2007/03/15

HUHEZIk ere Moodle erabiliko du

Martxoaren 16an HUHEZIko dozena bat irakaslek ikastaro batean parte hartuko dute, ikasteko Moodle plataforma zelan erabili irakaskuntzan. Eduardo Sanchez Goi Eskola Politeknikoko irakasleak emango du ikastaroa, eta bertan azalduko du zer den Moodle, nondik sortu zen eta zeintzuk diren beronen baliabiderik esanguratsuenak.

Hortik aurrera, HUHEZIko irakasleak hasiko dira, poliki-poliki, Moodle erabiltzen ikasleekin. Fakultateak nahi du epe labur batean Moodlen erabilera karrera eta ikasgai ia guztietara zabaltzea.

Moodle

Moodle da plataforma bat software librean egina, eta laguntzen du ikaskuntza prozesuak kudeatzen. Egina dago, gainera, pedagogia irizpideak aintzat hartuta, hezitzaileak gai izan daitezen sortzeko ikaskuntza komunitate eraginkorrak online.

Komunitate zabal bat eratu da nazioartean Moodlen inguruan. Plataforma bera 75 hizkuntzatan160 herrialdetan erabiltzen da. Moodle oso ondo uztartzen da Mendeberrin, Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza proiektuan. erabil daiteke, tartean euskaraz, eta 160 herrialdetan erabiltzen da. Moodle oso ondo uztartzen da Mendeberrin, Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza proiektuan.

2007/03/01

Komunikaldiak 07: interes handia tokiko telebistaren inguruan

Aurtengo Komunikaldietan zeresan handia eman dute tokiko telebista digitalek, eta berauek arautzeko dekretuak, Eusko Jaurlaritzak ateratakoa. Zenbat buru hainbat aburu hor ere, gaur Eskoriatzan ikusi den bezala, goiz eta arratsaldeko saioetan.

Ponentziak eta argazkiak
Interesa duenak gaur HUHEZI fakultatean esandakoa irakurtzeko edo hango argazkiak ikusteko, hemen ditu loturak:

Mahai ingurua: Euskararen lekua araudi berrian




Arratsaldean Josep Angel Guimerà ikertzaile katalanak hartu du hitza mahai inguruan hasi aurretik, antolatzaileek gonbidatu egin dute jakin dutenean Josep Angel Euskal Herrian dabilela ikerlan bat egiten, aztertzeko zer tratamendu ematen zaion hizkuntzari telebistaren digitalizazioan.

Haren atzetik etorri da mahai ingurua, eta hor hitz egin dute Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Lutxo Egia Ibaizabal proiektuko kideak, Jon Aldanondo Goierri Telebistako arduradunak eta Bea Narbaiza EHUko irakasleak. Gaia: “Euskararen lekua Tokiko Telebista Digitalaren araudiaren barruan”. Saio bizia izan zen, galdera-erantzunetan batez ere.

Esandakoak
Hona hemen arratsaldeko saioan entzundako zenbait esaldi:
  • Eskatzeak katalana erabil dadin maila batetik gora telebista digitalaren eskarietan laguntzen du ikus-entzunezko industria indartsu bat sortzen. (Josep Angel Guimerà)
  • Esango nuke Euskadiko dekretua beldurretik egin dela. Atentzioa eman dit hizkuntza portzentajeak oso apalak izatea, batez ere kontuan hartuta berauek kalkulatu direla oinarri hartuta 2001ean jendeak zenbateko euskara zekien. 2012an telebistek bete beharko dituzte 2001eko hizkuntza eskakizunak. (Josep Angel Guimerà)
  • Guretzat euskarazko telebista lokal bat sortzea Bilbon ezinbestekoa da euskaldunok aurrera egiteko. Horrelako telebista batek balioko luke euskaldungoa trinkotzeko, besteak beste. (Lutxo Egia)
  • Herri telebista batean munduko kameralaririk onenak ez du lekurik, hemen denetik egin beharko du-eta. (Jon Aldanondo)
  • Katalunian kuotak jartzen dira telebista mota guztientzat, hizkuntzari dagozkion kuotak. Hemen telebista lokalei bakarrik ezartzen zaizkie. Zergatik? (Bea Narbaiza)
  • Proposatuko nuke hizkuntza eskakizunak ezartzeko orduan kontuan hartzea euskaldunak eta ia euskaldunak. Horrela, hizkuntza eskakizunak igoko lirateke %20. Panorama aldatuko litzateke bereziki hiriburuetan. (Bea Narbaiza)
  • Aukeratu genuen euskaldunak bakarrik kontuan hartzea hizkuntza eskakizunak erabakitzeko orduan, errealistak garelako: tokiko telebista handienak erdarazkoak dira; bestetik, euskaldunok oso produktu gutxi kontsumitzen dugu euskaraz. (Patxi Baztarrika)
  • Goienak erakusten du gauzak ondo egiten direnean, sortu egiten dela jendearengan telebista euskaraz kontsumitzeko ohitura. Beraz, egin egin behar dira telebistak euskaraz. (Bea Narbaiza)
  • Dekretu hau atera dugu errealitatea aldatu nahi dugulako, amore eman gabe egungo egoerari. (Patxi Baztarrika)

Lutxo Egia: nola erakarri teleikusleak Ibaizabal Telebistara?

Hona heman Lutxo Egiaren hitzaldia: "nola erakarri teleikusleak, euskararekin, Ibaizabal Telebistara?"


Arratsaldeon guztioi

Lehenik eta behin, Bilboko Ibaizabal Mendebalde Kultura elkartearen izenean, eskerrik asko jardunaldi hauetara gonbidatu izanagatik.

Bilbo Handian telebista digitala martxan jartzeko elkartea dugu Ibaizabal. Orain urtebete inguru talde txikia sortu zen. Egun, talde eragileko posta-zerrendan berrogeita bost lagun agertzen gara.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren arabera Bilbo Handia izeneko barrutiak Bilbo, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga eta Etxebarri batzen ditu. Gu beste hiru barrutitako lagunekin ere ari gara beharrean: Uribe-kosta, Ezkerraldea eta Mungialdea.

Bilbo Handia Ikus-entzunezkoak enpresa sortu dugu Ibaizabalek eta Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak. Ondo bidean, hilaren 5ean aurkezpen publikoa egingo dugu Ibaizabal eta Hamaikak, Bilboko Kafe Antzokian. Orain gure erronkak honako hauek dira: enpresa-proiektua garatu, egitasmoa aurkeztu lehiaketara eta komunikazioa sendotu. Hain zuzen ere, komunikazio estrategiak pisu hartuko du datozen hilabeteotan. Jende askok zertan gabiltzan badakien arren, euskarazko telebista digitalaren proiektua nahiko ezezaguna da.

“Nola erakarri teleikusleak, euskararekin, Ibaizabal Telebistara” (ez da hori telebistaren izena, laster erabakiko dugu). Zeharka helduko diot gaiari, Ibaizabalekook ez baikaude orain une horretan. Dena den, lagungarriak izan daitezkeelakoan, ideia batzuk mahairatuko ditut:

Bilbon, geografia ez da kohesionatzeko baliagarria, ez bederen beste toki batzuetan baliagarria den heinean. Ez dago zertan azpimarraturik, bestalde, zein garrantzitsuak diren komunikabideak nortasun-sortzaile edo emaile gisa.

Bilbon tokiko telebistek pisu nabarmena hartu dute. Sarri audientzietan ikusten da. Bai eta lagunarteko solasaldietan ere. Ezin ditugu bazterreko hedabidetzat jo. Aurkezle batzuk (prime time-koak behinik behin), beste kate batzuetako bezain famatuak dira.

Bilbon tokiko telebistak egokiak dira gizarte-sarea ehundu eta zabaltzeko. Komunitatea ederto baten ezagutzen dute. Hurbiltasunaren eredua ekarri digute. Helburua komunitate bera da.

