2006/10/29

Ondorioak Zaragozako kongresuaz

Oro har, kongresu kaskarra izan da Zaragozakoa, Gazte Ikertzaileen Nazioarteko Jardunaldiak Komunikazioan, nahiz eta atalik interesgarriena bigarren egunean izan genuen, goizean izandako lehen mahai ingurua, Kazetaritza Digitalaz jardun zuena.

Xose Lopez irakaslea da Santiago de Compostelako Unibertsitatean, eta hamar proposamen eta ondorio bat azaldu zituen. Komunikazioaren ekologiaz hitz egin zuen, komunikazioak jendartean jokatzen duen rolaz, hiritarrek rol erabakigarriagoa izango dutela kazetaritza digitalean, besteak beste. Ondorio moduan, proposatu zuen hausnartzea erremintek zelan eragiten duten komunikazio prozesuetan.

Ramon Salaberria zuzendariordea da Kazetaritza proiektuetako Departamenduan, Nafarroako Unibertsitatean. Bere hitzaldian ikerkuntza gehiago eskatu zuen jakiteko zelan aldatzen ari den kazetariaren bizibidea. Bere iritziz, digitalizazioak aldatu egin ditu kazetaritza egiteko hiru aldiak: ikerkuntza, produkzioa eta zabalkundea. Bi ohar egin zituen, adierazgarriak: askotan amateurrek gehiago dakite zelan bilatu informazioa kazetariek baino; bestetik, ezartzen ari da eredu kolaboratibo bat kazetaritzan. Sortzen ari da, azkenik, kazetaritza eredu bat hurbilagoa, zeinak irakurlea pertsona inteligentetzat hartzen baitu.

Txema Alegre erredaktoreburua da La Vanguardia egunkariaren edizio digitalean. Haren hitzetan, hedabide tradizionalak aldatu ziren Internetera jakin barik zertara zihoazen. Horren ondorioz, ez dira konturatzen Interneten irakurleek beste premia batzuk dituztela. Zenbait kazetarik nahiago du halako edo bestelako gerraren gainean idatzi, kontuan hartu gabe bere irakurleek zer behar dituzten. Gainera, kalitatezko prentsak sinesgarritasuna galdu du, agintearen zerbitzuan jarri delako. “Teknologia berriek gure lekutik atera gaituzte” esanez amaitu zuen.

Roberto Garcia Bermejo zuzendari nagusia da Aragon Digitalen. “Guretzat Internet aukera bat da kazetariarentzat” esanez hasi zen. Izan ere, 2000. urtean kazetari talde batek erabaki zuen Aragon Digital sortzea, eta horretarako elkartu egin ziren ingeniari informatiko talde batekin. Gaur egun 1.000 bat bezero dituzte, Aragoeko hedabide guztiak ia, eta ordaindu egiten dute jasotako informazioagatik. Aurrerago Digital.es sortu zuten. Eta izandako arrakastaren adierazgarri, Interneten landutako hainbat produktu paperean argitaratzen ari dira, jendeak eskatuta.

2006/10/26

Zaragozatik, bihotzez

Bai, lagunak, Zaragozan gaude, ziber kafe batean idazten mezu hau. Atzo etorri ginen Aitor Zuberogoitia lankidea eta biok kongresu batera: Gazte Ikertzaileen Nazioarteko Jardunaldiak Komunikazioan. Uda partean komunikazio labur bat bidali genuelako etorri gara Aragoiko hiriburura.

Ailegaera
Gasteiztik abiatu ginen atzo, autobusez. Zaparrada galanta izan genuen Gasteizen, baina bidean jarri bezain laster, eguraldi garbia izan genuen. Zaragozan, haize epela: 24 gradu. Hotela beste puntan zegoenez, autobus geltokitik urruti, taxi bat hartu behar.

Hotela berri samarra da, gela politekin. Maletan han utzita, kalera irten ginen, afaltzeko asmoarekin. Saltoki handi batzuetara joan, eta han olagarroa jan genuen. Berriro hotelean, errepasoa eman pare bat egunkariri, eta lo egitera.

Gosaria
Goiz jaiki gara, 07:00etan. Gosaltzearekin batera, jakin dugu Athletic-ek berdindu egin zuela etxean eta Realak galdu bigarren mailako talde baten aurka. Eskerrak gosaria ona izan den!

Autobusez joan gara Merkataritza Ganberara, hantxe dira-eta jardunaldiak. Autobusean, kolore askoko aurpegiak. Bat-batean, alboko emakumeari telefonoz deitu diote. Errusieraz hasi da hitz egiten: “da” gora eta “da” behera. Mundu guztiak entzuten genion, baina ulertu, piperrik ere ez.

Jardunaldiak
Lehen eguneko jarduna ez zait larregi gustatu. Irekitze ekitaldian, hitz hutsalak eta handiusteak. Kazetaritzaren bertuteak airean, denak gogaitu arte. Aretoan, ikasle dezente agertu dira ordenagailu eramangarriarekin, aretoan wi-fia baitago.

