2007/02/28

Edurne Basoa: Tokiko telebista digitala Euskadin



Hauxe da Edurne Basoa Kultura Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendariak bere hitzaldian --
Tokiko Telebista Digitala Euskadin. Arautzeko dekretua. Eredu eta helburuen luze-zabalak-- esandakoa:

Egunon guztiei eta eskerrik asko Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateari jardunaldi honetan parte hartzeko aukera eman digulako.

Egindako lan banaketa errespetatuz, niri dagokit tokiko telebista digitala arautzeko irizpideak azaltzea, hau da arautzeko Dekretua eta lehiaketarako baldintzak.

Dakizuenez, tokiko uhinen bidezko telebista digitalaren zerbitzuaren prestazioak zerbitzu publikoaren izaera du. Zerbitzua gauzatzeko administrazioaren kontzesioa beharrezkoa da eta kontzesioak lehiaketa publiko baten bidez banatuko dira.

Bai tokiko telebista digitala arautzeko Dekretua, baita lehiaketarako Administrazio Klausula Zehatzen eta Preskripzio Teknikoen agiriak ere indarrean daude. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 2006ko urriaren 3ko bere ohiko bileran Dekretua onartu zuen eta azaroaren 28ko bileran bi Agindu onartu zituen:

  • Tokiko telebista digitaleko kanalak udalerriei esleitzeko prozedura eta araubidea ezartzen duen Agindua, alde batetik, eta
  • Tokiko telebista digitaleko kanalak zeharkako kudeaketa-erregimenean esleitzeko lehiaketarako deia egiten duen Agindua, bestalde.

Eskaintzak aurkezteko epea martxoaren 23an amaitzen da, bai udalentzat, baita partikularrentzat ere.

Gaurko hitzaldi honetan garatuko ditudan arloak honako hauek dira:

  1. Oinarrizko Legedia
  2. Barrutiak
  3. Kudeaketa ereduak
  4. Helburu nagusiak
  5. Emakidak esleitzeko prozedura
  6. Zenbait ezaugarri
  7. Epeak

1.- Oinarrizko legedia

  • Autonomia Estatutuaren 19. atala.
  • 41/1995 Legea, abenduaren 22koa, lurreko uhinen bidezko tokiko telebistari buruzkoa.
  • 32/2003 legea, azaroaren 3koa, telekomunikazioei buruzkoa.
  • 10/2005 Legea, ekainaren 14koa, lurreko uhinen bidezko telebista digitala bultzatzeko, kable bidezko telebista liberalizatzeko eta aniztasuna sustatzeko premiazko neurriak zehazten dituena.
  • 439/2004 Errege Dekretua, martxoaren 12koa, tokiko telebista digitalaren plan tekniko nazionalari buruzkoa
  • 10/1982 Legea, azaroaren 24ko, euskararen erabilera normalizatzeari buruzkoa.
  • 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko.
  • 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa.
  • Gainontzeko araubidea. (publizitatearen inguruko arauak, administrazioen kontratu legea, … )

2.- Barrutiak
Araubideaz gain, tokiko telebistaren planifikazioa eta mapa osatzeko beharrezkoak ditugu, baita ere barrutiak. Tokiko Telebista Digitalaren Plan Teknikoaren bidez zehaztu zituen barrutiak Estatuko Administrazioak, Autonomi Erkidegoen eskaerak entzun ondoren.

Ondorengo zerrendan, herri batzuen izenak azpimarratuta ageri dira. Udal horiek tokiko telebistaren kanal baten erreserba egin zuten bere garaian, duela bi urte. Orain, orduan egindako erreserbaren eskabidea gauzatu behar dute. Legez, barruti bakoitzean, telebista kanal bat udalen esku gera daiteke, horretarako eskabidea balego eta salbuespen gisa bi. Oraingo honetan, bere garaian egindako erreserbaren eskabidea egiten ez badute, kanal horiek lehiaketaren bidez banatuko lirateke.

ARABA, 2:

    • Vitoria-Gasteiz: Vitoria-Gasteiz
    • Laudio: Laudio, Amurrio

BIZKAIA 6:

    • Bilbao: Bilbao, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri
    • Getxo: Getxo, Leioa, Erandio, Sopela, Berango, Plentzia, Urduliz, Barrika, Lemoiz
    • Durango: Durango, Abadiño, Elorrio, Amorebieta-Etxano, Berriz
    • Bermeo: Bermeo, Lekeitio, Markina-Xemein, Gernika, Ondarroa
    • Mungia: Mungia, Derio, Sondika, Zamudio, Lezama, Loiu, Bakio, Larrabetzu, Gatika, Gamiz-Fika, Maruri- Jatabe, Meñaka, Arrieta, Fruiz
    • Barakaldo: Barakaldo, Portugalete, Sestao, Muskiz, Ortuella, Trapaga, Abanto-Zierbana, Santurtzi

GIPUZKOA 7:

    • Irun: Irun, Errenteria, Pasaia, Hondarribia, Oiartzun, Lezo
    • Donostia: Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Andoain, Urnieta, Usurbil, Astigarraga
    • Tolosa: Tolosa, Villabona, Anoeta, Itsasondo
    • Beasain: Beasain, Zumarraga, Urretxu, Ordizia, Legazpi, Ataun, Ormaiztegi
    • Zarautz: Zarautz, Orio, Azkoitia, Azpeitia, Zumaia
    • Arrasate: Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza
    • Eibar: Eibar, Ermua, Elgoibar, Soraluze

Guztira 15 multiplex digital ditugu. Horietako bakoitzak 4 telebista kanal digitalerako aukera ematen du gaurko teknologiaren arabera, beraz, guztira, Euskal Autonomia Erkidegoan 60 telebista kanal digital izateko aukera dugu.

3.- Kudeaketa ereduak
Zerbitzuaren Udal-Kudeaketa edo zuzeneko kudeaketa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak aurreikusitako kudeaketa ereduei jarraituz:

  • Udal zerbitzu baten bidez
  • Tokiko elkarte autonomo baten bidez
  • Udal elkarte publiko baten bidez (kapitala %100ean publikoa behar du izan)
  • Tokiko merkataritza elkarte baten bidez ( kapitala %100ean udalarena eta udalen elkarte batena beharko du izan)

Udal zerbitzuaren eskabideak ez dira lehiaketaren bidez emango, berezko bidea jarraituko dute.

Partikularrek kudeatutako zerbitzua.

    • Lehiaketaren bidez banatuko da, lehiaketan horretarako jarritako baldintzak beteaz.
    • Eskatzaileak pertsona fisikoak direnean, honelako telebista zerbitzuen zeharkako kudeaketa barne hartu beharko du soziedadearen edo baltzuaren helburuak.
    • Elkarteen kasuan, akzioak izendunak izango dira eta Telebista Pribatuari buruzko 1988ko Legean ezarritako partaidetzako mugak beteko dira.

Irabazi-asmorik gabeko erakundeen bidezko kudeaketa, Udalaren konpromisoarekin, beti ere barruti horretan zuzeneko kudeaketako telebistarik ez balego.

Erakunde hauek, barrutiaren zeharkako kudeaketaren kontzesio bat lortzeko lehentasuna izango dute, lehiaketan dagokion eskabidea aurkeztuz.

Erakundeok horrelako ezaugarriak izango dituzte:

    • Irabazi-asmorik gabekoak izan
    • Zerbitzu eremuarekin lotura zuzena izan
    • Barruti barruan dauden udalerriaren inguruko edukiak dohainik hedatzeko aukera eskaintzeko konpromisoa. Eduki horiek ikus-entzule gehien egoten diren orduetan emango dira eta gutxienez egunean ordubete iraungo dute.

