2005/04/29

Blogak Udako Euskal Unibertsitatean

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) blog ikastaro bat antolatu du uda honetarako. Uztailaren 20tik 22ra bitartean kazetaritza partehartzailea aztertuko da. Baita euskal blogosfera, teknologia berriak eta partehartzea, plataformak blogintzarako, eta blogak eta euskal prentsa.

Patxi Gaztelumendik zuzenduko du ikastaroa, eta bertan parte hartuko dute aditu ezagunek, hala nola Patxik berak, Jabi Zabalak, Gari Araolazak, Jon Antolin Txarroaldek eta Iñaki Alegriak, besteak beste.

Hitzordu interesgarria komunikazio zaleentzat.

2005/04/27

Ikasle ohi bat Martin Berasategirekin lanean

Maddi Arzamendi bergararra da, 25 urte ditu, eta HUHEZIn Enpresarako Giza Zientziak ikasita, gaur egun Martin Berasategiren enpresan ari da lanean, Giza Baliabideetako teknikari moduan. Lau jatetxek eta argitaletxe batek osatzen dute Grupo Martin Berasategui enpresa, eta Maddi eta beste bi lankide arduratzen dira hor dabiltzan 115 langileen ongizateaz.

—Zer da Grupo Martin Berasategui?
—Grupo Martin Berasategi enpresa talde bat da. Alde batetik jatetxeak ditu: Kursaal Jatetxea, Guggenheim Jatetxea, Bodegón Alejandro, Kukuarri… Martinen Lasarteko jatetxea ez da talde horretan sartzen, Martinek berak kudeatzen du-eta. Beste alde batetik, liburuak argitaratzen ditugu, sukaldaritzari buruzkoak eta hainbat produkturen ingurukoak. Azkenekoa izan da Guggenheim jatetxeko menuen gainekoa.

—Pozik ari zara lanean enpresan?
—Bai. Aukera paregabea izan da niretzat GMBn lanean hastea. Oso enpresa gaztea da, munduko toki askotako jendea dago bertan lanean eta, gainera, enpresa berritzailea da, eta kulturarekin zerikusia daukana.

Ostalaritza oso gogorra da. Oso azkar mugitzen da: gaurko bazkaria ezin duzu bihar eman eta, gainera, afaria daukazu emateko; horrek eragina dauka enpresaren arlo guztietan. Errotazioa oso handia da sektore honetan, eta zaila da, adibidez, jendea aurkitzea zerbitzari lanak egiteko.

—Zer motatako langileak dituzue?
—Gazteak eta leku askotakoak (Espainia, Brasil, Frantzia, Grezia, Kolonbia, Txile, Argentina, Nigeria…). Eta lanbideei dagokienez, sukaldariak ditugu, zerbitzariak, komertzialak, adminstrariak, lorezainak, etab. Sukaldean praktikak egitera ere mundu osoko jendea etortzen da. Momentuan, adibidez, Japonia, AEBak, Mexiko, Argentina..., eta beste hainbat herrialdetako jendea dago.

Horietako batzuek oso bizitza latza dute. Zenbaitetan, kanpotik etorritako jendea da, eta familia guztia euren jaioterrian dago, eta bakarrik daude hemen. Guk pertsona guztiekin etengabe daukagu kontaktua, eta arazoren bat dutenean, askotan guregana etortzen dira.

—Nola aurkitu zenuen lan hori?
—Iragarkia ikusi, eta curriculuma bidali nuen. Elkarrizketa eta froga batzuk eginda, kontratatu egin ninduten.

—Gogorra egin zaizu unibertsitatetik enpresara salto egitea?
—Lehenago ere hainbat enpresatan ibilia nintzen, unibertsitatean lana egiten nuen egun erdiz. Enpresa bakoitza mundu bat da, eta nahiz eta enpresa-kultura desberdinak ezagutu, enpresa berri batean sartzea berriz hastea da, baina esperientzia desberdinak ezagutzeak laguntzen dizu ikuspegi globalago bat izatera.

—Giza Baliabideetako teknikaria zara hor: zeintzuk dira zure ardurak enpresan?
—Hiru pertsonak egiten dugu lan departamentuan: giza baliabideetako zuzendaria eta bi teknikari. Hirurok denbora gutxi daramagu enpresan, pare bat urte gehienez. Beraz, hasieratik hasi gara gauzak egiten. Alde horretatik polita da, gauza asko ari gara egiten, administrazioaz gain, aukeratze-prozesuen definizioa eta ezarpena, lan arriskuen prebentzioa.

Momentu honetan gauza horiez gain, harrera plana diseinatzen ari gara jatetxe batzuetarako. Beste batzuetan, berriz, ezarpen fasean gaude. Gauza asko daude egiteko: trebakuntza, konpetentziak, etab. Zentzu horretan, enpresa nahiko berritzailea da, eta gauza asko egin nahi ditugu. Gainera, enpresa gaztea da, eta kultura aldaketa errazago egin daiteke, baina poliki joan beharra dago. Garrantzitsua da jendeak emaitzak ikustea, ezin ditugu gauzak edozein modutan egin.

—HUHEZIn ikasitakoak zertan lagundu dizu lanean?
—Unibertsitatean lan egiteko modu bat ikasi nuen eta, noski, garapen pertsonal bat izan nuen. Ni nagoen enpresan oso garrantzitsua da talde-lana. Askotan hiru lankideok brometan esaten dugu pertsona bakarra bezala funtzionatzen dugula. Komunikazioa ezinbestekoa da, eta egunero ikusten dut enpresan sortzen diren gatazken iturrian ia beti komunikazio falta dela, eta horrek sortzen dituen gaizkiulertuak. Baina ez da gai erraza.

Pertsonalki, nahiko autonomoa naizela pentsatzen dut, nire lana egiteko nire espazioa eta denbora behar dut, pentsatzeko astia izan…, bakoitzak bere estiloa dauka eta hori denborarekin garatzen da.

Unibertsitateak, noski, eragina izango du garapen horretan. Unibertsitatea bizi-esperientzia bat izan da niretzat, ez da bakarrik klasean ematen duguna, ikaskide eta irakasleekin dugun harremana…, elementu askoren multzo bat da. Orain ere egunero ikasten ari naiz. Pertsonekin egiten dugu lan, eta momentu oso onak eta gogorrak ere pasatzen ditugu, esperientzia honetatik ikasten ari naiz gauzak beste modu batean hartzen eta egiteko modu ezberdinak garatzen.

—Nola gogoratzen duzu HUHEZIn izan zenuen esperientzia?
—Ba oso esperientzia polita izan zen (1997-2001). Oso pertsona bereziak ezagutu eta lagun onak egin nituen.

—Ikasketak bukatutakoan Ingalaterrara joan zinen. Zeren bila?
—Deskonektatzera, eta, bide batez, ingelesa ikastera. Gogoan dut karrera amaitutakoan nolabaiteko “krisi” bat izan nuela. “Orain, zer?”. Distantzia batetik ikusi nahi nituen gauzak, erabakiak hartu, ez nuen nire burua enpresan lanean ikusten momentu hartan, eta kanpora joateko gogo handia neukan. Han erabaki nuen masterra egitea Giza Baliabideen Zuzendaritzan.

—Zer esango zenioke Enpresarako Giza Zientziak ikasten hasi den bati?
—Disfrutatzeko. Karrerak aukera asko ematen ditu. Ni, adibidez, espezializatu egin nintzen, baina posibilitateak anitzak dira. Norberak bere ibilbidea egin behar du.

Iban Arantzabal komunikazioko ikasleekin

Atzo Iban Arantzabal izan genuen HUHEZIn, Sustatuko editorea. Humanitateak eta Komunikazioa adarreko ikasleei hitz egitera etorri zen, Bea Zabalondo irakasleak gonbidatuta. Gaia: Hizkuntza gutxitu batetik komunikatzeko: Internet.

Blogak izan zituen hizpide Iban Arantzabalek, eta hasi ere, horrekin hasi zen: “hemendik aurrera, kazetari bat blog barik, zaila”. Bloga zer den azaldu zuen, blog motak, plataformak, jarrerak eta komunitateak. Baita blogak irakurtzeko sortu diren erreminta berriak, Bloglines eta Aurki.com adibidez. Eta, nola ez, XML feedak, zeinei esker zabaltzen diren blogen mezuak mundu zabalean. Blogen diseinua ere aipatu zuen, beti ere erabilerraztasunaren menpe.

