2006/05/30

Aldaketak ikastaroan

Hasieran uste baino bi eskola egun gutxiago izango ditugu Web 2.0 ikastaroan. Horregatik, penaz eta dolorez, azken gonbidatu biak ez dira etorriko, Iban Arantzabal eta Luistxo Fernandez. Ibanena atzeratu egin zen, azken aldian gaixorik ibili delako, eta horrek berak, beste aldaketa bat eragin zidan ikastaroan: azkenean, sakrifikatu egin dugu Writely, eta pokastina sartu, ikasleek atseginez hartuko zutelakoan. Datorren ostegunean izango dugu, hortaz, azken eskola eguna, eta hor Flickr ikusiko dugu.

2006/05/29

Web 2.0 Tagzania

Tagzania Euskal Herriko enpresa batek sortu zuen, CodeSyntax, Eibarkoa, eta sekulako arrakasta izan du nazioartean. Ingelesez sortu zuen, baina gero eta hizkuntza gehiagotara ari dira itzultzen, itzulpenak tokian tokiko erabiltzaileek eginda, Tagzania software librean egina baita.


CodeSyntax map - Tagzania

Izena bera bikaina iruditzen zait, Tagzania, zeren, Tanzaniarekin duen antzekotasunagatik, lekuren bat adierazten du, baina aldi berean argi uzten du hasieratik Tag hori, izan ere, Tagzanian etiketak ezinbestekoak baitira. Horregatik, izen horrek ondo funtzionatuko du edozein hizkuntzatan, edozeinetan iradokitzen ditu-eta etiketak eta lekuak.

Zer da Tagzania?
Tagzania da zerbitzu bat zure gogoko mapak sailkatzeko etiketa bidez. Interneten dago, ez duzu ezer instalatu beharrik zure ordenagailuan, eta, gutxi-asko, del.icio.us programak bezala egiten du lan. del.icio.us-ekin gertatzen den moduan, zenbat eta jende gehiagok erabili Tagzania, lurralde partekatuak sortzen dira, zure eta nire gustuko tokiak baino harago, milaka eta milaka lagunen leku aukeratuak.

Tagzaniak beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu, zeren etiketa bidez jakin ahal duzu zein tokitan jokatuko diren Munduko Futbol Txapelketako partidak Alemanian. Edo Done Jakue Bidea egin ahala, utzi ahal dituzu zeure markak, nondik nora ibili zaren. Liluratuta zaudela Da Vinci Kodea liburuarekin, eta markatu nahi dituzula haren arrastoak Tagzanian? Hori ere egin ahal duzu, noski.

Hala ere, apalago ere has zaitezke. Zure etxea gorde ahal duzu, nondik nora ibili zaren oporretan, zure lantokia, zure herriko ermitak… zernahi leku gorde ahal dituzu Tagzanian.

Tagzaniak mapak egiten ditu?
Ez, Tagzaniak ez du maparik egiten. Aitzitik, harrapatu egiten ditu Google Maps edo beste mapa zerbitzuetan (Multimap, MSN Maps, Windows Live Local, Geo URL) aukeratzen dituzun mapak eta gorde, sailkatuta. Beraz, Tagzania erabili behar baduzu, ona izango da lehenik Google Maps edo beste horietako zerbitzuetan saltseatzea.

