2006/06/27
69.000 edublog munduan
2006/06/21
Gela multimedia prest dago

HUHEZIn Ikus-entzunezko komunikazioan diharduten ikasleek prest dute gela multimedia bat, erabat digitala eta material berriarekin hornitua. Gela horretan argazkigintza landuko da, edizio elektronikoa, multimedia produkzioa, bideo produkzioa eta audio produkzioa.
- Lau gela, bideo ediziorako. Horietatik, bi bereizmen handikoak.
- Estudio bat audioa lantzeko. Kontrol gela bat eta mintzalekua, dena 5.1 audio kalitatearekin.
- Bost ordenagailu autoediziorako eta multimedia lanak egiteko.
- Inprimagailu bat kalitate fotografiko gorenekoa, posterrak-eta egiteko.
- Bi bideo kamera bereizmen handikoak (HDTV) eta bolante bat grabazio berezietarako.
- Lau bideo kamera (Mini DV), erdi mailakoak.
- Bi argazki kamera, bata profesionala eta bestea (12 MP) erdi profesionala (6 MP).
- Bi ekipo argiztapenerako.
- Lau mikro harigabeak.
2006/06/20
Play Tagger, probatu beharrekoa
Badu bookmarklet bat, playTagger izenekoa, eta hori eramanez gero gogokoen barrara, hortxe geratuko da, harik eta aurkitzen duzun arte gustuko mp3 lotura bat. Orduan klik egin playTagger izen horri, eta webgune horretako loturan triangelu urdin bat agertuko da, justu URLren ezkerrean. Hor klik eginez gero, mp3 artxiboa entzun liteke zuzenean, edo, nahi izate aldera, del.icio.us-en gorde. Kasu horretan, del.icio.us-en ere agertuko da triangelu urdina, eta horri esker, del.icio.us-en bertan entzungo da mp3 artxiboa, joan beharrik barik blogera edo mp3 originala dagoen tokira.
Aurrekoan egin nuen aproba del.icio.us-en, nire kontuan. Primeran dabil.
2006/06/14
Atxaga, Larrañaga, Lertxundi eta Olasagasti, HUHEZIra irakasle
Datorren ikasturtean Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Eneko Olasagasti eta Jone Larrañaga HUHEZIn arituko dira, Ikus-entzunezko Komunikazioan. Mondragon Unibertsitatearen fakultateak, bestalde, hitzarmenak sinatu ditu EITBrekin eta beste hainbat komunikazio enpresarekin.
Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea indartzen ari da Ikus-entzunezko Komunikazioa. Datorren ikasturtean, lau profesional ekarriko ditu fakultatera, goi mailakoak: Bernardo Atxaga idazleak zenbait irakurraldi egingo ditu, iruzkinez lagunduak. Anjel Lertxundik, bestalde, Fikzio gidoigintza ikasgaia emango du. Gogoan izan Anjel Lertxundik bi film luze eginak dituela (Hamaseigarrenean aidanez eta Kareletik), eta lanean diharduela ETBko hainbat serietan. Eneko Olasagastik, bestalde, Ikus-entzunezko ekoizpena eta errealizazioa irakatsiko du. Enekok ere hainbat film zuzendu ditu (besteak beste Sí, quiero eta Maité) eta baita telebistako serieak ere (Bi eta bat, Jaun eta jabe eta Martin). Jone Larrañagak, azkenik, Irratigintza emango du. Jone Euskaldunon Egunkarian ibilia da, Euskadi Irratian eta ETBn, eta Rikardo Arregi Kazetaritza saria irabazia du.
Hitzarmenak
2006/06/12
Nola atera etekin handiena Googleri
Oinarrizko erabilera
- Erabili aipu markak " " bilatzeko esaldi oso bat. Adibidez, "Bill Gates conference" idazten baduzu, Googlek itzuliko dizkizu zehatz-mehatz esaldi hori duten emaitzak.
- Markatu hitz ezinbestekoak + zeinuarekin. Adibidez: +"bill gates" conference idatziz gero, bilatzaileak itzuliko ditu "bill gates" duten emaitza guztiak, baina ez derrigorrean conference dutenak.
- Saihestu nahi ez dituzun hitzak – zeinua erabilita. Adibidez: apple -fruit idatziz gero, Googlek itzuliko dizu Apple enpresaren gaineko informazioa edo New York hiriari buruzko zenbait, baina sagar frutari buruz ezer ez.