Lehen mahai ingurua oso lege zaharrekoa iruditu zait, beti komunikazioaren parametro klasikoen barruan. Bigarrena apur bat interesgarriagoa, batez ere hobeto ulertzeko zelan hedatu den telebista estatu espainiarrean.

Arratsaldean, berriz, mahai inguru bat izan dugu iritzizko kazetaritzaren gainean, eta bertan izan da eskuin kazetaritzaren sorta oparoa: Charo Zarzalejos, Pilar Cernuda, Antonio Casado eta Mariano Gistan. Nekez egin dut aurrera, bitartean sekulako logura egin zait-eta. Entzun dira zenbait gauza kontuan hartzekoak, baina gehiena berbaro aspergarria izan da.

Aspaldiko ezagunak
Egunak baina, eman digu ezusteko atseginik. Liburu batzuei begira geundela, aspaldiko lagun bat inguratu zaigu: Xose Lopez, irakaslea Santiago de Compostelako Unibertsitatean eta aspaldiko laguna. AEBetan ezagutu genuen elkar, SND erakundearen pare bat kongresutan, eta hamalau bat urte izango ziren elkar ikusten ez genuela. Jose Pereirarekin zegoen, bere lankidearekin. Eta hantxe izan gara, kontu kontari, aretoan sartu bitartean.

Aspaldiko lagunak

Kanpotik etorri garenoi bazkaltzera gonbidatu gaituzte, eta hantxe agurtu dugu Ramon Salaverria, laboratorio multimediako zuzendaria Nafarroako Unibertsitatean. Baita Javier Diaz-Noci eta Idoia Camacho EHUko irakasle euskaldunak. Bapo jan eta ondo edan dugu, bertako ardo beltz gazte bat. Horrek eragingo zidan gero logura, arratsaldeko mahai inguruan.

Orain arratsaldeko 19:40ak dira, eta hemen gaude Aitor eta biok, ziber kafe honetan, unibertsitate hiriaren ondoan, kronika hau idazten hotelera egin aurretik. Bihar itzuliko gara etxera, autobusez, hemendik arratsaldeko 17:15etan irtenda. Dena ondo badoa, hiru orduan Gasteizen izango gara.

2006/10/24

Proiektu aurkezpenak IKTF masterrean

Urriaren 23an hasita, eta 31 bitartean, zortzi proiektu aurkeztuko dira IKTak Formazioan masterrean, hemen, HUHEZI fakultatean. Denak seigarren promozioko ikasleak dira, gehienak irakasleak lehen eta bigarren hezkuntzan, kristau eskoletan. Defentsak irekiak izango dira, edonork ikusteko modukoak. Hona hemen proiektuon gaiak:
  • Renovación web Colegio Urdaneta (Loiu, Bizkaia).
  • Comunicación multimedia con madres y padres en el Colegio Niño Jesús (Gasteiz).
  • www.galbae.com Web contrainformativa.
  • Ho Txi Min haziak. Web proyecto Ho Txi Min en Guatemala.
  • Euskal curriculuma.
  • www.elema.org y la elaboración de material multimedia para la formación en el manejo de un software libre para la comunicación virtual.
  • Multimedia de religión: Colegio Veracruz (Gasteiz).
  • Jugando con las emociones.

2006/10/17

Aitor Zuberogoitia, blogari

Aitor Zuberogoitia HUHEZIko irakasleak blog bat sortu du Blogak.com komunitatean, Lehengaia du izena eta leloa, berriz, “komunikazioa, euskara eta beste kontu batzuk”, eta hori erabiliko du bere ikasleekin komunikatu eta material akademikoa bertan eskegitzeko.

Aitor karrera zuzendaria da Ikus-entzunezko komunikazioan, eta bi irakasgai ematen ditu aurten: Euskarazko Komunikazioaren Historia lehen lauhilekoan eta Informazio-dokumentazioa bigarrenean. Bere materialak eta ikasleen lanak argitaratuko ditu blogean. Esperientzia interesgarria izango da, benetan.

2006/10/11

Web 2.0 apunteak wiki batean

Aurten ere Web 2.0 ikastaroa ematen ari naiz Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean, baina oraingoan bi talderi, eta biei lehen lauhilekoan. Aurrekoan ikastaroan erabili nituen apunteak blog honetan argitaratu nituen. Oraingoan, ostera, wiki batean argitaratuko ditut, eguneratuta.

PBwiki izeneko wikia aukeratu dut wikia egiteko, plataforma erraza begitandu zait-eta erabiltzeko. AEBetan irakasle askok erabiltzen dute wiki hori irakaskuntza proiektuak partekatzeko, eta nik ere horixe egin nahi dut neure apunteekin: berauek partekatu bai ikasleekin eta baita irakurleekin ere. Horretarako wikia iruditu zait egokiagoa bloga baino, wikiak posible egiten baitu edukiak aldatzea eta osatzea.