Nola egin lan Tagzaniarekin
Tagzania doako zerbitzua da, erabilerraza, eta ez da ordaindu behar. Hala ere, komeni da pausoak hurrenkera jakin batean egitea, hobeto ibiltzeko:
  1. Izena eman Tagzanian. Horretarako, klik egin “erregistratu” izenean, zerrenda beltzaren eskuin aldean, goian, eta bete bete beharrekoak.
  2. Ezarri bookmarklet bat zure nabigatzailearen barran, horrek izugarri lagunduko dizu-eta lan egiten Tagzaniarekin. Horretarako, joan hona, eta aukeratu zein nahi duzun ipini nabigatzailearen barran. Eman dezagun Google Maps asko erabiliko duzunez, horri dagokiona nahi duzula. Tagzai! Google Local izen urdinean egin klik eta eraman zure nabigatzailera, arrastratu, eta hantxe geratuko da. Gogoan izan Tagzania ondoen Firefox nabigatzailearekin dabilela. IE erabiliz gero, hainbat errore ematen ditu. Beraz, erabat gozatzeko Tagzaniarekin, instalatu Firefox.
  3. Ireki Google Maps. Eta bilatu nahi duzun tokia. Adibide bat. Idatzi goiko kutxatxoan “san mames, bilbao, spain” eta agertuko zaizu San Mames futbol zelaia. Eta konturatzen bazara, agertzen zaizuna hiru modutan ikusi ahal duzu: mapa moduan, satelitetik ateratako argazki bezala, edo bien arteko hibrido gisa. Egin proba eta klik egin maparen goi aldean dauden hiru kutxetan: mapa, satelitea eta hibridoa. Mapa bera zentratu ahal duzu, klik egiten baduzu mapan eta, atzamarra altxatu barik, mugitzen baduzu ezker-eskuin edo gora eta behera. Egin aproba. Beste kontu bat: nahi baduzu irudi hori bera gertuagotik ikusi, eman + zeinuari, irudiaren ezker aldean. Aitzitik, gura baduzu irudia urrundu, klik egin - zeinuan, bestearen azpian. Jolastu apur bat, zuk nahi duzun perspektiba lortu arte.
  4. Klik egin Tagzai! bookmarklet horretan, lehen zure nabigatzailera igo duzun horretan, eta Tagzaniak harrapatu egingo du zuk Google Mapsen aukeratu duzun mapa. Orain izenburu bat ipini behar diozu, iruzkin bat nahi izanez gero, eta etiketak. Hemen ere, gaiaren arabera, idatzi ahal dituzu etiketak euskaraz edo ingelesez; edo bietan: “futbola” eta “football”, adibidez. Bukatzen duzunean, gorde egindakoa, gorde botoian klik eginda.
Nola itsatsi mapa zure blogean
Nahi baduzu zuk gordetako mapa bat zure blogean itsatsi, Tagzaniak aukera ematen dizu hori dotore egiteko. Horretarako urrats hauek egin:
  1. Aukeratu zein mapa nahi duzun itsatsi zure blogean, eta klik egin maparen izenean.
  2. Klik egin maparen azpian dagoen barra grisean, xml irudi laranjen eskuinean, hor esaten du-eta: “itsatsi mapa hau zure blogean”.
  3. Kopiatu ezkerrean kutxa batean dagoen kode zati hori. Aukeratu dena, eta kopiatu.
  4. Aukeratu zer parametro izango dituen zure mapak, ezker aldeko kutxan. Lau aukera dituzu: mota, eskala, kontrolak eta tamaina. Hasi berria bazara, gomendatuko genizuke hasieran mota bakarrik erabakitzea (alegia, mapa moduan agertzea nahi duzun, argazki bezala, eta hibrido gisa). Hiruzpalau aldiz egindakoan, has zaitezke saltsa handiagotan.
  5. Pegatu kode hori zure mezuaren ondoan, zure blogak duen testu kutxan. Kasu horretan, Blogak.com erabiltzen baduzu, argitaratu aurretik klik egin HTML kutxatxoan, justu testu kutxaren azpian.
  6. Zure mapa zure blogean agertuko da, txukun-txukun.
Ikusi hemen zein txukun erabili duen Mikel Iturriak mapa, mezu bat hornitzeko. Gure esku dago beste horrenbeste egitea.

2006/05/23

Web 2.0 pokastinak

Joan den ostegunean Iban Arantzabal ez zen etorri, gaixorik zegoelako. Hori zela eta, bat-batean asmatu nuen eskola egun bat pokastinen gainean. Berez hasierako egitarauan ez genuen pokastinik sarturik, baina ikusita fenomeno hori gero eta indar handiagoa hartzen ari dela, erabaki nuen merezi zuela horren berri ematea gure sarelariei, eta horrela egin genuen.

Zer da pokastina?
Lehendabizi komeni da izena bera argitzea. Pokastin hitza ingelesetik dator, pod + casting bikotetik, eta esan nahi du irrati amateurra, jeneralean ordenagailuan egina eta RSS bidez zabaldua Interneten. Pokastinak entzun litezke iPod batean (hortik pod hitza) edo edozein mp3 jogailutan, nahiz ordenagailuetan. Euskaraz, berriz, pokastin hitza erabiltzen dut, Patxitraperok horrela izendatu zuelako berak euskaraz egin zuen lehen pokastin hura.

Halako indarra hartu du pokastinak —eta horrek zerikusia du Interneten banda zabalera handitzearekin—, halako indarra, diot, zeren New Oxford American Dictionaryk izendatu baitu 2005. urteko hitza. Eta nor dabil pokastina egiten? Jende arrunt asko, batzuk beren gustuko gauzen gainean hitz egiten, edo, besterik ez bada, gustuko musika kaleratzen. Beste batzuek, berriz, nahiago dute edukia landu, gai baten inguruan zenbaitetan, elkarrizketak eskainita edo grabazioak.

Gaur egun ikusten dugunean norbait kalean aurikular zuri batzuekin paseatzen, ez pentsatu derrigorrean Benito Lertxundi entzuten joango denik. Aitzitik, akaso entzungo du SER kateak iluntzean Ronaldinhori egindako elkarrizketa, Patxitraperoren azkena edo New Yorkeko eliza ebangeliko bateko abadearen igandeko sermoia. Auskalo. Eta hori guztia RSSri esker. Izan ere, pokastinek RSS eramaten dute, eta horiei esker jendea harpidetu egin daiteke iTunes, Odeo edo beste zerbitzuren bat erabilita.

Zer behar da pokastin bat egiteko?
Egia esan, gauza gutxi behar da pokastin bat egiteko: ordenagailu bat, mikro bat, programa bat grabazioak egiteko mp3 formatuan, toki bat zerbitzari batean artxiboa edukitzeko, eta zeresana. Bi programa aipatuko ditugu hemen, asko erabiltzen direnak pokastinak grabatzeko:
  • Audacity. Doakoa da, irekia eta erabilerraza editatzeko eta artxiboak nahasteko.
  • GarageBand. Applek doan ematen du erositako ordenagailu guztietan. Hori ere erabilerraza editatzeko. Musika zati mordoa dauka, libre erabiltzeko.
Odeo Studio
Goiko bi programa horiekin irratsaio birgero samarrak egin daitezke, efektuak-eta erabilita. Baina Odeo Studiok sortu berri du modu bat, oso erraza, oinarrizko pokastinak egiteko, bat ere programarik instalatu beharrik gabe, zeren eta grabazio estudioa sarean baitago.

