2006/03/10

Komunikazio korporatiboa aztergai

Gaur Komunikaldiak egingo dira HUHEZIn, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Jardunaldi horietan aztergai nagusia izango da Komunikazio korporatiboa.

Parte hartzaileak
Guztira 76 lagunek eman dute izena jardunaldiotan parte hartzeko, gehienak Debagoienekoak, baina badira etorriko direnak Bilbotik, Donostiatik eta Gasteiztik ere. Sexuen arabera, %53 gizonezkoak dira, eta eremuka, honela sailka daitezke:
  • Enpresak %47
  • Ikastetxeak %23
  • Hedabideak %12
  • Komunikazio agentziak %9
  • Erakundeak %5
  • Banakoak %3
Egitaraua
  • 09:00 Jardunaldien aurkezpena: Joxe Mari Aizega, Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoa.
  • 09:15 Ana Urkiza (Deustuko Unibertsitatea): Komunikazioa enpresa txiki eta ertainetan: iragana, oraina eta geroa.
  • 10:00 Pili Kaltzada (BBK): Komunikazio korporatiboa eta gizarte erantzukizuna.
  • 11:00 Atsedena.
  • 11:30 Eduardo García Matilla (Corporación Multimedia): Los retos comunicativos de la empresa.
  • 15:00 Juantxo López Uralde (Greenpeace): La comunicación en los movimientos sociales.
  • 16:00 Juanjo Brizuela (AZK Komunikazioa) eta Roberto Vazquez (Lana): Construcción de imagen corporativa. Estudio de un caso práctico: la cooperativa Lana.
  • 16:30 Mahai ingurua: Jorge García Martín (Comma Consultores), Jesús Ginto (MCC) eta Pedro Rodríguez (Michelin): La comunicación en la empresa vasca: ¿una asignatura pendiente?. Moderatzailea: Aitor Zuberogoitia (HUHEZI).

2006/03/06

Web 2.0 ikastaroa

Datorren osteagunean, martxoak 9, ikastaro bat ematen hasiko naiz Web 2.0 kontzeptuaren inguruan. Bertan hainbat programa, zortzi, irakatsiko diet 15 ikasleri, denak Irakasle ikasketak egiten. Helburua da programak ikasitakoan gai izan daitezela edozein eskolatan erabiltzeko, programa egokiak dira-eta jakintza partekatzeko eta taldelana bultzatzeko.

Hamasei eskola egunean ikasiko dute blog bat egiten, posta zerrenda bat, nola idatzi sarean (netiketa), eta programa hauek: Bloglines, del.icio.us, CalendarHub, Flickr, Tagzania eta Writely. Denak erabili beharrekoak, eurek aukeratutako proiektu batean.

Izango duzue ikastaro horren berri gehiago, eskolak eman ahala, hementxe eskegiko dugu-eta hainbat material, hor erabilitakoak.

2006/03/01

Kongresua kazetaritza digitalaz

Martxoaren 2an eta 3an Kazetaritza Digitalaren gaineko VII. Kongresua egingo da Huescan, eta, hori dela eta, antolatzaileek argitaratu dute liburu bat, ponentzia guztiekin, Análisis y propuestas en torno al periodismo, PDF formatuan.

Hizlarien artean Jose Larrañaga izango da EHUko irakasleak, zeinek aurkeztu baitu kongresurako ponentzia bat, izenburu honekin: Información cercana y en mi lengua: Vilaweb, Vieiros y Goiena.net. Informazio gehiago ponentzia horren gainean, Goiena.net webgunean.

2006/02/28

MUniversitas aldizkariaren 2. alea


Otsailean kaleratu da MUniversitas aldizkariaren bigarren alea, eta oraingoan erreportajea eskaini zaio Mondragon Unibertsitateak, beste unibertsitate askok bezala, duen erronka garrantzitsuenetako bati, nazioarteratzeari.