Azpimarratu zuen, halaber, Interneten komeni dela informazioa beste modu batean antolatzea, irakurleak lehen kolpe batean jakin dezan zertaz doan albistea. Euskaraz idazterakoan ere, komenigarritzat jo zuen aldapan behera idaztea, alegia, aditzaren karga aurreratuta. Zenbait ikaslek, ordea, harridura erakutsi zioten horren aurrean, arrotz egiten zitzaielako planteamendu hori.

Eta bukatzeko, hainbat adibide ezarri zituen, non ikusten zen nola garatzen den informazioa blog batean, erantzunen bidez etengabe osatzen.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal orain 30 urte jaio zen Elgetan. Irakasle ikasketak egin zituen HUHEZIn, eta hemen ikasi zuen Haur Hezkuntza. Ondoren Gasteizera joan zen, Euskal Filologia egitera. Gaur egun, berriz, Telematika zuzendaria da Goiena Komunikazio Zerbitzuak enpresan.

2001a ezkero Sustatuko editore da. Hiruko talde bat zuzentzen du Goienan, eta horien ardura da Goiena.net albistaria, eta Debagoieneko hainbat udalen webguneak elikatzea.

2005/04/26

Gure ikasle ohien lan egoera

Iaz Leire Blazquez ikasle aretxabaltarrak egin zuen karrera amaierako proiektu bat, Lan-munduratzea Enpresarako Giza Zientzietan, eta hor aztertzen zuen karrera hori egin duten ikasleek zer egoeratan dauden lanari dagokionez.

Hori egiteko Leirek, zeinek geroago irabaziko zuen Kutxaren Karrera Amaierako saria, banatu zuen galdetegi bat karrera egindako 178 ikasleen artean. Hauek dira emaitzak, jasotako 125 erantzunetatik atereak:
  • Lan egoera. Erantzun dutenen artean, lan egiten zuten %78k. Aldiz, %22k ez zuten lanik egiten, langabezian zeudelako edo ikasten ari zirelako.
  • Lanik gabe. Lanean ari ez zirenen artean, %46 ikasten ari ziren. Gainerako %54 lanik gabe zeuden; batzuk bidaiatzen, turismoa egiten, etab.
  • Ikasten. Ikasten ari zirenen artean, %5 egiten ari ziren beste lizentzia bat; %37 master bat; eta %58, beste zerbait.
  • Nork aurkitu lana. Lanean ari zirenetatik, %29k aurkitu zuten lana unibertsitatearen bidez; %25ek familia eta lagunen bitartez; %15ek beren kontura; %10ek hedabideen bidez; %6,5ek enplegu zerbitzuen bitartez; %2k ETTei esker; eta %12k beste bide batzuk erabilita.
  • Enpresa motak. Lanean ari zirenetatik %51 ari zen lanean kooperatibetan; %16, SL enpresetan; %15, SA enpresetan; eta %18 bestelako enpresetan.
  • Ikasketak eta lana. %40ren kasuetan lanak zerikusi handia zuen beraiek ikasitakoarekin; %22rentzat bazuen zerikusia; %20rentzat, zerikusi txikia; eta %17rentzat, zerikusirik ez.
Kontuan hartuta hortik zehar zenbat denbora kostatzen zaien lana aurkitzea ikasketak amaitu dituzten ikasleei, uste dugu datuak onak direla.

2005/04/24

Zergatik eskuineko loturak

Asteburu honetan lotura mordotxo bat gehitu diogu blog honi, hiru multzotan sailkatuta. Beharbada ordua da azaltzeko zergatik ipini ditugun hor, eskuineko zutabean.

