2007/06/18

EJTA elkarte europarrak HUHEZI onartu du

Ekainaren 16an EJTA elkarteak, European Journalism Training Association —Europako Kazetaritza Fakultate eta Eskolen Elkartea—, aho batez onartu zuen Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatea kide moduan, Parisen egindako urteroko bilkuran. HUHEZIko bi ordezkari izan ziren Parisen EJTAren bilkuran: Txema Egaña HUHEZIko Nazioarteko Harremanen arduraduna eta Aitor Zuberogoitia Ikus-entzunezko Komunikazioa karrerako zuzendaria.

Osoko bilkurak aho batez onartu zuen HUHEZI, Txema Egañak bilkurari egindako aurkezpena entzunda. HUHEZIko kideek aprobetxatu dute bidaia harremanak egin, HUHEZIren nazioarteko ikastaroak aurkeztu eta hainbat akordio lantzeko Europako beste kazetaritza fakultateekin.

EJTA
European Journalism Training Association elkartea, EJTA, 1990ean sortu zen Bruselan, helburua zuela Europako kazetaritza fakultateak elkarlanean jarri eta horien europar dimentsioa zabaltzea. Elkarteak bere partaideen interesak defendatu, trukeak koordinatu eta eskolen arteko elkarlana eratzen du. Irabazi asmorik gabeko erakunde honek 50etik gora unibertsitate biltzen ditu bere baitan, Europako 20 herrialdetakoak.

Maiatzaren 9an EJTAk Amelia Guardiola bidali zuen HUHEZIra, El País Kazetaritza Eskolako kidea eta EJTA erakundeko ordezkaria. Fakultatea bisitatu eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketen gaineko informazioa jaso ondoren, Amelia Guardiolak txosten bat bidali zuen Holandara, gaur egun hantxe baitago EJTAren egoitza, HUHEZI elkarte europarrean onartzearen aldekoa.

2007/03/15

HUHEZIk ere Moodle erabiliko du

Martxoaren 16an HUHEZIko dozena bat irakaslek ikastaro batean parte hartuko dute, ikasteko Moodle plataforma zelan erabili irakaskuntzan. Eduardo Sanchez Goi Eskola Politeknikoko irakasleak emango du ikastaroa, eta bertan azalduko du zer den Moodle, nondik sortu zen eta zeintzuk diren beronen baliabiderik esanguratsuenak.

Hortik aurrera, HUHEZIko irakasleak hasiko dira, poliki-poliki, Moodle erabiltzen ikasleekin. Fakultateak nahi du epe labur batean Moodlen erabilera karrera eta ikasgai ia guztietara zabaltzea.

Moodle

Moodle da plataforma bat software librean egina, eta laguntzen du ikaskuntza prozesuak kudeatzen. Egina dago, gainera, pedagogia irizpideak aintzat hartuta, hezitzaileak gai izan daitezen sortzeko ikaskuntza komunitate eraginkorrak online.

Komunitate zabal bat eratu da nazioartean Moodlen inguruan. Plataforma bera 75 hizkuntzatan160 herrialdetan erabiltzen da. Moodle oso ondo uztartzen da Mendeberrin, Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza proiektuan. erabil daiteke, tartean euskaraz, eta 160 herrialdetan erabiltzen da. Moodle oso ondo uztartzen da Mendeberrin, Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza proiektuan.

2007/03/01

Komunikaldiak 07: interes handia tokiko telebistaren inguruan

Aurtengo Komunikaldietan zeresan handia eman dute tokiko telebista digitalek, eta berauek arautzeko dekretuak, Eusko Jaurlaritzak ateratakoa. Zenbat buru hainbat aburu hor ere, gaur Eskoriatzan ikusi den bezala, goiz eta arratsaldeko saioetan.

Ponentziak eta argazkiak
Interesa duenak gaur HUHEZI fakultatean esandakoa irakurtzeko edo hango argazkiak ikusteko, hemen ditu loturak:

Mahai ingurua: Euskararen lekua araudi berrian




Arratsaldean Josep Angel Guimerà ikertzaile katalanak hartu du hitza mahai inguruan hasi aurretik, antolatzaileek gonbidatu egin dute jakin dutenean Josep Angel Euskal Herrian dabilela ikerlan bat egiten, aztertzeko zer tratamendu ematen zaion hizkuntzari telebistaren digitalizazioan.

Haren atzetik etorri da mahai ingurua, eta hor hitz egin dute Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Lutxo Egia Ibaizabal proiektuko kideak, Jon Aldanondo Goierri Telebistako arduradunak eta Bea Narbaiza EHUko irakasleak. Gaia: “Euskararen lekua Tokiko Telebista Digitalaren araudiaren barruan”. Saio bizia izan zen, galdera-erantzunetan batez ere.

Esandakoak
Hona hemen arratsaldeko saioan entzundako zenbait esaldi:
  • Eskatzeak katalana erabil dadin maila batetik gora telebista digitalaren eskarietan laguntzen du ikus-entzunezko industria indartsu bat sortzen. (Josep Angel Guimerà)
  • Esango nuke Euskadiko dekretua beldurretik egin dela. Atentzioa eman dit hizkuntza portzentajeak oso apalak izatea, batez ere kontuan hartuta berauek kalkulatu direla oinarri hartuta 2001ean jendeak zenbateko euskara zekien. 2012an telebistek bete beharko dituzte 2001eko hizkuntza eskakizunak. (Josep Angel Guimerà)
  • Guretzat euskarazko telebista lokal bat sortzea Bilbon ezinbestekoa da euskaldunok aurrera egiteko. Horrelako telebista batek balioko luke euskaldungoa trinkotzeko, besteak beste. (Lutxo Egia)
  • Herri telebista batean munduko kameralaririk onenak ez du lekurik, hemen denetik egin beharko du-eta. (Jon Aldanondo)
  • Katalunian kuotak jartzen dira telebista mota guztientzat, hizkuntzari dagozkion kuotak. Hemen telebista lokalei bakarrik ezartzen zaizkie. Zergatik? (Bea Narbaiza)
  • Proposatuko nuke hizkuntza eskakizunak ezartzeko orduan kontuan hartzea euskaldunak eta ia euskaldunak. Horrela, hizkuntza eskakizunak igoko lirateke %20. Panorama aldatuko litzateke bereziki hiriburuetan. (Bea Narbaiza)
  • Aukeratu genuen euskaldunak bakarrik kontuan hartzea hizkuntza eskakizunak erabakitzeko orduan, errealistak garelako: tokiko telebista handienak erdarazkoak dira; bestetik, euskaldunok oso produktu gutxi kontsumitzen dugu euskaraz. (Patxi Baztarrika)
  • Goienak erakusten du gauzak ondo egiten direnean, sortu egiten dela jendearengan telebista euskaraz kontsumitzeko ohitura. Beraz, egin egin behar dira telebistak euskaraz. (Bea Narbaiza)
  • Dekretu hau atera dugu errealitatea aldatu nahi dugulako, amore eman gabe egungo egoerari. (Patxi Baztarrika)