- site:http://www.mondragon.edu/ Horrek erakutsiko dizkizu bakarrik zer orri dauden domeinu horretan.
- related:http://www.mondragon.edu/ Horrek erakutsiko dizkizu zer orrik duten zerikusia URL horrekin.
- link:http://www.mondragon.edu/ Erakutsiko dizu zer webgunek egiten duten lotura Mondragon Unibertsitatearekin. Erabilgarria, oso, jakiteko webgune baten popularitatea.
- define:hitza Adibidez, sartzen baduzu define:university Googlek hainbat definizio emango dizkizu, zer den unibertsitatea, ingelesez. Halaber, hainbat hitz eskainiko dizkizu goian, urdinez, testuinguru horretakoak, esate baterako, open university edo university college.
- maps: lasterbide bat Google Maps-era joateko.
- info:http://www.mondragon.edu/ Googlek erakutsiko du zer informazio duen webgune horren inguruan.
- weather:bilbao Modu bizkorra jakiteko zer eguraldi iragarrita dagoen Bilbo alderako.
2006/06/09
Hutsegiterik handienak lana eskatzerakoan
2006/06/07
Web 2.0 fenomenoaren ifrentzua
Honela dio Will Harrisek artikuluaren hondarretan: “Beraz, Murdoch-ek dena daki MySapace-ren gainean. Yahoo-ko finantza guruak ere jakinaren gainean daude zer pentsatzen duzun, zer argazki egiten dituzun eta zer artikulu irakurtzen dituzun. Googleko morroiek ere badakite zeren bila ari zaren, eta ziur izan hori guztia nahi izango dutela lotu zure posta elektronikoarekin, egutegiarekin eta sarean erabiliko duzun edozerekin. Zenbat balio du informazio horrek guztiak?”.
Hala ere, Interneten gabiltzanez gero ez ote gara gure arrastoak etengabe uzten ari bisitatzen ditugun leku guztietan?
2006/06/05
HUHEZIko ikasle bat, pilota txapeldun 2. mailan
Asier Berasaluze Hezkuntza Fisikoa ikasten ari da, Irakasletza ikasketen barruan, eta aurten amaituko ditu ikasketak. Sarelariak taldeko kide ere badugu, Web 2.0 ikastaroa egiten ari baita. Zorionak, Asier!
2006/06/01
Web 2.0 Flickr
Flickr zer den
Flickr marka dator flicker izenetik, eta horrek bi esangura ditu: argazkigintzan, zerbaitek ñir-ñir egiten duenean esaten zaio; bestetik, pizten dugunean pospolo bat, begiratzen badiogu aurrez aurre, suaren gainaldean dirdira bat sortzen da, horri deritzo flicker.
Flickr zerbitzua 2002an sortu zuen Ludicorp enpresak Vancouverren, Kanadan. Hasieran sareko joko bat izan behar zena, gero argazkiak partekatzeko webgune bihurtu zen, sekulako arrakastarekin, hainbestekoa, non 2005ean Yahook erosi baitzuen.
Zertarako Flickr
Flickr-ek aukera ematen du argazkiak munduko beste edozeinekin partekatzeko. Bertan izena ematerakoan, erabiltzaileak erabakitzen du Flickr-era igoko dituen argazkiak pribatuak izango diren (eta orduan berak eta berak erabakitzen dituenek soilik ikusiko dituzte) edo publikoak, mundu guztiak ikusteko moduan.
Flickr-ek ere, Web 2.0ko beste programa askok bezala, etiketak erabiltzen ditu argazkiak izendatzeko. Argazkiak zer gai duen edo bertan nor agertzen den aintzat hartuta, hitz gako bat edo beste idatz daiteke etiketan. Eman dezagun argazki batean agertzen dela Alberto Iñurrategi mendizale famatua oinez jendartean Bizkaiko ikastolen alde Ibilaldiaren egunean, Elorrion. Kasu horretan, argazki horri hitz gako hauek ipiniko dizkiogu etiketatzeko orduan: "iñurrategi ibilaldia_06 elorrio”. Horri esker, baten batek nahiko balu argazki hori bilatu Flickr-en, nahikoa luke hitz gako horietako bat idaztea argazki horretara iristeko.
