak ere aitortzen du hedabide handiek galdu egin dutela informazioaren monopolioa. Horregatik, saiatzen ari da irakurleari eskaintzen hainbat plataforma, informazioa eskaripean jaso dezan:
  • USAT News Center. Aukera ematen dio hoteletan-eta dagoen jendeari jaso dezan webgunearen bertsio txiki bat, han eragiteko.
  • AvantGo. Softwaren hori erabilita, aukera ematen die irakurleei egunkariaren albisteak jaso ditzaten edozein eskuko ordenagailutan (PDA).
  • Sakelako telefonoa. Ikusmiratu ditzakete egunkariak zer eskaintzen duen uneoro.
  • RSS. Horri esker, irakurleak nonahi jaso ditzake egunkariaren informazioa, albiste biltzaile bat erabilita.
  • Captivate. Bidaltzen ditu albiste izenburuak, eguraldia eta albiste laburrak telebistaren pantailara.
Arbitron Inc. enpresak egindako galdetegi batean, 27 milioi amerikarrek (AEBetako populazioaren %10) adierazi dute nahiago dutela goitik behera kontrolatu zer jasotzen duten hedabideetatik. Batzuek nahiago dute posta elektronikoa erabili; beste batzuek, aldiz, albiste biltzaileak, Bloglines bezalakoak. Horientzat, etorkizuna iritsi da.

2005/06/08

Lanki, Lankidetzaren ikertegia

Lanki ikertegi bat da, Lankidetzaren ikertegia, eta Eskoriatzan dago, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean. Jon Sarasua irakasleak zuzentzen du, eta bere egitekoa da ikertzea errealitate kooperatiboa eta autoeraketa, eta hortik gogoeta eta prestakuntza zerbitzua eskaintzea kooperatibei.

Ezaugarriak
Lanki gaztea da oraindik, baina nortasuna sendoa du, ezaugarri hauekin:
  • Diziplinartekotasuna. Lankidetza giza zientzien ikuspegitik aztertzen du.
  • Gaztetasuna. Zortzi ikertzailek dihardute Lankin, laguntzaile sare zabal batekin elkarlanean.
  • Lotura eta autonomia. Lanki lotuta dago kooperatiba eragileekin, baina autonomoa da erabat.
  • Eleaniztasuna. Euskaratik abiatzen da Lanki, eta irekita dago beste hizkuntzetara.
  • Irekitasuna. Lanki irekita dago, bereziki munduaren Hego aldeko eragileei begira.

Idazkiak
Lankik webgune dinamiko bat sortu du, hiru hizkuntzatan, eta hor baliabide asko ezarri ditu, bisitariak erabiltzeko. Interesgarriena Idazkiak izenekoa izan daiteke, non irakurleak aurkituko baititu gogoeta testuak autoeraketaren inguruan, eta hainbat ikerlanen emaitzak. Hor sartzen denak gai hauen inguruko idazkiak aurkituko ditu:
  • Autoeraketa.
  • Arrasateko Kooperatiba Esperientzia.
  • Kooperatibismoa eta Gizarte Ekonomia
  • Garapenerako lankidetza kooperatiboa.
Lanki Forum
Irakurri ez ezik, nabigatzaileak aukera izango du eztabaidatzeko Lankiren webgunean, hor txoko bat baitago horretarako: Lanki Forum izenekoa. Izan ere, foro horren helburua da eztabaida piztea kooperatiben eta autoeraketaren gainean. Batzuetan idazkiak izan daitezke abiapuntu eztabaidarako, baina ekarpenak edonondik etor daitezke.

Kudeatzaile batek kudeatuko du foroa, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aurretik. Euskara eta gaztelania erabili ahal izango dira foroan.

Argitalpenak eta ikerlerroak
Lankik hainbat liburu argitaratu ditu, eta ikertzen segitzen du, gogoeta eginez kooperatibek zer behar eta hutsune dituzten etorkizunari buruz.

Sartu webgunean eta bertan saltseatu apur bat. Kooperatibagintzak kezkatzen bazaitu, bueltatuko zara.

2005/06/07

Edukalibre

Europan hiru unibertsitate elkarlanean ari dira Edukalibre proiektua lantzen, Europako Batzordearen babesarekin, Sokrates/Minerba programaren barruan, zeinek bultzatzen baitu informazioaren eta komunikazioaren teknologia irakaskuntzan. Edukalibre proiektuaren helburua da aurkitzea bide berriak hezkuntza materialak sortzeko, software librean oinarrituta.

