Jose Larrañagak helburu garbia bilatzen du liburu honekin: irakurleak trebatzea, komunikazioaren ikuspegitik behintzat, idatz ditzaten albiste egoki eta ulerterrazak. Esateko albisteez ari da, gero irratian edo telebistan irakurriko diren horietaz.
Ezaugarriak
Esateko idazkera horrek baditu hainbat ezaugarri, Jose Larrañagaren arabera:
- Aditz aktiboa erabiltzen du batik bat.
- Orainaldia baliatzen du bereziki.
- Esaldi laburrak egiten ditu.
- Marka fonetikoak ditu ezaugarri, ez puntuazio gramatikala.
- Zenbakiak borobiltzen ditu, hobeto ulertze aldera.
- Saihestu egiten ditu aditzondoak eta izenordeak.
- Erredundantziari heltzen dio behin eta berriro.
Liburua laburra da, 88 orrialde baino ez ditu, eta berau hiru ataletan banatu du egileak:
- Ikus-entzunezko lengoaia.
- Ikus-entzunezko idazketaren oinarriak.
- Nola ahoskatu eta esan albisteak.
Jose Larrañaga
Jotxo Larrañaga, horrela ezagutzen dute-eta bere lagunek, Azkoitian jaio zen, eta Oñatin bizi da gaur egun. Lizentziaduna da Historian eta baita Kazetaritzan ere. Doktorea ere bada, kazetaritzan. Hainbat urtez Euskal Telebistan egin zuen lan, albistegietan, beraz, ondo ezagutzen du esparru hori.
Gaur egun irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako fakultatean, non irakasten baitu Idazketa Irrati-telebistan.
No comments:
Post a Comment