Horren berri jakin bezain laster ni neu hasi naiz pokastinak egiten Odeo Studio erabilita, eta nahi baduzue proba egin honako urratsak egin behar dituzue:
  1. Lehendabizi, izena eman Odeo Studion.
  2. Bigarrenik, klik egin “record new audio” botoian. Grabazio estudiora eramango zaitu.
  3. Dena gertu duzunean, klik egin record botoian, eta hasi berba egiten.
  4. Bukatzen duzunean, klik egin “stop” botoian. Voilà, zure pokastina eginda dago.
  5. Gorde aurretik, entzun badaezpada klik eginez “play” botoian. Ez bazaude konforme, ezabatu grabatutakoa “clear audio” botoia sakatuta.
  6. Konforme bazaude grabatutakoarekin, gorde, klik eginda “save recording” botoian.
  7. Hurrengo orrian, izenburu bat eman pokastinari, idatzi azalpen bat zertaz doan pokastina, nahi baduzu erantsi zure argazkia, eta sakatu “save”. Zure grabazioa gordeta dago eta osatuta, baina oraindik ez da pokastina, ez baituzu argitaratu.
  8. Argitaratzeko, joan apur bat behera, eta “place in” jartzen duen tokian, aukeratu zure erabiltzaile izena. Ondoren, gorde. Orain bai, Odeok argitaratu du zure pokastina.
  9. Nahi baduzu egindako pokastina txertatu zure blogean, joan orrialdearen behealdera, “Put this audio on your web site” jartzen duen tokira, eta kopiatu horko kode zatia.
  10. Joan zure blogera, eta, zuk nahi duzun tokian, pegatu kode zati hori. Odeoren player horietako bat agertuko da zure artikuluarekin batera, eta hortxe bertan entzun ahal izango da zure pokastina. Nik horrela egin dut Faroan, arazo barik.
Kasu honetan, Odeok eskaintzen dizu grabazio estudioa eta zerbitzaria, pokastina Odeoren zerbitzarietan kokatuta baitago. Baina zuk ezarri ahal duzu zeure blogean. Edo, besterik gabe, jaitsi mp3 artxiboa zure ordenagailura, eta bertan gorde.

Orain zuri tokatzen zaizue proba egitea.

2006/05/22

Gure ikasle sarelariak



Hamabi ikasle ditugu Web 2.0 ikastaroan, denak Irakasle ikasketak egiten, baina hainbat espezialitatetan. Hainbat blog sortu dituzte Blogak.com plataforman, eta hor, taldeka edo bakarka, gustuko gaiak ari dira lantzen.

Hauek dira blogak:

2006/05/18

Aperitifa




Atzo HUHEZIn egin zen, zuzenean, Aperitifa irratsaioa, Garikoitz Udabek zuzendu eta Euskadi Irratiak eguerdietan ematen duena. Iaz izan genuen antzeko esperientzia bat, Arratsaldekoa hemen egin zenean, Literatura Astea zela eta. Hala ere, jendetzagatik, Garikoitzen estilo alaiagatik eta, akaso, irratsaioaren beraren izaeragatik, atzokoak giro berezia sortu zuen.

Mahaian, Garikoitz Udabe aurkezten; Asier Odriozola eta Estitxu Fernandez telebista aurkezleak gonbidatu gisa; Makala DJ musika ipintzen; eta teknikari lanetan Mikel Aldama. Behean, berriz, Maider Jauregi bekaduna, ikasleen iritziak jasotzen.

Ia ordubeteko saioa egin genuen, baina konturatu barik joan zitzaigun, irratsaioak martxa izugarria izan zuen-eta. Gonbidatuek serio eta egoki erantzun zituzten ikasleen galderak, inoiz umorea galdu barik. Irratsaio berezia izan zen, ikusgarria, eta gozagarria.

2006/05/11

Web 2.0 Netiketa eta del.icio.us

Gaurko ikasgaia hasi aurretik, ohar bat egin nahi dizuet sarelariei. Konturatu naiz idazterakoan hainbat akats ortografiko egiten dituzuela, nabarmenak. Eta hori da blogean bertan idazten duzuelako, zuzenean. Hori konpontzeko, hiru gomendio:

  1. Ohitura hartu zuen testu prozesadorean idazteko, hor aukera izango duzue-eta Xuxen erabili eta testuak zuzentzeko. Behin hori eginda, kopiatu eta pegatu blogean.
  2. Argitaratu aurretik, beti aurreikusi artikulua edo erantzuna. Eta irakurri. Hori da momentua ikusteko idatzitakoa ondo dagoen, eta egiaztatzeko loturak ondo dabiltzan. Ikusiz gero zerbait aldatu behar dela, hortxe duzue aukera. Konforme zaudetenean, orduan argitaratu.
  3. Sortu karpeta bat eta bertan gorde artikuluak, blogean argitaratzen dituzuenak. Komeni da idazten duzuen guztia gordetzea. Nork jakin, halako batean bildu nahi izango dituzue artikuluok edozer gauzatarako.

