2006/03/16

Web 2.0: lehen eguna

Egun on, denoi, eta eskerrik asko izena ematearren ikastaro honetan, bertan izena emanda erakutsi didazue-eta gaia interesatzen zaizuela, eta konfiantza ere baduzuela zerbait ikasteko.

Aurkezpenak
Ondo baderitzozue, hasi aurretik geure buruak aurkeztuko ditugu. Ni Joxe Aranzabal naiz, 53 urte ditut, eta bost urte daramat irakasle HUHEZIn. Aurretik kazetaritzan ibilia naiz, batez ere herri kazetaritzan, Arrasate Pressen, Arrasate Telebistan, eta gero Goiena proiektuan. Baita berripaper argitaratzaile moduan, eta ETBn programa bat zuzentzen. Orain arduratzen naiz Giza Zientzietako ikasleen praktikez eta karrera amaierako proiektuez. Baita barne komunikazioaz, eta, hirugarrenik, aldizkari bat ateratzeaz Mondragon Unibertsitatearentzat. Bi blog argitaratzen ditut, Faroa, pertsonala, eta Gizakom, gure fakultateko Giza Zientziak ikasketak sustatzeko.

Ikastaroaren izena
Behin aurkezpenak egin eta gero, azaldu egingo dizuet zer asmo dudan, ikastaro hau bukatutakoan eraginkorragoak izan zaitezten Internet erabiltzen.

Hasieran, eskaini zidatenean ikastaro hau ematea, saiatu nintzen izenburu bat asmatzen, ahalik eta hobetoen definitzeko ikastaroa. Eta okurritu zitzaidan “Komunikazio eraginkorra Interneten”. Gogoan nuen zuek denok espezialitate desberdinekoak zaretela, baina gauza bat duzuela komuna: denak izango zarete irakasleak. Eta erakutsi nahi nizuen hainbat programa erabiltzen, gero zuek eskoletara zoaztenean, erabil ditzazuen zuen proiektu pedagogikoetan.

Aurrerago, baina, konturatu nintzen programa horiei ematen zaiela izen bat, nola edo hala definitzen dituena: Web 2.0. Horregatik, hemendik aurrera izen hori erabiliko dut ikastaro honetarako: Web bi puntu zero. Eta, nahi baduzue, lehen izenburua zena, “Komunikazio eraginkorra Interneten”, bihurtuko dugu azpititulu. Aurrera egin aurretik, baina, azaldu egin beharko dizuet zer esan nahi duen Web 2.0 horrek.

Web 2.0
Argi dago Web 2.0 baldin badago, aurretik Web 1.0 egongo zela, nola Rocky V filmaren aurretik Rocky I, II, III eta IV izan baitziren.

Web 2.0 izen horrek adierazten du bigarren aldi bat, World Wide Web amaraunaren bigarren fase bat, garatuagoa bai arkitekturan eta baita aplikazioetan. Aldi horretan:
  • Webguneak edukiz eta funtzionalitatez hornitu dira, eta gai dira sareko aplikazioak eskaintzeko. Adibidez, programa bat idazteko, Word edo antzekorik erabili barik.
  • Komunikazioa ireki egin da sarean, agintea dezentralizatu, askatasuna areagotu egin da partekatzeko eta behin baino gehiagotan erabiltzeko. Merkatuak elkarrizketa dirudi.
  • Edukiak hobeto antolatuta eta sailkatuta daude.
  • Askok premia izan dute izen berri bat jartzeko aro berriari. Hortik Web 2.0. Kuriositatez, jakin ezazue izen hori sortu zela 2004an, BusinessWeek aldizkariaren artikulu batean.
Elgoibartar batek horrela definitzen du Web 2.0 bere blogean, Maalako parkean: Web 2.0 da web aplikazio multzo bat, erraza, eta laguntzen du lanak sortzen eta partekatzen.

Zenbaitentzat errazagoa da ulertzen zer den Web 2.0 baldin eta uztartzen badugu izen hori zenbait enpresarenekin, hala nola Google, Flickr, del.icio.us, Digg edo Technoratti. Webgune honetan argiago ikusten da nor ari den Web 2.0 horretan.

Ikastaroa bera
Badakit hasieran zaila egingo zaizuela Web 2.0 hori ulertzea, baina ez kezkatu, seguru nago-eta eskola amaitutakoan gauzak argiago izango dituzuela. Horregatik, aurrera egingo dugu, eta esango dizuet zer programa mota ikasiko ditugun erabiltzen, eta zergatik.

