2006/03/21
Inbidia, idazleen bekatua
Inbidia omen idazleen bekatu nagusietako bat, halaxe esan zuen atzo Kirmen Uribek HUHEZIko areto nagusian, Literatura Astearen barruan, aretoa ikaslez lepo zegoela. Bera, berriz, irribarretsu etorri zen, bere buruaz seguru, hain seguru, non ez baitzen bat ere gorritu ama eta izeko hantxe egonda, publikoaren artean, haiek ekarri baitzuten Ondarrutik Eskoriatzara.
Kirmenek Mozarten bizitasuna miresten du, baina bera ere halakoxea da, bitalista hutsa, eta beldur barik hitz egiten du, “beldurrarekin ezin da idatzi”, eta bere hitzak gai dira gazte mordo baten adrenalina menderagaitza goxatzeko, atzo gertatu zen moduan.
Bere hitzaldian Aristoteles ekarri zigun gogora, hark ohartarazi baitzigun aspaldi batean “inbidia bukatzen dela zibilizazioa bukatzen den tokian”, alegia, inbidia zibilizazioari lotua dagoela. Mozart ere aipatu zuen, miresmenez, eta orduan esan zuen inbidia dela idazleen bekatu nagusietako bat, “akaso idazlea bakarrik bizi delako eta beti idatzi duelako bazterretik, alde ilunen gainean”. Bertsolarien mira erakutsi zuen, 13.000 entzuleren aurrean lehiatu bai, baina beste patxada batekin lehiatu ziren finaleko bertsolarien mira. Baina idazleetara itzuli zen bizkor, eta Paul Auster idazlearen azken eleberria ekarri zuen gogora, euskaratu berria, eta Leopoldo Maria Panero, Bob Dylan, Ezra Pound eta Bertold Brecht, zeinen poesia batekin, Lorategia, amaitu baitzuen hitzaldia.
Osaba ere ekarri zuen gogora, behin eta berriro, hark eman baitzion inbidiaren beste ikuspegi bat, eta erremedio egokia: “zaindu maite duzuna eta ondo elkar hartu”.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment