45 urte
Jose Maria Arizmendiarrietak berak sortu zuen aldizkaria 1960an, kooperatiben berri eman, eta kooperatiben ideala hedatzeko asmoz. Hiru izen izan ditu, ordea, urte hauetan:
- Cooperación. Hasieran izen horrekin plazaratu zen agerkaria, makinaz idatzita, 200-300 ale banatzen hasi zirenean.
- Trabajo y Unión (TU). Cooperación izena hartuta zegoela-eta, beste izen bat aukeratu behar, eta TU hautatu zen. 1964an izan zen hori
- TU Lankide. 1977an gaur egungo izenarekin agertu zen.
Zuzendariak, berriz, lau izan ditu aldizkariak 45 urte hauetan:
- Jose Maria Arizmendiarrieta. (1960-1976). Berak sortu zuen aldizkaria, eta berak gidatu zuen, hil arte.
- Juan Leibar. (1976-1984). Irakaslea zen Eskola Politeknikoan, aldizkaria zuzentzen zuen bitartean.
- Jesus Ginto. (1984-1988). Kazetaria izanik, beste estilo bat ekarri zion aldizkariari.
- Javier Marcos. (1988- gaur arte). Berak egin ditu urte gehien zuzendari moduan: 17.
TU Lankide apal-apal hasi zen, baina gaur egun zabalkunde handia du: hilero 11.500 ale banatzen baitira Euskal Herriko kooperatibetan. Zenbaiten iritziz, ordea, nahikoa ez, kontuan izanda MCC taldeak 70.000 langile dituela. Edozelan ere, hilero 40 orrialde kaleratzen ditu. Eta horietatik %15-20 euskaraz dator; gainerakoa, gaztelaniaz.
Diseinu berria
Aldizkaria sortu zenetik, 17 diseinu aldaketa egin zaizkio. Azkena, 2001ean. 500. ale hau ere berrituta etorri zaigu, diseinuari dagokionez. Ez da aldaketa iraultzailea izan, baina bai begi bistakoa. Izan ere, itxurak ez ezik, mamiak ere hainbat aldaketa izan ditu, batez ere sailei dagokienez.
Internet, ahaztuta
Berrikuntzak berrikuntza, atentzioa ematen du zer arreta gutxi eman zaion Interneti. Nahi badugu TU Lankide kontsultatu sarean, MCCren webguneak ematen digu horretarako aukera. Baina ondo begiratzen badugu, ikusiko dugu kontsultatu ahal dugun azken alea dela… 2003ko uztailekoa! Eta hori PDF formatuan.
Gero eta ordenagailu gehiago dauzkagun honetan, ez litzateke txarra izango —nahi bada, behintzat, TU Lankide familia aldizkari bihurtu— aldizkariaren ganorazko bertsio eguneratua ezartzea Interneten. Gutxienez hori.
Laster konponduko dutelakoan hutsune hori, zorionik beroenak TU Lankide egiten duten guztiei!
No comments:
Post a Comment