2005/06/02

Kirmen Uribe, hauspoa zabalik

HUHEZI bezalako leku batean lan egiteak badu alde onik, eta bat da, dudarik gabe, sarri samar aukera ematen dizula jende bereziari entzuteko. Atzo izan genuen egun horietako bat, Kirmen Uribe izan genuen-eta hizlari. 34 urte ditu Kirmenek, ume aurpegia du eta ahots fina. Hala ere, ikasgelaren akustika negargarria gorabehera, aingeruei bezala entzun zitzaion, han geunden guztiok mutu baikeunden berari entzuten. Barre asko egin genuen, baina, berak egindako barreei erantzunez, seguru asko.

Idazlearen lanaz hitz egin zigun Kirmenek, “etenik gabeko ibaia” deitu zion. Lanak buruan sortzen dira lehenik, esan zuen, eta gero paperera pasatzen dira. Azaldu zigun nola azken aldi honetan poesiak galdu duen artifizioa, benetakotasuna irabazteko, eta nola tradizio frantsesetik anglosaxoira pasatu garen, irakurle garen aldetik.

Idazlearen bokazioaz egin zigun berba, eta ofizioaz, “baina bokazioa, ofizioa eta formazioa ez dira nahikoa…, pertsona behar da, eta pertsona horrek nola ikusten duen errealitatea; horrek egingo du lan bat berezia”. Ildo horri jarraiki, “poema batek oihartzunak sortu behar ditu irakurleengan, harriak uretan bezala, zeharka jaurtitzen denean”.

Baikor azaldu zen Kirmen Uribe: “garai interesgarria bizi dugu; lehen estuasun handia zegoen euskal literaturan. Gaur egun, ostera, gauzak lasaiago daude, zabalago dugu hauspoa”.

Hitzaldian zehar sei poema irakurri zigun, horietako bat ineditoa, eta aurreratu zigun nobela bat idazten ari dela, zelan aldatu den itsasokoen bizimodua. Txalo mordoa jaso zuen, benetako txaloak.

No comments:

Post a Comment