Gerta liteke barruti jakin batean, bat baino gehiago izatea telebista kanal bat lortzeko eskaintza aurkezten duten irabazi-asmorik gabeko elkarteak. Hau horrela balitz, lehiaketarako eratuko den kontratazio mahaiak aukera izango du beraien arteko akordioa bultzatzeko eskaintza bakar bat egon dadin barruti jakin horretarako, telebista-kanala denek elkarrekin kudeatu dezaten. Akordiorik ezean, esleitzeko prozedurarekin jarraituko da.

4.- Helburu nagusiak

  • Gertutasuna
  • Eduki propioak
  • Euskararen presentzia

Horiek izan dira Kultura Sailak hizpide izan dituen helburuak tokiko telebista digitalaren zerbitzua arautzerakoan, horiek direlako, azken batean, tokiko telebistaren ezaugarririk nabarmenenak.

Gainera, tokiko telebista digitala, zerbitzu publikoko izaera izanik, beste printzipio batzuk ere islatu behar ditu bere programazioan: informazio-aniztasuna, objetibotasuna, berdintasunaren aldeko balioak sustatu, gizalegezko eta lankidetzazko balioak helarazi eta beste batzuk.

4.1.- Gertutasuna

    • Tokiko telebistek hurbileko esparruari lotutako informazioa eskaini behar dute. Gaur egungo gizartean tokikotasunak funtsezko lekua du eta hor dute tokiko telebistek gunerik behinena
    • Bestalde, hiru urte barru izango dugun telebista mapa digital berrian, estatu mailako telebistek izugarrizko pisua izango dute. Gaur egun aurreikusita dagoen planifikazioaren arabera, 2010. urtean estatu mailako 32 telebista kanal berri sartuko zaizkigu etxean. Horretaz gain, Euskadik, dagoeneko, autonomi erkidego mailako multiplex digital bat -4 telebista kanal- du planifikatuta eta itzalaldi analogikoa gertatzen denerako, beste multiplex bat izango du. Digitalizazioak goitik behera aldatuko du gaur egungo panorama eta inguru horretan, hurbiltasunak izugarrizko garrantzia izango du.
    • Kanpotik datorkigun eskaintzaren aurrean orekari eutsi behar diote tokiko telebistek, lehian aritu gabe. Tokiko telebistek beraien esparru propioa dute eta horri eskaini behar diote ahalegin guztiak, hau da, tokiko komunikazio esparru propioa eraikitzeari.
    • Gure ustez, tokiko komunikazioa indartzera eta tokiko sarea eraikitze aldera lan egin behar dute tokiko telebistek .

4.2.- Eduki propioak

    • Legez, tokiko telebistek ezin dute telebista-katean emititu edo horietako batean parte hartu. Katean emititzea: asteko programazioaren %25etik gora programazio bera.
    • Egunero 4 orduz eta astean 32 orduz jatorrizko programazioa emititu behar dute eta programazio horren erdia, operadoreak berak ekoiztutakoa behar du izan, euskarazko portzentajeak beteaz.
    • Etorkizuneko telebistek zerbitzu eremuari zuzendutako programazioa emititu beharko dute egunero, gutxienez, ordu erdi bat. Programazio hau ezingo da sindikazioaren bidez ekoiztu.
    • Jatorrizko edukiok, euskarazko edukiak bezala, ikus-entzule gehiengo orduetan emango dira.
    • Era berean, euskal musika eta ikus-entzunezko produkzioak izango direla bermatuko da. Horretarako, euskal autore eta abeslarien lanek eta emanaldiek, emisio-denbora osoaren %15 hartuko dute
    • Zama izan daitekeen betekizuna errazteko (jatorrizko edukiak) sindikazioaren bidea proposatu da. Euskal kulturaren esparruko tokiko telebista bik edo gehiagok elkarlanean eta esklusiboki ekoitz ditzaketena eta, gainera, beraiek zuzenean edo eurentzako hirugarren batek gauza ditzaketen jatorrizko produkzioen emisioa hartuko da sindikazio bidezko emisiotzat.
    • Beraz, sindikazioan ekoiztutako programazioa, jatorrizko programazioa izango da eta ez da “katean egindako programazio bezala” kontuan hartuko .
    • Katean edo sindikazioan egindako emisioak, ezin izango dira barruti batean aldi berean eskaini.
    • Programazio orokorraren %40a sindikazioaren formularen bidez egin daiteke eta portzentaje hori %60ra zabalduko da udalentzat, irabazi-asmorik gabeko kudeaketa duten tokiko telebistentzat eta euskararen eskaintza minimotatik gora egiten dutenentzat.

· Edukiekin lotuta, labur bada ere, zerbitzuen datu osagarriak aipatu nahi nituzke. Multiplex digital bakoitzaren transmisio ahalmenaren %20 zerbitzu osagarriak transmititzeko erabili ahal izango da. Zerbitzuen datu osagarri hauek emango digute, neurri handi batean, gaur egun telebistarekin dugun harremana aldatzeko aukera. Telebistaren bidez ez ditugu irudiak besterik hartuko, telebista tresneri baliagarria izango da zenbait zerbitzu eta informazio jasotzeko. Zerbitzu hauetan, teknologia digitala erabiltzen duten era guztietako zerbitzuak egon daitezke.

4.3.- Euskararen presentzia / Hizkuntzaren irizpideak

· Tokiko telebistek izugarrizko garrantzia dute tokiko komunikazioaren esparrua eraikitzerakoan, gure hizkuntza, gure kultura eta gure-gureak diren ezaugarriak oinarritzat hartuta.

· Proposatu ditugun hizkuntza irizpideen bidez, euskara komunikazio hizkuntza izatea lortu nahi da.

· Euskara lehentasunezko hizkuntza izango da tokiko telebista guzti-guztietan bai publikoetan baita pribatuetan ere. Ez da gaztelania hutsezko tokiko telebistarik izango. Orokorrean, eredu elebidun baten aldeko apustua egin dugu, baina bultzatu egingo dira euskara hutsezko emisioak edo gutxieneko batzuetatik goragoko euskararen eskaintza egiten duten eskabideak.

· Lortu nahi duguna da orain ez bezala, etorkizunera begira euskarak ateak zabalik izatea tokiko telebistetan. Gaur egungo egoera aldatu nahi

· Proposatutako hizkuntza ereduak, barruti bakoitzaren egoera sozioliguistikoa du gogoan, bertako elebidunen portzentajea kontuan izanik.

· Gutxieneko orokor batzuetatik abiatuta, barruti bakoitzeko indize soziolinguistikoaren araberako kuota sistema ezarri da, hiritarrek euskaraz zein gaztelaniaz informazioa jasotzeko eskubidea bermatuta izan dezaten.

· Euskarazko emisioei erreparatuz, euskara hutsean ematen ez diren kanaletan, bai zuzeneko kudeaketakoetan zein zeharkakoetan, goizeko 7:00etatik gauerdira arteko ordu-tartean eskainiko dira euskarazko emisioak, proportzionalki banatuta.

· Dena den, ikus-entzule gehien dagoen orduetan, barruti horri dagokion indize soziolinguistikoa hartu beharko du, gutxienez, euskarazko programazioak. Udalen kasuan, gutxieneko bataz bestekoa eta indizea %50ekoa izango da.

· Euskarak toki duina izango du toki telebista guztietan, publikoetan eta pribatuetan.

· Gutxieneko horietatik gora, euskara hutsezko emisioak egiteraino aukera dago eta horiexek lehenetsiko dira, bete beharreko bideragarritasun baldintza teknikoak eta ekonomikoak betetzen badira.

· Udalei, partikularrei baino betebehar altuagoa ezarri zaie, Erakunde Publikoei politika publikoen eredua izatea dagokigulako.

