Atzo Iban Arantzabal izan genuen HUHEZIn, Sustatuko editorea. Humanitateak eta Komunikazioa adarreko ikasleei hitz egitera etorri zen, Bea Zabalondo irakasleak gonbidatuta. Gaia: Hizkuntza gutxitu batetik komunikatzeko: Internet.
Blogak izan zituen hizpide Iban Arantzabalek, eta hasi ere, horrekin hasi zen: “hemendik aurrera, kazetari bat blog barik, zaila”. Bloga zer den azaldu zuen, blog motak, plataformak, jarrerak eta komunitateak. Baita blogak irakurtzeko sortu diren erreminta berriak, Bloglines eta Aurki.com adibidez. Eta, nola ez, XML feedak, zeinei esker zabaltzen diren blogen mezuak mundu zabalean. Blogen diseinua ere aipatu zuen, beti ere erabilerraztasunaren menpe.
Azpimarratu zuen, halaber, Interneten komeni dela informazioa beste modu batean antolatzea, irakurleak lehen kolpe batean jakin dezan zertaz doan albistea. Euskaraz idazterakoan ere, komenigarritzat jo zuen aldapan behera idaztea, alegia, aditzaren karga aurreratuta. Zenbait ikaslek, ordea, harridura erakutsi zioten horren aurrean, arrotz egiten zitzaielako planteamendu hori.
Eta bukatzeko, hainbat adibide ezarri zituen, non ikusten zen nola garatzen den informazioa blog batean, erantzunen bidez etengabe osatzen.
Iban Arantzabal
Iban Arantzabal orain 30 urte jaio zen Elgetan. Irakasle ikasketak egin zituen HUHEZIn, eta hemen ikasi zuen Haur Hezkuntza. Ondoren Gasteizera joan zen, Euskal Filologia egitera. Gaur egun, berriz, Telematika zuzendaria da Goiena Komunikazio Zerbitzuak enpresan.
2001a ezkero Sustatuko editore da. Hiruko talde bat zuzentzen du Goienan, eta horien ardura da Goiena.net albistaria, eta Debagoieneko hainbat udalen webguneak elikatzea.
BERRIAn, Tartea sailean idazten du Jabi Zabalak astero. Gaurko orrialdean, oso artikulu interesgarria dator atzo Ibanek azaldutakoa argitu eta osatzeko: "Euskara sareko buztan luzean".
ReplyDelete