Lutxo Egia: nola erakarri teleikusleak Ibaizabal Telebistara?

Hona heman Lutxo Egiaren hitzaldia: "nola erakarri teleikusleak, euskararekin, Ibaizabal Telebistara?"


Arratsaldeon guztioi

Lehenik eta behin, Bilboko Ibaizabal Mendebalde Kultura elkartearen izenean, eskerrik asko jardunaldi hauetara gonbidatu izanagatik.

Bilbo Handian telebista digitala martxan jartzeko elkartea dugu Ibaizabal. Orain urtebete inguru talde txikia sortu zen. Egun, talde eragileko posta-zerrendan berrogeita bost lagun agertzen gara.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren arabera Bilbo Handia izeneko barrutiak Bilbo, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga eta Etxebarri batzen ditu. Gu beste hiru barrutitako lagunekin ere ari gara beharrean: Uribe-kosta, Ezkerraldea eta Mungialdea.

Bilbo Handia Ikus-entzunezkoak enpresa sortu dugu Ibaizabalek eta Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak. Ondo bidean, hilaren 5ean aurkezpen publikoa egingo dugu Ibaizabal eta Hamaikak, Bilboko Kafe Antzokian. Orain gure erronkak honako hauek dira: enpresa-proiektua garatu, egitasmoa aurkeztu lehiaketara eta komunikazioa sendotu. Hain zuzen ere, komunikazio estrategiak pisu hartuko du datozen hilabeteotan. Jende askok zertan gabiltzan badakien arren, euskarazko telebista digitalaren proiektua nahiko ezezaguna da.

“Nola erakarri teleikusleak, euskararekin, Ibaizabal Telebistara” (ez da hori telebistaren izena, laster erabakiko dugu). Zeharka helduko diot gaiari, Ibaizabalekook ez baikaude orain une horretan. Dena den, lagungarriak izan daitezkeelakoan, ideia batzuk mahairatuko ditut:

Bilbon, geografia ez da kohesionatzeko baliagarria, ez bederen beste toki batzuetan baliagarria den heinean. Ez dago zertan azpimarraturik, bestalde, zein garrantzitsuak diren komunikabideak nortasun-sortzaile edo emaile gisa.

Bilbon tokiko telebistek pisu nabarmena hartu dute. Sarri audientzietan ikusten da. Bai eta lagunarteko solasaldietan ere. Ezin ditugu bazterreko hedabidetzat jo. Aurkezle batzuk (prime time-koak behinik behin), beste kate batzuetako bezain famatuak dira.

Bilbon tokiko telebistak egokiak dira gizarte-sarea ehundu eta zabaltzeko. Komunitatea ederto baten ezagutzen dute. Hurbiltasunaren eredua ekarri digute. Helburua komunitate bera da.

Bilbon tokiko telebistak erdarazkoak dira. Euskarari ez zaio keinurik egiten.

Bilbon, bada, ez dugu euskarazko erreferentziarik. Gure erreferentziak beste telebistetan daude. Batetik, Bilboko tokiko telebistetan. Bestetik, ETB1ean. Bilboko telebistak bere eredua sortu beharko du. Ezin da izan besteak bezalakoa (mahainguruan egongo da aukera, beharbada, adibide bat edo beste ipintzeko). Hala ere, eredu haiei begiratu beharko die ezinbestez.

Aurrera jarraitu baino lehen, Kafe Antzokia aitatu nahi dut. Eta zergatik aitatu Kafe Antzokia?, galdetuko du batek baino gehiagok.

Literatura-testu fundazionalek bezala, sinetsita nago Kafe Antzokiak mugarria ezarri duela Bilbon. Badira hamaika urte luze sortu zela. Ez da aisialdirako gune hutsa. Oinarrian teorizazio soziolinguistikoa dago; oinarrian, zer ekarri behar dion hiriari; oinarrian, zer euskarari. Urteak joan urteak etorri, uste dut Antzokia apur bat aldendu dela hasierako ideiatik. Programazioan ikusten dut batik bat. Ez dago hain mugatua euskararen mundura. Ez da euskararen santutegia. Eta beharrik ere ez dago. Baina han euskaldunok ez dugu arrotz ikusten geure burua. Diglosia faltsutzen duen toki elegantea da.

Horretaz gain, erreferentea da. Bilbo Handirako erreferentea.

Baina zer dela-eta Antzokia, galdetuko dute berriro.

Beste galdera batekin erantzungo dut: jarri al da antzeko proiekturik Bilbon hamaika urte luze hauen ostean? Hau da, sortu da euskarazko ekimenik Bilbo handirako? Niri ez zait bakar bat ere bururatzen.

Are gutxiago komunikabideen esparruan, kenduta Bilbo Hiria Irratia (Kafe Antzokiko euskarazko irratia).

Gurean ez dugu euskarazko hiri-egunkaririk. Doako egunkariak modan jarri zaizkigu, ordea, non eta Metroan. Kolore horiko lau kazeta banatzen dituzte astelehenetik ostiralera, atzean daukaten enpresa-taldeen ideologia kargak igortzeko torpedoak (agian, behartuta sentituko da Euskaltzaindia urte batzuk barru Vizcaya V-z, C-z eta Y-z idaztera. Eta ez da broma).