Horrekin batera, beste gai hauek ere landu dira: aldaketak graduondoko ikasketetan, Moodel software libreko plataforma berriaren ezarpena, idazkaritza birtuala, Komunikaldiak, ebaluazio sistema Mendeberri hezkuntza proiektuan eta ikerkuntza proiektuak, besteak beste. Elkarrizketa, berriz, Joxe Mari Aizegari egin zaio, M.U.ko errektoreorde akademikoari.

Aurrekoan bezala, Lorena Martinezek egin du azaleko ilustrazioa, zeinek unibertsitarioen nazioarteratzea irudikatzen baitu.

2006/02/27

Komunikaldiak HUHEZIn

Martxoaren 10ean Komunikaldiak egingo dira HUHEZIn, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Jardunaldi horietan aztergai nagusia izango da Komunikazio korporatiboa. Matrikula doan egin liteke, baina plaza mugatuak izango dira. Horregatik, izena eman nahi duenak bertan parte hartzeko, hobe du martxoaren 3a baino lehen egitea.

Egitaraua
Zergatik Komunikaldiak
Komunikaldien aurtengo goiburua Komunikazio korporatiboa da. Goiburu hori hautatu dugu enpresa munduaren eguneroko kezkak hurbilarazi gura dizkiegulako Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren ikasleei; enpresa-munduko jendea eta inguruko kooperatibak, berriz, komunikazioaren garrantzi estrategikoaz jabearazi gura ditugu jardunaldi hauen bidez.

Beraz, jardunaldi hauek eratu dira honako eragileei begira: enpresa zein korporazio munduko eragileak, komunikazioaren profesionalak, komunikazio, humanitate zein enpresa ikasketak egiten ari diren ikasleak.

Izena emateko
Matrikula doakoa izango da, baina plaza mugatuak izango direnez, martxoaren 3a izango da izena emateko azken eguna.

Izena emateko, bidali mezu bat helbide honetara: sarrera@huhezi.edu edo, bestela, deitu telefono honetara: 943 71 41 57.

2006/02/22

Idazkuntzaren tripak

Anjel Lertxundik askotan harritzen gaitu, baina oraingo honetan, euskal letretan inork inoiz iritsitako mugetara eraman gaitu. Oraindik orain kontatzen hasi da, sarean (ez paperean) propio idatzitako post scriptum batean, nola idatzi duen egun horretako zutabea. Bere idazkuntzaren tripak eta gorabeherak agerian.

Hasieran erantzunetan hasi zen argitaratzen ohar horiek, baina joan den astean erabaki zuen mezuaren jarraian idaztea, agerian beti. Eta, egunero-egunero, sekulako perlak uzten dizkigu: nola okurritu zitzaion gaia, zergatik izenburua horrela, zenbat bertsio egin zituen, zer ezabatu zuen eta zer erantsi, zergatik...

Oker ez banabil, joan den udan Bernardo Atxagak horrelako zerbait egin zuen EHUren Udako Ikastaroetan, Miramar jauregian, non azaldu baitzuen nola idatzi zituen hainbat poema Etiopia liburuan. Orain, berriz, Anjel Lertxundik erabaki du hori bera egitea, baina egunero, Berrian idazten dituen zutabeak gai hartuta.

Sarelariok zorteko gaude, perla horiek sarean bakarrik argitaratzen baititu, Hitz beste blogean. Badugu zer eskerturik, bai, euskal idazleen artean Internet hobetoen ulertzen eta bertara egokien moldatzen ari denari.

2006/02/21

Blogintzaren bilakaera

New York Magazine aldizkariak ale berezi bat eskaini dio blogosferari, mundu osokoari, eta hor agertzen da blogintzaren historia, 1994an lehen bloga sortu zenetik, gaur egun arte.

Kontuan hartuta lehen bloga euskaraz, Sustatu, sortu zela 2001eko urrian, argi dago euskal blogintza bizkor iritsi zela, urratsik galdu gabe oraingoan.

Erreportajeak badu beste artikulu interesgarri bat, Bost blog jarraitzeko modukoak.

