2005/07/14

Powerpoint eta proiektuen aurkezpenak

Egun hauetan karrera amaierako proiektuak aurkezten ari dira Giza Zientzietan, guztira 16. Ni batzuetan izan naiz, epaimahaikide gisa edo entzule soil moduan. Pozik irten naiz aurkezpen horietatik, ikasleek maila ona erakutsi eta gaiak ere oso interesgarriak iruditu zaizkidalako. Baina komunikazioaren ikuspegitik, uste dut denok ere badugula zer hobeturik.

Ikasle guztiek erabili dute ordenagailua eta proiektagailua aurkezpena egiteko. Eta PowerPoint programa. Hori erreminta baliagarria da oso, horrelako aurkezpenetan, baina askotan ez dugu behar den moduan erabiltzen, erakutsi digutelako trastoa nola manejatzen den, baina ez nola erabili komunikazioaren ikuspegitik.

Akatsik nabarmenenak
Hainbat akats ikusi ditut aurkezpen horietan, zaildu egiten dutenak komunikazioa, baina, aldi berean, errazak konpontzeko:
  • Zenbait ikaslek bizkarra eman diete epaimahaikideei, beraiek hitz egin bitartean. Hori zen pantaila aurrean zutelako, eta epaimahaikideak atzean.
  • Beste zenbaitek bakarrik begiratu diote epaimahaikide bati aurkezpena egin bitartean, eta ahaztu egin dira besteez.
  • Zenbaitek kolorezko pantailak erabili dituzte (bat urdina, bestea berdea…), bat ere irizpiderik gabe.
  • Pantaila batzuk beteegiak agertu dira, eta ia ezinezkoa izan da han zerbait irakurtzea. Bada gomendio bat, eta esaten du pantaila batean ez dela komeni bost lerro baino gehiago idaztea, ziurtatzeko han agertzen den guztia ondo irakurriko dela.
  • Zenbait ikasle luzatu egin dira neurrigabe aurkezpenetan, eta denbora larregi erabili dute.
Akats horiek ikasleek egin dituzte, baina iruditzen zait irakasleok ere badugula erantzukizunik horretan. Lau urtean ikasleek aurkezpen asko egiten dituzte unibertsitatean, baina irakasleok ez dugu komunikazioaren arlo hori behar bezala lantzen aurkezpenetan, eta gero, noski, akats horiek agertu egiten dira proiektuak aurkezterakoan.

Seguru nago komunikazio karrerak izugarri lagunduko digula xehetasun horiek hobeto lantzen, eta gure ikasleek asko irabaziko dutela horri esker.

1 comment:

  1. Anonymous2:33 PM

    Niri egia esan, askotan ikasleen aurkezpenak irakasleenak baino gehiago gustatzen jatez.
    Ta enpresetakoak be askotan nahiko eskasak izaten dira.
    Estrategan Repsol-YPFren aurkezpen baten kritika irakurri neban aspaldi. Kuriosoa da holako enpresa garrantzitsu baten ta Plan estrategikoa azaltzen dan aurkezpen baten korrika eta presaka ibiltea aurkezpena egiterakoan.

    ReplyDelete