Hiri aldizkaririk ere ez dugu. Bai, ordea, euskarazko auzo-aldizkari bi: Berton (Santutxu-Begoña auzunean) eta Prest (San Ignacio-Deustuan). Ongi erroturik auzoetan biak ala biak. 40.000 eta 50.000 bizilagunen auzoei buruz ari gara. Auzo ikaragarriak, beraz. Herri handiak. Edo hiri txipiak. Izan ere, Bilbon garrantzia handia baitute auzoek. Hainbestekoa non batek baino gehiagok garrantzia kentzen dion hiriari berari. Eta arrazoirik ez zaio faltako, hemendik aurrera gero eta gaitzago izango baita hiriaren definizio bakarra eskaintzea.

Arrazoi bat edo beste, Bilbo Handian ez gara hirirako proiekturik sortzeko gauza izan. Zergatik? Ezinezkoa al da euskarazko komunikabide bat sortzea Bilbon?

Mahainguruan aukera egongo da gai hauen gainean luze eta zabal berba egiteko. Amaitu nahi dut ostera ere Kafe Antzokia ekarriz. Hura sortu aurretik, bakan batzuek bakarrik irudika zezaketen zer ekarriko zion hiriari. Beharbada errazagoa da irudikatzea zer ekarriko dion euskarazko telebistak. Tren honetara igoz gero, ulertuko dugu gai garela geure proiektuak sortzeko eta geure proiektuetan sinesteko, geroak (edo arlo publikoak) ekarriko duenaren zain egon gabe. Autoestima gizentzeko giltza dugu telebista. Eta autoestima sano inportantea da gurea bezalako gune erdaldun batean. Ez dut apokaliptikoa eman nahi, baina tren honetara igo ezean, komunikazio eta entretenimendurako tresna eraginkor bat galtzeaz gain, Bilboko euskaldunok, urte batzuetan bederen, ez gara gauza izango ezeri ekiteko.

Iñaki Uria: Hamaika Telebistaren proiektua



Sarrera moduan, eta denok jabe gaitezen zer testuingurutan sortu den legea tokiko telebistak arautzeko, Iñaki Uriak hitz egin du azken urteotan ematen ari diren aldaketa teknologikoez, hala nola kanal ugaritzea telebisten esparruan eta berauen kalitatea areagotzea. Bigarrenik, edukiak aipatu ditu, horiek ere gero eta ugariagoak. Testuinguru horretan euskarari gero eta esparru txikiagoa geratzen zaio, Uriaren iritziz. Hirugarrenik, esan du Espainiak duela espektro radioelektrikoaren jabetza, eta guri tokatzen zaigula hori kudeatzea.

Hamaika taldea
Hamaika taldea aurkeztu du ondoren, eta esan du lau talde handik osatzen dutela:

  • Prentsa: Deia-Diario de Noticias taldea, Gara eta EKT taldeak osatua.
  • Sozio teknologikoa: Euskaltel.
  • Bainet produkzio etxea.
  • Elkar argitaletxea.

Uriak aipatu duenez, Hamaika sortu zen helburu batekin: ziurtatzea euskarak izango duela dagokion tokia panorama digital berrian. Horren haritik, Hamaika taldeak bermatu nahi du eskualde bakoitzean tokiko telebista bat egongo dela euskaraz lan egiten. Sarean jarduteak, gainera, ekarriko du publizitate gehiago biltzea.

Hamaika zertan ari den
Gaur egun Hamaika taldeak honako lanetan dihardu:

  • Eskualdetan aliantzak sortzen, ziurtatzeko barruti guztietan egongo dela euskarazko telebista bat: Bilbo Handia Ikus-entzunezkoak, Debabarrena, Donostia, Durangaldea, Oiarsoaldea, Gasteiz eta Laudio aipatu ditu.
  • Telebistak dauden eskualdetan, horiekin hitz egiten. Debagoiena aipatu du, eta hor esan du hitz egiten ari direla Goiena Taldearekin, ados daudela gauza gehienetan eta xehetasun batzuk baino ez zaizkiela falta adostasuna erabatekoa izateko.
  • Sarea antolatzen, sindikaziorako.
  • Proiektua bera prestatzen, martxoaren 23an aurkezteko Eusko Jaurlaritzan.

Nolako telebista sortu
Amaitzeko, gogoeta egin du Iñaki Uriak, eta adierazi du telebista bat sortu behar dela ikusiko dena. Hortxe jo du erroka nagusia Hamaika taldearentzat. Aipatu du, halaber, zelako telebista sortu nahi duten:

  • Gertukoa eta hurbila.
  • Interaktiboa.
  • Informatiboa.
  • Eutsigarria.

Bukaeran, dei egin die HUHEZIko ikasleei, presta daitezen egoera berrirako. Bere iritziz, hedabideek beharko dute jende ondo prestatua, ezaugarri hauekin:

  • Irekia.
  • Dinamikoa.
  • Molda erraza.
  • Prest denetik egiteko.

Nafarroa
Nafarroaz galdetu zaionean, esan du hori etorriko dela, nahiz eta orain ez dagoen Hamaika taldearen lehentasunetan. “Ikusi egin behar zer gertatzen den hauteskundeetan, horrek baldintzatu egingo du-eta egoera”.

2007/02/28

Iñaxio Arregi: Goiena Taldearen eragin asmoak TTDaren garaian



Sarrera

Goiena taldearen eragin asmoak TTDaren garaian
da nire hitzaldiaren izenburua. Gaur egungo egoera ezin da baina ulertu historia pittin bat egin gabe. Badirudi telebista digitala gauza berri bat dela; Aurrekaririk gabekoa. Baina, egia da berria izan arren, ez dela hutsetik abiatzen. Bai noski sekula telebistarik egin ez dutenentzat. Urteak telebista egiten daramatenentzat berriz, esan genezake arlo eta aukera berrien hedapena baino ez dela. Orain arte egiten ari ginena digitalean hedatu ahal izango dugu, eta interaktibitaterako jauzia emateko aukerak zabaltzen zaizkigu.