2006/02/20

Nola partekatu aurkezpenak sarean

Oraingoz hiru modu aurkitu ditut aurkezpenak sarean partekatzeko. Denborak, teknologiak eta eskarmentuak aurrera egin ahala, partekatzeko erak ere sofistikatzen ari dira, erabiltzailearen onerako.
  1. Diapositibak bakarrik. CodeSyntax enpresak sarri uzten ditu sarean bere kideek egindako aurkezpenak. Horretarako erabiltzen ditu aurkezpen horien html bertsioa. Horrelakoetan nahikoa izaten da klik egitea enpresak emandako url egokian, aurkezpena nabigatzailean ikusteko. Diapositibak agertzen dira, ahotsik gabe.
  2. Diapositibak, ahots eta guzti. Lawrence Lessig irakasleak utzi digu aurkezpen bat, eta hor klik egiten badugu, aukera izango dugu aurkezpen osoa ikusi eta entzuteko, irudiez gain egileak ahotsa ere utzi baitigu. Hain zuzen ere, biak sinkronizatuta doaz, irudia eta ahotsa, eta horrek askoz ere aberatsagoa egiten du aurkezpena.
  3. Hizlariaren irudiak, diapositibak eta ahotsa. Lewis PR enpresak lan gosari bat antolatu zuen Londresen, blogen gainean hitz egiteko, eta han egindako aurkezpenak, hiru, sarean ikusi ahal ditugu, orain arte inork eskaini duen modurik aberatsenean, nire ustez: hizlariak ikusi ahal ditugu, eta haien ahotsak entzun, aldi berean haien aurkezpenak ikusten ditugula. Lewis enpresak, gainera, aukera eskaintzen digu powerpoint aurkezpenak jaisteko.
Hiru modu aurkezpenak aurkezteko, eta iruditzen zait hirurek balio dutela, beti ere zirkunstantzien arabera, beti ezin baita ahotsa eta irudia grabatu, sinkronizatu, editatu, etab.

2006/02/14

CalendarHub: egutegi bat sarean

Egun hauetan aurkitu dut sarean egutegi hau, CalendarHub, erraza da, eta Web 2.0 programen hainbat ezaugarri ditu, batez ere jakintza partekatzeko aukera. Kasu honetan egutegi horrek aukera ematen dizu jarduerak partekatzeko lagunekin, departamenduko kideekin edo musika taldeko kideekin.

CalendarHub doakoa da (del.icio.us edo flickr bezala) eta nahikoa da bertan izena ematea berehala egutegi bat egiten hasteko. Egia esan, nahi adina egutegi egin litezke: bat pertsonala, beste bat antolatzen ari zaren jardunaldiak kudeatzeko, beste bat alabaren saskibaloi taldearentzat, eta horrela ad infinitum.

Zuk horrela adierazten badiozu, egutegiak mezu bat bidaliko dizu sakelako telefonora edo ordenagailura, gogorarazteko egiteko jakin bat duzula bete barik. Zuk horrela nahi izatera, arakatu egin ahal duzu beste batzuen egutegietan (publikoak diren neurrian), eta harpidetu jarduera jakin batzuetara, argitaratu bezain laster zurean ere ager daitezen. Eta zuk nahi izanez gero, baduzu argitaratzerik egutegia zure webgunean.

Ikasleentzat eta irakasleentzat primerako erraminta iruditzen zait. Ni hasi naiz saltseatzen, eta gomendatzen dizuet zuek ere beste horrenbeste egitea.

2006/02/13

Karrera amaierako proiektuak otsailean

Otsailaren 13tik 2rra bitartean, Humanitateak-Enpresako 15 ikaslek defendatuko dute karrera amaierako proiektua epaimahai baten aurrean. Hona hemen aurkeztuko dituzten gaiak:
  • Pariendo sueños. Los MTD y las fábricas recuperadas.
  • Marketin plana.
  • Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusiko komunikazio plana.
  • Implantación de las 5S en Fagor Industrial.
  • Implantación de las 5S en Coinma S. Coop., y posibles mejoras al método.
  • Seguimiento de las 5S en la sección de cocción.
  • Experiencia de microcrédito de Caja Esperanza. Análisis y propuestas.
  • Hezkuntza prozesuak.
  • Cantagaleko garapen prozesuaren azterketa.
  • Definición del sistema de retribución variable en LKS Ingeniería.
  • Diseño del sistema de gestión administrativo de Dualia.
  • Lan arriskuen prebentzioa.
  • Prestakuntza lana prestatu eta burutu.
  • TSCren marketin plana.
  • Goierriko egitura industrialaren azterketa.
Azken urteotan gertatu bezala, ikasle gehienak, 11, neskak dira. Hizkuntzari dagokionez, berriz, 8 proiektu egin dira euskaraz, erdia baino gehiago.

