Hiritarren kazetaritza hedatzen ari da. Gure artean Goiena.net izango da kasurik aipagarriena. Enpresa bati dagokio, baina ari da erremintak sortzen, hiritarrok erabil ditzagun informazioa sortzeko, blog komunitatea kasu. Beste toki batzuetan, aldiz, formatu irekiagoak sortzen ari dira, adibidez, Backfence, aurreko batean hementxe bertan aurkeztu genuena, edo Bayosphere, edo Ourmedia.org.
Sam Whitmore kazetariak artikulu interesgarri bat idatzi du Forbes aldizkarian, eta hor aztertu egiten du hiritarren kazetaritza. Oso egokia ikusten du, batez ere hurbileko informazioa lantzeko komunitateetan, baina aurkitzen dio arazorik.
Badakigu idazten?
Egileak txosten bat aipatzen du, Alfabetatzearen Aldeko Institutuarena, non esaten baita 2002an AEBetan 16 eta 65 urte arteko hiritarren artean erdia bakarrik zeudela alfabetaturik aurrera egiteko moduan gaur egungo lan merkatuan. Beraz, hori horrela bada, nork idatziko du webgune horietan, Backfencen eta Bayospheren esate baterako?
Aitzitik, esanguratsua iruditzen zaio egileari Ourmedia.org webgunearen eredua, non eskaintzen baita, doan, lekua eta banda zabaleroa bideoak zintzilikatzeko, audioak, argazkiak, testua edo softwarea. Whitmorek azpimarratzen du nola testua laugarren tokian doan eskaintzan, bideoa, audioa eta argazkien ondoren. Haren ustez, Ourmediak egokiago erantzuten dio AEBen errealitate soziologikoari, beste biek baino.
Infobandaloak
Webgune batek arrakasta baldin badu, berehala agertuko dira infobandaloak, eta bertan utziko dute beren arrastoa: gorrotoa, xenofobia, eta beste horrelako perlak.
Batzuek, ezabatu egiten dituzte mezu horiek, beste barik. Beste batzuk, ostera, saiatzen dira galbahe informatikoak ezartzen, oztopatzeko intrusoen lana. Dena dela, oraindik inork ez dio aurkitu erabateko konponbiderik arazo horri.
Zoritxarrez, egun hauetan izan dugu infobandalismoaren adibide bat: orain dela gutxi, Los Angeles Times egunkariak sortu zuen Wikitoriala, hau da, wi-ki bidez, aukera ematen zien irakurleei osatzeko edo aldatzeko egunkariak berak idatzitako editorialak.
ReplyDeletePare bat aste baino ez du egin asmakizun horrek, eta egunkariak erabaki du ixtea, bandaloen kalteak direla eta. Info gehiago hemen: http://www.latimes.com/news/nationworld/nation/la-na-wiki21jun21,1,5888239.story?coll=la-headlines-nation&ctrack=1&cset=true