2006/10/26

Zaragozatik, bihotzez

Bai, lagunak, Zaragozan gaude, ziber kafe batean idazten mezu hau. Atzo etorri ginen Aitor Zuberogoitia lankidea eta biok kongresu batera: Gazte Ikertzaileen Nazioarteko Jardunaldiak Komunikazioan. Uda partean komunikazio labur bat bidali genuelako etorri gara Aragoiko hiriburura.

Ailegaera
Gasteiztik abiatu ginen atzo, autobusez. Zaparrada galanta izan genuen Gasteizen, baina bidean jarri bezain laster, eguraldi garbia izan genuen. Zaragozan, haize epela: 24 gradu. Hotela beste puntan zegoenez, autobus geltokitik urruti, taxi bat hartu behar.

Hotela berri samarra da, gela politekin. Maletan han utzita, kalera irten ginen, afaltzeko asmoarekin. Saltoki handi batzuetara joan, eta han olagarroa jan genuen. Berriro hotelean, errepasoa eman pare bat egunkariri, eta lo egitera.

Gosaria
Goiz jaiki gara, 07:00etan. Gosaltzearekin batera, jakin dugu Athletic-ek berdindu egin zuela etxean eta Realak galdu bigarren mailako talde baten aurka. Eskerrak gosaria ona izan den!

Autobusez joan gara Merkataritza Ganberara, hantxe dira-eta jardunaldiak. Autobusean, kolore askoko aurpegiak. Bat-batean, alboko emakumeari telefonoz deitu diote. Errusieraz hasi da hitz egiten: “da” gora eta “da” behera. Mundu guztiak entzuten genion, baina ulertu, piperrik ere ez.

Jardunaldiak
Lehen eguneko jarduna ez zait larregi gustatu. Irekitze ekitaldian, hitz hutsalak eta handiusteak. Kazetaritzaren bertuteak airean, denak gogaitu arte. Aretoan, ikasle dezente agertu dira ordenagailu eramangarriarekin, aretoan wi-fia baitago.

Lehen mahai ingurua oso lege zaharrekoa iruditu zait, beti komunikazioaren parametro klasikoen barruan. Bigarrena apur bat interesgarriagoa, batez ere hobeto ulertzeko zelan hedatu den telebista estatu espainiarrean.

Arratsaldean, berriz, mahai inguru bat izan dugu iritzizko kazetaritzaren gainean, eta bertan izan da eskuin kazetaritzaren sorta oparoa: Charo Zarzalejos, Pilar Cernuda, Antonio Casado eta Mariano Gistan. Nekez egin dut aurrera, bitartean sekulako logura egin zait-eta. Entzun dira zenbait gauza kontuan hartzekoak, baina gehiena berbaro aspergarria izan da.

Aspaldiko ezagunak
Egunak baina, eman digu ezusteko atseginik. Liburu batzuei begira geundela, aspaldiko lagun bat inguratu zaigu: Xose Lopez, irakaslea Santiago de Compostelako Unibertsitatean eta aspaldiko laguna. AEBetan ezagutu genuen elkar, SND erakundearen pare bat kongresutan, eta hamalau bat urte izango ziren elkar ikusten ez genuela. Jose Pereirarekin zegoen, bere lankidearekin. Eta hantxe izan gara, kontu kontari, aretoan sartu bitartean.

Aspaldiko lagunak

Kanpotik etorri garenoi bazkaltzera gonbidatu gaituzte, eta hantxe agurtu dugu Ramon Salaverria, laboratorio multimediako zuzendaria Nafarroako Unibertsitatean. Baita Javier Diaz-Noci eta Idoia Camacho EHUko irakasle euskaldunak. Bapo jan eta ondo edan dugu, bertako ardo beltz gazte bat. Horrek eragingo zidan gero logura, arratsaldeko mahai inguruan.

Orain arratsaldeko 19:40ak dira, eta hemen gaude Aitor eta biok, ziber kafe honetan, unibertsitate hiriaren ondoan, kronika hau idazten hotelera egin aurretik. Bihar itzuliko gara etxera, autobusez, hemendik arratsaldeko 17:15etan irtenda. Dena ondo badoa, hiru orduan Gasteizen izango gara.

No comments:

Post a Comment