2006/03/22

Rabelais gogoan



Hitzekin ez omen da jaten, baina bai gozatu, guk atzo gozatu genuen bezala Hasier Etxeberriaren berbak entzunda. Tia Karmen, tia Josefa eta herriko medikua nabarmen utzi zituen, ez baita egia bere talentu guztia, artista izateko behar dena, galdu zuela jaio zenean, haiek txikitan esan omen zioten bezala. Hasier hizlari ona da, eta ederto baliatzen du erretorika jendaurrean.

Atzo jatunkeria zuen hizpide, eta bidaia polita eskaini zigun bekatu horren historiaz, batez ere literaturari dagokionez. Hiztegiak jorratu zituen arrasto bila, hitza argitu nahian, eta Erdi Arora eraman gintuen gero, San Gregorio Magnorenganaino, horrek definitu baitzuen jatunkeria bekatu nagusitzat, eta handik aurrera Rabelais ekarri zigun gogora (“onartuko nuke neure koadrillan”, esan zuen), garai ilun haietan argitasuna eta bizipoza ekarri baitzigun bere lanaren bidez.

Haren ondoren, ordea, denetik izan zen arte adierazpenetan: Dante, Bruegel eta Bosko bezalako artisten sadismoa jatunkeria adierazterakoan, eta Brillat Savarin-en salbuespena, zeinek jatunkeria bekatu izatetik arte bihurtu baitzuen. Hala ere, salatu zuen hizlariak, gure garaietan bekatu baino okerrago da jatunkeria, estigma sozial bihurtu baita.

Jatunkeria euskal literaturan
Errepasoa eman zion gero Hasierrek euskal literaturari, eta tristura aurkitu zuen eremu latz horretan, XX. mendean oraindik ere hainbat testu aurkitu baitzuen jateko plazera gaitzesten zutenak. Gaitzerdi, argi printza batzuk aurkitu zituen herri literaturan, Txirritaren eta bereziki Bilintxen hainbat bertsotan, zeinekin amaitu baitzuen hitzaldia. Jon Juaristi ere aipatu zuen, eta hark gaztelaniaz idatzitako testu bat irakurri, non Cervantes Institutuko zuzendari ohiak interpretazio gaitzesgarri bat egiten zuen euskaldunon jatunkeriaz.

Beste herrialde batzuekin alderatuz gero, pobre ikusi gintuen euskaldunok, “oraindik ere oso jende gutxi ari baikara gai horien gainean idazten: Edorta Agirre, Mikel Garaizabal eta ni neu”.

No comments:

Post a Comment