
Atzo gurean izan genituen IKTeroak, hau da, Mikel Etxarri, Maite Goñi eta Jokin Lacalle (argazkian horrela agertzen dira), hirurak irakasleak Euskal Jakintza ikastolan, Ordizian. Gonbidatu egin genituen Web 2.0 ikastarora, azal zezaten nola erabiltzen ari diren teknologia berriak beraien ikastolan. Baina hori baino dezente gehiago eskaini ziguten.
Azaldu ziguten nola hasi ziren orain urtebete pasatxo blog batekin, eta hortik aurrera, nola murgildu diren, gero eta gehiago, Web 2.0 teknologietan, jakin gabe ere Web 2.0 izena zutenik ere. Aitortu zuten izugarri ikasi dutela urte honetan, teknologia kontuetan eta nola aplikatu teknologia horiek irakaskuntzan. Horrekin batera, ikuspegi zabala eskaini ziguten Web 2.0 fenomenoaren gainean.
Baliabide mordoa sortu dute Euskaljakintza izeneko blogean, eta esperientzia ezin interesgarriagoa abiatu ikasleekin. Ikusi besterik ez dago hemen zenbat ikasle hasi diren blogeatzen Ordiziako ikastola horretan. Eta horietako gehienek Bloglines erabiltzen dute, eta del.icio.us, eta beste hainbat programa.
IKTroek sinesten dute jakintza partekatzea ona dela, eta beraien ikastolarentzat sortu dituzten baliabideak besteon esku utzi dituzte, guk ere erabil ditzagun beldur barik.
Euskal Jakintza Ikastola harro egon daiteke IKTeroekin. Beharginak dira, maite dute irakaskuntza, eta kutsatu egiten dute ilusioa. Ni, behintzat, oso pozik irten nintzen ikasgelatik, eta uste dut ikasleak ere, halatsu joan zirela. Zorionak!