Hizkuntza irizpideak zehaztuz, udalek zuzenean kudeatutako telebista-kanalek

  • Euskarazko gutxieneko programazioa, emisioen erdia izango da.
  • Barrutiaren elebidunen indizea %50a baino handiagoa denean, portzentaje hori izango da euskararen emisioen gutxienekoa.
  • Gutxieneko horretatik euskara hutsean egiteraino, udalen esku dago.
  • Elebidunen indizea %25etik beherakoa duten eremuetan, kontzesioaren hasierako epealdian euskararen %25a bermatu beharko dute eta handik 7 urtera, nahitaezko %50a lortu beharko dute.
  • Barrutiaren elebidunen indizea %25ekoa edo hortik gorakoa denean, emisioen hasieran euskarak emisio-denboraren %50a hartuko du eta barruti horri dagokion euskara indizea hasi eta 7 urtera.

Partikularren esku geratzen diren tokiko telebistek:

  • Edozein izanik barrutiari dagokion indize soziolinguistikoa, programazio-denboraren %20 gutxienez, euskaraz eman beharko dute. Beraz, %20 da gutxieneko indizea.
  • %20tik gorako elebidun portzentajea duten zonaldeetan, portzentaje horri lotutako euskarazko programazioa egingo da.
  • Gutxieneko hauetatik abiatuta, euskara hutsezko telebista egitea, eskatzaileen esku geratzen da.
  • Eremuaren elebidunen portzentajea %25etik behera denean, hasieran %20ko euskararen presentzia ziurtatuko da eta hasieratik 5 urtera eremuari dagokion portzentajea.
  • Bestalde, eremuaren elebidunen indizea %25etik gora denean, emisioen hasieran indize horren %70eko euskarazko emisioak egingo dira eta barrutiari dagokion portzentajea 7 urtetan bete beharko dute.

Benetan uste dugu hizkuntza irizpide hauekin bermatu egiten dela euskaraz zein gazteleraz informazioa eskuratzeko hiritarrek duten eskubidea eta bestalde, argi geratzen da, baita ere, tokiko telebistek euskaren sustapenean duten ardura. Gutxieneko batzuetatik abiatuta eta jakinda lizitatzaileen esku dagoela eskaintza egitea, kontzesioak banatzeko prozeduran euskararen erabilerari lehentasuna emango zaio, eta euskarari derrigorrez eskatzen den gutxienekoa baino leku handiagoa eskaintzen zaionean, modu positiboan balioetsiko da eta bereziki balioetsiko da oso-osorik euskaraz jardutea.

5.- Emakidak esleitzeko prozedurak
Hauek dira, labur bada ere, irizpide orokorrak. Aipatutako helburu eta irizpide horiek lehiaketaren balorazioan nola gauzatuko diren aztertuko da jarraian.

Kontzesioak banatzeko prozedura ez da berdina izango udalentzat eta kudeatzaile pribatuentzat. Legez, udalek lehentasuna dute eta ez dute lehiaketan parte hartu behar. Dena den, oraingo honetan, bere garaian egindako erreserbari dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute.

Iazko abenduaren 28ko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian, Kultura sailburuaren 2 Agindu argitaratu ziren:

  • Tokiko telebista digitaleko kanalak udalerriei esleitzeko prozedura eta araubidea ezartzen duen Agindua, eta
  • Tokiko telebista digitaleko kanalak zeharkako kudeaketa-erregimenean esleitzeko lehiaketarako deia egiten duen Agindua.

Aginduekin batera, eranskin modura, Administrazio klausula zehatzen agiria eta Preskripzio teknikoen agiriak ere argitaratu ziren.

Lehiaketa izanik, horretarako eratu den kontratazio mahaiak neurtu beharko ditu eskaintzak. Dena den, lizitatzaileek bi GUTUN AZAL aurkeztu beharko dituzte:

- “A” GUTUN AZALA, administrazio dokumentazioa

· Dokumentazio honen bidez, lizitatzaileek Administrazioarekin jarduteko gaitasuna badutela egiaztatu behar dute, alde batetik. Bestalde, ekonomia nahiz finantza kaudimena eta kaudimen teknikoa eta profesionala ere egiaztatu beharko dute eta behin-behineko bermea eratzearen agiriak adierazi, bestak beste.

- “B” GUTUN AZALA, eskaintza teknikoa.

· Kontratazio mahaiak, 0 eta 500 punturen artean ibiliko den puntuazioa erabiliz neurtuko ditu eskaintzak. Eskaintza batek guztira jasoko duen puntuazioa, ondoren ikusiko ditugun ebaluazio-multzo bakoitzean lortutako puntuazio partzialak batuta lortuko du. Nolanahi ere, guztira lortutako gutxieneko puntuazioa 220 puntukoa izan beharko da eta gainera, ebaluazio multzo bakoitzean gutxienez eskatutakoak gainditu beharko du, horrela ezarrita dagoenean behintzat.

· Ebaluazio taldeak honako hauek dira:

1.- Bideragarritasun plana (260 puntu. Gutxienez, 130 puntu lortu beharko dira)

1.- Plan teknikoa (130 puntu. Gutxienez 65 puntu)

2.- Plan ekonomikoa (130 puntu. Gutxienez 65 puntu)

2.- Programazioa (220 puntu)

3.- Zerbitzuen datu osagarriak (20 puntu)

1.- Bideragarritasun plana ( 260 puntu, gutxienez 130 puntu)

1.1.- Plan teknikoa: (130 puntu, gutxienez 65 puntu)

a) Proiektua garatzeko plana (40):

  • Proiektuaren planaren bideragarritasuna
  • Jarduketak
  • Koherentzia
  • Partaide diren langileak
  • Horri lotutako ekipamenduak eta azpiegiturak

b) Zerbitzua zabaltzeko plana (50):

  • Zabalkunde horretan homogeneo izatea
  • Oinarri teknikoetan proposatutako helburuak hobetzea
  • Erabilgarri dauden azpiegiturak erabiltzeko konpromisoa hartzea, begi-inpaktua eta natura ingurunean egin beharreko esku-hartzea murrizteko

c) Kalitateko plana (40):

  • Zerbitzuari buruzko ebaluazio tekniko orokorra
  • Funtzionamendua
  • Zerbitzuaren fidagarritasuna
  • Zerbitzuaren kalitatea
  • Ingurumenaren iraunkortasuna

1.2.- Plan ekonomikoa (130 puntu, gutxienez 65)

- Inbertsioak eta kostuak zehazteko plana, (25):

  • Azpiegituretan inbertsioak
  • Sarea ustiatzeko kostuak
  • Edukiak ekoizteko eta kudeatzeko kostuak
  • Programak erosteko aurrekontua
  • Amortizazio plana

- Merkatuari buruzko azterketa (25):

  • Programen merkatua eta publizitate estrategiak ( lehiakortasuna, bezero potentzialak, balizko ikus-entzuleak, kultura aldetik antzerako diren merkatuetara zabaltzeko ahalmena, sindikazio-hitzarmenak)

- Finantza eta negozio plana (25). Finantza-arloko aurreikuspenak zehaztuko dira, irabazi eta galeren kontua eta kontzesioa lortu osteko hiru urteetarako aurreikusitako balantzea.

- Enplegu sortzea (25): sortuko diren lanpostu zuzenak eta zeharka sortuko direnak ere zehaztu beharko ditu.

- Euskal Autonomi Erkidegoko ikus-entzunezko sektorean egindako ekarpena (15): barrutiaren ezagutza eta Euskadiko ikus-entzunezko edukien eta ekoizpenen industria garatzeko ekarpenak egitea arlo industrial eta teknologikoan. Bestalde, sindikazioaren bitartez programak egiteko asmoa badu, honi buruzko azalpena.

- Egituraren egonkortasuna (15). Kontzesioaren aurreneko bost urteetan hasierako egiturari eustea.