Etiketa sarean
Jabi Zabalak oso ondo azaldu duen legez, “Internet plaza bat da, ordenagailu sare hutsa baino, giza sare bat”. Horregatik, ezinbestekoa da Interneten ere gizalegez portatzea, gure jarduerak inor ez mintzeko. Horretarako asmatu da netiketa, hau da, jendetasun arau sorta bat sarean ibiltzeko.

Gaur batez ere posta elektronikoa erabiltzerakoan zaindu beharreko arauak ikusiko ditugu, sareko baliabideetan gaur egun posta elektronikoa erabiltzen baitugu gehien. Eta horretarako oinarrituko gara Virginia Shea-k idatzitako Netiquette liburuan, zeina Jabi Zabalak aipatu baitzuen lehen ekarritako artikuluan, eta baita Robin Williams adituaren Cool Mac Apps liburuan, aurretik nik aipatua Faroan.

1. Baimena eskatu, inor gehitu aurretik posta zerrenda batean. Talde bat antolatzen baduzu zeure mezuak bidaltzeko, egokiena duzu aurrez galdetzea taldean sartu nahi dituzunak. Zuk uste baino jende gehiagok ez du nahi horrelako zerrendetan egotea. Horregatik, baten batek ezetz esaten badizu, ez gaizki hartu. Halaber, zaindu zure posta helbidea eta ez eman edonori. Bestela, spam edo eskatu gabeko mezu zaparrada bat jaso ahal duzu horren ondorioz.

2. Zaindu bidaltzen dituzun artxibo atxikien neurria. ADSLrik ez duen bati bidaltzen badiozu mega bateko argazki bat, sekulako faena egingo diozu, denbora mordoa beharko du-eta artibo hori jaisteko. Argazki bat bidali behar baduzu, aurrez egokitu (horrek esan nahi du programa bat erabili beharko duzula argazkiak tratatzekoa, berauen tamaina jaisteko) sarera bidali aurretik.

3. RTF formatu unibertsala erabili testu dokumentuak bidaltzeko, baldin eta testu hori atxikita igorri behar baldin baduzu. .doc atzizkia duten dokumentuak Word-ek bakarrik ireki ahal ditu. RTF atzizkia dutenak, berriz, testu prozesadore ia guztiekin ireki daitezke. Aintzat hartu Word erabiltzen ez dutenak ere.

4. Identifikatu dokumentu atxikiak. Bidaltzen diozunean baten bati dokumentu bat atxikita, esaiozu zer nolako dokumentua den, hartzaileak jakin dezan zer programa beharko duen dokumentua irekitzeko. “Josune, honekin batera dokumentu bat bidaltzen dizut RTF formatuan. Beraz, ez duzu oztoporik izango Wordekin irekitzeko”.

5. Ez idatzi LETRA LARRIZ. Maiuskulaz idaztea ez dago bat ere ondo ikusia Interneten, adierazten baitu garrasika zabiltzala.

6. Ez iraindu inor sarean. Eta, are gutxiago, ez ezkutatu anonimatoan beste inor iraintzeko. Salaketaren bat egiten baduzu inoren kontra, saiatu berau frogatzen, eta, beti, sinatu artikulu hori.

7. Garbitu mezuen zerrenda amaigabeak. Atzera eragiten dute mezu horiek, non goialdea dozenaka (edo ehunka) izen eta helbiderekin datorren. Horrelako bat jasota erabakitzen baduzu beste norbaiti bidaltzea, aurretik, mesedez, kenduiozu zabor hori guztia, mezua jasotzen duenak erraz irakur dezan han zer esaten den.

8. Ezkutatu taldeetako helbideak. Bidaltzen diozunean mezu bat talde bati, ari zara mezu horretako irakurle bakoitzari agerian ipintzen taldeko guztien helbide elektronikoak, eta hori jende askori ez zaio bat ere gustatzen.

9. Pertsonalizatu mezua. Inoiz erabakitzen baduzu lagun bati bidaltzea mezu bat, zabor hutsa, baina zuri gustatu zaizuna, ondo legoke ohartxo bat idaztea: “Aupa, Ander. Pentsatu dut barre apur bat egingo zenukeela hau ikusita”.

10. Ez sinestu hortik zehar dabiltzan gezurrak. Jasotzen duzunean izuak eragindako mezu apokaliptiko horietako bat, non ohartarazten zaituen halako birus ikaragarritik, kontuz ibili, seguruenik gezur hutsa izango da-eta, ingelesez hoax deitzen den horietakoa.

Sailkatze zerbitzuak eta del.icio.us
Sarean gero eta gauza gutxiago egiten dira bakarka, eta gero eta gehiago elkarlanean. Will Richardsonek dioenez, “aldaketarik handiena Internetekin dugun harremanetan ez da aukera ematen digula argitaratzeko, baizik eta aukera eskaintzen digula partekatzeko, konektatzeko eta sortzeko, gure antzeko interesak dituzten beste batzuekin batera”.