Interaktibitateak, etxeko telebistatik hainbat informazio eskuragarri edukitzea ahalbidetuko digu, eta baita ere, administrazio eta informazio-guneekin harreman zuzen bat edukitzea. Hori epe laburrera izango dugu gure etxeetan. Dagoeneko eros daitezke interaktibitate aukerak eskaintzen dituzten telebista eta mandoak. GOIENAn ere, hasiak gara dagoenekoz sasoi berrietarako gertatzen.

Goiena.net eta sakeleko telefonoen mundua izango dira telebistako interaktibitatera iristeko lehenengo urratuko ditugun bideak. Gaur egun gure albistegien laburpena ikus dezakezue internetez edo eta zuen laguna zoriondu bertara bere argazkia eta testu bat bidaliz.

Telefonotako aplikazioak lantzeko berriz, enpresa berri bat sortu dugu. Bluetooth –ak eskaintzen dituen abantailak aprobetxatuaz, hainbat aplikazio interaktibo prestatu ditugu dagoeneko hainbat bezero garrantzitsurentzat: Bilboko Udala eta Euskaltel besteak beste.

Zeuen buruari galde zeniezaioke zerikusi daukan gauza batek bestearekin. Zergatik nahasten dugun telebista intenetekin eta biak telefonoarekin. Oso sinplea da erantzuna. Hirurek oinarri digitala izango dute gutxi barru eta gaur egun posible ez diren aukerak zabalduko zaizkigu.

Hau irakur zitekeen otsailaren 25eko El País egunkariak.

Los fans de Héroes ya no tienen que esperar a que el canal temático Sci-Fi o las televisiones autonómicas lancen al aire la serie. Internet pone a su disposición los capítulos pocos minutos después de que se emitan en la estadounidense NBC. A veces, incluso se pueden descargar con subtítulos en español.

Eta deskargatutakoa, norberaren telebistan ikus ahal izango da laster. Edo telefonoan. Guztia ikus-entzunezko errealitate bakar bat izango da.

Aipatutakoak beraz, telebista digitalerako bidea egiteko gaur egun ditugun baliabide eta ikastoki garrantzitsuenak. Zuen baimenarekin ez dut gehiegi hitz egingo gai honetaz sekretu batzuk gordetzea ere komeni delako.

Alderdi teknologikoak aparte utziaz, badago beste aspektu bat kontuan hartu beharrekoa. Jarrera bat da. Gu txikiak gara eta gure txikitasunean ezer gutxi egin ahal izango dugu. Aspaldi ikasi genuen hori. Euskara elakerteen esparrua gainditu eta beste maila batera jauzia egitea erabaki genuenean: lankidetza.

Lankidetza izango da Goienak telebistarako eraiki nahi duen oinarri sendoa. Lankidetza, antzeko proiektuekin lanean arituko diren beste eragile publiko nahiz pribatuekin, gure ikusleei programazio hobe bat eskaini ahal izateko, interkatibitate aukeretan lehen lerroan egoteko, gure kostuak ondo lotuaz.

Barrura begira, multimedia ikuspegi sendo batez hornituta, ezin dugulako ahaztu hedabideen arteko integrazioa dela etorkizuneko antolakuntza eredua. Erredakzio bakar bat eta hiruzpalau euskarri. Hedabide desberdinetan lan egiteko gaitasuna izango duten profesionalak sortuaz

Hau duela bost urtetik hona ari gara lantzen. Arazo bat daukagu azken jauzia emateko. Egoitza zentral baten falta. Hainbat gestio egin ditugu baina oraindik ez dute emaitzarik eman.

Etorkizunaren zertzelada hauek eginda, hasi gaitezen gure historia laburra egiten.

Historia apur bat
Egungo euskarazko toki telebisten errealitatea ezin da ulertu AED eta Arrasate telebista kontuan hartzeke.

80. hamarkadaren erdialdean, gerora Euskal Herri osora hedatuko zen euskara elkarteen eredua sortu zen Arrasaten: AED (Arrasate Euskaldun Dezagun). Bere helburua Arrasate euskalduntzeko urratsak ematea zen. Hasieran lanik handiena kontzientziazio lana izan bazuen ere, gerora, funtzio berriak hartuaz joan zen. Euskarazko hedabideak sustatzea adibidez: Honen haritik, Arrasate Press herri aldizkaria sortu zuen 1988 urtean, eta 1990eko otsailaren 13an, asteartez, arratsaldeko 8etan hasi zen emititzen Arrasate Telebista.

Ordurako, Eskoriatzan, Telesko martxan zen. Telesko kable bidezko herri telebista bat da. Fundazio batek kudeatzen duena, Eskoriatzako udalaren laguntzarekin.

Eskualdearen barruan, beranduago, Aretxabaletak izan zuen bere telebista. Ez zuen asko iraun, sortu eta dozena erdi bat hilabetera GOIENA proiektua sortzeko xedearekin bat egin zuelako AED eta eskualdeko beste euskara elkarteekin. Horrela, 2000 urtean jarri zen martxan GOITB. Lehenengo, Aretxabalta eta Arrasaten, baina poliki-poliki eskualde osora hedatuaz joan dena.

Pareko fenomenoak beste eskualde batzuetan ere izan ziren. Oarso TB (1996), Oiartzun, Orereta eta Lezo udal barrutietan. Hau ere, indar handiz hasitakoa baina aurrekoarekin parekatuz poliki-poliki itzaliaz joan dena.

Beste batzuk aipatzearren, Zarauzko TB (1991), Mendaro TB (2002), Kaito TB (1986), Urdaibai (gaur Oizmendi, 2002an sortua), Xaloa TB eta Ttipi-ttapa TB ( biak 1997an) Nafarroan, Goierri TB (2003an) eta 28. kanala (2006an) Tolosalderako.

Honekin marraztuta geratzen da euskarazko tokiko telebisten sorrera. Tokikoak badaude gehiago. Tokikoak euskaraz ez. Beraz, esan behar dugu hiru epetan garatzen dela esparru hau: laurogeiko hamarkada eta laurogeita hamabost urtea bitartekoa; gutxi batzuk, kablez batzuetan, uhinez besteetan; 95etik 2006 artekoan indartu egiten da sektorea telebista berriak eta indartsuagoak sortuaz, eta 2007a ezkero konsolidatuko da legearen garapenarekin batera. Horrela espero dugu.