Mondragon Unibertsitatea
Blog hau Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sortu du. Beraz, ulertzekoa da bertan agertzea hainbat lotura MUrekin zerikusia dutenak.
  • HUHEZI. Esteka horrek eramango gaitu Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen webgunera.
  • Goi Eskola Politeknikoa. Ingeniaritza ikasketekin lotutako edozer jakin nahi duenarentzat.
  • ETEO. Enpresa ikasketak zertan diren Oñatiko fakultatean.
  • Lanki. Lankidetzaren ikertegia da Lanki, eta HUHEZIn bertan dago. Autoeraketa lantzen du, Arrasateko kooperatiba esperientzia, gizarte ekonomia eta garapen solidarioa.
Komunikazioa
Informazioa eta Komunikazioa ikasten ari den jendeari interesatzen zaio jakitea zein lotura dauden hortik zehar gai horrekin lotuta.
  • Aurki.com. Euskal blogosferan erreminta garrantzitsua bihurtu da Aurki.com, bilatzaile ez ezik, albiste biltzaile ere badelako orain. 170 informazio iturri arakatzen ditu egunero, euskarazkoak.
  • Sustatu. Blog aitzindaria hemen, berak ditu irakurle gehien euskaldunon artean. Harpidedunak ere, 500etik gora.
  • Sarean. Teknologia berrien gainean irakurri nahi duenak euskaraz, irakurri beharra du Jabi Zabalaren bloga.
  • Ingelesen Hilerria. Beste horrenbeste esan daiteke honetaz, nahiz eta Lustxo Fernandezen blogak beste gai batzuk ere jorratzen dituen, beti ere Luistxori dagokion zorroztasunarekin.
  • Blogak UEUn. Patxi Gaztelumendik sortu du, jakin dezagun nondik nora joango den blog ikastaroa uda honetan Iruñean.
  • Euskara eta publizitatea. Iñigo Fernandez Ostolazak publizitateaz egiten du hor hausnarketa, eta badaki zertaz ari den, publizitate etxe handi batean egiten baitu lan, arrakasta handiz, gainera.
  • Hamaika ikus-entzuteko jaioak. Edorta Arana komunikazio irakaslea da EHUn, eta orain dela gutxi plazaratu du blog hau, non irratiaz eta telebistaz idatziko duen.
  • Superbai. Goio Arana diseinatzaile sarituaren bloga. Oso gauza interesgarriak egiten ditu Goiok hor, beti ere diseinuaren inguruan, umore finez txipristinduta.
Enpresa
Enpresarako Giza Zientzietan batik bat lantzen da giza faktorea enpresan, hau da, pertsonak. Eta horrekin lotuta, honako esteka hauek ekarri ditugu:
  • MCC. Mondragon Unibertsitatea bera MCCn dago. Beraz, ezinbesteko erreferentzia.
  • Saiolan. Enpresa eta ekimen asko sortu ditu Saiolanek, enpresa berrien mintegi bat delako. Metodologia eta esperientzia interesgarriak landu ditu, ekintzaileak sortzeko.
  • MIK. Mondragon Ikerketa Kudeaketan ikertegi bat da, eta Garaia proiektuan dago. Hausnarketa dezente egiten dute hor, eta material interesagarria sortu.
  • Emun. Lana euskalduntzeko kooperatiba da Emun, gai interesgarria guretzat. Harreman berezia du, gainera, HUHEZIrekin.

2005/04/21

Zergatik ez partekatu dakiguna?

Enpresa eta unibertsitate asko sekulako inbertsioak egiten ari dira beren langileek parteka dezaten informazioa, baina alperrik askotan. Ez dugu nahi izaten informazioa konpartitzerik, dakigun hori albokoari esaterik. Zergatik, baina?

Hainbat enpresa aztertuta AEBetan, Carol Kinsey Goman adituak bost arrazoi ematen ditu bere lanean, “Bost arrazoi jendeak zergatik ez duen esaten dakiena”. Azken ondorioa: arazo hau humanoa da, eta ez du zerikusirik teknologiarekin.

Bost arrazoi
  1. Jendeak uste du nolabaiteko agintea duela, baldin eta zerbait badaki besteek ez dakitena.
  2. Jendea ez da fio dakienaz. Batez ere unibertsitatean ikasi ez dutenek askotan uste izaten dute beren ekarpenak ez direla hain garrantzitsuak.
  3. Jendeak ez du elkarrenganako konfiantzarik. Teknologiak lagun dezake jakintza partekatzen, baina konfiantzarik ez badago jendearen artean, jai.
  4. Jendeak beldur dio barregarri geratzeari. “Trufatu egingo dira nitaz?”.
  5. Jendeak lan egiten du beste jende batentzat, zeinek ez duen konpartitzen dakiena. Goikoak ez badu konpartitzen, behekoak ezta.

