2005/10/06

Nola hedatu euskal blogosfera?

Euskal blogosfera zabalduz doa, baina oraindik blogari gutxi gabiltza hor. Nola bilakatu fenomeno masibo ez bada, bai gaur egun baino dezente zabalago? Nire ustez, horretarako sortuko beharko litzateke blog zerbitzu automatikoa, beste batzuek dituztenen tankera.

Hasieran Sustatu zen, lehen euskarazko bloga, baina, denborak aurrera egin ahala, sustatukide askok bakarrik hegan egiten ikasi, eta hasi ziren beren kontura blogeatzen. Lau urtean blog dezente sortu dira euskaraz, gehienak pertsonalak, begira bestela Eibar.org eta Goiena.net blog komunitateetan, eta, baita Uztarriaren blog komunitate berri-berrian (ongi etorri zuei ere!), baina oraindik lau katu gara, nolabait esatearren.

Zerbitzu automatikoa
Orain blog bat egin nahi duena euskaraz, nahi izatera horretarako erabili euskarazko plataforma bat, haiekin jarri behar da harremanetan (Eibar.org, Goiena.net edo Uztarriarekin, esate baterako), hitzartu ikastaro labur bat, eta orduan hasi blogeatzen. Bide horrek emaitza onak eman ditu orain arte, baina begitatzen zait hemendik aurrera beste bide bat ireki behar dela, errazagoa.

Bide horretan, euskal plataformek eskaini beharko lukete sistema automatiko bat blogak sortzeko, Blogger eta La Coctelera plataformek eskaintzen duten legez. Hiru pauso egin, eta kitto! Horrela, gazte mordo bat sartuko litzateke blogeatzen, zuzenean beren etxeetatik, eta euskal blogosfera nabarmen haziko litzateke. Orduan bai, izango luke masa krititiko nahikoa.

3 comments:

  1. Hori da aspaldiko nire pentsamendu bat. Bitartean sakabanatuta egongo gara, baina hala ere egongo gara.

    ReplyDelete
  2. Anonymous5:39 PM

    Ados nago, baina beste alde batetik uste dut Goienaren eredua Euskal Herriko beste eskualde batzuetara esportatzeko modukoa dela, azken batean horrek hurbiltasuna ematen diolako blogariari. Jakina, horretarako eskualde guztietan Goiena bezalako atari "potentea" egon beharko litzateke, eta hori beste kontu bat da.

    ReplyDelete
  3. Anonymous11:29 PM

    Erabat ados. Ea Code Sintax-ekoek horrelako zer edo zer sortzen diguten!!!

    ReplyDelete