Horrezaz gain, Flickr-ek aukera ematen du argazki sortak antolatzeko (sets deitzen diete ingelesez), gaiaren arabera moldatuak. Badu, gainera, aplikazio txiki bat zerbitzuaren barruan, zeina deitzen baita Organizr, eta balio du argazkiak antolatzeko, etiketak editatzeko, etab.
Interesgarria irakaskuntzarako
Horretarako, baina, komeni da Macromedia Flash Player instalatzea norberaren ordenagailuan, doako programa bat. Macromedia Flash Player horri esker, lana izugarri erraztuko zaigu Flickr-en lan egiteko orduan:
- Argazkiak Flickr-era igotzea oso erraza izango da.
- Argazkiak antolatzea ere ezin errazago egingo dugu.
- Argazkiei oharrak egitea posible da, Sophie ikasle amerikarrak argazki honetan egin duen moduan, erakusteko Jane Goodall antropologoak zer material erabiltzen zuen txinpantzeak aztertzeko, Afrikan. Baliabide hori oso interesgarria izan daiteke eskoletan, ikasleek beraien ikasproiektuetan lantzeko. Hori egiteko, behin Macromedia Flash Player instalatuta dugunean, nahikoa da klik egitea gure argazki batean, eta, berau agertzen denean pantailan tamaina handian, klik egitea “add note” irudian, justu argazkiaren gainean, ezkerrean. Lauki bat agertuko zaigu argazkian, lerro etenekin eta lau ertzekin. Lauki hori batetik bestera mugitu ahal dugu, nahi dugun lekuan ezarri arte. Lauki horietatik tira eginez, gainera, aldatu ahal dugu laukiaren neurria, luzatuz edo txikituz. Guk nahi dugun tokian eta neurrian dagoenean, idatzi egingo dugu zerbait azpiko kutxan, eta bukatutakoan, gorde, “save” botoian klik eginda. Hor dugu ohar bat. Noski, hiru lau edo zortzi ohar idatz ditzakegun, argazkiarekin zer egin nahi dugun.
Flickr-ek hileko 20MB ematen dizkio erabiltzaile bakoitzari, doan. Horregatik, komeni da Flickr-era igo aurretik argazkiak, tamainaz murriztea, bestela argazki multzo batekin beteko dugu kupoa. Hori gerta ez dadin, erabili Photoshop programa edo Xnview, azken hau software librearekin egina eta doakoa, eta hor murriztu argazkien tamaina Flikcr-era igo aurretik.
Flickr-ek aukera ematen dizu lagun sareak egiteko, programak berak “contacts” deitzen dituena. Gustukoak badituzu norbaiten argazkiak, klik egin “contacts” hitzaren gainean, goian, eta “invite” berban. Mezu bat idatzi pertsona horri, eta berak erantzuten badizu, zure sarean izango da.
Flickr-ek RSS eta Atom erabiltzen ditu. Horrek esan nahi du Bloglinestik harpidetza egin ahal duzula zenbait lagunen Flickr kontuetara, eta Bloglinestik jakin haiek noiz argitaratu duten argazki gehiago.
Hasi Flickr-en
Flickr erabiltzeko, lehenengo eta behin izena eman behar duzu, eta horretarako nahikoa duzu helbide elektroniko bat. Beraz, zure esperientzia primerakoa izan dadin, egin hau:
- Sartu Flickr-en, eta izena eman.
- Joan Macromediara, eta instalatu Macromedia Flash Player.
- Ez baduzu programarik argazkiak tratatzeko, joan XnView webgunera, jaitsi programa eta instalatu zure ordenagailuan.
- Atera zenbait argazki.
- Lotu argazki makina ordenagailura USB ahotik, eta ekarri hona ateratako argazkiak.
- Murriztu argazkien tamaina zure ordenagailuan eta karpeta berezi batean gorde.
- Joan Flickr-era, eta klik egin upload izenean. Joan igotzen argazkiak, multzoka.
- Izendatu argazkiak Flickr-en eta etiketak ipini.
- Argitaratu.
- Oharrak gehitu pare bat argazkiri, horretarako “add notes” aplikazio txikia erabilita.
Aurtengoz, hemen bukatu da Web 2.0 ikastaroa. Hementxe dituzu ikastaro honen inguruan hemen argitaratutako artikulu guztiak: