Aurrekoan etorri ez zinetenei esan nahi dizuet posta zerrenda bat sortu dugula, eta izendatu dugula Sarelariak, Anjel Lertxundi idazle eta blogariaren omenez. Posta zerrenda horren bidez nahi dugu gure arteko komunikazioa erabatekoa izatea, bizkorra eta irekia. Horregatik, eskatuko dizuet aurrekoan falta izan zinetenei izena ematea posta zerrendan, lanean has gaitezen lehenbailehen.
Blogak
Aurrekoan zuetariko batzuek galdetu zenidaten zer diren blogak, eta orduan erantzun nizuen, bizkor samar. Gaur modu osatuagoan erantzungo dizuet. Hasiko gara definizioarekin.
Bloga, webloga edo bitakora —hiru modu horietan deitzen zaie, nahiz eta euskaraz bloga nagusitu den—, bloga da webgune dinamiko bat, eta hor mezuak agertzen dira era kronologikoan antolatuta, berrienak goian, eta zaharragoak beherago.
Weblog hitza 1997an sortu zen, baina 1999rako blog hitza onartua zegoen. Azkenean hauxe nagusitu da herrialde gehienetan. Espainian, hala ere, bitácora moduan ere ezagutzen da. Badakizue itsasontzi gehienetan bitakora kaiera erabiltzen zela bertan idazteko zer gorabehera gertatzen ziren nabigatu bitartean. Hortik hartu da bitakora hitza sareko webgune hauek ere izendatzeko. Gaur egun milioika blog daude: Technorattik 30.,4 milioi blogen arrastoa segitzen du uneoro.
Blogen ezaugarriak
Goiko definizioan azaldu ditugu hainbat ezaugarri, baina gustatzen zait Mutilmediak nola sailkatzen dituen:
- Doakoak edo ordainpekoak. Blog gehienak doakoak dira, eta horretarako erabiltzen dira blog plataformak (Blogger, La Coctelera, Blogari.net edo Blogak.com, adibidez). Ordainpekoak ere izan daitezke, adibidez, TypePad plataformak egiten dituenak.
- Libreak. Bakoitzak nahi duena esan ahal du bere blogean.
- Kronologikoak. Gaur idatzitako mezua atzo idatzitakoaren gainean agertuko da.
- Irekiak. Kasurik gehienetan, blogariak horrela erabakitzen badu, irakurleak aukera du erantzuteko. Eta beste irakurle batek azken horri erantzuteko, eta horrela, ad infinitum. Kasu horietan, ziber-elkarrizketa bat sortzen da, blogek eskaintzen duten ezaugarririk interesgarrienetako bat.
- Kategorietan sailkatua. Tag edo etiketak erabilita, artikulu bakoitza kategoria batean sar daiteke: musika, kultura edo teknologia, besteak beste. Horrek laguntzen du hor pilatzen doan informazioa antolatzen, eta, horri esker, askoz ere errazagoa da informazioa bilatzea.
Blog batean argitaratzen den mezu bakoitzak horrelako elementuak izan ohi ditu:
- Izenburua. Horrek ematen dio izena mezuari.
- Testua. Hor dago mezuaren mamia. Loturez zipristindua joango da, seguruenik.
- Erantzunak. Irakurleek utzitako iruzkinak.
- Permalink. Lotura iraunkorra, eta erabiltzen da artikulu edo mezu hori aipatu nahi denean lotura batean.
- Data. Adierazten du zein egunetan eta ordutan argitaratu den mezua.
- Etiketak. Blog gehienek aukera dute, etiketak erabilita, edukiak kategorizatzeko.
- Trackback. Lotura bat da beste blog bati egina, eta erabiltzen da batean eta bestean gaia bera denean.
Perretxikoak moduan ugaldu dira blogak, baina denak ez dira berdinak, hainbat blog mota daude. Guk batzuk ekarriko ditugu sailkapen honetara:
- Pertsonalak. Pertsona batek bere kontuak argitaratzen ditu, gertatuak, zaletasunak, hausnarketak, iritzi artikuluak… Kategoria horretan sartzen dira Harrikadak edo Patxitrapero, adibidez.