2006/02/09

Liburu elektroniko bat marketinaz

Seth Godin marketin adituak liburu elektroniko bat argitaratu du, Flipping the Funnel, edo euskaraz esanda, Inbutua irauliz. Liburuak 18 orrialde ditu, hiru bertsiotan jaits daiteke, doan: enpresentzat, alderdi politikoentzat eta gobernuz kanpoko erakundeentzat, eta hor Seth Godinek azaltzen du nola marabillak egin daitezkeen Web 2.0 deituaren zenbait erreminta (flickr, del.icio.us, squidoo, etab.) uztartuz gero idea birus marketinarekin.

Komunikazioa, marketina eta Internet puri-purian.

2006/02/08

Lehen lanaren bila

Atzo Encarni Markotegi izan genuen fakultatean, Adegilaneko zuzendaria. Humanitateak-Enpresa karrerako ikasleekin izan zen hitz egiten, 4. mailakoekin. Curriculumak nola egin, talde dinamikak, testak, elkarrizketak…, gai asko jorratu zituen, denak lehen lanarekin lotuta.

Ordubete eta erdi luze hitz egin zuen, eta mezu bat eman zien garbia: “lana bilatzea bera lan bihurtu behar duzue, modu sistematikoan”. Ikasleek arretaz entzun zuten, eta inoiz baino galdera gehiago egin.

2006/02/06

Adobek, Mac gutxietsi

Joan den astean Adobe konpainiak jakinarazi zuen 2007a arte ez duela zenbait software plazaratuko Mac sistemaren azken bertsiorako, Intel txipekin dabilenarentzat, hala nola Photoshop, Dearmweaver, Fireworks, Illustrator, etab.

Adobek lehiakide gisa ikusten du Apple zenbait alorretan, eta bide hau aukeratu du aurkaria marrukarazteko. Horrek, ordea, kontrako iritziak eragin ditu sarean, Dan Gillmor blogariarena adibidez, erabaki horrekin Adobek kalte egiten baitie munduan zehar Mac sistema darabilten milaka eta milaka disenatzaileei.

2006/02/02

Blogs

Horra beste liburu interesgarri bat, gaztelaniaz argitaratua: Blogs. La conversación en Internet que está revolucionando medios, empresas y ciudadanos (ESIC, 2005). Egileak, berriz, hauek: Octavio I. Rojas, Julio Alonso, José Luis Antúnez, José Luis Orihuela eta Juan Varela.

Liburuak aztertu egiten du zer diren blogak, eta zer eragin izan duten jendearen komunikatzeko moduan, eta baita enpresetan eta harreman publikoetan. Egileek blog bat sortu dute liburuaren berri emateko.

2006/02/01

Definizioak Googlen

Googlek badu definizioak bilatzeko sistema bat. Nahikoa da idaztea "define: computer", hainbat definizio jasotzeko ordenagailuaren gainean. Oraindik orain, berriz, beste funtzionalitate bat erantsi dio Googlek bilaketa horri. Definizioez gain, orriaren gainaldean hainbat hitz agertuko dira bilatu den hitzarekin lotutakoak: pertsonal computer, computer network, host computer, etab. Horrek, noski, aberastu egiten du bilaketa.

2006/01/30

iTunes, unibertsitatera

Apple enpresak aurkeztu berri du *iTunes U* izeneko egitasmoa, eta horren bidez sarean ipiniko ditu unibertsitateetan egiten diren ikasgaiak, hitzaldiak zein bestelako hezkuntza materialak, Applen iTunes software erabilita. Urtebetez Applek sei unibertsitaterekin landu du *iTunes U,* proba moduan.