Dagoeneko Edukalibre proiektuak kaleratu du bere softwarearen lehen bertsioa, eta horren bidez, unibertsitate horietako ikasleak zein irakasleak gai izango dira testuak sortzeko elkarlanean. Proiektuaren produkturik behinena da Edukalibre izeneko plataforma, zeinek baititu hiru modulu:
  • Conversion Tools. Bihurtzen ditu dokumentu elektronikoak hainbat formatutan: Pdf, OpenOffice edo HTML.
  • Collab. Errazteko erabiltzaileei sistemarekin elkar eragitea.
  • Repository Manager. Programen bertsio diferenteak gorde eta kudeatzeko.
Gorago aipaturiko unibertsitateak dira Leedsko Unibertsitatea (Bretainia Handian), Karlsruheko Unibertsitatea (Alemanian) eta Rey Juan Carlos Unibertsitatea (Espainian).

2005/06/06

Nola komunikatzen dute komunikatzaile onek?

Joan den urtarrilean Steve Jobs ikusi nuen nola aurkezten zituen Apple enpresaren berrikuntzak ez ezik, baita bere enpresaren ikuskera eta ametsak ere. Bera San Frantziskon zegoen, MacWorld erakustazokan, eta ni Elorrion, ordenagailuaren aurrean, Quicktime bideo bat ikusten.

Steve Jobs bakarrik zegoen agertokian, eta aurrean zuen jende mordoa, antzoki handi batean. Bere atzean, berriz, pantaila handi bat, eta han diapositibak baliatzen zituen bere mezua azaltzeko. Bukaera aldera, U2 taldeko bi kide aurkeztu zituen, abesti pare bat jo aurretik.

Aurkezpen hura zoragarria iruditu zitzaidan: ondo prestatua, argia, eta emozio puntu batekin, nahiz askotan bat-batekotasun itxura engainagarria ere bazuen. Beti eman dit atentzioa jende horrek nola prestatzen dituen aurkezpen hain eraginkorrak.

10 sekretu ondo komunikatzeko
Orain, ostera, liburu hau aurkitu dut, 10 sekretu erraz munduko enpresa komunikatzailerik onenenak, eta hor Carmine Gallo kazetariak elkarrizketatu ditu hainbat enpresatako buruak —Steve Jobs bera, Richard Branson, Howard Schultz…—, eta ematen ditu hainbat aholku, uler dezagun nola jende horrek bat egiten duen entzuleekin.

Formulak, antza, baditu hainbat osagai: bizitasuna, inspirazioa, prestakuntza, argitasuna, laburtasuna, eta soiltasuna. Hori guztia, aurkezpen ikusgarri batean bilduta.

Komunikazioaz kezkatzen garen guztiok kontuan hartu beharko dugu liburu hau. Nik, behintzat, badut irakurtzeko asmoa.

2005/06/03

Erreportaje saria kazetari gazteentzat

Laster 2.000. zenbakia iritsiko duela-eta, Argia astekariak lehiaketa bat antolatu du, saritzeko kazetari gazteek egindako erreportajerik onenak.

Lehiaketa honetan 30 urtez azpiko guztiak aurkeztu ahal izango dira, eta lanak urriaren 28a baino lehenago entregatu behar. Sari handia 600 eurokoa izango da, baina guztira hiru sari eta bi akzesit emango dira.. Lehiaketaren oinarriak, hemen ikusiko dituzue.

2005/06/02

Kirmen Uribe, hauspoa zabalik

HUHEZI bezalako leku batean lan egiteak badu alde onik, eta bat da, dudarik gabe, sarri samar aukera ematen dizula jende bereziari entzuteko. Atzo izan genuen egun horietako bat, Kirmen Uribe izan genuen-eta hizlari. 34 urte ditu Kirmenek, ume aurpegia du eta ahots fina. Hala ere, ikasgelaren akustika negargarria gorabehera, aingeruei bezala entzun zitzaion, han geunden guztiok mutu baikeunden berari entzuten. Barre asko egin genuen, baina, berak egindako barreei erantzunez, seguru asko.

Idazlearen lanaz hitz egin zigun Kirmenek, “etenik gabeko ibaia” deitu zion. Lanak buruan sortzen dira lehenik, esan zuen, eta gero paperera pasatzen dira. Azaldu zigun nola azken aldi honetan poesiak galdu duen artifizioa, benetakotasuna irabazteko, eta nola tradizio frantsesetik anglosaxoira pasatu garen, irakurle garen aldetik.

Idazlearen bokazioaz egin zigun berba, eta ofizioaz, “baina bokazioa, ofizioa eta formazioa ez dira nahikoa…, pertsona behar da, eta pertsona horrek nola ikusten duen errealitatea; horrek egingo du lan bat berezia”. Ildo horri jarraiki, “poema batek oihartzunak sortu behar ditu irakurleengan, harriak uretan bezala, zeharka jaurtitzen denean”.

Baikor azaldu zen Kirmen Uribe: “garai interesgarria bizi dugu; lehen estuasun handia zegoen euskal literaturan. Gaur egun, ostera, gauzak lasaiago daude, zabalago dugu hauspoa”.