- Taldekoak. Sustatu da horietako bat, jende askok parte hartzen baitu blog hori egiten. Baita Faka-Faka ere, non kontatzen baitira Elgetako lagun talde baten gorabeherak.
- Enpresakoak. IBM barruan milaka langilek argitaratzen dute bloga. Baita Microsoften eta Googlen ere. Euskal Herrian aipatzekoa da Goiena.net-en sortzen ari diren blog komertzialak, batez ere merkatari txikiek sortuak.
- Tematikoak. Gai baten inguruan egiten dira. Superbai da adibide ona, diseinua baita horko gai nagusia. Edo Prospektiba, zeinek gizartearen joerak aztertzen baititu.
- Fotoblogak. Blog horietan argazkiak dira edukirik garrantzitsuena. Aramaio eta Atauri dira horren adibide gure artean.
- Blog komunitateak. Lagun artean edo inguru batean sortzen dira: Eibar.org da zaharrena, baina hor daude Goiena.net-en komunitatea eta Uztarria.com-ek sortua, adibidez, Zumaiakoarekin batera. Baita Berriak sortu duena, euskarazko batzuk baino ez aipatzearren.
Behin lehen urratsak eginda, blogintza lehertu egin zen Blogger plataforma agertu zenean. Doakoa zen, erabilerraza, eta erreminta ahaltsuak zituen blogak kudeatzeko. Hizkuntza askotan erabili da Blogger, baita euskaraz ere. Nik, adibidez, neure Faroa lehendabizi Bloggerren sortu nuen, nahiz eta gero Goiena.net-era pasatu nintzen, Goienak gonbidatu ninduenean bere blog komunitatean parte hartzera. Gizakom ere Blogger-en argitaratzen dugu. Hori ere, Mondragon Unibertsitatearen webgunea osatzen denean, pasatuko dugu webgune berrira, horrek ere blog komunitate bat izango du-eta. Guk bezala, beste batzuek Bloggerren eman dituzte lehen pausoak, nahiz eta euskaldunak, poliki-poliki pasatzen ari diren euskarazko plataformetara, besteak beste, ez galtzeko blogetan argitaratutakoaren kontrola, Luistxo Fernandezek garai batean azaldu zuen moduan.
Antzeko zerbait gertatu da blogintza gaztelaniara zabaldu denean ere. Euskarazko plataformak sortu aurretik, zenbait euskaldunek bloga egin zuten La Coctelera plataforman, bat aipatzearren.
Baina desbideratu egin gara apur bat. Blogger plataformarekin batera, sortu ziren beste batzuk, TypePad edo WordPress, esate baterako, eta blogintza sutautsa bezala zabaldu zen munduan barrena, eztanda izugarri batean.
Blogak euskaraz
Behingoz, bederen, euskarak garaiz harrapatu du blogintzaren trena. Eta hori zor zaio, neurri handi batean, eibartar talde bati, zeinek bultzatu baitu euskal blogosfera jaiotzatik beretik, Eibar.org taldetik lehendabizi, eta CodeSyntax enpresatik gero. Nire iritziz, unerik esanguratsuenak euskal blogintzan hauek izan dira:
- Sustatu. Berau izan zen euskarazko lehen bloga. 2001ean plazaratu zen, urri aldera, CodeSyntax eta Goiena enpresek sortua. Laster bost urte egingo ditu, eta berau dugu, orain ere, blogik eraginkorrena euskal blogosferan. Sustatu, gainera, izan da eskola paregabea blogari askorentzat.
- Blog pertsonalak. Jabi Zabalak sortu zuen lehen blog pertsonala, Sarean.com, eta gero etorri dira beste mordo bat.
- Blog komunitateak. Eibar.org izan zen blog komunitate bat sortzen lehena, 2004ko uztailean sortu baitzen. Gero etorri zen Goiena.net, 2005eko otsailean. Eta atzetik, Azpeitikoa, Berria egunkariak sortua eta Zumaiakoa, besteak beste. Ahaztu barik, noski, bai EHUn eta baita Deustuko Unibertsitatean sortu diren blog taldeak, hainbat irakasleren inguruan. Blog komunitateak gune paregabeak izan dira euskal blogariak prestatzeko, baina banaka batzuk izan dira. Horiek ez dute blogintza masiboa bihurtu. Hori blog plataformen eskutik etorri da.