Ez da lehen aldia hezkuntza erakundeek eskegitzen dutela eskola materiala Interneten, baina Applen egitasmoak aukera ematen du gai horiek edonoiz eta edonon entzuteko, pokastinei eta jaitsi daitezkeen audio artxiboei esker. Missouriko Unibertsitateak, esate baterako, lehendik ere eskaintzen zituen pokastinak eta hitzaldiak unibertsitateko sarea erabilita, baina orain sartu egin da Applen programan, ikasle gehienak ohituta daudelako iTunes softwarea erabiltzen, eta hori erabilerraza delako.

Applek eskaintzen die unibertsitateei iTunes softwarearen neurrira egindako bertsio bat, doakoa, eta hori erabilita unibertsitateek zein eskolek pokastinak eta audio liburuak eskegi ditzakete beren webguneetan, zeinak harpidetuta baitaude iTunesera.

Unibertsitateek aukera dezakete zer formatutan erabiliko dituzten audio edo bideo materialak. Baita aukera utziko dietenentz ikasleei beraien materiala kargatzen webgunean.

Kontua da hemendik aurrera unibertsitate horietan ikasten ari diren ikasleek aukera izango dutela ikasgaiak zein audio liburuak entzuteko nahi dutenean eta nahi duten aparailutan, ordenagailuan, iPod entzungailuan edo beste batean. Argibide gehiagorako, klik egin hemen.

2006/01/24

Nolakoa behar du kazetari digitalak?

Elkarrizketa interesgarria aurkitu dut Educación y TIC izeneko blogean, eta hor Hugo Pardo Kuklinski irakasle argentinarrak adierazten du zer ezaugarri izan behar dituen, bere iritziz, kazetari digitalak. Hona hemen zenbait:
  • Errealitatearen ikusmen globala.
  • Sormena ikertzeko.
  • Erraztasuna albistea aurkitzeko.
  • Ahalmena interes makurretatik urruntzeko.
  • Jakin bilatzaileak erabiltzen.
  • Jakin HTML eta Dreamweaver nahiz Photoshop.
  • Esperientzia blogari moduan.
  • Jakin oinarrizko arauak sarean idazteko.
  • Jakin nola editatu audioa eta bideoa.

2006/01/23

Liburu interesgarri bat ikasgelarako

Kaleratzekotan da liburu berri bat, Blogs, wikis, podcasts and other poweful web tools for clasrooms, eta hor Will Richardson egileak azaldu egiten digu irakasleoi nola erabili ikasgelan erreminta horiek, alegia, blogak, wikiak, pokastinak, RSS jarioak, agregatzaileak eta sareko argazki antolatzaileak, besteak beste.

Argitaletxeak dioenez, liburu horrek “behartuko ditu hezitzaileak beste modu batean ikustera nola indartu ikasleen pentsamendu kritikoa, idazkuntza, hausnarketa eta ikaskuntza elkar eragilea”. Egileak desmitifikatu egiten ditu “blog”, “wiki” eta “agregatzaile” bezalako hitzak, eta bihurtzen du ikasgelako teknologia osagai eskuraerraza gelako ikerkuntza, idazkuntza eta ikaskuntzarako.

Irakaskuntzan ari garen profesionalok kontuan hartzeko liburua, zalantzarik gabe.

2006/01/20

AdSense erreminta

Googlek erreminta bat sortu du AdSense iragarkiak ia modu automatikoan sortzeko Blogger plataformako blog guztietan, baldin eta, noski, blogariek iragarki horiek sartu nahi badituzte beren blogetan. Orrialde honetan dituzue xehetasunak, nola sortu AdSense kontu bat modu automatikoan, eta zer neurri eta itxura eman iragarkiari.

AdSense da programa bat Googlek sortu zuena webguneetan publizitatea egiteko oso modu selektiboan. Blogari batek nahi badu AdSense erabili sos batzuk irabazteko, Googlek hainbat ordaintzen baitu bisitari batek horietako iragarki batean klik egiten duen bakoitzean, blogariak izena eman behar du Googlen. Hortik aurrera, iragarki batzuk azalduko zaizkio bere blogean, testu eta irudi esanguratsuekin, bereziki aukeratuak bere blogerako, AdSensek kontuan hartzen baitu zein hizkuntzatan idatzita dagoen blog hori, eta zer gai jorratzen dituen.

