2008/10/23

Blog bat, glosategiaren osagarri

Azken aldi honetan, bi urrats egin ditugu, esanguratsuak, glosategiaren inguruan. Batetik, ireki egin ditugu bere ateak, kanpoko irakasle eta profesionalek ere parte har dezaten bertan. Hori egin dugu, hainbat eskari jaso genituelako hori eskatzen. Beraz, orain gure departamendutik kanpoko zenbait jende ari da glosategia editatzen.

Bestetik, blog bat sortu dugu, Hitz batez, glosategiaren osagarri gisa. Hortxe joango gara azaltzen zer ezaugarri dituen wikiak eta zer bilakaera duen. Glosategitik bertatik irits daiteke blogera.

2008/09/29

Glosategia Komunikazioaren gainean

Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateko irakasle talde batek wiki bat sortu du, Glosategia Komunikazioaren gainean, eta hor jasotzen hasi da jakintza gai horretan gehien erabiltzen diren hitzak. Glosategiko edukiak irekiak dira.

Informazioa eta Komunikazioa departamenduko kideek sortu dute Glosategia Komunikazioaren gainean, PBwiki plataforman. Wiki horretan dauden hitzak honako atal hauetan daude banatuta:
  • Diseinua
  • Ikus-entzunezkoak
  • Informatika
  • Internet
  • Kazetaritza
  • Komunikazioa
  • Komunikazio korporatiboa
  • Tipografia
Glosategi bat izan arren, oso erraza da bertan nabigatzea, wiki hau hiztegi baten moduan antolatuta baitago, alfabetoaren hurrenkeran, eta erabiltzaileak orri guztietan izango baitu aukera nahi duen letran klik egiteko.

Glosategi honekin, Huhezik baliabide bat gehiago sortu nahi du, Komunikazioan interesa duten irakasle eta ikasle guztientzat.

2008/07/07

Amazee, proiektuak partekatzeko

Social Media irakurtzen ari nintzela, iritsi nintzen bideo batera, non JD Lasicak elkarrizketatzen zuen Dania Gerhardt Amazee.com plataformako sortzailetariko bat, “munduko lehen plataforma partehartze sozialerako”. Bideoa ikusi, eta jakinmina piztu zitzaidan.

Amazee da plataforma bat, doakoa, eta aukera ematen dizu konektatzeko zu bezalako jendearekin, zure proiektuak eta asmoak bideratzeko. Orduan, zerk bereizten du Amazee Web 2.0 beste aplikazio batzuetatik, hala nola Facebook edo MySpace? Amazee horretan kontua ez da zure edo nire profila, baizik eta zure edo beste jende askoren proiektuen profila. Eta zer egiten du diferente, orduan, Basecamp eta lankidetzarako beste plataforma klasikoetatik? Amazee zentratzen dela lankidetza sozial publikoan, eta ez lankidetza pribatu edo itxian.

Adibideak
Ikusten baduzue proiektu horietako bat, The Social Media Bible, helburua du historiak, adibideak eta anekdotak biltzea, zelan erabiltzen diren hedabide sozialak enpresan eta bizitzan.

Amazee Suitzan sortu zen 2007ko maiatzean, eta begitatzen zait erreminta oso eraginkorra izan daitekeela gure arteko proiektuak lankidetzan bultzatzeko. Ikasi nahi baduzue zelan dabilen, orri honetan dituzue zenbait pantaila bideo.

Ea norbait animatzen den proiektu bat abiatzen Amazee.com erabilita.

2008/07/03

Buruz ikastea, Google ondoan izanda?

Gauzak buruz ikasteak definitu du irakaskuntza denbora luzean, buruz ikasteak bermatzen baitzuen jakintzaren transmisioa. Gaur egun, berriz, gizartea erruz aldatu da, eta baita jakintzaren transmisioa ere. Thomas Friedman kazetariak horrela ikusten du:
Gauzak buruz ikasteko gaitasuna oso bizkor ari da desagertzen informazio ugariko gizarte honetan, non Googlen egindako bilaketa batek milioika erreferentzia ekar baitiezaguke. Gizarteak behar ditu sintetizatzaile gehiago, gai direnak filtratzeko informazio iturri diferenteak osotasun koherente eta esanguratsu batean. (Friedman, T. (2007): The world is flat. A brief history of the 21st century. Picador)
Friedman-ek sintetizatzaileak eskatzen ditu, eta horretan bat dator guztiz Daniel Innerarity filosofoarekin, honek horixe bera esan baitzigun Huhezin izan zenean.

2008/07/02

Web 1.0 eta Web 2.0

Zertan bereizten dira Web 1.0 eta Web 2.0? Liburu bat hasi naiz irakurtzen, Web 2.0. New Tools, new schools, eta hor taula hau aurkitu dut, azaltzen dituena biek zelan egiten duten lan.

Web 1.0
Web 2.0
Aplikazioetan oinarritua
Sarean oinarritua
Bakartua
Lankidetzari begira
Offline
Online
Erosia edo lizentziaduna
Askea
Egile bakarra
Lankide asko
Kode jabeduna
Kode irekia
Eduki jabeduna
Eduki partekatua

Beharbada Web 2.0ko zenbait aplikazio ez dira izango Microsoften aplikazioak bezain sofistikatuak, baina, ordainetan, erabil daitezke edozein ordenagailutan, eta aukera ematen dute elkarlanean aritzeko dokumentu berean.