Hiru epe eta hiru data azpimarratu nahi izan ditut. Lehena, 1995 artekoa, legerik gabe eta dirulaguntzarik gabe garatu behar izan zena. Bigarren epean, 95etik 2006ra, legea badaukagu baina ez da garatzen. Legezko marko garbi bat gabe jarraitzen dugu espazioko piratak bezala. Tartean baina, badago albiste on bat, eta da, Jaurlaritza euskarazko tokiko telebisten ahalegina aintzakotzat hartzen hasi dela eta dirulaguntzak eskaintzen dituela. 200ta berriz, erabateko normalizazioari ekitekoa izango da gaur azaldu zaigun dekretuak ahalbidetuko digulako pirata izatetik legezko izatera jauzia eman ahal izatea.

Epea

Telebistak

Ezaugarriak

Oharrak

1985-1994

Telesko, Arrasate TB, Zarauzko TB, Kaito TB,

Arautegirik gabeko epea.


1995-2006

Oarso, Mendaro, GOITB, Xaloa, Ttipi-ttapa, GoierriTB,28 kanala

1995ko legea. Ez da garatzen 2002-2006 arte

2000 urtetik hona Eusko Jaurlaritza-ren laguntzak.

TOKIKOren sorrera

2007tik aurrera

Hamaika eta telebista berrien sorrera

Lizentziak lortzeko lehiaketa


Ikusten duzuenez nekeak handiak izan dira eta telebista hobe bat egiteko ahaleginak ere bai, bereziki 2004tik hona. Urte honetan lantzen da TOKIKO euskarazko tokiko telebisten elkartearen sorrera.

1. Goienaren sorrera
Aurretik badago beste hito garrantzitsu bat. 1999-2000an gogoeta kolektibo bat sortzen da Debagoieneko euskara elkarteen baitan. Komunikabideak eta euren etorkizuna aztertzeari ekiten diote. Euren esperientziatik abiatuta garbi ikusten dute herriko esparrua ez dela nahiko komunikabide indartsu eta bideragarri batzuk edukitzeko. Herritik eskualderako jauzia egiten dute eta 2000 urtean GOIENA sortzen da. Dagoeneko desagertu dira Atxabalta eta Arrasate TBk. GOITB da telebista berriaren izena.

Azkar ikusten dugu baina, telebista indartsuago eta osoago bat egin gura izanez gero, eskualdeko esparrua ere ez dela nahikoa. Beste errealitate batzuekin harremanetan jarri beharra dago tokikotasuna galdu gabe programazio komun bat egin ahal izateko. Topagunearen barruan ematen dira lehen saioak. Ttipi-ttapa, Oarso eta GOITB dira bilera hauetara agertzen direnak 2002. urtean. Ordurako Oarso nahiko ahul zen eta hiruzpalau bileren ondoren emaitzarik gabe amaitu zen saioa.

Hala ere ez genuen etsi, eta garbi ikusi genuen Topagunearen barruan ezin ba zen, kanpoan beharko lukeela baina lehenago edo beranduago gaiari heldu beharko geniola berriro. Lankidetzarik gabe ez dago etorkizunik euskarazko tokiko telebisten munduan.

Telebisten arteko lankidetzarako lehen urratsak
Ondorengo hau idatzi genuen 2003ko urriaren 8an Topaguneak antolatu zituen topaketa batzuetako ponentzia batean.

Goienatik urrats hauek proposatuko genituzke:

  • Euskarazko herri telebisten elkarte bat sortzea: Topagunearen barruan nahiz kanpo. Gaia presazko da. Gaur egun gehiago dira Topagunetik kanpo dauden herri telebistak barruan daudenak baino. Topagunetik berriak bultzatu beharko ditugu, baina bitartean lanean ari diren euskarazko telebistentzat irtenbideak aurkitu beharko ditugu.
  • Elkartearen helburu eta marka finkatzea: Helburuak lehenbailehen adostu beharko lirateke, kontuan izanik elkartearen helburuez gain, herri telebisten helburu orokorrak ere finkatu beharko liratekeela: euskarazko programazioa, eskualde osora hedatzea, euskara elkarteekin harremanak,... dira adostu beharreko puntu batzuk. Hauek guztiak eredu bat irudikatzen dute, eta marka eta imajina jakin batekin lotzen dira.
  • Ekoizpen gune bat abian jartzea: Gure tankerako herri telebisten programazio gehiena etxean egindakoa izaten da. Aukera gutxi ditugu kanpoan. Gure programazioak aberastu nahi baditugu ezinbestekoa da ekoizpen arazoei irtenbide bat ematea. Helburu garrantzitsuena herri telebistentzat programak egingo lituzkeen produktora bat sortzea litzateke.
  • Lankidetza eremuak aprobetxatzea:
  • Bitartean eta gero ere bai, euskarazko herri telebisten arteko programa trukaketak ahalbideratuko duen plangintza bat egin beharko litzateke, eta hasteko programa komun bat.
  • Programa trukaketez gain komertzial mailan eman daitezkeen sinergiak erabiltzen jakin beharko genuke
  • Eusko Jaurlaritza eta Aldundiekin laguntza hitzarmenak lortzea.
  • Ordezkaritza lanak. Elkarteak euskarazko herri telebisten kolektiboaren ordezkaritza izango luke Eusko Jaurlaritza, lurralde instituzio eta alderdien aurrean


2. Tokiko
Beno bada 2004. urtean gaude eta lan honi ekin diogu. Lehenengo, politika komertzial bat abian jarriaz. Sarrera komertzial gehigarri hauek amu ona dira sakabanatuta zeuden proiektu desberdinek ildo komun bat onartzeko.

Ondoren, hainbat bileretan, sektorearen diagnostiko bat eginaz premiazko beharrak adostu genituen. 2004 urtearen amaieran TOKIKO euskarazko Tokiko Telebisten elkarteko estatutuak aurkeztu genituen Elkarteen erroldak Donostian duen egoitzan.