2006/01/11

Birdiseinua, denon begi-bistan

Goienkaria egiten duen taldeak sekulako aukera eman digu, irakurleok ere pausoz pauso jarrai ditzagun Goienkariaren birdiseinua horretarako propio sortutako blog batean. Jarraitu ez ezik, parte hartu ere egin dezagun eztabaidan, horrela nahi izanez gero, behintzat.

Nik dakidala, inork ez du horrelako ezer egin ez Euskal Herrian eta ezta hortik zehar ere. Beraz, esango nuke Eneko Azkarate eta Goio Arana aitzindariak direla, eta ausartak, denon begi-bistan egiten ari baitira lana.

Eneko (zuzendaria) eta Goio (diseinatzailea) Bergaran ari dira Goienkariaren birdiseinua lantzen. Gela bat hartu dute Irizar etxean, eta hantxe dihardute berba egiten, eta eztabaida partekatzen, lehenengo eta behin Goienako jendearekin, eta gero gurekin. Izan ere, hasiera-hasieratik erabaki zuten blog bat egitea, non azalduko zituzten birdiseinuaren gorabehera guztiak: tipografia, izena, koloreak eta enparauak.

Eta, bat ere irakurtzen badituzue blog horretan azaldu diren artikuluak, konturatuko zarete goi mailako lana egiten ari direla biak hala biak. Pauso guztiak ganoraz azaltzen, eztabaidetan eskuhartzen, eta dena ezin garbiago arrazoitzen. Zorionak!

2006/01/10

Errezelaren atzean

Gaur Steve Jobs albiste iturri izango da beste behin. Munduko hedabideek xehetasun guztiak emango dizkigute, zer esan duen Apple etxeko lehendakariak Macworld Expo erakusketan. Izan ere, Steve Jobsen aurkezpenak eredugarri bihurtu dira, mitiko ez esatearren. Baina nola prestatzen ditu Jobsek aurkezpenak? Honatx.

Betiko moduan, Applek jasoko du bere neurriagatik eta irabaziengatik dagokion baino arreta askoz handiagoa hedabideetan. Eta horretan zerikusi handia omen du Steve Jobsek. Egun hauetan The Guardian egunkariak artikulu bat argitaratu du, eta hor Mike Evangelist-ek azaltzen du nola prestatzen dituen Jobsek aurkezpenak. Mike Evangelistek badaki horretaz, 2001ean eta 2002an berak parte hartu baitzuen aurkezpen horietan, artean Applen egiten zuen-eta lan.

Asteak prestatzen
Mike Evangelistek dio Steve Jobs asteak aurretik hasten dela prestatzen aurkezpenak, eta gainbegiratu egiten dituela, taldeburuekin batera, aurkezpenean erakutsiko edo aipatuko dituen produktu guztiak.

iDVD produktua aurkezteko, Miken taldeak ehunka ordu behar izan zituen bost minutuko tarte bat prestatzeko. Eta tartea hornitzeko, Erroma eta Santiago arakatu behar izan zuten material egoki bila: bideoak, argazkiak, etab. Materiala jaso ahala, Steve Jobsek gainbegiratu egiten du dena, konforme geratu arte. Azkenean, taldeak erabaki zuen nola aurkeztu iDVD, Steve Jobs bertan zela.

