2005/11/02

Blogariak irrati-telebistetan

Juan Varelari irakurri diogu: Localia TV, Prisa taldeko telebista lokalak, saio bat sortu du, T/Blog, eta hor lau blogari espainiar arituko dira blogen gainean hitz egiten. Concha GarcĂ­a Campoy esatariak ere beste horrenbeste egiten omen du bere irratian, joan den sasoia ezkero.

Euskal Herrian, guk dakigula, euskal telebistek ez dute oraindik tarterik sortu blogen gainean hitz egiteko, ez ETB1ek, ez eta euskaraz lan egiten duten herri telebistek ere.

Euskadi Irratiak izan zuen tarte bat larunbatero teknologia berriez hitz egiteko, Patxi Gaztelumendiren ardurapean, baina dagoeneko desagertu da. Irratien artean, seguruenik, Irratia.com izango da bakarra gai hori jorratzen duena maiztasun jakin batekin. Zorionak, bide batez, Irratia.comi, oraintsu bost urte bete berri ditu-eta.

Egunkarien artean, Berriak badauka tarte bat egunero, Blogteka, eta hor egunean blog batean agertutako artikulu bat ateratzen du. Jakin aldizkarian, bestalde, agertu ohi da hainbat informazio blogen gainean, Patxi Gaztelumendik idatzia.

Oraindik argi dago blogak bazter fenomeno bat direla euskarazko hedabideetan. Noiz edo behin agertzen dira, baina ez modu jarraian, eta ahots propioarekin.

No comments:

Post a Comment