2.- Programazioa (220 puntu)

2.1.- Euskarazko emisioen hobekuntza, ezarritako portzentaje minimoak gainditzeko konpromisoa eginez eta hobekuntza hori ikus-entzule gehien duten orduetan eta albistegiak, haur eta gazte programazioan egiteko konpromisoa. Euskara hutsezko emisioak hobetsiko dira. (110)

2.2.- Programazio-plana, eskatutako gutxienekoak gaindituta, norberak egindako programak, jatorrizko programak eta albistegi propioak eta tokian tokiko arazo eta gaiei buruzko programazioa ezartzeko konpromisoa. (30)

2.3.- Programazioan kultura eta hezkuntza eta arreta berezia merezi duten sektore edo taldeei zuzendutako programazioaren proposamena. (16)

2.4.- Edukien eskaintzan teknologia berrien ezarpena eta hiritarrei esku hartzeko aukera ematea eta hiritarrei aukera hori ematen zaienean (SMS, interaktibitatea..) euskaraz ere egin ahal izateko konpromisoa. Horrela balitz, zerbitzu hauek martxan jartzeko egutegia. (10)

2.5.- Emititzen ez den hizkuntza koofizialean azpitituluak ezartzeko konpromisoa eta eskuragarri dagoenean, programazioaren eskaintza bikoitza erabiltzeko konpromisoa. Zerbitzuok ezartzeko egutegia. (8)

2.6.- Interes orokorreko edukiak emateko, zonaldeko gizarte eta kultura arloko erakundeekin akordioak hartzeko konpromisoa. (8)

2.7.- Biztanleriaren dentsitate handiena duten barrutietan, nahiz eta planifikatu gabe egon, hurbilekoak diren herri edo eskualdeei begira, zerbitzua emateko programazioaren zati bat gordetzea. /Errioxa eta Enkarterriak/ (8)

2.8.- Autokontrolerako sistemak erabiltzea, telebista programetan eta publizitatean zerbitzua eskaintzeko printzipioak betetzeko. Bereziki berdintasunaren eta duintasunaren esparruetan eta Emakumeen eta gizonen Berdintasunaren Legean definitutakoak. (6)

2.9.- Zeinu-mintzaira txertatzea programa batzuetan (6)

2.10.- Euskal egile eta kantarien emanaldiak eta lanak programazioaren %15etik goragoko portzentaje batean ematea, horretarako erabiliko den ordutegia zehaztuz. (6)

2.11.- Europako obren zabalkundea egiteko emanaldiaren %51 erreserbaren betebeharra hobetzea eta egile independenteen lanen berri zabaltzeko portzentaje horren %10 erreserbatzeko betebeharra ere hobetzea. (6)

2.12.- Euskal kulturaren adierazgarri diren era guztietako bideak sustatzen erabilitako programazioari buruzko deskribapena (6)

3.- Zerbitzuen datu osagarriak (0-20)

3.1.- Martxan jarri nahi diren estrategiak (2)

3.2.- Eskainiko diren zerbitzuen ezaugarriak eta nori zuzenduak diren (2)

3.3.- Euskara erabiltzeko orduan, ezarri diren minimoak gainditzea (8)

3.4.- Zerbitzuei hasiera emateko egutegia (2)

3.5.- Zerbitzuen ordutegia (2)

3.6.- Ordaintzeko zerbitzuak direnean, tarifa eta prezioei buruzko estrategia (2)

3.7.- Aurrekoetan kontutan hartu ez diren beste arlo batzuk eta interesgarriak izan litezkeenak (2)

Udalek ere, beraien proposamena egiterakoan, goian azaldutakoari jarraituz osatu beharko dute beraien proiektua. Hortaz aparte, Udalaren Osoko Bilkurak hartutako erabakiaren egiaztagiria, zerbitzua kudeatzeko aukeratuko modua eta telebistaren kudeaketaz arduratuko direnen titulazio agiriak aurkeztuko dute.

6.- Zenbait ezaugarri

  • Lehiaketa bakarra izango da. Udalen eskabideak berezi tratatuko dira
  • Orain emititzen ari diren toki telebistek lehiaketan parte hartu eta kontzesioa lortu beharko dute emititzen jarraitu ahal izateko.
  • Emakidak 10 urteko iraupena du eta transferiezina da

7.- Epeak

- Eskaintzak aurkezteko epea: 2007ko martxoaren 23a (udalak eta partikularrak)

- “B” Gutun-azalaren irekiera publikoa (zeharkako kudeaketa): 2007ko apirilaren 26a

- Kontratazio mahaiak, esleipenaren proposamena: 2007ko ekainaren bukaeran

- Ebazpena jakin ondoren:

  • Behin betiko bermearen ekarpena egin
  • Multiplexaren gestorea
  • Instalazioen proiektu tekniko
  • Administrazio-kontratuaren sinadura

- Kontratua sinatu ondoren:

  • 18 hilabete emisioak hasteko:

§ Instalazioen ikuskaritza teknikoa

§ Hauek egiaztatu ondoren: 2 hilabete zerbitzua ematen hasteko

2007/02/20

Komunikaldiak 07: tokiko telebista digitalak aztergai


Gaur goizean aurkeztu dira HUHEZIn aurtengo Komunikaldiak, jardunaldi batzuk non aurten aztertuko diren Tokiko Telebista Digitalak Euskaraz. Martxoaren 1ean izango dira jardunaldiok Eskoriatzan. Nekane Arratibel HUHEZIko denakoaren hitzetan, “Komunikaldiak plaza bat dira unibertsitatea eta mundu profesionala gerturatzeko, eta zuzenduta daude komunikazioa ikaste ari diren ikasleei, hedabideetako eta enpresetako profesionalei nahiz komunikazio aditu eta ekoiztetxeetan dihardutenei”.

Egitaraua
09:00 Aurkezpena. Iosu Zabala, MUko errektorea.

09:15 Edurne Basoa, Kultura sailburuaren kabinete eta Gizarte Hedabideen zuzendaria: “Tokiko telebista digitala arautzeko dekretua EAEn. Eredu eta helburuen luze-zabalak”.

10:15 Iñaki Uria, Hamaika Telebista Hedatzeko taldeko zuzendari nagusia: “Hamaika Telebistaren proiektua”.

11:15 Kafea.

11:45 Iñazio Arregi, Goiena Komunikazio Zerbitzuetako zuzendari nagusia: “Goiena Taldearen eragin asmoak TTDaren garaian”.

12:45 Galdera-erantzunak.

13:15 Bazkaria.

15:00 Mahai-ingurua: “Euskararen lekua Tokiko Telebista Digitalaren araudiaren barruan”. Moderatzailea: Beatriz Zabalondo, HUHEZIko IK Departamenduko burua. Parte hartuko dute: Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Lutxo Egia, Ibaizabal Telebistako komunikazio arduraduna; Jon Aldanondo, Goierri Telebistako arduraduna; Bea Narbaiza, EHUko irakaslea.

16:30 Galdera-erantzunak.

17:00 Jardunaldien ondorioak eta amaiera.

Zelan eman izena
Izena emateko epea: otsailaren 26a arte. Izena emateko: bidali ordain agiria eta mezu bat helbide honetara: sarrera@huhezi.edu

Matrikula 25 € (ikasleak eta langabeak, doan).

2007/02/07

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulua



Arteola Fundazioarekin elkarlanean, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatea prestatzen ari da beste aditu titulu bat, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa, irailean hasteko. Jende ezagun askok hartuko du parte bertan.

Euskara, kantagintza, bertsolaritza, literatura, herri antzerkia, dantza eta beste hainbat herri espresiobide aztertuko ditu Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulu berriak irailetik aurrera, helburu nagusi batekin, kultura espresiobide horien transmisioa ziurtatzea, bi zentzutan: batetik, esperientziaren transmisioa; bestetik, belaunaldi berrietan kulturgintzaren transmisioa egiteko bideak.