Topagunea, Goierri, GOITB, Urdaibai (gaur Oizmendi),Ttipi-ttapa, Xaloa eta ZarauzkoTB izan ziren bazkide sortzaileak. Mendaro eta Oarsorentzat berandu zen, eta beste batzuk, Kaito esate baterako, nahiago izan zuten hasiera batean ez sartzea.

Geroztik beste bazkidetza berri bat ere izan dugu: 28 kanala, Tolosaldean emititzen duena.

Hauxe da gaur egun Tokiko. Ez da asko, baina onura handiak ekarri dizkio gure sektoreari. Gure lankidetza hainbat ekimenetan gauzatu da.

  • EITBrekin akordioa komertziala
  • Programak trukatzen hastea.
  • Sindikazio hitzarmena astean bakoitzak ordu erdi ekoizteko.
  • Astean ordubeteko produkzioa helburu 2007. urtean.

Planteamendu komertzialak, Jaurlaritzak igorritako zirriborroari egindako proposamen alternatiboak, aholkularitza legala,… dira elkarrekin urratu ditugun beste hainbat bide.

Hemen GOITBri ekarri dizkion onurak aipatuko ditut. Hasteko, programazioa jantzi eta aberastea lortu dugu. Badakigu eta konsziente gara oraindik ere badugula zer hobeturik, bereziki kalitatearen parametroetatik begiratzen badiogu. Kantitatearen ikuspegitik berriz, 2005tik hona ikaragarriko aldaketa izan du gure programazioak. Hau ikusle kopuruaren igoeran nabarmendu da, eta bereziki, larunbat eta igandeetako ikusleen kopuruan.

Ikus ondoko laukia:


2004

2005

2006

2003-06

Kostuen gehikuntza

%2,4

%2

%1,3

%5,8

Emisio orduen hazkundea

=

%43

%44

%106

Zehaztuaz:

  • 2003ko programazio parrilla, eguerdiz 13:30etik 16:30era eta iluntzean 19:30etik 23:30era zen. Egunero zazpi ordu.Larunbat eta igandeetan 13:30etik 16:15era. Hiru ordu eta 45 minutu eguneko.Guztira 42,5 ordu astean 2003. urtean.
  • 2006an egunero 13:15etik 00:15era. Zapatu eta domeketan; 8etatik 01:00 era. Guztira 89 ordu

Programazioa bikoiztu baino gehiago egin da, eta kostuak berriz, %5,8a igo dira

Emaitza numerikoak nabarmenak dira, eta honek bere eragina izan du ikusle kopuruan. 2004an hasi ginen CIESeko neurketekin. 2004ko ordea, ez zen urte osoko neurketa bat izan. Urtearen amaierakoa baizik. Urte horretako emaitzak ez dira oso sinesgarriak beraz. Hala ere, ondoko laukian ikus ditzakezue.

Debagoiena

2004

2005

2006

GOITB ikusle kopurua

%9,4 (ez da urte osoa)

%8,8 (urte osokoa)

%11,2 (urte osokoa)

%11,2ko portzentajea lortu genuen 2006an. Cuatro eta TVE2tik oso gertu.

Tele 5

Etb2

Antena 3

ETB1

TVE1

Quatro

Tve2

Plus

GOITB

%28,7

42,6

22,2

23,1

15,5

13,5

11,3

3,7

11,2

Gure iritziz oso emaitza interesgarriak, beste telebista guztien tropelean sartuta gaudelako bete betean. Atzetik, baina sikiera euren gurpilek egiten duten hotsa entzuten dugu. Susmoa dugu lehenago kontrola itxi ondoren iristen ginela.

Esan genezake guretzat oso baliotsua izan dela TOKIKOn egin dugun ibilbidea, eta hainbat ondorio ateratzeko balio izan digulako.

  • Lehena, ikusi ahal izan dugu posible dela euskarazko tokiko telebista bat garatzea, nahiz eta oraingoz dirulaguntza garrantzitsu batzuk behar izan. Ez da erraza telebista garestia delako, eta beste hedabide batzuekin parekatuz gero behar dituen azpiegiturak besteenak baino dezente garestiagoak direlako.
  • Ikusi dugu bidea elkarrekin egitea ezinbestekoa dela baldin eta etorkizunean bizirauteko aukerak izan nahi baditugu. Orain arte TOKIKOkoan elkarrekin, eta etorkizunean, zabaltzen zaizkigun aukera berriekin. Horretaz geroago hitz egingo dugu.
  • Ikasi dugu ere eskualdea dugula gutxieneko lan esparrua, eta herrikoa baztertu egin behar dugula.

2006ra iritsi gara eta fenomeno berri bat agertzen zaigu.

3. Hamaika TB
Gu, Goiena, neu pertsonalki eta Tokiko-ko lagunak, aspaldian hasita geunden etorkizuneko proiektu indartsu bat sortzeko asmotan. 2004ko abuztuan hain zuzen, lehen harremanak izan genituen beste instituzio batzuekin hiriburuetan euskarazko tokiko telebistak martxan jartzeko asmotan.

Hainbat kezka genituen, labur-labur aipatuko ditudanak, atzera begira egoteak ez duelako etorkizuna lantzen laguntzen.

Lizentzien banaketarako epeak zabaltzear zeudela, kezka handiz ari ginen ikusten ez zegoela ekimen berririk euskarazko tokiko telebista berriak sortzeko. Ezinbestekotzat jotzen genuen Hego Euskal herriko lau hiriburuetan euskarazko telebista bana sortzea.

  • Biztanle gehien eta euskaldun gehien hor biltzen zelako.
  • Inor aurkeztu ezean esleitzeko ziren kate guztiak Madrileko enpresen esku geratzeko arriskua zegoelako.
  • Tokiko euskarazko telebisten sare bat bultzatzeko ezinbestekoa zelako hiriburuetan egotea lehen aipatu arrazoiengatik eta arrazoi komertzialengatik

Lehenengo bilera Partaideko ikastoletako ordezkariekin izan zen 2004ko abuztuaren 4an. Euskaltelekin ere izanda genituen harreman batzuk eta begi onez ikusten zuten ekimena. Kezketan bat eginik Topagunearekin bildu ginen ondoren eta bi elkarte hauek (Topagunea eta Partaide) hartu zuten bidea egiteko konpromisoa.