Talde lana
Steve Jobsen hitzaldiak prestatzeko hainbat talde ari dira lanean. Hor ezer ez omen da inprobisatzen.
  1. Talde batek prestatzen du aretoa, non jarriko diren sei bat mila lagun.
  2. Beste talde batek prestatzen du oholtza, eta berorren elementuak: pantailak, eskailerak, etab.
  3. Hirugarren talde batek prestatzen du argiztapena, soinua eta efektu bereziak.
  4. Beste talde batek prestatzen ditu proiekzio sistemak, eta kamioi erraldoi batek lantzen ditu bideo kontuak, edizioak, etab.
  5. Talde batek, azkenik, prestatzen ditu ordenagailuak, aurkezpenean erabiliko direnak, bakoitza bere ordezkoarekin, badaezpada baten batek huts egiten badu.
Probak
Gaurko hitzaldia egin aurretik, baina, Steve Jobsek bi saio ditu eginak, bata bezperan eta bestea bezpera aurrean, beti egiten duen moduan, eta hor landu omen ditu xehetasun guztiak, bere jendearekin batera. Hori guztia, noski, sekreturik handienarekin, hori ere etxearen ezaugarria baita.

2006/01/09

Blog interesgarri bat

Opor hauetan Julen Iturbe blogariaren berri izan dut (eskerrik asko, Luistxo!), eta atentzioa eman dit bera ere irakaslea delako Mondragon Unibertsitatean, nahiz eta beste fakultate batean dabilen, Enpresa Zientzien Fakultatean, Oñatin.

Consultoría artesana en red bloga egiten du, gaztelaniaz, eta hor enpresa gestioaz idazten du. Pertsonak ditu hausnargai, informazioa, gizarte sareak eta teknologiak. Idazkera bizkorra du Julenek, argia eta umorez zipriztindua. Konturatuko zarete, gainera, erruz erabiltzen dituela etiketak, bai blogaren eskuin zutabean, del.icio.us softwarearekin lotuta, eta baita technorati zerbitzuarenak ere, artikulu bakoitzaren bukaeran.

Julen Iturbe
Julen Iturbe 1964an jaio zen Ortuellan, eta gaur egun Bilbon bizi da. Psikologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta hamabi urtez MCCn egin du lan, LKSn lehendabizi eta Maier kooperatiban gero. Beti arduratu da nola hobetu gestioa erakundeetan, pertsonak kontuan hartuta. Argibide gehiago nahi izanez gero, klik egin bere webgunean.

Hemendik aurrera, eta aintzat hartuta blogaren interesa, lotura bat sortu dugu geure blogean Consultoría artesana en red blogera.

2005/12/19

Hausnarketa eguna

Joan den ostiralean ez zen eskolarik izan HUHEZI fakultatean. Hausnarketa egin genuen, zer balore eta zer etorkizun-ikuspegi dugun fakultate moduan. Alegia, zerk mugitzen gaituen eta nora joan nahi dugun. Langile guztiok parte hartu genuen saioan. Goizean denok batera, hasteko, eta taldeka gero. Eta arratsaldean, talde ordezkariak lehendabizi, eta osoko bilkura ondoren, denon artean hitz egindakoaz jarduteko.

Egun aberatsa izan zen, ñabardura asko irten baitziren aztertzerakoan partehartzea, elkartasuna, pertsona eta euskaltasuna, horiek baitira gure baloreak gaur egun, hala nola eztabaidatzerakoan HUHEZIren eskaintza akademikoa.

2005/12/14

2GB txartel batean

Hasieran disketea izan zen. Gero CDa. Eta ondoren pen-drive delakoa. Tresnak informazioa gordetzeko. Orain, berriz, Wallet Flash etorri da, USB unitate bat, kreditu txartel baten tamainakoa, eta 2GB gordetzeko gai.



Wallet Flash hori karteran sar daiteke, beste txartelekin batera, alde bietatik sar daiteke USB portuan, eta 128MBtik hasi eta 2GBetara bitarteko neurrietan eros daiteke. Dagoeneko hainbat sari irabazi ditu, eta ez ginateke harrituko laster gure artean izango bagenu. Walletex enpresak egin du mirari moduko hau.

2005/12/13

Bisitak hedabideetara

Azken bi hilabete honetan 22 enpresa eta hedabide bisitatu ditugu, beraiei jakitera emateko zer ikasketa ditugun komunikazioarekin lotuak. Zehatz-mehatz esanda, era askoko erakundeak bisitatu ditugu:
Bisita hauek hiru helburu izan dute: guk geure karrerak jakinaraztea, komunikazioarekin zirukusia dutenak; haien iritziak entzutea, nolakoa izan beharko litzatekeen komunikatzaile on baten perfila; eta ikustea zer aukera dagoen elkarlanerako.