Badut baina, beste arrazoi bat apunteok wiki batean ipintzeko: ohitu nahi ditut ikasleak wiki batean sartzera eta berau irakurtzera, wikia nola egin ikasi aurretik jakin dezaten zer den wikia eta nola erabil daitekeen.

Nola editatu wikia
Apunteak izena eman diot wikiari, eta atalka banatuko dut, jorratuko ditugun gaien arabera. Irakurri nahi baduzue, helbide honetan duzue. Eta zerbait aldatu nahi baduzue, edo osatu, erabili pasahitz hau: "web2.0" eta klik egin edit page botoi urdinean, izenaren azpian. Ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira.

Errespetatzeko plantillak duen estiloa, kontuan izan wikiak berak ematen dituen aholku hauek. Horrela, dena errazago joango da.

Oraingoz wikiak bi atal ditu argitaratuak: Web 2.0 eta Blogak. Gainerakoak, eskolak eman ahala argitaratuko ditugu.

Denoi, ikasleei eta irakurleei, eskatuko dizuegu kontuz erabiltzea wiki hau, aldaketak denon onerako izan daitezen. Eskerrik asko.

2006/10/10

Web 2.0 freakyen kontua ote?

Aurrekoan, aurkeztu nienean lehen mailako ikasleei zer asmo nituen Web 2.0 ikastaroan, ikasle batek esan zidan gauza horiek orain arte freakyen kontuak izan direla, alegia, jende bitxi edo arraroarena. Eta erantzun nion, ezetz.

2005eko uztailaren 7an bonba erasoa gertatu zenean Londresen, lehen argazkiak han gertatutakoaren gainean Flickr-en agertu ziren, atentatuaren inguruan zebilen jendeak aterata eta Flickr-en ipinita. Herritarrak, kazetari.

Egun hartan bertan, norbaitek ireki zuen sarrera berri bat Wikipedian: 7 July 2005 London bombings, eta ordu batzuen buruan, osatuz joan zen, eta hori ere herritarrek egin zuten, batek datu batzuk erantsita, beste batek beste batzuk, honek argazki bat, hark mapa bat… Herritarrak, entziklopedista.

Badira Web 2.0 horretan programa batzuk, tartean guk ikasiko ditugunak, eta horiek jende askok erabiltzen ditu munduan: irakaskuntzan, kazetaritzan, medikuntzan, publizitatean… Hau ez da freaky kontua.

2006/10/09

Aldaketak Web 2.0 ikastaroan

Ikasturte honetan hainbat aldaketa sartu ditut Web 2.0 ikastaroan, komunikazioko ikasleentzat prestatua. Aldi honetan aplikazio hauek sartuko ditut, aurrekoan sartu ez nituenak:
  • Google Calendar. Iruditzen zait CalendarHub baino malguagoa eta aberatsagoa. Nik neuk horixe erabiltzen dut orain nire egutegiak egiteko.
  • YouTube. Aurrekoan ez nuen sartu, baina begitatzen zait Ikus-entzunezko ikasleek erabili beharreko aplikazioa dela, hainbeste hedatu baita mundu osoan.
  • Wikiak. Aurtengo apunteak wiki batean argitaratuko ditut, baina ikasleek ere wikia erabiliko dute proiektu bat egiteko.

Horekin batera beste aplikazio batzuk ere ikusiko ditugu, aurrekoan bezala, hala nola, bloga, posta zerrenda, del.icio.us, Bloglines, Tagzania eta Odeo.

2006/10/05

Hasi gara Web 2.0 ikastaroetan

Ikusirik zer arrakasta izan zuen joan den ikasturteko ikastaroak, aurten bi ikastaro emango ditut lehen lauhilekoan, biak Web 2.0, baina bi mailatan: lehen eta hirugarren mailan, komunikazioan bietan. Lehen mailan 34 ikasle ditut, eta derrigorrezkoa da ikastaroa. Hirugarrenean 26 ikasle etorri dira, eta ikastaroa aukera askekoa da.

Atzo bloga egin genuen batean eta bestean, eta aurkitu nuen, bai, alderik bien artean. Hirugarren mailan ikusten da asko ibiliak direla ordenagailuan eta Interneten; berehala ulertzen zituzten azalpenak, eta bizkor egin genuen aurrera. Lehen mailan, berriz, gorabehera handiak daude batzuengandik besteengana; batzuk trebeak dira, oso, baina beste batzuek sekula ez dute ordenagailurik erabili, edo oso gutxitan.

Hala ere, pozik irten nintzen ikasgelatik, denek dute-eta ikasteko gogoa eta ilusioa. Seguru nago asko ikasiko dutela eta oso ondo igaroko dugula.