2008/07/01

Alfabetatzea, lehen eta orain

Lehenago esaten genuen irakurketa, idazkuntza eta aritmetika zirela gaitasunik ezinbestekoenak alfabetatzerako. XXI. mendean, berriz, alfabetatua izateak eskatzen du beste gaitasun batzuk jasotzea, hala nola teknologia erabiltzea, zientzia ulertzea, kontzientzia globala izatea, eta inportanteena, ikasten jarraitzeko abilidadea, eta horrek eskatzen du bai informazioa zein komunikazioa biltzea, prozesatzea, aztertzea, laburbiltzea eta aurkeztea.

Sareko erreminta doakoek rol garrantzitsua joka dezakete ikasleei laguntzen, hauek abilidade horietaz jabe daitezen.

2008/06/26

Bloga, irakaslearen tresna

Blogak modu askotara erabil daitezke irakaskuntzan. Modu horietako bat da egunkari moduko bloga, irakasleak sortua bertan hausnarketa egiteko bere jardueraz. Hor irakasleak hainbat lan egin ditzake:
  • Erakutsi bere esperientziak irakasle gisa.
  • Jakinarazi zer saio antolatzen diren irakasleak prestatzeko.
  • Xehetasunak idatzi irakas-unitate jakin baten gainean.
  • Kontatu zerk funtzionatu duen ondo ikasgelan eta zerk ez.
  • Aholkuak eskaini beste irakasleei.
  • Idatzi zer ikasi duen beste irakasle batzuengandik.
  • Azaldu zer intuizio dituen irakastearen inguruan.
  • Ideiak partekatu zer ekintza antolatu gelan gai jakin bat irakasteko.
  • Erakutsi zelan erabili hainbat teknologia ikasgelan.
  • Esploratu hainbat eta hainbat gai, irakaskuntzarekin lotuak.
Gure artean bada blog bat ezaugarri horiek dituena: IKTeroak, Jakintza Ikastolako hiru irakaslek egiten dute —Mikel Etxarri, Maite Goñi eta Jokin Lacalle—, eta informazio zein inspirazio iturri da beste irakasle askorentzat.

2008/06/25

Etorkin digitalak

Geu gara etorkin digitalak, irakasle gehienok, mundu analogikotik baikatoz. Marc Prensky-k dioen moduan, etorkin digitalok ezin dugu geure azentua ezkutatu: askok inprimatu egiten ditugu mezu elektronikoak irakurri aurretik, txekeak erabiltzen ditugu edozer ordaintzeko, edo telefono aurkibideetan begiratzen dugu telefono zenbaki bat jakin nahi dugunean.

Gure ikasleek ez bezala, zeinak gai baitira hainbat hedabidetara batera konektatzeko, gu ez gara oso abilak egiteko bat baino gehiago batera kudeatzen.

2008/06/24

Natibo digitalak

Horrela deitzen die Will Richardson pedagogoak gaur egungo ikasleei, natibo digitalak, gu baino trebatuago baitaude teknologia berriak erabiltzen, haiekin batera hazi direlako. Ikasle horiek jaio dira mundu batean tramankuluz betea: argazki kamera digitalak, ordenagailuak, sakelako telefonoak, bideojokoak… Gainera, gehienek erabiltzen dute bat-bateko mezularitza, fotolog bat dute, eta, askok, eremu bat MySpace gunean.

Adituek diote gazte horiek beste modu batean pentsatzen dutela, garatu baitituzte buru hipertestualak, salto egiten baitute informazio batetik bestera, beren egitura kognitiboak paraleloak bailiran, ez sekuentzialak.

Ondorioa: gazte horiei ezin diegu irakatsi modu linealean, azken ehunka urteetan irakatsi den moduan, irakasle oholtzaren gainean, eta ikaslea behean, erabat aspertuta.

2008/06/23

Blogak, proiektuen oinarri Huhezin

Ikasturte honetako bigarren lauhilekoan, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatearen Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek, 1. mailakoek, proiektu bat egin dute, komunikazio proiektu tematiko bat sarean, blog bat. Proiektu horren helburua izan da proiektu erreal bat egitea, hau da, ikasleek lanean izan dezaketen lan eskakizun bat ikasgelan bertan praktikatzea.

Proiektu diziplinartekoa
Proiektu honetan bost ikasgai uztartu dira:
  • Idatzizko Informazioa eta Komunikazioa I.
  • Komunikazioaren Teoria eta Informazioaren Teoria I.
  • Web 2.0.
  • Ingelesa.
  • Lengua.
Ikasgai bakoitzean ikasleek epe batzuk izan dituzte hainbat testu mota sortu eta zuzentzeko: elkarrizketa, albistea, erreportajea, kronika, azalpena, iritzi artikulua eta soslaia. Ondoren, Web 2.0 ikasgaia erabili dute materiala blogean argitaratzeko. Testu mota horiek aberastu egin dituzte, beste era bateko baliabideak erabilita: argazkiak, bideoak, loturak, audioak eta mapak. Bukaeran, talde bakoitzak aurkeztu egin du lanaren emaitza, horretarako Google Docs aplikazioa erabilita.

Blogak