Aditu titulu honen bidez antolatzaileek hiru hutsune bete nahi izan dituzte: formatzaile falta, kulturgintzaren inguruko irizpiderik eza programatzaileen artean eta corpus biltze, sistematizazio eta transmisio lanik eza. Hori guztia unibertsitate mailako jardun moldeetan txertaturik.

Hartzaile, berriz, jende asko izan daiteke: irakasleak, euskara eta kultura teknikariak, kultura dinamizatzaileak, lizentziadun berriak eta, oro har, etorkizunean kultur-sorkuntza, ikerkuntza, hezkuntza, programazio edo dinamizazioan jarduteko ikuspegia landu nahi dutenak.

Jende ezaguna
Euskal kulturgintzan protagonista izan diren eta diren askok parte hartuko dute ikastaro honetan, arituak eta adituak. Besteak beste, Bernardo Atxaga, Juan Carlos Etxegoien, Jose Angel Irigarai, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Eneko Olasagasti, Ruper Ordorika, Juan Carlos Perez, Jon Sarasua, Koldo Tapia, Juan Antonio Urbeltz, Leopoldo Zugaza eta Joseba Zulaika

Izen ematea
Izen emateko epea zabalik da dagoeneko. Ikasle kopurua ez dago oraindik finkatuta, baina litekeena da gehienez 35 lagun hartu ahal izatea.

2006/12/21

Luistxo Fernandez HUHEZIn

Luistxo HUHEZIn

Atzo Luistxo Fernandez izan genuen HUHEZIn, hitzaldi bat eman zuen-eta Web 2.0 ikastaroen barruan. Tagzaniaz hitz egin zuen, baina mapen inguruan batez ere, eta horretarako Google Earth aplikazioaz ere baliatu zen zenbait unetan.

Interesgarria izan zen oso Luistxoren hitzaldia, baina hona hemen, laburturik, handik ateratako zenbait baieztapen:
  • Gaur egun Googlen mapekin egiten du lan Tagzaniak, baina laster gauza bera egingo du Yahooren eta Microsoften mapekin.
  • Googlek bezala, Tagzaniak ere laster ipiniko du publizitatea mapetan, diru iturriak ziurtatze aldera.
  • 2007tik aurrera GPSek ibilbideak egiteko aukera emango dute. Hori dela eta, egun batean Tagzaniak erabiliko ditu bere mapak, ez inorenak, baldin eta lortzen badu jendeak ibilbideak markatzea aplikazioan bertan.
  • Euskal Herriko agintariek erabat mapeatuta dute gure lurraldea, baina ez dute uzten ez Googlek ez beste inork mapa horiek erabiltzea, Kanarietan ez bezala, non bertako gobernuak doan eman dizkion Googleri, turismoa sustatzeko baliagarri izango delakoan.
  • Mapen eremuan ere betetzen da buztan luzearen legea, munduan milaka eta milaka mapa txiki argitaratzen baitira, eta horiek negozio iturri izan daitezke.

2006/12/14

HUHEZIko ikasle batek irabazi du Sustatu saria

Laburra eta onaHUHEZI fakultateko ikasle batek, Mikel Alvarez beasaindarrak, irabazi du Sustatu saria, atzo arratsaldean Mondragoen eman zena, bertako kultura etxeko kalistroan. Epaimahaiak horrela azaldu zuen epaia:
The Indezents du izena blogak. Bruce Lee-ren aurpegia du aldamenean. Mezu bat baino gehiago proposatu zigun, baina oilasko petxugarena aukeratu du epaimahaiak. Mezu bihurri bat, ganberro samarra, baina freskoa. The Indezents-ek mutil gazte bat izan behar zuela susmatu genuen, bere hozkailuaren egoera jakinda, eta halaxe da, Sustatuko blog mezuen lehiaketaren irabazlea, Mikel Alvarez beasaindarra da.
Mikel Alvarez Ikus-entzunezko komunikazioa ari da ikasten HUHEZIn, 3. maila, eta sekulako zaletasuna hartu dio blogari. Beste ikaskide zenbaitekin batera, sarri idazten du, txispa berezi batekin.

Jaia
Sariez gain, jaia ere interesgarria izan zen oso. Eta atsegina. Ed Freyfogle, Iban Zaldua, Luistxo Fernandez eta Iban Arantzabalen hitzak entzun genituen, umorez eta ironiaz zipriztinduak. Bideo bat ere bai, Arteman agentziak egina, Sustaturen historia kontatzen. Eta ondoren, pintxoak eta agurrak bertaratutakoen artean, tartean blogari asko.

Ikusi nahi izanez gero orduko argazkiak, Flickr-en ditutuzue mordo bat. Hemen sorta bat, neuk sortua. Eta hemen sustatu5 etiketarekin argitaratuko diren guztiak.

2006/12/04

ETEN erakundeak HUHEZI hartu du

ETEN (European Teacher Education Network) erakundeak onartu egin du bere baitan HUHEZI, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea, atzo bertan nazioarteko hezkuntza sareak jakinarazi zionez Joxemari Egañari.

ETEN 1988an sortu zen Danimarkan helburu bikoitzarekin: bultzatzea taldelana eta ikasle zein irakasleen mugikortasuna eta sustatzea talde ikerkuntza. Munduko 52 unibertsitate eta erakunde (denak ere hezkuntzan espezializatuak) daude ETEN sarean, herrialde hauetakoak: Belgika, Danimarka, Ingalaterra, Faroe Uharteak, Finlandia, Israel, Lituania, Mazedonia, Holanda, Norvegia, Portugal, Suedia eta AEB.

Urtarriletik aurrera, hortaz, gure fakultatea ETEN erakundeko kide izango da.

2006/11/22

Jardunaldiak Euskarazko Bikoizketaz

Azaroaren 23an jardunaldi batzuk egingo dira Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean, eta bertan euskarazko bikoizketa izango da aztergai.

EIZIEk antolatu ditu jardunaldiok, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatearen laguntzarekin. Egun bateko saioa izango da, euskarazko bikoizketan diharduten profesionalen artekoa, eta irekia jarduera horretan interesa duten guztiei: itzultzaileak oro har, eta ikus-entzunezko komunikazioaren esparruan ari diren ikasleak, profesionalak eta adituak.

Jardunaldiotan euskarazko bikoizketaren ezaugarriak eta berezitasunak aztertuko dira: telebista eta zinema; publizitatea. Bikoizketaren garrantzia euskararen normalizazioan.

Egitaraua
  • 09:00 Jardunaldiaren aurkezpena.
  • 09:30 Jesus Eguzkitza (Mixer - Edertrack): Bikoizketa, hizketaren lantegia. Hitza = arnasa / Esan-bidearen gurpila / Hizketaren araubidea. Euskaraz asmatzeko, bizitzeko, maitatzeko, saltzeko... gai ez bagara, gureak egin du.
  • 11:00 Atsedenaldia.
  • 11:30 Iñaki Zubizarreta (Mixer - Irusoin): Euskarazko bertsioa nola prestatzen den: itzulpen-egokitzapena. Pertsonaien ezaugarriak eta hizkuntza erregistroak. Publizitatea. Bikoizketaren garrantzia euskara biziberritzeko.
  • 12:30 Marian Galarraga (Tinko): Zinemarako euskarazko bikoizketa: erdal filmak euskarara, euskarazko filmak erdaretara. Ikusleak eta banaketa: majorrak.
  • 14:00 Bazkaria.
  • 15:30 Asier Larrinaga (ETB): Bezeroaren ikuspegia: egin ostekoaren inguruko hausnarketa.
  • 17:00 Jardunaldiaren laburpena eta ondorioak.