Erreminta berri horiei esker (blogak, agregatzaileak, RSS, del.icio.us, Flickr…) eraiki ditzakegu sare konplexuak eta baliabidez beteak, non aurkitu ahal ditugun askoz ere informazio gehiago, eredu gehiago eta ikasteko gehiago.

Berriz ere aipatuko dugu infoxikazioa, edo bestela esanda, informazio betekada. Izan ere, 10.000 milioi orri baino gehiago daude argitaratuta sarean, eta urtero milioika gehiago gehitzen dira. Zenbait jende ikaratuta dago, ez baitu modurik ikusten hori guztia asimilatzeko.

Etiketak
Baina iritsi dira etiketak. Ingelesez tags esaten zaie eta dira hitz batzuk, guk asmatuak, balio dutenak guk gordetako irakurgaiak sailkatzeko. Bi adibide.

Eman dezagun irakurri dugula artikulu bat sarean Asier Berasaluze pilotariak irabazitako azken partidari buruz, eta gorde nahi dugula, Asier gure ikasletako bat delako, besteak beste. Gordetzeko orduan, hitz giltzarri batzuk aukeratuko ditugu etiketa moduan, adibidez “pilota”, “Berasaluze”, “txapelketa_2006”. Bide batez esanda, idatzi nahi duzun etiketa hitz konposatua baldin bada, hitz bien artean idatzi azpiko marra bat, goian egin dugun bezala.

Jo dezagun artikulu bat irakurri dugula, interesgarria, Flickr programaren inguruan. Gordetzerakoan, hitz hauek aukera ditzakegu artikulua sailkatzeko: “Flickr”, “photos” “web2.0”. Hau da, zenbait kasutan, gaia nolakoa den, komeni dakiguke etiketak ingelesez erabiltzea, horrela gaia konpartikuko baitugu milaka eta milaka lagunekin hortik zehar. Hori baliagarria izan daiteke batez ere gai bat landu behar dugunean, esate baterako Web 2.0 fenomenoa, horren inguruan batik bat ingelesez idatzi delako.

del.icio.us
Etiketekin batera, iritsi da del.icio.us, programa bat uzten diguna guk irakurritakoak gordetzea, sailkatzea eta partekatzea mundu osoarekin, hori guztia etiketak erabilita.

Bloglinesi esker, beste batzuek idatzitakoa partekatzen dugu. del.icio.us honen bidez, ostera, partekatzen dugu besteek, eta guk, irakurritakoa.

del.icio.us programan, etiketak ezinbestekoak dira, zeren bilaketa guztiak etiketen bidez egiten baitira. Programak ba du ataltxo bat iruzkinak idazteko, baina horiek nork berarentzat idazten ditu. Etiketak, berriz, nahi eta nahi ez idatzi behar dira, gordetako irakurgaia etiketen bidez lotuko baita beste irakurgai batzuekin. Nahi baduzu jakin beste batzuek zer gorde duten etiketa berarekin, idatzi goiko URLan: http://del.ico.us/tag/zukaukeratutako etiketa

del.icio.us erraza da erabiltzen. Izena emateko ere, nahikoa da erabiltzaile izen bat sartzea, norberaren izena (edo asmatutako bat), eta pasahitz bat. Hori eginda, kito. Barruan zaude.

Baina del.icio.us-ek aukera ematen digu, gainera, jakiteko gure lagunek zer irakurtzen duten. Horretarako, del.icio.us-en bertan, “Network” aukeratu, eta joan sartzen gure lagunen erabiltzaile izenak. Hortik aurrera, jakingo dugu zer irakurtzen duen Urliak, zer Sandiak eta zer Berendiak. Hori da beste modu bat, zoragarria, irakurgaiak partekatzeko. Zeren ikusten badugu Sandiak edo Mikelek oso artikulu interesgarri bat harrapatu dutela, hortxe bertan daukat aukera artikulu hori neure egiteko, “edit” hitzaren ondoan “subscribe” agertzen baita, letra txikitan. Klik egin hor, eta neure bilduman dago jada.

Laburbilduz, del.icio.us-ek hainbat modu eskaintzen digu irakurgaiak partekatzeko:

  1. Guk irakurritakoak sailkatuta. Artikulu bat irakurtzen dugunean, interesgarria iritziz gero, gorde del.icio.us-en eta etiketak ipini, beste batzuek ere aurki dezaten.
  2. Etiketak erabilita. Lan bat egin behar badut Google bilatzailearen gainean, “Google” izeneko etiketan klik egin, edo bestela idatzi URLan http://del.ico.us/tag/google, eta hor agertuko zaizkit del.icio.us-en etiketa horrekin gordeta dauden irakurgai guztiak; gehienak ingelesez, eta gainerakoak beste hizkuntza batzuetan.
  3. Lagunen irakurgaien jarraipena eginda. Network bat sortu, sare bat, eta hor jarraitu haiek zer irakurtzen ari diren. Lagunak izan daitezke, edo norberak interesgarritzat jotzen dituen pertsonak.