- Blog plataformak. Blogger da ezagunena munduan, hainbat hizkuntzatan egokitua. Euskaraz lehena izan zen Blogari.net, Baleike enpresak sortua 2005eko azaroan, eta horren inguruan blog mordoa sortu dira. Lau hilabete geroago, 2006ko martxoan, etorri zen Blogak.com, plataforma bat CodeSyntax enpresak sortua, eta horren bueltan ere blog asko sortzen ari dira. Batari eta besteari esker, gaur egun inoiz baino errazagoa da blog bat sortzea euskaraz: hiru urrats nahikoa dira blogeatzen hasteko. Horrelako plataformek ekarriko dute masifikazioa euskal blogintzan, edonork izan baitezake aukera, informatikaz ezer jakin gabe, blog bat sortzeko.
Blogak, gure zortzigarren probintzia
Kasu egiten badiogu Anjel Lertxundiri —artikulu zoragarri bat idatzi zuen Hitz beste bere blogean, non aldarrikatzen baitzuen Internet euskararen zortzigarren probintziatzat, eta haren haritik tiraka egingo dugu orain— blogak sekulako eragina izaten ari dira euskal kulturan, nahiz eta askotan konturatu ere ez garen egiten, fenomeno berria delako oraindik. Egunero ehun-berrehun artikulu agertzen dira euskaraz blogetan, eta hor jorratzen dira hedabideetan agertzen ez diren gai asko, beti ere estilo eta tratamendu ugarirekin eta euskara libreagoan. Blogak erosoak dira, merkeak eta malguak, idazkuntza azpimarratzen dute ekintza printzipaltzat (jendea astintzen ari da idazteko orduan sentitu ohi duen beldur eszenikoa), eta laster ekar dezakete literatura aldizkari ponpoxoen desagertzea. Blogek bozgorailua ematen diete ahots askori, feedback zoragarria eskaintzen dute. Modu egokia eskaintzen dute, bestalde, Anaia nagusia salatzeko eta geure kultura defendatzeko, baita ihes egiteko geure arteko zentsura hertsiari. Blogen ondorioz, azkenik, aldatzen ari da gure idazteko modua eta idazlea izendatzeko pertzeptzioa.
Azken joera: guneak
Azken aldiotan, blog plataformak herritartu diren neurrian, gazteak eta nerabeak sartzen ari dira blogosferan trumilka, eta horretarako erabiltzen ari dira batez ere gune bereziak, komunitate moduko guneak, non gazteek, blogekin batera, eskura dituzten orain arte maizen erabilitako programa gehienak, hala nola, Messenger, Hotmail, etab. Bi plataforma nabaritzen ari dira era horretara: MSN Spaces, Microsoft enpresarena, eta Myspace, Rupert Murdoch enpresa gizonak erosi berria. Hortxe dituzue, probatu nahi badituzue, behintzat.
Nola egin blog bat
Eta, gaurkoz, hemen bukatuko dugu alde teorikoa. Orain lanean hasiko gara, blog bat egiten. Taldeka edo bakarka, nola erabaki duzuen proiektua egitea, jarri ordenagailu baten aurrean, eta blog bat egingo dugu, hemendik aurrera bloga izango da-eta gure proiektuaren ardatza.
Oso ongi egin duzu bilketa, Joxe. Erraza da, nagusia eta inportanteena agertzen du eta ederki deskribatzen du eguneko egoera.
ReplyDeleteZorionak.
Julen
Eskerrak zuei, lagunak. Pozten naiz goian esandakoak erabilgarri eta egoki ikusten baduzue. Besarkada bat.
ReplyDeleteBai, ni ere berria naiz Web2.0 honetan eta naiz eta bloga erabili, hortik aurrerakoak ezer gutti. Beraz, interes haundiz jarraitzen dut zuen ikastaroa. Eskerrak aukeragatik!
ReplyDeleteEskerrak zuri, Nice. Besarkada bat.
ReplyDeleteAupa!!
ReplyDeleteEgia osoa esan duzu euskarak ere blogen trenari garaiz heldu diola esan duzunean.
Euskaraz oso blog onak daiude, gero eta hobeak eta gero eta gehiago, gutu guztietara egokitzen direnak.
http://kostaldea.bitacoras.com