2006/11/21

Xabier Madariaga HUHEZIn

Atzo arratsaldean Xabier Madariaga kazetaria izan genuen Eskoriatzan, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren 2. mailako ikasleekin hitz egiten. “Erlijioak eta kazetaritza” izan zuen mintzagaia.

Hasteko, lau bideo aurkeztu zituen, Israelen lan egiten zuen garaikoak, eta denetan agerikoa zen erlijioaren indarra. “Albisteen %80k badute zerikusirik erlijioarekin”, esan zuen Ekialde Hurbilaz ari zela. Kasu askotan, baina, erlijio kontuak hitz gutxitan azaldu beharrak interpretazio okerretara eraman gaitzakeela esan zuen.

Galdera asko egin zizkioten ikasleek: nolatan joan zen Israelera, hiltzeko beldurrik izan ote zuen, euskaldun moduan agertzeak zer ondorio dituen… Galdera guztiei erantzun zien, bere ohiko estilo bizkorrarekin, eta jendea pozik.

2006/11/13

Elkarrizketa Xabier Madariagari

Zihara Aranbarri Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari da HUHEZIn, 3. maila, eta oraintsu argitaratu du joan den apirilean Xabier Madariaga kazetariari egindako elkarrizketa, berau artean EITBren berriemailea zela Israelen. Gure Bazterrak izeneko blogean aurkituko duzue elkarrizketa, benetan interesgarria.

Xabier Madariaga HUHEZIn izango da hil honen 20an, bertan hitzaldi bat emango die-eta Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleei, 2. mailakoei, arratsaldeko 15:15etan hasita.

2006/11/01

Literatura lantzen Web 2.0 erara

Missourin bada institutu bat, South Valley Jr High, Liberty herrian, eta hor bada pertsona bat, Eric Langhorst, historia irakaslea 8. mailan, zeinek proiektu interesgarri bat abiatu duen institutuko ikasle guztiek irakur dezaten liburu bat, Guerrilla Season, eleberri historiko bat Pat Hughes idazleak idatzia.

Langhorst-ek 5.000 dolar lortu ditu diru laguntza moduan institutuko ikasle guztiek, eta baita zenbait gurasok eta komunitateko kidek ere, eros dezaten liburuaren ale bana. Horrekin batera, irakasleak blog bat sortu du, The Guerrilla Season Book Blog, non ikasleek, gurasoek, irakasleek eta egileak berak —Pat Hughes buru-belarri inplikatu da proiektuan—, parte hartuko duten irakurketa kolektibo batean.

Irakurketaren ezaugarriak
Proiektua abiatu da 2006ko urriaren 23an eta amaituko da urte bereko azaroaren 19an. Aldi horretan, irakurleek iritzia emango dute blogean eta parte hartuko dute eztabaidetan. Gauzak ordena apur batez egiteko, igande iluntzero antolatzaileek esango dute zer atal irakurriko duten aste horretan, 80 bat orrialde inguru. Gainera, aste bakoitzean hainbat galdera egingo dira, eztabaidak bideratzeko.

Blog horrek, ordea, ezaugarri bitxi bat izango du: erantzunak moderatuak izango dira. Eric Langhorst-ek eta Pat Hughes-ek jasoko dituzte erantzun guztiak post elektroniko bidez, eta berauek irakurrita erabakiko dute argitaratu edo ez. Horrezaz gain, erantzunak bi modutan sinatuko dira: “anonimous” moduan, edo izenarekin soilik. Ez dira argitaratuko izen-deiturekin sinatutako erantzunak, ezta irainak edo huts nabarmenak dituztenak ere.

Azken proiektua
Blogak testuak erabiliko ditu, podcastak eta argazkiak. Bukaeran, ostera, irakurleek proiektu bat egin beharko dute, eta horretarako hainbat aukera izango dituzte:
  • Poema bat idaztea liburuak landutako gaiaren inguruan.
  • Bukaera alternatibo bat idaztea eleberriari.
  • Poster bat diseinatzea liburua zinemaratzen dutenerako.
  • Elkarrizketa bat egitea liburuko pertsonaia bati.
  • Marraztea komiki bat 9 panelekoa eta hor irudikatzea liburuaren eszena bat.
  • Diseinatzea beste azal bat liburuari.
Guerrilla Season liburu historiko bat da, eta kontatzen du Missouriko bi mutilen historia 1863an, AEBak gerra zibilean zirela.

2006/10/29

Ondorioak Zaragozako kongresuaz

Oro har, kongresu kaskarra izan da Zaragozakoa, Gazte Ikertzaileen Nazioarteko Jardunaldiak Komunikazioan, nahiz eta atalik interesgarriena bigarren egunean izan genuen, goizean izandako lehen mahai ingurua, Kazetaritza Digitalaz jardun zuena.

Xose Lopez irakaslea da Santiago de Compostelako Unibertsitatean, eta hamar proposamen eta ondorio bat azaldu zituen. Komunikazioaren ekologiaz hitz egin zuen, komunikazioak jendartean jokatzen duen rolaz, hiritarrek rol erabakigarriagoa izango dutela kazetaritza digitalean, besteak beste. Ondorio moduan, proposatu zuen hausnartzea erremintek zelan eragiten duten komunikazio prozesuetan.

Ramon Salaberria zuzendariordea da Kazetaritza proiektuetako Departamenduan, Nafarroako Unibertsitatean. Bere hitzaldian ikerkuntza gehiago eskatu zuen jakiteko zelan aldatzen ari den kazetariaren bizibidea. Bere iritziz, digitalizazioak aldatu egin ditu kazetaritza egiteko hiru aldiak: ikerkuntza, produkzioa eta zabalkundea. Bi ohar egin zituen, adierazgarriak: askotan amateurrek gehiago dakite zelan bilatu informazioa kazetariek baino; bestetik, ezartzen ari da eredu kolaboratibo bat kazetaritzan. Sortzen ari da, azkenik, kazetaritza eredu bat hurbilagoa, zeinak irakurlea pertsona inteligentetzat hartzen baitu.

Txema Alegre erredaktoreburua da La Vanguardia egunkariaren edizio digitalean. Haren hitzetan, hedabide tradizionalak aldatu ziren Internetera jakin barik zertara zihoazen. Horren ondorioz, ez dira konturatzen Interneten irakurleek beste premia batzuk dituztela. Zenbait kazetarik nahiago du halako edo bestelako gerraren gainean idatzi, kontuan hartu gabe bere irakurleek zer behar dituzten. Gainera, kalitatezko prentsak sinesgarritasuna galdu du, agintearen zerbitzuan jarri delako. “Teknologia berriek gure lekutik atera gaituzte” esanez amaitu zuen.

Roberto Garcia Bermejo zuzendari nagusia da Aragon Digitalen. “Guretzat Internet aukera bat da kazetariarentzat” esanez hasi zen. Izan ere, 2000. urtean kazetari talde batek erabaki zuen Aragon Digital sortzea, eta horretarako elkartu egin ziren ingeniari informatiko talde batekin. Gaur egun 1.000 bat bezero dituzte, Aragoeko hedabide guztiak ia, eta ordaindu egiten dute jasotako informazioagatik. Aurrerago Digital.es sortu zuten. Eta izandako arrakastaren adierazgarri, Interneten landutako hainbat produktu paperean argitaratzen ari dira, jendeak eskatuta.

2006/10/26

Zaragozatik, bihotzez

Bai, lagunak, Zaragozan gaude, ziber kafe batean idazten mezu hau. Atzo etorri ginen Aitor Zuberogoitia lankidea eta biok kongresu batera: Gazte Ikertzaileen Nazioarteko Jardunaldiak Komunikazioan. Uda partean komunikazio labur bat bidali genuelako etorri gara Aragoiko hiriburura.