Bloglines eta del.icio.us
Bada beste modu bat del.icio.us-en jarraipena egiteko eta da Bloglines-en bidez. Nik, adibidez, orain arte bide hori erabili dut jakiteko Luistxok, Garik eta beste batzuek zer irakurtzen duten. Kopiatu haien URLa, pegatu Bloglinesen, agindu horri harpidetzeko helbide horretara, eta karpeta bat izendatu.

Eta orain, ekin lanari: kontu bat sortuko dugu del.cio.us-en, hainbat irakurgai aukeratu, etiketak eman eta gorde. Network bat ere sortuko dugu, jakiteko gure lagunek zer irakurtzen duten. Probatuko dugu nola bilatu gai baten inguruan. Eta sortuko dugu karpeta bat Bloglines-en zenbait jenderen del.icio.us irakurgaiak harrapatzeko.

2006/05/10

Nekane Arratibel, HUHEZIko dekano berria



Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Errektore Kontseiluak Nekane Arratibel aukeratu du Jose Antonio Mendikute oraingo dekanoa ordezkatzeko, honek uztailaren amaieran hartuko baitu erretiroa. Nekane Arratibel Lazkaon jaio zen, Gipuzkoan, orain 38 urte, eta Antzuolan bizi da orain, ezkonduta eta 7 urteko seme batekin.

Psikologia ikasi zuen EHUn, eta bertan egin zuen doktore tesia ere, "Helduen euskalduntzean eragiten duten faktore psikosozialak: motibazioaren rola". 2000ko urrian hasi zen HUHEZIn irakasle lanetan. Aurten irakatsi du Gizarte Psikologia, Garapen Psikologikoa eskola adinean eta Helduen irakaskuntza. Psikopedagogiako koordinatzailea izan da, Hizkuntzen departamenduko buru eta 3. zikloko eta ikerkuntzako arduraduna.

Ikasturte hau amaitu bitartean, Nekane Arratibelek orpoz orpo egingo du lan Jose Antonio Mendikuterekin, karguaren gorabeherez jabetzeko.

2006/05/08

Wikiaren indarra: Londresko leherketak

Begira nola dabilen Wikipedia, sareko entziklopedia hori, non hiritarrek idazten duten musu truke, bata bestearen lana osatzen. 2005eko uztailaren 7an hainbat bonba lehertu ziren Londresko metroan, lau estaziotan zehatzago esanda.

Will Richardson irakasleak kontatzen duenez eSchoolNews blogean: goizeko 10:00etan Morwen izeneko neska batek idatzi zuen lehen informazioa. Hamar minutu geroago, beste batek, informazioa jaso ahala, hainbat aldaketa egin zituen. Bederatzi minutu geroago, norbaitek loturak gehitu zituen, external links, mezu honekin: “Inork ez daki ze ostia gertatzen ari den”.

Minutu bat geroago, baten batek ezabatu egin zuen hitz gordina. Bi minutu geroago, norbaitek erantsi zuen aurkibide bat, eta beste batek editatu. Zortzi minuturen bueltan, 10:18 eta 10:26 artean, 52 aldiz editatu zen albistea. Hurrengo orduan beste 46 aldaketa egin ziren, beti ere informazioa osatzen, eta albistea hazi egin zen 650 hitz izan arte.

Egun eta erdi geroago, artikulua 2.500 aldiz editatu zen, eta 3.500 hitz zituen. Seguruenik ehunka lagunek hartu zuten parte lan horretan. “Artikuluak eskaintzen duen nformazio kopurua itzela da” dio Will Richardsonek, “eta esango nuke hor agertzen den informazioa dela edozein hedabide handik emandakoa bezain zehatza”.

Hor ikusten da, garbi, wikiak zer indar duen, eta zenbateraino eragiten duen sareko elkarlanean, denon onerako.

2006/05/04

Web 2.0 Bloglines

Egun on, denoi. Poliki-poliki bagoaz aurrera. Sortu dugu posta zerrenda bat gure artean informazioa bizkortzeko, moldatu dugu blog bat, eta bertan hainbat mezu landu ditugu, loturak-eta eginez, eta egin dugu egutegi bat. Gaur, berriz, kontu bat sortuko dugu Bloglines agregatzailean, eta hasiko gara gure intereseko informazio iturriak hor sartzen, sailkatuta. Baina goazen pausoka.

Hazkunde ikusgarria
Blogak ugaltzen ari dira perretxikoak bezain bizkor, edo bizkorrago. Orain dela gutxi, Technoratik, sarean dagoen blog bilatzailerik ezagunenak, Technoratik zenbatu zituen 30,4 milioi blog, baina kontua da bost hilabetez behin blog kopurua bikoiztu egiten dela. Horrek esan nahi du blogosfera bost aldiz bikoiztu dela azken hiru urteotan. Edo, beste modu batean esanda, blogosfera da, gaur egun, 30 aldiz handiagoa orain hiru urte baino. Kontuan hartuta blogak 1999an sortu zirela masa fenomeno moduan, Blogger eta Pitas plataformak agertu zirenean, berauetan erraz eta doan egin baitzitekeen blog bat, hazkunde hori ikusgarria da.

Beste horrenbeste gertatzen ari da euskal blogosferan, batez ere Blogari.net Blogak.com eta Mundua.com plataformak sortu direnetik, nahiz eta gure artean hazkundea ez den hain ikusgarria.

Infoxikazioa
Hazkunde horrek eragin lezake, eta eragiten du, informazio pozoinketa bat, edo sarean izendatzen zaion moduan, infoxikazioa, hartzailea ez delako gai informazio desmasia hori ulertu eta bereganatzeko. Betekada ere erabil genezake pozoinketa modu hori ere izendatzeko.

Zenbait adituren iritziz, Cornellá kasu, tresna berriak behar ditugu, lagunduko digutenak kudeatzen informazio olde hori eta saihesten larrimina, informazio desmasiak gugan eragina.

Agregatzaileak
Testuinguru horretan sortu ziren lehen agregatzaileak. Agregatzaile batek biltzen ditu albisteen izenburuak edo historiak RSS edo Atom formatuan eskainiak, eta horrela irakurleak ez du zertan kontsultatu banan-banan orrialde bakoitzak eskaintzen dituen berriak. Agregatzaileak zentralizatu egiten du informazio guztia kontsulta leku bakar batean.

Agregatzailetan erabiliena Bloglines da. Euskaraz, berriz, Aurki.com dugu horietako bat, nahiz eta beste ezaugarri batzuk ere badituen.

Bloglines
Mark Fletcher-ek sortu zuen 2003an, eta bi urte geroago saldu egin zion Ask Jeeves enpresari. Doakoa da eta erabiltzen da albisteak sortu, partekatu eta berauetara harpidetzeko edo, horrela nahi izanez gero, baita blogak sortzeko ere. Plazaratu eta berehala, arrakasta izugarria izan zuen.

Bloglinesek hainbat aukera eskaintzen digu:
  • Harpidetu. Zerbitzu honekin harpidetu gaitezke gure gustuko blog, posta zerrenda, del.icio.us kontu edo webgunetan. Hasiera honetan, guk aukera hau erabiliko dugu gehien.
  • Partekatu. Honi esker partekatu ahal ditugu geure informazio iturririk gogokoenak gure lagunekin edo lankideekin.
  • Bilatu. Blog guztien artean, sarean edo norberaren harpidetzen artean bila dezakegu. Horrezaz gain, behin erabiltzaileak kontu bat sortu duenean, programak perfil moduko bat sortzen du (aintzat hartuta kontu horrek zer hizkuntza eta gai aukeratzen dituen), eta noizbehinka proposamenak egingo ditu antzeko informazio iturriak eskainita.
  • Argitaratu. Blog bat egin nahi izanez gero, Bloglinesek aukera hori eskaintzen du.

Beste modu bat irakurtzeko
Bloglines zerbitzuari esker, beste modu batean irakurri ahal dugu sarean. Goizeko lehen orduan pizten dugunean ordenagailua, Bloglines aukeratu eta hortxe ditugu geuk aukeratutako informazio iturri guztiak, karpetatan antolatuta.
  • Bizkorrago. Bloglinesi esker askoz ere bizkorrago irakurriko ditugu albisteak, klik egingo dugu-eta benetan interesatzen zaizkigunetan. Besteetan, izenburua gainbegiratu, akaso sarrera ere bai, baina sartu ere ez gara egingo.
  • Gehiago. Sistema horrekin askoz ere albiste gehiago gainbegiratuko ditugu, ito beharrik barik. Denbora berean, albiste iturri gehiago.
  • Lasaiago. Bloglinesi esker gutxiagotan sartuko gara blogetan, bakarrik gure intereseko zerbait aurkitzen dugunean.
Egunaren hasieran begiratzen badugu Bloglines, egunaren bukaeran ere beste begirada bat egin ahal diogu. Orduan leitzeko aukera izango dugu goizetik irakurri gabe ditugun albisteak.

Ekin lanari!
Behin azalpenak emanda, goazen praktikan jartzera hemen esandakoak. Horretarako, urratsa hauek egingo ditugu:
  1. Sortu kontu bat Bloglinesen.
  2. Sortu karpeta pare bat bertan.
  3. Harpidetzak egin.
  4. Irakurri harpidetutako iturrietatik.
  5. Bidali lagun bati albiste baten berri.

2006/05/02

HUHEZIk, 30 urte

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 30 urte bete ditu. 1976. urtean, ikusita euskarazko irakaskuntzak, aurrera egitekotan, irakasle tituludunak behar zituela, Hezibide elkarteak, zeinek batzen baitzituen Debagoieneko hezkuntza kooperatibak, Irakasle Eskola sortu zuen Eskoriatzan (Gipuzkoa).

Hasieran, ofizialtasunik ez eta, Irakasle Eskola hasi zen eskolak ematen Salamancako Unibertsitate Pontifizioaren gela moduan. 1997an, Mondragon Unibertsitatea eratu zenean, Irakasle Eskola HUHEZI bihurtu zen.

Historia
Hauxe da gure fakultatearen historia:

1978 Onarpen ofiziala. Hezkuntza Ministerioak onartu egin zuen Eskoriatzako Irakasle Eskola, aurrerantzean atxikita Bilboko Unibertsitateari (gero EHU).

1979 Lehen promozioa. 39 irakasle irten ziren urte hartan, irakasle diploma eskuan.

1980 Irakasle Eskola, kooperatiba. Bere ingurunean txertaturik, urrats logikoa izan zen eskola kooperatiba bihurtzea.

1981 Titulurik gabeko irakasleen lehen promozioa. Urte hartan 147 maisu-maistrak eskuratu zuten titulua, ikastoletan edo herri eskoletan euskara irakasten titulu barik ibilita. Guztira, titulurik gabeko 700 maisu-maistrak amaitu zituzten ikasketak Eskoriatzako Irakasle Eskolan.

1984 Haurren gaineko dokumentazio zentroa. Sei urte arteko haurren gaineko dokumentazioa biltzen, antolatzen eta zabaltzen hasi zen Eskola.

1985 Ikasleen birgaitze programa. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera, Eskoriatzako Irakasle Eskola ikastaro bereziak antolatzen hasi zen, lanean ari ziren irakasleak egunean jartzeko. Jakingarriak aldizkaria sortu zen.

1988 Bideo didaktikoak. “Piti gaztagile” egin zen, helburu didaktikoekin egindako bideo bilduma bateko lehen bideoa.

1990 Euskararen normalizazioa administrazioan. Irakasle Eskolak ikastaro bereziak antolatu zituen, lantzeko euskal administrazioko funtzionarioen hizkuntza eskakizunik jasoenak.

1992 Ikasliburugintzan. Dozena bat liburu argitaratu ziren, euskarazko irakaskuntzan ikasliburuak behar zirela-eta.

1996 Hezkuntza Berezia. Hezkuntza Berezia espezialitatea sortu zen, profesionalak prestatzeko hezkuntza premia bereziak dituzten haurrekin lan egiteko.

1997 Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Eskoriatzako Irakasle Eskola Mondragon Unibertsitatean sartu zen, eta bertako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultate bihurtu zen, HUHEZI. Horrekin batera, Humanitateak-Enpresa izeneko lizentzia sortu zuen.

1999 Eraikin berria. Hasierako eraikina txiki geratu zela-eta, Gizabidea fundazioak alboko San Viator eraikina (XVII mendekoa) erosi zuen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearentzat. Urte horretan fakultateak “Enpresa Proiektuen Zuzendaritza” masterra sortu zuen.

2000 Psikopedagogia lizentzia. Bigarren zikloko lizentzia moduan sortu zen, hobeto erantzuteko irakaskuntza eta gizarte eleaniztunetan sor daitezkeen arazoei.

2001 On line ikasketak. Psikopedagogia ikasketak eta master bat, sarean ipini ziren. Halaber, Humanitateak-Enpresako lehen promozioak ikasketak bukatu zituen. Urte berean, bi master gehiago eratu ziren: Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologiak Formazioan, eta Hezkuntza Zuzendaritzan.

2002 Esku-hartze Psikopedagogikoa. Psikopedagogia ikasketen barruan antolatu zen.

2003 Mendeberri proiektua ezarri. Arazoetan Oinarritutako Irakaskuntza hasi zen aplikatzen modu sistematikoan Irakasle ikasketen lehen mailan.

2004 Pertsona eta Talde Garapena. Gestio unitate bat sortu zen izen horrekin. Halaber, sortu zen Informaziorako eta komunikaziorako Giza Zientziak. Urte horretan hasi zen irakasten Prestakuntza Pedagogikorako ziurtagiria.

2005 Ikus-entzunezko komunikazioa. Lau urteko lizentzia.

Euskal curriculuma wiki batean?

Euskal curriculumaren inguruan ere elkarri mokoka gabiltza euskaldunok: abertzaleak euren kontura dabiltzala, nazionalista espainiarrek beste modu batean nahiko luketela… prozesua nork kontrolatu izaten da hemen gakoa, antza.

Hego Afrikan, berriz —eta gogoan izan garai batean nolako amildegia sortu zen hango gizartean arrazakeria zela eta— institutuko ikasketei dagokien curriculum osoa wiki batean lantzen ari dira. Bertako irakasle guztiek ateak irekita dituzte bakoitzak nahi eta egoki irizten dion ekarpena egiteko. Halaxe irakurri diogu Will Richardson irakasleari bere azken liburuan.

Kasu horretan curriculuma izaki bizi bihurtzen da eta hazten doa, Hego Afrikako irakasleek ekarpenak egin ahala. Une oro, gainera, denen eskura dago, kontsultatzeko, kopiatzeko, eta ikasgelan erabiltzeko. Curriculum horren edukia, bestalde, erabiltzen ari da hainbat ziber jolas aberasteko, CodeBreaker jolasarekin gertatu den bezala.

Horrelako proiektu batean, kontrolak baino partekatzeak hartzen du indarra, eta elkarren arteko konfiantzak. Editore batzuek gainbegiratzen dituzte une oro edukiak, ziurtatzeko edukien kalitatea, Wikipedian gertatzen den bezala. Hala eta guztiz ere, irakasle gehienek askoz ere hurbilago eta propioago sentitzen dute curriculuma horrela lantzen denean, halako eta halako batzordetan lantzen denean baino.

Beraz, Euskal Herrian ere hasi beharko ginateke irakaskuntzan ere beste parametro batzuetan lan egiten, aprobetxaturik kasu honetan wikiek eskaintzen dizkiguten aukerak.