Zenbait aholku
Carol Kinsey Goman-ek hainbat gomendio ematen ditu, oztopo horiek gainditzeko:
  1. Aitortu eta saritu ikasten, erakusten eta konpartitzen duten pertsonak, eta zigortu hori egiten ez dutenak.
  2. Zuzendariek aukerak sortu behar dizkiote jendeari elkar eragiteko.
  3. Jakinarazi jendeari jakitaterik ñimiñoena ere oso garrantzitsua izan daitekeela erakunde batentzat.

Doluzko mezuak

Atzoko istripua dela eta, hainbat atxikimendu iritsi dira HUHEZIra, hezkuntzako hainbat profesionalek bidalita. Hona hemen hiru:

Euro School Net 2000
Euro School Net 2000 da sare bat, zenbait ikastetxek sortua, eta hor daude Holanda, Ingalaterra, Italia eta Euskal Herriko hainbat ikastetxe. Bertatik etorri zaizkigu bi mezu:

Dear Julia,
I want to express my solidarity to the fatal accident which happened this morning to 4 students of Mondragon University. You as the representitive for Mondragon University of ESN 2000 please bring over my feelings to the families and friends of Ane Miren, Amaia, Milkel and Aitor who suffer and will be desolated in this moment.
Best wishes to all of you,
Hans Luesink
Treasurer of Euro school Net 2000

Dear Arantza and Julia,
Rafa has just informed us of the tragic accident that your four young students have suffered. Our thoughts are with you, deeply aware of how devastating is the loss of such vibrant young lives and of what the whole university must be feeling.
With heartfelt sympathy to you both
Sue

Artatse
Bilboko Artatse eskolatik, berriz, beste mezu hau:
Nerea, nos sentimos consternadas ante la muerte por accidente de cuatro estudiantes de vuestra Universidad.Recibid toda nuestra solidaridad, apoyo y cariño.La Comunidad Educativa de Artatse

Baliabide informatikoak

Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konfererentziak jakinarazi zuen asko ez dela, batezbeste ordenagailu bakoitzeko 20 ikasle daudela Espainiako unibertsitateetan. HUHEZIn, berriz, askoz ere kopouru hobeak ditugu: ordenagailu bakoitzeko 7,4 ikasle.

761 ikasle ditugu aurten Irakasle Ikasketak, Psikopedagogia, Giza Zientziak eta graduatuondoko ikasketak egiten. Eta ikasle horientzat 200 ordenagailu dauzkagu, fakultatean zehar barreiatuta, bereziki bi infogelatan.

Helbide elektronikoa eta karpeta bana
Fakultatean matrikulatu bezain laster, ikasle guztiei ematen zaie helbide elektroniko bat, eta hori izango dute betiko, baita fakultatea uztzitakoan ere.

Horrekin batera, ikasle bakoitzari karpeta bana ematen zaio fakultatearen sarean, 100 MBkoa, bakoitzak hor gorde dezan bere materiala. Maiatzerako, berriz, karpeta hori izango da 500 MBkoa, beraz, ikasleek askoz ere material gehiago sartuko dute karpeta horretan: apunteak, txostenak, argazkiak, mezuak, etab.

Langileok ere badaukagu horrelako karpeta elektroniko bana, 500 MBkoa, baina datorren astetik aurrera karpeta horiek izango dira 1 GBkoak.

2005/04/20

Dolu eguna HUHEZIn

Gaur arratsaldean gertatu den istripua dela eta, non hil diren Eskola Politeknikoko lau ikasle, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak erabaki du bihar dolu eguna egitea fakultatean, eta beraz, ez da eskolarik emango, ez eta ate irekietako jardunaldirik egingo ere. Ate irekietako jardunaldia atzeratuko da datorren ostegunera, hilak 28, arratsaldeko 18:00etan.

Arratsalde gogorra izan da gaurkoa: istripuaren berri izan bezain laster, irakasleak telefonoz informazio bila, ikasleak ere jo eta ke SMS mezuak trukatzen, batez ere Oñatikoak, jakiteko hildakoak gure ikasleak ziren, eta, bigarrenik, haien izen-abizenak.