Ailegaera
Gasteiztik abiatu ginen atzo, autobusez. Zaparrada galanta izan genuen Gasteizen, baina bidean jarri bezain laster, eguraldi garbia izan genuen. Zaragozan, haize epela: 24 gradu. Hotela beste puntan zegoenez, autobus geltokitik urruti, taxi bat hartu behar.

Hotela berri samarra da, gela politekin. Maletan han utzita, kalera irten ginen, afaltzeko asmoarekin. Saltoki handi batzuetara joan, eta han olagarroa jan genuen. Berriro hotelean, errepasoa eman pare bat egunkariri, eta lo egitera.

Gosaria
Goiz jaiki gara, 07:00etan. Gosaltzearekin batera, jakin dugu Athletic-ek berdindu egin zuela etxean eta Realak galdu bigarren mailako talde baten aurka. Eskerrak gosaria ona izan den!

Autobusez joan gara Merkataritza Ganberara, hantxe dira-eta jardunaldiak. Autobusean, kolore askoko aurpegiak. Bat-batean, alboko emakumeari telefonoz deitu diote. Errusieraz hasi da hitz egiten: “da” gora eta “da” behera. Mundu guztiak entzuten genion, baina ulertu, piperrik ere ez.

Jardunaldiak
Lehen eguneko jarduna ez zait larregi gustatu. Irekitze ekitaldian, hitz hutsalak eta handiusteak. Kazetaritzaren bertuteak airean, denak gogaitu arte. Aretoan, ikasle dezente agertu dira ordenagailu eramangarriarekin, aretoan wi-fia baitago.

Lehen mahai ingurua oso lege zaharrekoa iruditu zait, beti komunikazioaren parametro klasikoen barruan. Bigarrena apur bat interesgarriagoa, batez ere hobeto ulertzeko zelan hedatu den telebista estatu espainiarrean.

Arratsaldean, berriz, mahai inguru bat izan dugu iritzizko kazetaritzaren gainean, eta bertan izan da eskuin kazetaritzaren sorta oparoa: Charo Zarzalejos, Pilar Cernuda, Antonio Casado eta Mariano Gistan. Nekez egin dut aurrera, bitartean sekulako logura egin zait-eta. Entzun dira zenbait gauza kontuan hartzekoak, baina gehiena berbaro aspergarria izan da.

Aspaldiko ezagunak
Egunak baina, eman digu ezusteko atseginik. Liburu batzuei begira geundela, aspaldiko lagun bat inguratu zaigu: Xose Lopez, irakaslea Santiago de Compostelako Unibertsitatean eta aspaldiko laguna. AEBetan ezagutu genuen elkar, SND erakundearen pare bat kongresutan, eta hamalau bat urte izango ziren elkar ikusten ez genuela. Jose Pereirarekin zegoen, bere lankidearekin. Eta hantxe izan gara, kontu kontari, aretoan sartu bitartean.

Aspaldiko lagunak

Kanpotik etorri garenoi bazkaltzera gonbidatu gaituzte, eta hantxe agurtu dugu Ramon Salaverria, laboratorio multimediako zuzendaria Nafarroako Unibertsitatean. Baita Javier Diaz-Noci eta Idoia Camacho EHUko irakasle euskaldunak. Bapo jan eta ondo edan dugu, bertako ardo beltz gazte bat. Horrek eragingo zidan gero logura, arratsaldeko mahai inguruan.

Orain arratsaldeko 19:40ak dira, eta hemen gaude Aitor eta biok, ziber kafe honetan, unibertsitate hiriaren ondoan, kronika hau idazten hotelera egin aurretik. Bihar itzuliko gara etxera, autobusez, hemendik arratsaldeko 17:15etan irtenda. Dena ondo badoa, hiru orduan Gasteizen izango gara.

2006/10/24

Proiektu aurkezpenak IKTF masterrean

Urriaren 23an hasita, eta 31 bitartean, zortzi proiektu aurkeztuko dira IKTak Formazioan masterrean, hemen, HUHEZI fakultatean. Denak seigarren promozioko ikasleak dira, gehienak irakasleak lehen eta bigarren hezkuntzan, kristau eskoletan. Defentsak irekiak izango dira, edonork ikusteko modukoak. Hona hemen proiektuon gaiak:
  • Renovación web Colegio Urdaneta (Loiu, Bizkaia).
  • Comunicación multimedia con madres y padres en el Colegio Niño Jesús (Gasteiz).
  • www.galbae.com Web contrainformativa.
  • Ho Txi Min haziak. Web proyecto Ho Txi Min en Guatemala.
  • Euskal curriculuma.
  • www.elema.org y la elaboración de material multimedia para la formación en el manejo de un software libre para la comunicación virtual.
  • Multimedia de religión: Colegio Veracruz (Gasteiz).
  • Jugando con las emociones.

2006/10/17

Aitor Zuberogoitia, blogari

Aitor Zuberogoitia HUHEZIko irakasleak blog bat sortu du Blogak.com komunitatean, Lehengaia du izena eta leloa, berriz, “komunikazioa, euskara eta beste kontu batzuk”, eta hori erabiliko du bere ikasleekin komunikatu eta material akademikoa bertan eskegitzeko.

Aitor karrera zuzendaria da Ikus-entzunezko komunikazioan, eta bi irakasgai ematen ditu aurten: Euskarazko Komunikazioaren Historia lehen lauhilekoan eta Informazio-dokumentazioa bigarrenean. Bere materialak eta ikasleen lanak argitaratuko ditu blogean. Esperientzia interesgarria izango da, benetan.

2006/10/11

Web 2.0 apunteak wiki batean

Aurten ere Web 2.0 ikastaroa ematen ari naiz Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean, baina oraingoan bi talderi, eta biei lehen lauhilekoan. Aurrekoan ikastaroan erabili nituen apunteak blog honetan argitaratu nituen. Oraingoan, ostera, wiki batean argitaratuko ditut, eguneratuta.

PBwiki izeneko wikia aukeratu dut wikia egiteko, plataforma erraza begitandu zait-eta erabiltzeko. AEBetan irakasle askok erabiltzen dute wiki hori irakaskuntza proiektuak partekatzeko, eta nik ere horixe egin nahi dut neure apunteekin: berauek partekatu bai ikasleekin eta baita irakurleekin ere. Horretarako wikia iruditu zait egokiagoa bloga baino, wikiak posible egiten baitu edukiak aldatzea eta osatzea.

Badut baina, beste arrazoi bat apunteok wiki batean ipintzeko: ohitu nahi ditut ikasleak wiki batean sartzera eta berau irakurtzera, wikia nola egin ikasi aurretik jakin dezaten zer den wikia eta nola erabil daitekeen.

Nola editatu wikia
Apunteak izena eman diot wikiari, eta atalka banatuko dut, jorratuko ditugun gaien arabera. Irakurri nahi baduzue, helbide honetan duzue. Eta zerbait aldatu nahi baduzue, edo osatu, erabili pasahitz hau: "web2.0" eta klik egin edit page botoi urdinean, izenaren azpian. Ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira.

Errespetatzeko plantillak duen estiloa, kontuan izan wikiak berak ematen dituen aholku hauek. Horrela, dena errazago joango da.

Oraingoz wikiak bi atal ditu argitaratuak: Web 2.0 eta Blogak. Gainerakoak, eskolak eman ahala argitaratuko ditugu.

Denoi, ikasleei eta irakurleei, eskatuko dizuegu kontuz erabiltzea wiki hau, aldaketak denon onerako izan daitezen. Eskerrik asko.

2006/10/10

Web 2.0 freakyen kontua ote?

Aurrekoan, aurkeztu nienean lehen mailako ikasleei zer asmo nituen Web 2.0 ikastaroan, ikasle batek esan zidan gauza horiek orain arte freakyen kontuak izan direla, alegia, jende bitxi edo arraroarena. Eta erantzun nion, ezetz.

2005eko uztailaren 7an bonba erasoa gertatu zenean Londresen, lehen argazkiak han gertatutakoaren gainean Flickr-en agertu ziren, atentatuaren inguruan zebilen jendeak aterata eta Flickr-en ipinita. Herritarrak, kazetari.

Egun hartan bertan, norbaitek ireki zuen sarrera berri bat Wikipedian: 7 July 2005 London bombings, eta ordu batzuen buruan, osatuz joan zen, eta hori ere herritarrek egin zuten, batek datu batzuk erantsita, beste batek beste batzuk, honek argazki bat, hark mapa bat… Herritarrak, entziklopedista.

Badira Web 2.0 horretan programa batzuk, tartean guk ikasiko ditugunak, eta horiek jende askok erabiltzen ditu munduan: irakaskuntzan, kazetaritzan, medikuntzan, publizitatean… Hau ez da freaky kontua.

2006/10/09

Aldaketak Web 2.0 ikastaroan

Ikasturte honetan hainbat aldaketa sartu ditut Web 2.0 ikastaroan, komunikazioko ikasleentzat prestatua. Aldi honetan aplikazio hauek sartuko ditut, aurrekoan sartu ez nituenak:
  • Google Calendar. Iruditzen zait CalendarHub baino malguagoa eta aberatsagoa. Nik neuk horixe erabiltzen dut orain nire egutegiak egiteko.
  • YouTube. Aurrekoan ez nuen sartu, baina begitatzen zait Ikus-entzunezko ikasleek erabili beharreko aplikazioa dela, hainbeste hedatu baita mundu osoan.
  • Wikiak. Aurtengo apunteak wiki batean argitaratuko ditut, baina ikasleek ere wikia erabiliko dute proiektu bat egiteko.

Horekin batera beste aplikazio batzuk ere ikusiko ditugu, aurrekoan bezala, hala nola, bloga, posta zerrenda, del.icio.us, Bloglines, Tagzania eta Odeo.

2006/10/05

Hasi gara Web 2.0 ikastaroetan

Ikusirik zer arrakasta izan zuen joan den ikasturteko ikastaroak, aurten bi ikastaro emango ditut lehen lauhilekoan, biak Web 2.0, baina bi mailatan: lehen eta hirugarren mailan, komunikazioan bietan. Lehen mailan 34 ikasle ditut, eta derrigorrezkoa da ikastaroa. Hirugarrenean 26 ikasle etorri dira, eta ikastaroa aukera askekoa da.

Atzo bloga egin genuen batean eta bestean, eta aurkitu nuen, bai, alderik bien artean. Hirugarren mailan ikusten da asko ibiliak direla ordenagailuan eta Interneten; berehala ulertzen zituzten azalpenak, eta bizkor egin genuen aurrera. Lehen mailan, berriz, gorabehera handiak daude batzuengandik besteengana; batzuk trebeak dira, oso, baina beste batzuek sekula ez dute ordenagailurik erabili, edo oso gutxitan.

Hala ere, pozik irten nintzen ikasgelatik, denek dute-eta ikasteko gogoa eta ilusioa. Seguru nago asko ikasiko dutela eta oso ondo igaroko dugula.

2006/09/28

Julio Ibarraren bisita




Atzo Julio Ibarra izan genuen HUHEZIn, hitzaldi bat eskaini zigun Ikus-entzunezko ikasle etorri berriei egindako harreraren barruan. Aretoa bete egin zen, ikasle hasi berriez gain, beste asko ere etorri zirelako komunikaziotik.

Aurten bi eguneko harrera egin diegu lehen mailako ikasleei, Ikus-entzunezko komunikazioa egitera etorritakoei. Atzokoa izan zen bigarrena, eta bukatu zen Julio Ibarraren hitzaldiarekin, baina aurretik ikasleek lan polita egin zuten.

Zazpi taldetan banatuta zeudela, talde bakoitzari eman zitzaion kasu bana, taldean landu eta gero denen aurrean aurkezteko, bezperan bezala. Hauek izan ziren kasuak:
  1. Lehiaketa bat antolatu behar duzu telebistarako. Zehaztu nolakoa izango den, zer motatako langileak beharko dituzun eta zer egiteko izango dituzten.
  2. Realeko prentsa arduraduna zara, eta prentsaurreko bat antolatu behar duzu.
  3. Komunikazio arduraduna zara MCC taldean eta plan bat prestatu behar duzu, kontuan hartuta Interneten kanpaina gogor bat antolatu dutela MCCren kontra.
  4. Kazetari bat zara, eta zuzeneko bat egin behar duzu Herri Urratsen gainean, albistegian sartzeko.
  5. Erreportaje bat prestatu behar duzu Kontxako estropaden gainean.
  6. Antolatu tertulia saio bat irratirako, lau gonbidaturekin.
  7. Kazetaria zara Goienkarian, Debagoieneko astekari batean, eta lagun ekologista batek deitu dizu hegazti bat agertu dela hilda Urkulu urtegiaren inguruan. Dirudienez, susmoa dute hegazti gripeak jota hil ote den. Zer egin?
Ordu erdi izan zuten ikasleek kasuak taldetan lantzeko, eta ordubete kasu guztiak azaltzeko. Oso lan ona egin zuten, bai kasuak lantzeko orduan eta baita azaltzerakoan ere.

Ondoren etorri zen Julio Ibarraren hitzaldia. Pasadan, aipatu zuen bere ibilbide profesionala, Radio Euskadin hasi eta Metro Bilbao enpresan bukatu, ETB2ko Teleberritik igarota. Kazetaritzaz hitz egin zuen gonbidatuak, komunikazio gabineteen gainean, kazetariek lanean nozitzen dituzten presioez, duintasun profesionalaz… Hitzaldia gaztelaniaz egin zuen, baina erantzunetan euskara erabili zuen. Bukaeran, txalo handiak.

Taldetan.jpg

Bukaera polita harrera plan bereziarentzat, aurten lehendabizikoz egin baita horrelako zerbait HUHEZIn. Ikasleek pozik amaitu dute, eta irakasleok ere bai.

2006/09/27

Harrera eguna, egun berezia

IKO-aurkezpena.jpg

Ikus-entzunezko komunikazioa ikastera etorritako ikasle berriek atzo izan zuten harrera eguna. Eta benetan harrera berezia izan zuten, ez ohikoa. HUHEZIko areto nagusian elkartu ondoren, 33 ikasle lehen egunean, koaderno bana jaso zuten, non ematen zitzaien informazio praktikoa, ikasturteari lotua. Gero Aitor Zuberogoitia karrerako zuzendariak egin zien ongi etorria eta ikasketen aurkezpena.

Ondoren, baina, taldeka antolatu ziren ikasleak, bederatzi taldetan, eta bakoitzari eman zitzaion kartulina bat eta betebehar bat: batzuek informazioa jaso behar zuten liburutegiaren gainean, beste batzuek tabernaz eta fotokopia zerbitzuaz, etab. Horrela, ordu erdi igarota, denak elkartu ziren, eta taldeka egin zuten egindako lanaren aurkezpena, kartulinaren laguntzarekin.

Kamerarekin.jpg

Aurkezpena ere berezia izan zen, taldeko hiru kide aurkezpena egiten ari ziren bitartean, beste bat ari baitzen bideo kamerarekin irudiak hartzen, irudiak pantaila handi baten ikusten zirela. Oro har, lan ona egin zuten ikasleek, eta aurkezpen ganorazkoak. Aretotik irtendakoan, askoz ere gehiago zekiten HUHEZIren gainean.