Hitzaldian zehar sei poema irakurri zigun, horietako bat ineditoa, eta aurreratu zigun nobela bat idazten ari dela, zelan aldatu den itsasokoen bizimodua. Txalo mordoa jaso zuen, benetako txaloak.

2005/06/01

Orientatzaile batekin hizketan

Egun hauetan ikasle asko aukeratu beharrean daude non egin unibertsitate ikasketak. Une larriak izaten dira askorentzat, ez baitakite garbi zer egin, eta non. Horregatik, Mari Jesus Ansolarengana jo dugu, orientatzailea Arrasateko Institutuan. Gure elkarrizketatua Elgoibarren jaio zen, pedagogoa da, eta urte dezente egin ditu orientatzaile moduan Bergaran, Eibarren eta Zarautzen.

—Noiztik zara orientatzailea?
—Aurtengoa da nire zortzigarren ikasturtea. Bai aurretik bai tartean, beste lan batzuk egin izan ditut. Ikastetxe ezberdinak ezagutzeko aukera izan dut, eta azpimarratu nahiko nuke lanpostu honetan zein garrantzitsua den estabilitatea izatea.

—Zer ezaugarri behar ditu orientatzaileak?
—Ikastetxearen arabera, Orientazio Departamentuak partaide gehiago edo gutxiago izango ditu. Departamentduko burua izango da, eta, besteak beste, halako funtzioak edukiko ditu:
  • Orientabide Plana eta Tutoretza Plana egitea.
  • Aholkuak ematea eta koordinatzea irakasleak tutoretza lanetan.
  • Ikastetxeko batzorde pedagogikoaren lankidetza izatea.
  • Irakasleekin batera aztertzea ikasleek ikasteko dituzten zailtasunak eta aholkuak ematea.
  • Ikasleen orientabide pertsonal, akademikoa.
  • Ikastetxean sortu ahal diren jokabide eta elkarbizitza arazoei aurre hartzea.
  • Hezkuntza premia bereziko ikasleei arreta ematea…
—Zer harreman dituzue ikasleekin?
—Ikaslea taldeko partaidea da eta talde bakoitzak bere tutorea du. Tutorea izango da ikasleen jarraipena egingo duena eta guk, lan hori egiten lagunduko diegu. Badaude zenbait ikasle bakarkako elkarrizketak eskatzen dituztenak, informazio zehatza eskatuz (non ikasi daitekeen interesatzen zaion karrera, “notas de corte”, irteerak…), eta beste batzuk erabaki hartze prozeso horretan laguntza eskatzen dutenak, oso galduta sentitzen direlako. Azken horiek jarraipen estuagoa eskatzen dute.

—Zer bilatzen dute ikasleek zer karrera egin erabakitzeko orduan?
—Ikasleentzat ez da momentu erraza, erabaki horrek suposatzen duenengatik: ezagutzen duten ingurua, lagunak… utzi eta egoera berriak, lagun berriak, erabakiak hartu behar dituzte. Gai horren inguruan pentsatzen hasten direnean, aurkitzen dituzten zailtasunengatik, atzeratzeko joera dute ikasle askok. Horregatik, bai ikastetxean, baita etxean ere, gai honen inguruan, hitz egin behar dute, informazioa bilatu behar dute… animatu behar ditugu, jakinda, beraiek hartu behar dutela erabakia.

—Zer karrera daude puri-purian?
—Bizi garen ingurua kontuan hartuta, alde batetik ingeniaritza teknikoak, eta enpresarekin lotuta dauden titulazio unibertsitarioak. Lanbide Heziketako Goi Mailako zikloek ere indar handia dute. Bestetik, azken urteotan ikasleen tendentzia da ziklo laburreko ikasketak egitea, nahiz eta, agian, gero ikasten jarraitzeko asmoa izan; baina, gutxienez, titulu bat izatea hiru urte igarota.

—Baduzue harremanik orientatzaileen artean?
—Bai, eta beharrezkoa dela esango nuke. Bailarako orientatzaileak elkartzen gara hilean behin Eibarko Berritzeguneko aholkulariarekin. Lantzen diren gaiak:
  • Berriak aurkeztu eta komentatu.
  • Materiala aurkeztu.
  • Esperientziak trukatu.
  • Formazioa.
—Nolako prestakuntza duzue orientatzaileek?
—Psikologian edo Pedagogian lizentziatuak gara. Lan esparru zabala dugunez, beharrezkoa da etengabeko prestakuntza, ikastetxeko aholkulari lana egin behar dugunez gero (gai orokorrak edo zehatzak).

—Zer harreman duzue unibertsitateekin?
—Unibertsitateak antolatzen dituen orientazio ekintzen berri ikasleei heldu arazten diegu: ate irekietako egunak, hitzaldiak…

—Eskerrik asko eskaini diguzun arretagatik.
—Eskerrak zuei.