Lauhileko honetan programa hauek ikasiko dituzue erabiltzen:
  • Blogak. Ikastaroan zehar blog bat egingo duzue, bakarka edo taldeka, baina hortxe adieraziko dituzue zer aurrerapen egiten ari zareten zuen proiektuan.
  • Posta zerrenda. Gaur bertan, posta zerrenda bat sortuko dut, gure arteko harremana bizkortzeko ikastaroak dirauen bitartean. “Sarelariak” izena emango diogu, Anjel Lertxundiren omenez, berak sortu baitzuen hitz hori “internautak” esateko.
  • CalehdarHub. Denok sortuko duzue kontu bat egutegi elektroniko horretan, hor partekatuko ditugu-eta gure ikastaroko egunik esanguratsuenak.
  • del.icio.us. Denok irekiko duzue kontu bat del.icio.us programan, eta hasiko zarete hor zuen irakurgaiak gordetzen eta partekatzen.
  • Bloglines. Denok irekiko duzue kontu bat Bloglinesen eta hor aukeratuko dituzue hainbat informazio iturri, beharrezkoak zuen proiektuetarako.
  • Flickr. Denok egingo duzue kontu bat Flickren, bakarka edo taldetan, eta hor erabili zuen argazkiak.
  • Tagzania. Denok irekiko duzue kontu bat Tagzanian, eta hor joango zarete gordetzen zuen proiektuetarako aurkituko dituzuen lekurik adierazgarrienak.
  • Writely. Denok irekiko duzue kontu bat programa horretan, eta berau erabiliko duzue testuak idazteko eta zuen artean partekatzeko.
Netiketa
Programa horiekin batera, ikasiko dugu nola idazten den sarean, hor ere bai baitago etiketa bat —hortik netiketa izena—, eta horri esker ikasiko dugu idazten inori traba egin barik.

Gonbidatuak
Eskolez gain, hiru gonbidatu ekarriko ditugu: batean Maite Goñi izango dugu, Jakintza ikastolako irakaslea, zeinek azalduko baitigu nola erabiltzen ari diren teknologia berriak DBHOko ikasleekin, eta zer emaitza izaten ari diren. Iban Arantzabal ere ekarriko dugu, eta blogak izango ditugu hizpide. Iban Telematika zuzendaria da Goienan, eta editorea da Sustatun. Eta hirugarrenik, Luistxo Fernandez etorriko zaigu Tagzaniaz hitz egitera, bere enpresak, CodeSyntaxek, sortu baitu aplikazio hori.

Proiektuak
Ikastaro honetaz pentsatzen hasi nintzenean, bi aukera nituen:
  1. Dena goitik behera diseinatzea, zuek proiektu jakin bat egin zenezaten.
  2. Programazioa irekian ekartzea, azken diseinua zuekin batera egiteko.
Azkenean, bigarren aukera hartu dut, batez ere zuek irakasleak izango zaretelako, eta baita ikastaroa bera gozagarriagoa egingo zaizuelako, baldin eta zuen gustuko proiektuetan murgiltzen bazarete.

Horregatik, orain aukera emango dizuet nahi duzuen moduan biltzeko, pentsa dezazuen, bakarka edo taldeka, zein proiektu aukeratuko duzuen ikastaro honetan lantzeko. Hasi aurretik, baina, esango dizuet bloga izango dela proiektu bakoitzaren ardatza, bertan erakutsi beharko duzue-eta zer egiten ari zareten, zer oztopo aurkitzen dituzuen, zergatik hau, zergatik bestea…, denok ikus dezagun, irekian, zertan ari garen beste guztiok.

Baten batek nahi badu bakarka lan egin, bakarka egingo du. Nahiago izanez gero talde baten barruan, taldean. Baina taldeak asko jota izango ditu hiru kide, ez gehiago.

Eta bukaeran, ekainaren 20an eta 23an, aurkezpenak egingo dituzue. Epaimahaian Aitor Zuberogoitia komunikazio irakaslea eta biok izango gara. Eta zuek aurkeztu egin beharko duzue, kanoia erabilita, zer egin duzuen proiektua aurrera egiteko, eta nola erabili dituzuen programa horiek.

2 comments:

  1. Anonymous12:38 AM

    Zorionak, ikastaro hau antolatzeagatik!

    ReplyDelete
  2. Eskerrik asko, Jose. Saiatuko gara zerbait egiten. Besarkada bat.

    ReplyDelete