Alderdi politiko eta beste hainbat eragile sozialekin bildu ginen gure asmoak azaltzeko. Guztiok bat gentozen diagnostikoan eta zerbait egin beharrean.

Aurrerago beste ekimen batzuen berri izan genuen. Guztiekin jarri ginen harremanetan proiektu bateratua bultzatzeko. HAMAIKA sortu zen eta haatik edo besteagatik proiektu honetatik kanpo geratu dira, bai GOIENA, baita ere beste Tokiko telebistak, eta hasiera batean lanean ari ginen beste elkarteak: TOKIKO, Topagunea, Partaide,...

Guretzat tristea izan da baina ez traumatikoa. Traumatikoa izango da etorkizunari buruz egin beharreko gogoetaren ondorioz ez badugu lortzen euskarazko tokiko telebisten esparru indartsu bat. Uste dugu guztion erantzukizuna dela. Ari gara, nekez, eta esan behar dugu orain arteko harremanek ez dutela eman, gaurko egunez, nahi genuen emaitzarik

4. Euskara eta euskarazko hedabideak
Lehenago ikusi ahal izan duguGOITBk eta beste telebistek Debagoienean dituzten ikusle portzentajeak.Hemen,hurrengo laukian euskarazko telebistek Debagoienean lortu duen ikusle kopurua ikusi ahal izango dugu.

Ikusle kopurua

Debagoiena

2004

2005

2006

GOITB ikusle kopurua

%9,4 (ez da urte osokoa)

%8,8 (urte osokoa)

%11,2 (urte osokoa)

ETB ikusle kopurua

%23,4

%26,7

%23,1

GUZTIRA

%32,8

%35,5

%34,3

Ikus dezakezue gure eskualdean hiru lagunetik batek ikustenduela telebista euskaraz. Hau ez da orokorrean ematen den fenomeno bat.

Eustatetik CIESeko datuetatik atera ditut hurrengo zenbakiak.


Araba

Bizkaia

Gipuzkoa

E.A.E.

Euskaldunak

%16

%24,96

%51,5

%32,43

Ia euskaldunak

%25

%24,8

%19,7

%23,12

Erdaldunak

%59

%51,04

%28,8

%44,45

Euskarazko prentsa ordainduko irakurleak

%2,6

%3,3

%7,6


Euskarazko telebisten ikusleak

%4,6

%3,9

%14,1


Irratiko entzuleak

%4,3

%5,9

%28,4


Gurean euskarazko telebisten ikusle portzentajeak euskaldunenetik dezente beherago daudela ikusi dugu lehenago. Pentsa zer gertatzen den beste eskualde batzuetan.

Komunikabideetako kontsumo ohiturak goiko laukikoak direla diote estatistikek. Euskaldunok erdarazko komunikabideak kontsumitzeko hautua egiten dugu orokorrean. Norberak jakingo du zergatik. Norberak bere arrazoiak izango ditu eta seguru oso pisutsuak.

Gure seme-alabentzat eskola eredua aukeratzeko orduan berriz, oso desberdinak dira gure irizpideak. Ikus bestela Eustatek dioena


Araban

Bizkaian

Gipuzkoan


D eredua H.H.n

%39,9

%59,3

%79,2


B

%48,3

%30,7

%18,4


A

%11,8

%10

%2,4


Zergatik gertatzen da hau? Mila arrazoi eman ahal izango dira. Errudunak ere hautatuak izango ditugu. Baina errealitatea oso gordina da. Eta seguru komunikabideetan ari garenok badugula errurik. Gogoeta egin beharko dugu, baina aukerak baliatu ere bai.

5. Tokiko telebisten arteko lankidetza
Gaur egun sekula izan dugun aukerarik onenaren aurrean gaude TTDaren esparru arautu berri honen aurrean. Aurreko zenbakiek adierazten dituzten ohiturak aldatzen saiatzeko ezinbestekoa da elkarren arteko lankidetza. Protagonismoak albora utzi eta elkarlanari ekiteko sasoia iritsia da.

Eragile berriak dauzkagu. Hamaikaren sorrerak ilusioa piztu du sektore euskaldunetan eta hainbat eragile eta proposamen berri sortu dira. Hor daukagu Ibaizabalen eredua Bilbon. Gainera, paperean ari ziren hainbat enpresek telebisten arlora egin dute jauzia proiektu honen bidez.

Esperientzia daukagu. Lehen ikusi dugu hainbat tokiko telebiusta duela hamabost urte lanean hasita daudela. Honek esan nahi du gutxieneko sare bat daukagula: profesionalak eta azpiegiturak. Skoz gehiago beharko ditugu, baina ez gara zerotik abiatzen.

Lankidetza jarrerak. Landu ditugu Tokikon lanean aritu garen bi urteotan. Gaur egun ohikoa da gure ekoizpena beste eskualde batzuetan ere ematea, eta ikuskera hori ere barneratuta daukate gure profesionalek. Bidearen zati bat eginda daukagu.

Nik uste goiko puntu guztiak lotzeko gaitasunik baldin badaukagu erreferente on bat eraikitzeko aukera izango dugula. Ezinbestekoa izango da eragile berrien indarra zaharrenen esperientziarekin uztartzea lankidetza jarrera sendoak erabiliaz. Horrela bakarrik lortuko dugu hurrengo hamar urtetarako sektore indartsu, orekatu eta egonkor bat. Hamar urte barru gerta daitekeenaz orduan egingo dugu gogoeta. Bitartean lanariekin beste irtenbiderik ez daukagu.

6. Lizentzien esleipena
Gaur egun sektorea une erabakior baten aurrean dago. Ez bakarrik sektorea. Bertako komunikabideen esparrua eta euskara bera ere bai.

