2005/09/12

Aurkezpen bikaina

Joan den ostiralean, aprobetxaturik lanean jai nuela, ikusi nuen, hasi eta buka, Steve Jobs Apple enpresako buruzagiak bezperan San Frantziskon egin zuen agerpena, besteak beste iPod Nano berria aurkezteko. Iruditu zitzaidan aurkezpen bikaina, komunikazioaren ikuspegitik. Hona hemen zergatik.
  • Pantaila erabili zuen makulu gisa, ez gidoi moduan, berak handik irakurtzeko.
  • Ematen zuen dena zuela buruan, uneoro bai baitzekien zer esan.
  • Berotasun itzela transmititzen zuen bere mezua azaltzerakoan.
  • Erabili zuen pantaila maisuen pare.
Pantaila
Gutako gehienok Powerpoint erabiltzen dugu laguntza gisa aurkezpenetan. Jobsek beste bat erabili zuen, Keynote, Applek sortutako programa bat, baina biak berdintsuak dira. Desberdintasun txiki hori kontuan hartuta, ohar pare bat egin nahiko nuke Jobsek nola erabiltzen duen aurkezpen programa.
  • Ez du erabiltzen izenbururik pantailetan.
  • Pantaila bakoitzean ez du erabiltzen bost lerro baino gehiago.
  • Pantaila guztien %90ean, bi lerro baino ez ditu erabiltzen. Bi lerro.
  • Behar duenean, irudiak erabiltzen ditu mezua transmititzeko.
  • Grafikoak ere badaki erabiltzen, baina neurrian, eta era sinplean aurkeztuta.
Kontuan hartuta guk joera dugula pantaila datuz eta informazioz betetzeko, Steve Jobsen joera minimalistak harritu egingo gaitu, baina berak lortzen duen emaitza askoz ere eraginkorragoa iruditzen zait. Egun hartan, Steve Jobsek datu mordoa eman zituen, baina amaitutakoan ez genuen datu betekadarik. Geureganatu genituen banaka, eta modu logikoan.

Hizlaria nagusi
Steve Jobsen komunikatzeko erak esaten digu hizlaria dela inportantea, izarra, eta Powerpoint makulu bat, neurriz erabiltzekoa, lagungarri gisa. Eta entzulea ez dela nekatu behar milaka datu emanda. Horrek eskatzen du aurrelana. Ondo prestatu behar aurkezpena, eta ondo aukeratu behar zer datu eman.

Biziki gomendatzen dizuet Steve Jobsen aurkezpena. Hemen ikusi ahal izango duzue, QuickTime erabilita.

2 comments:

  1. Anonymous8:45 AM

    Gutako gehienok Powerpoint erabiltzen dugu laguntza gisa aurkezpenetan. Jobsek beste bat erabili zuen, Keynote, Applek sortutako programa bat, baina biak berdintsuak dira.

    Uff, ez dodaz Keynoteko aurkezpen asko ikusi, baina ikusi dodazanagatik ez neuke esango Powerpoint ta Keynote berdintsuak diezanik.
    Nire eritziz Keynoteko aurkezpenak askoz be erakusgarriagoak dira.

    ReplyDelete
  2. Aupa, Aercilur! Beharbada Keynote dotoreagoa izan liteke, baina iruditzen zait biek dituztela oinarrizko ezaugarriak, aurkezpen programa on batek izan beharko lituzkeenak.

    Esan nahi dut, bai batarekin zein bestearekin, oso aurkezpen onak egin daitezkeela, eta eraginkorrak komunikazioaren ikuspegitik. Ondo segi.

    ReplyDelete