2005/09/13

Bategiteak huts egiten duenean

Auto hegalaria sortu zenean 1945ean, mundua zur eta lur geratu zen, pentsaturik marabilla hark zientzia fikzioaren esparruetara eramango gintuela. Antzeko zerbait gertatu zen auto anfibioa jaio zenean 1961ean: jendeak ez zuen nahi izango besterik. Biek, baina, auto hegalariak eta auto anfibioak, porrot egin zuten erabat.

Produktu hibridoek beti sortu dute lilura handia, baina apenas funtzionatu duten. Hala ere, hitzik baldin badago puri-purian, hori convergence da, bategitea, orain, noski, teknologia berrien eremuan. Kasurik berriena joan den astean azaldu zitzaigun: telefono bat, musika jotzen duena.

ROKR
Motorolak eta Applek egin dute hibrido hori, Cingular telefono konpainiarekin batera, eta sekulako publizitate kanpaina egiten ari dira hori plazaratzeko. Baina beldur naiz Rokr telefonoak ez ote duen porrot egingo: botoiz betea dago eta zaila da erabiltzeko. Dagoeneko agertu dira lehen kritika txarrak horren gainean.

Driron
Euskal Herrian ere badugu konbergentzia kasu bat, oso garbia. Orain dela gutxi, Fagor kooperatibak Driron aurkeztu zuen, makina bat arropa berotu eta lisatzen duena. Nahiago nuke hanka sartuko banu, baina Drironek ere horma jo dezake. Izan ere, etxeko tresna elektrikoetan badago aurrekaririk: garbigailu-lehorgailuak. Egin ziren, baina oso jende gutxik erosi ditu.

Jendeak hibridoak baino nahi ditu produktu onak eta errazak erabiltzeko. Hibridoak, jeneralean zailak izaten dira, oso, eta inork ez du horrelakorik nahi izaten.

Liburu interesgarria
Justu egun hauetan ari naiz liburu bat irakurtzen, El origen de las marcas, eta hor Al eta Laura Ries aita-alabek argi erakusten dute, ehunka adibiderekin, zergatik betegite horiek ez duten arrakastarik. Goiko irudia liburu horretatik aterata dago. Ahal baduzue, irakurri.

2 comments:

  1. Anonymous11:16 AM

    Egunon,
    "auto anfibioak, porrot egin zuten erabat."
    Erabat ez, oingo udan Dublin-en ikusi baidodaz bat baino gehiago. Turistentzako prestatuko bidaiak egiten ebezan.

    Bestalde, Apple ta Motorolak ataratako iPhone hori, ez da lehenengo hibridoa maila horretan. Aspaldidanik dagoz, gertatzen dana da Steve Jobs-ek eta Mac markak marketing kontuten oso onak direla. Baina argi geratu dadila, eurek ez diezela lehenengoak izan.
    Zehaztasun gehiago hurrengo helbidean:
    http://blog.pc-actual.com/blogpca/2005/09/motorola_apple.html

    Hurrengorarte,
    Aercilur

    ReplyDelete
  2. Aupa, Aercilur! Zuk Dublinen ikusi duzu horrelako bat, eta nik James Bonden film batean. Kasu bietan bitxikeria moduan, baina ez arrakaste izan dutelako merkatuan. Nik hori esan nahi nuen.

    Bestetik, bat nator zurekin: Rokr ez da lehen telefonoa musika jotzen duena, baina bai berriena, eta, seguruenik, zarata handiena atera duena, zuk aipatu dituzun arrazoiengatik. Ondo segi.

    ReplyDelete