Bilbon tokiko telebistak erdarazkoak dira. Euskarari ez zaio keinurik egiten.

Bilbon, bada, ez dugu euskarazko erreferentziarik. Gure erreferentziak beste telebistetan daude. Batetik, Bilboko tokiko telebistetan. Bestetik, ETB1ean. Bilboko telebistak bere eredua sortu beharko du. Ezin da izan besteak bezalakoa (mahainguruan egongo da aukera, beharbada, adibide bat edo beste ipintzeko). Hala ere, eredu haiei begiratu beharko die ezinbestez.

Aurrera jarraitu baino lehen, Kafe Antzokia aitatu nahi dut. Eta zergatik aitatu Kafe Antzokia?, galdetuko du batek baino gehiagok.

Literatura-testu fundazionalek bezala, sinetsita nago Kafe Antzokiak mugarria ezarri duela Bilbon. Badira hamaika urte luze sortu zela. Ez da aisialdirako gune hutsa. Oinarrian teorizazio soziolinguistikoa dago; oinarrian, zer ekarri behar dion hiriari; oinarrian, zer euskarari. Urteak joan urteak etorri, uste dut Antzokia apur bat aldendu dela hasierako ideiatik. Programazioan ikusten dut batik bat. Ez dago hain mugatua euskararen mundura. Ez da euskararen santutegia. Eta beharrik ere ez dago. Baina han euskaldunok ez dugu arrotz ikusten geure burua. Diglosia faltsutzen duen toki elegantea da.

Horretaz gain, erreferentea da. Bilbo Handirako erreferentea.

Baina zer dela-eta Antzokia, galdetuko dute berriro.

Beste galdera batekin erantzungo dut: jarri al da antzeko proiekturik Bilbon hamaika urte luze hauen ostean? Hau da, sortu da euskarazko ekimenik Bilbo handirako? Niri ez zait bakar bat ere bururatzen.

Are gutxiago komunikabideen esparruan, kenduta Bilbo Hiria Irratia (Kafe Antzokiko euskarazko irratia).

Gurean ez dugu euskarazko hiri-egunkaririk. Doako egunkariak modan jarri zaizkigu, ordea, non eta Metroan. Kolore horiko lau kazeta banatzen dituzte astelehenetik ostiralera, atzean daukaten enpresa-taldeen ideologia kargak igortzeko torpedoak (agian, behartuta sentituko da Euskaltzaindia urte batzuk barru Vizcaya V-z, C-z eta Y-z idaztera. Eta ez da broma).

Hiri aldizkaririk ere ez dugu. Bai, ordea, euskarazko auzo-aldizkari bi: Berton (Santutxu-Begoña auzunean) eta Prest (San Ignacio-Deustuan). Ongi erroturik auzoetan biak ala biak. 40.000 eta 50.000 bizilagunen auzoei buruz ari gara. Auzo ikaragarriak, beraz. Herri handiak. Edo hiri txipiak. Izan ere, Bilbon garrantzia handia baitute auzoek. Hainbestekoa non batek baino gehiagok garrantzia kentzen dion hiriari berari. Eta arrazoirik ez zaio faltako, hemendik aurrera gero eta gaitzago izango baita hiriaren definizio bakarra eskaintzea.

Arrazoi bat edo beste, Bilbo Handian ez gara hirirako proiekturik sortzeko gauza izan. Zergatik? Ezinezkoa al da euskarazko komunikabide bat sortzea Bilbon?