Joan den ikasturteko istripua etorri zaio askori gogora. Orduan HUHEZIko hiru ikasle hil ziren Elorrion, eta beste bi larri zauritu. Doluminak hildakoen familiartekoei!

Ikasleak eta praktikak enpresan

Ikasturte honetan Enpresarako Giza Zientziak karrerako 84 ikaslek praktikak eta proiektuak egingo dituzte 35 enpresatan, denak Euskal Autonomia Erkidegoan. Ikasketak amaitu orduko, gure ikasleek hiru praktikaldi egingo dituzte enpresetan. Horrek abantaila handia emango die lana bilatzeko orduan, behin ikasketak amaituta.

Horretaz jakitun, HUHEZIk pertsona bat dauka praktikak eta karrera amaierako proiektuak bilatzeko ikasle horiei. Dagoeneko enpresa askok hartu dituzte Enpresarako Giza Zientziak karrerako ikasleak praktikak eta karrera amaierako proiektuak egiteko. Aurten 35 izan dira, eta honela sailka daitezke:
  • Enpresak: 26
  • Ikertegiak: 3
  • Ikastetxeak: 3
  • Hedabideak: 2
  • Administrazioa: 1
Ikasleak, berriz, 84 izan dira guztira, baina horiek horrela banatzen dira, mailen arabera:
  • 2. mailan: 13 ikasle.
  • 3. mailan: 26 ikasle.
  • 4. mailan: 45 ikasle.
Hiru praktika mota
Enpresarako Giza Zientziak karreran, hiru praktika mota egiten dira:
  • 1. praktikaldia. Jeneralean egiten da ikaslea bigarren mailan dabilela. Praktika horren helburua da ikaslea izan dezala lehen harremana enpresarekin. Hilabete izan daiteke, egun osoz lan eginda, edo bi hilabete egun erdiz. Bukaeran ikasleak txosten bat aurkeztu behar du, eta hor aztertu nola joan zaion praktikaldia.
  • 2. praktikaldia. Egiten da ikaslea hirugarren mailan dabilenean. Ikaslea aritu daiteke enpresan bi hilabete egun osoz, edo lau egun erdiz. Amaitutakoan, txosten bat aurkeztu beharko du.
  • 3. praktikaldia. Honi esaten zaio karrera amaierako proiektua, eta egiten da ikaslea 4. mailan dabilenean. Hiru eta hamar hilabetez aritu daiteke ikaslea enpresan, egun erdiz. Bukaeran txosten mardul bat aurkeztu eta defendatu beharko du ikasleak, epaimahai baten aurrean, non izango diren fakultateko tutorea eta enpresako begiralea.
Zer eremutan praktikak
Enpresarako Giza Zientzietako ikasleek hainbat eremutan egin dezakete lan, enpresara doazenean:
  • Antolakuntzan, Giza Baliabideetan eta Pertsonen Kudeaketan.
  • Produkzioan eta Kalitatean.
  • Planifikazioan.
  • Administrazioan eta Finantzetan.
  • Merkataritzan eta Marketinean.
  • Erosketa sailean.
Noiz egin praktikak
Ez dago arau finkorik. Ikasle askok nahiago izaten dute praktikak egin ikasturtea bukatutakoan. Beste batzuek, aldiz, aukeratzen dute praktikak egitea ikasturtean zehar. Denetik dago. Zenbaitetan, kontua izaten da uztartzea enpresaren premia eta ikaslearen nahia, baina horrek ez du aparteko arazorik sortzen.

2005/04/19

Zer da Gizakom?

Gizakom da blog honen izena. HUHEZIk sortu du, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, eta helburua du informazioa zabaltzea fakultate honetako Giza Zientzien inguruan.

Bi karrera izango ditugu mintzagai: Enpresarako Giza Zientziak, eta Informazioa eta Komunikazioa. Lehena orain zortzi urte abiatu zen. Bigarrena, berriz, ikasturte honetan. Gaurtik aurrera, beraz, albisteak argitaratuko ditugu hemen, elkarrizketak, eta iritzi artikuluak.

Ea asmatzen dugun informazio interesgarria kaleratzen, eta aldi berean baliagarria ikasketa horien berri gehiago izan nahi duenarentzat.