Gaur egun, gure irratietako dialak Españako emisoraz beteta daude. Radio Nacional, COPE, Cadena SER,… guztiak Madrileko emisorak. Euren jarduera erdara hutsean egiten dute noski

Prentsari begiratzen badiogu, Vocento dugu indartsuena E.A.E.n.

Gauza bera gertatzen da telebisten munduan. Tokikoei begiratzen badiegu estatuko hiru talde daude dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan. Oker ez banago ondokoa da banaketa:

Katea - Hiria

Bilbo

Donostia

Gasteiz

Vocento – punto

Bilbovisión

Teledonosti

Alava 7

Localia

Canal Bizkaia

Localia TV

Canal Gasteiz

Local media

TeleBilbao

Tele Donostia

Tele Vitoria

Hauetaz aparte, lizentzien esleipenera beste hainbat aurkeztuko ote diren zurrumurruak daude: Kiss TV, Canal 7 TV, Onda Cero, COPE,…

Hau da datorkiguna baldin eta ez bagara gai elkarren ondoan urratsak ematen hasteko.

Gaur aukera bat daukagu eta ezin dugu pasatzen utzi. Horregatik protagonismoak albora utzita, GOIENAtik, nahiago dugu beste eragileekin bat egitea eta elkarlana bultzatzea.

Hamaika eta Tokikoko telebisten arteko lankidetza.
Horregatik egiten dugu apustu garbi bat Hamaika eta TOKIKOko telebisten arteko lankidetza akordio baten alde.

Zer eskaintzen dugu GOITB eta TOKIKOko telebistek? Hasteko, jardunena ari diren zazpi telebista. Gainera, hauetako bi Nafarroakoak izanik, Erkidego Autonomoko esparrua gainditzeko aukera. Zazpi telebista dagoenekoz lanean, buruhauste gutxiago eragile berrientzat. Lasaitasun honek beste proiektu batzuk bultzatu eta indartzeko eukera emango die eragile berriei. Hamar urteko epea, lizentziaren iraupena, hurrengo deialdia plazaratu arte, eta hamar urte gogoeta estrategikoa berrikusi eta proiektu berriak lantzeko.

Zer ematen du Hamaikak? Sare sendo bat osatzeko behar besteko indarra. Hiriburuetan egoteak bultzada garrantzitsua ematen dio proiektuari eta zazpi izan ordez, hamabost edo hamazazpi izateak, erosketa ahalmen handiago bat ematen digu. Horrela, beste telebista batzuk sortzeko erantzukizuna eta kargak ez dira jada gureak. Tokikon gaudenonak alegia. Hamaikaren bidez gainera publizitate gehiago lortzeko bidea daukagu. Programazioa eta publizitatea.

Elkarrekin joateko proposamena egin diogu elkarri. Harremanak luzeak eta zailak ari dira izaten. Behin baino gehiagotan izan gara hitzarmena izenpetzetik gertu baina oraindik eztabaidan jarraitzen dugu. Guk ez dugu esperantzarik galdu, guztiok irabazle gertatuko ginatekeelako: telebistak, Hamaika, eta ikuslea. Uste dugu hitzarmen bat lortuko dugula.

Etorkizuneko bidea ordea, ez da hitzarmena lortzea baino errazagoa izango

  • Lizentziak lortu beharko ditugu beste batzuekin lehian. Beharbada gure eskualdean ez da lehiakide askorik izango baina beste batzuetan seguru baietz. Pentsa genezake euskara hutsean emititzeak abantaila handia ematen digula, baina zer gertatuko da beste operadoreek etxeko lanak ondo egiten badituzte?
  • Lege berriaren eskakizunetara egokitu beharko gara. Emisio ordu orijinalak prestatu sare kontzeptuak barneratuz.
  • Digitalizazioa barneratu, azpiegiturak eta prestakuntza landuaz. Pertsonala prestatuaz.
  • Interaktibitateak eskainiko dizkigun aukeretarako prestatu beharko gara. Gaur egun konprobatuta dugu aurretik joatea dela arrakastaren giltza. Euskarazko blogen munduak ere hori erakutsi digu. Gauza bera gertatuko da hainbat aplikazio plazaratzeko orduan.


Horiek guztiak, derrigor eman beharreko urratsak izango dira eta denbora bat beharko dugu duda barik.

Goiena Taldearen eragin asmoak TTDaren garaian
Bitartean eta amaituaz joateko gaurko hitzaldiaren izenburura noa berriro: GOIENA taldearen eragin asmoak TTDaren garaian. Uste dut nahiko garbi azaldu direla ponentzian zehar baina laburtu egingo ditut.

  1. Lizentzia lortzea, eta horretarako lizentzia lortzeko etxekolanak ondo egitea. Hau ezinbesteko baldintza dugu. Ondoren etorriko dira beste guztiak.
  2. TTDa gure eskualde osora zabaltzea. 439/2004 Errege dekretuaren arabera, hainbat herri barrutitik kanpo geratzen dira: Aramaio, Elgeta, Antzuola eta Leintz-Gatzaga. Herri txikiak laurak. Ez dakigu zergatik ez diren sartu, arrazoiak teknikoak izan ote diren ala bestelakoak. GOIENAk, eskualdeko komunikazio beharrak asetzeko sortua izan denez, ahaleginak egingo ditugu herri hauek ere barrutian egon daitezen
  3. TTDaren interaktibitateko aukerak aztertzea, beharrak identifikatuz eta soluzio egokiak aurkituz GOIENArentzat eta eskualdeko udal eta eragileentzat.
  4. Euskara eta euskaldunen esparru komunikatiboa indartzen jarraitu, biztanleek geroz errazago eta gehiago kontsumi dezaten euskarazko komunikabideak
  5. Multimedia ikuspegia indartu, ikusentzunezko arlo handi bat sortuaz. Telebista-internet-irratia. Denborarekin ikusi beharko genuke nola txertatzen dugun prentsa atal honen barruan.
  6. Lankidetza bultzatzea, beste barruti batzuetan antzeko beste proiektu batzuk indartzen laguntzeko.

Hau guztia 2009 urtea bitarteko epealdirako egitamua izango da. Hortik aurrerakoa, sortuko den egoera berria aztertuaz landu beharko dugu.