Mahainguruan aukera egongo da gai hauen gainean luze eta zabal berba egiteko. Amaitu nahi dut ostera ere Kafe Antzokia ekarriz. Hura sortu aurretik, bakan batzuek bakarrik irudika zezaketen zer ekarriko zion hiriari. Beharbada errazagoa da irudikatzea zer ekarriko dion euskarazko telebistak. Tren honetara igoz gero, ulertuko dugu gai garela geure proiektuak sortzeko eta geure proiektuetan sinesteko, geroak (edo arlo publikoak) ekarriko duenaren zain egon gabe. Autoestima gizentzeko giltza dugu telebista. Eta autoestima sano inportantea da gurea bezalako gune erdaldun batean. Ez dut apokaliptikoa eman nahi, baina tren honetara igo ezean, komunikazio eta entretenimendurako tresna eraginkor bat galtzeaz gain, Bilboko euskaldunok, urte batzuetan bederen, ez gara gauza izango ezeri ekiteko.

Iñaki Uria: Hamaika Telebistaren proiektua



Sarrera moduan, eta denok jabe gaitezen zer testuingurutan sortu den legea tokiko telebistak arautzeko, Iñaki Uriak hitz egin du azken urteotan ematen ari diren aldaketa teknologikoez, hala nola kanal ugaritzea telebisten esparruan eta berauen kalitatea areagotzea. Bigarrenik, edukiak aipatu ditu, horiek ere gero eta ugariagoak. Testuinguru horretan euskarari gero eta esparru txikiagoa geratzen zaio, Uriaren iritziz. Hirugarrenik, esan du Espainiak duela espektro radioelektrikoaren jabetza, eta guri tokatzen zaigula hori kudeatzea.

Hamaika taldea
Hamaika taldea aurkeztu du ondoren, eta esan du lau talde handik osatzen dutela:

  • Prentsa: Deia-Diario de Noticias taldea, Gara eta EKT taldeak osatua.
  • Sozio teknologikoa: Euskaltel.
  • Bainet produkzio etxea.
  • Elkar argitaletxea.

Uriak aipatu duenez, Hamaika sortu zen helburu batekin: ziurtatzea euskarak izango duela dagokion tokia panorama digital berrian. Horren haritik, Hamaika taldeak bermatu nahi du eskualde bakoitzean tokiko telebista bat egongo dela euskaraz lan egiten. Sarean jarduteak, gainera, ekarriko du publizitate gehiago biltzea.

Hamaika zertan ari den
Gaur egun Hamaika taldeak honako lanetan dihardu:

  • Eskualdetan aliantzak sortzen, ziurtatzeko barruti guztietan egongo dela euskarazko telebista bat: Bilbo Handia Ikus-entzunezkoak, Debabarrena, Donostia, Durangaldea, Oiarsoaldea, Gasteiz eta Laudio aipatu ditu.
  • Telebistak dauden eskualdetan, horiekin hitz egiten. Debagoiena aipatu du, eta hor esan du hitz egiten ari direla Goiena Taldearekin, ados daudela gauza gehienetan eta xehetasun batzuk baino ez zaizkiela falta adostasuna erabatekoa izateko.
  • Sarea antolatzen, sindikaziorako.
  • Proiektua bera prestatzen, martxoaren 23an aurkezteko Eusko Jaurlaritzan.

Nolako telebista sortu
Amaitzeko, gogoeta egin du Iñaki Uriak, eta adierazi du telebista bat sortu behar dela ikusiko dena. Hortxe jo du erroka nagusia Hamaika taldearentzat. Aipatu du, halaber, zelako telebista sortu nahi duten:

  • Gertukoa eta hurbila.
  • Interaktiboa.
  • Informatiboa.
  • Eutsigarria.

Bukaeran, dei egin die HUHEZIko ikasleei, presta daitezen egoera berrirako. Bere iritziz, hedabideek beharko dute jende ondo prestatua, ezaugarri hauekin:

  • Irekia.
  • Dinamikoa.
  • Molda erraza.
  • Prest denetik egiteko.

Nafarroa
Nafarroaz galdetu zaionean, esan du hori etorriko dela, nahiz eta orain ez dagoen Hamaika taldearen lehentasunetan. “Ikusi egin behar zer gertatzen den hauteskundeetan, horrek baldintzatu egingo du-eta egoera”.