2005/04/27

Ikasle ohi bat Martin Berasategirekin lanean

Maddi Arzamendi bergararra da, 25 urte ditu, eta HUHEZIn Enpresarako Giza Zientziak ikasita, gaur egun Martin Berasategiren enpresan ari da lanean, Giza Baliabideetako teknikari moduan. Lau jatetxek eta argitaletxe batek osatzen dute Grupo Martin Berasategui enpresa, eta Maddi eta beste bi lankide arduratzen dira hor dabiltzan 115 langileen ongizateaz.

—Zer da Grupo Martin Berasategui?
—Grupo Martin Berasategi enpresa talde bat da. Alde batetik jatetxeak ditu: Kursaal Jatetxea, Guggenheim Jatetxea, Bodegón Alejandro, Kukuarri… Martinen Lasarteko jatetxea ez da talde horretan sartzen, Martinek berak kudeatzen du-eta. Beste alde batetik, liburuak argitaratzen ditugu, sukaldaritzari buruzkoak eta hainbat produkturen ingurukoak. Azkenekoa izan da Guggenheim jatetxeko menuen gainekoa.

—Pozik ari zara lanean enpresan?
—Bai. Aukera paregabea izan da niretzat GMBn lanean hastea. Oso enpresa gaztea da, munduko toki askotako jendea dago bertan lanean eta, gainera, enpresa berritzailea da, eta kulturarekin zerikusia daukana.

Ostalaritza oso gogorra da. Oso azkar mugitzen da: gaurko bazkaria ezin duzu bihar eman eta, gainera, afaria daukazu emateko; horrek eragina dauka enpresaren arlo guztietan. Errotazioa oso handia da sektore honetan, eta zaila da, adibidez, jendea aurkitzea zerbitzari lanak egiteko.

—Zer motatako langileak dituzue?
—Gazteak eta leku askotakoak (Espainia, Brasil, Frantzia, Grezia, Kolonbia, Txile, Argentina, Nigeria…). Eta lanbideei dagokienez, sukaldariak ditugu, zerbitzariak, komertzialak, adminstrariak, lorezainak, etab. Sukaldean praktikak egitera ere mundu osoko jendea etortzen da. Momentuan, adibidez, Japonia, AEBak, Mexiko, Argentina..., eta beste hainbat herrialdetako jendea dago.

Horietako batzuek oso bizitza latza dute. Zenbaitetan, kanpotik etorritako jendea da, eta familia guztia euren jaioterrian dago, eta bakarrik daude hemen. Guk pertsona guztiekin etengabe daukagu kontaktua, eta arazoren bat dutenean, askotan guregana etortzen dira.

—Nola aurkitu zenuen lan hori?
—Iragarkia ikusi, eta curriculuma bidali nuen. Elkarrizketa eta froga batzuk eginda, kontratatu egin ninduten.

—Gogorra egin zaizu unibertsitatetik enpresara salto egitea?
—Lehenago ere hainbat enpresatan ibilia nintzen, unibertsitatean lana egiten nuen egun erdiz. Enpresa bakoitza mundu bat da, eta nahiz eta enpresa-kultura desberdinak ezagutu, enpresa berri batean sartzea berriz hastea da, baina esperientzia desberdinak ezagutzeak laguntzen dizu ikuspegi globalago bat izatera.

—Giza Baliabideetako teknikaria zara hor: zeintzuk dira zure ardurak enpresan?
—Hiru pertsonak egiten dugu lan departamentuan: giza baliabideetako zuzendaria eta bi teknikari. Hirurok denbora gutxi daramagu enpresan, pare bat urte gehienez. Beraz, hasieratik hasi gara gauzak egiten. Alde horretatik polita da, gauza asko ari gara egiten, administrazioaz gain, aukeratze-prozesuen definizioa eta ezarpena, lan arriskuen prebentzioa.

Momentu honetan gauza horiez gain, harrera plana diseinatzen ari gara jatetxe batzuetarako. Beste batzuetan, berriz, ezarpen fasean gaude. Gauza asko daude egiteko: trebakuntza, konpetentziak, etab. Zentzu horretan, enpresa nahiko berritzailea da, eta gauza asko egin nahi ditugu. Gainera, enpresa gaztea da, eta kultura aldaketa errazago egin daiteke, baina poliki joan beharra dago. Garrantzitsua da jendeak emaitzak ikustea, ezin ditugu gauzak edozein modutan egin.

—HUHEZIn ikasitakoak zertan lagundu dizu lanean?
—Unibertsitatean lan egiteko modu bat ikasi nuen eta, noski, garapen pertsonal bat izan nuen. Ni nagoen enpresan oso garrantzitsua da talde-lana. Askotan hiru lankideok brometan esaten dugu pertsona bakarra bezala funtzionatzen dugula. Komunikazioa ezinbestekoa da, eta egunero ikusten dut enpresan sortzen diren gatazken iturrian ia beti komunikazio falta dela, eta horrek sortzen dituen gaizkiulertuak. Baina ez da gai erraza.

Pertsonalki, nahiko autonomoa naizela pentsatzen dut, nire lana egiteko nire espazioa eta denbora behar dut, pentsatzeko astia izan…, bakoitzak bere estiloa dauka eta hori denborarekin garatzen da.

Unibertsitateak, noski, eragina izango du garapen horretan. Unibertsitatea bizi-esperientzia bat izan da niretzat, ez da bakarrik klasean ematen duguna, ikaskide eta irakasleekin dugun harremana…, elementu askoren multzo bat da. Orain ere egunero ikasten ari naiz. Pertsonekin egiten dugu lan, eta momentu oso onak eta gogorrak ere pasatzen ditugu, esperientzia honetatik ikasten ari naiz gauzak beste modu batean hartzen eta egiteko modu ezberdinak garatzen.

—Nola gogoratzen duzu HUHEZIn izan zenuen esperientzia?
—Ba oso esperientzia polita izan zen (1997-2001). Oso pertsona bereziak ezagutu eta lagun onak egin nituen.

—Ikasketak bukatutakoan Ingalaterrara joan zinen. Zeren bila?
—Deskonektatzera, eta, bide batez, ingelesa ikastera. Gogoan dut karrera amaitutakoan nolabaiteko “krisi” bat izan nuela. “Orain, zer?”. Distantzia batetik ikusi nahi nituen gauzak, erabakiak hartu, ez nuen nire burua enpresan lanean ikusten momentu hartan, eta kanpora joateko gogo handia neukan. Han erabaki nuen masterra egitea Giza Baliabideen Zuzendaritzan.

—Zer esango zenioke Enpresarako Giza Zientziak ikasten hasi den bati?
—Disfrutatzeko. Karrerak aukera asko ematen ditu. Ni, adibidez, espezializatu egin nintzen, baina posibilitateak anitzak dira. Norberak bere ibilbidea egin behar du.

No comments:

Post a Comment