Erakunde guztiek oso harrera ona egin digute, eta prest azaldu dira elkarlanean aritzeko. Eskatu digute komunikatzaile "todoterrenoak" hezteko, alor guztietan lan egiteko modukoak.

2005/12/12

Zergatik Google

Interneti gagozkiola, askotan esaten da Google bilatzailean ez agertzea dela ez izatea bezala, to be or not to be. Baina badakigu zergatik den hori? S.G. Cowen enpresak azterketa bat egin du AEBetan, non galdetu baitie 1.000 Internet erabiltzaileri, eta horrek argitzen dizkigu arrazoiak.
  • Galdetutakoen %52k Google erabiltzen dute bilaketak egiteko. %22k Yahoo! aukeratu dute. MSN eta AOL erabiltzaileak, berriz, %9 dira. Beraz, Google da erabiliena sarean informazioa bilatzeko.
  • Google erabiltzaileak aberatsagoak dira gainerako bilatzaileak erabiltzen dituztenak baino, batez beste ia 50.750 euro aberatsagoak.
  • Google erabiltzaileek esperientzia oparoagoa dute Interneten, denbora luzeagoa daramate-eta sarean lan egiten.
  • Googlek darabilen publizitate sistema zabaldu egingo da gero eta gehiago gainerako bilatzaileetara ez ezik, baita sarean zehar.
Emaitza hauek indartu egiten dute enpresen artean dagoen ustea, alegia, ezinbestekoa dela Googlen agertzea. Informazio gehiago, hemen.

2005/12/07

ECREA sortu da, komunikazio ikertzaileen elkartea

Ramon Salaverria irakasleari irakurri diogu ECREA sortu berri dela, (European Communication Research and Education Association), komunikazio-ikertzaile sarerik zabalena Europan. Elkarteak hainbat atal ditu, gaika banatuta:
Informazio gehiago nahi duenak, galdera egin ahal dio Ramon Salaverriari berari, rsalaver@unav.es Informazio gehiago, hemen.

2005/12/06

Iragarpenak 2006rako

José Luis Orihuelak iragarpen zerrenda bat argitaratu du 2006rako eCuaderno bere blogean. Hamar iragarpen dira, aintzat hartzekoak teknologia berrien ikuspegitik.

2005/12/05

Firefox, urteko onena

PC World aldizkariak zerrendatu egin ditu 2005eko produkturik onenak, eta Firefox ezarri du puntaren puntan, *number one.* Bigarren GMail izan da, Googlen posta elektronikoa. Eta hirugarren Apple Mac OS X sistema eragilea, Tigrea.

Orain astebete aurkeztu zen Firefox nabigatzailearen azken bertsioa, Firefox 1.5, eta dagoeneko 2 milioi lagunek jaitsi dute. Horrela adierazi du Pascal Chevrel Mozilla Fundazioko arduradunak Europako hegoalderako.

Guk ere, Mirenek eta biok, joan den astean jaitsi genuen Firefoxen euskarazko bertsioa, eta pozik ari gara. Orain arte batez ere Safari erabili izan dugu, baina aurrerantzean seguru nago gero eta gehiago erabiliko dugula Firefox.

2005/12/02

Armiarma.com

Aurten Armiarma.com webguneari eman zaio Abbadia saria. Pozten gara, sekulako lana egin baitu horren atzean dabilen taldeak, euskaldunok sarean izan ditzagun euskal literaturari buruzko ahalik eta baliabide gehienak. Zorionak!

2005/11/30

Gure ikasleak hasi dira blogeatzen

Infokom-eko ikasleak, Informazio eta Komunikaziorako Giza Zientzien bigarren mailakoak, hasi dira blogak argitaratzen, eta horretarako ari dira erabiltzen Blogger plataforma doakoa. Lan horretan Bea Zabalondo eta Beñat Azurmendi irakasleak dituzte gidari.

Bea Zabalondorekin blog bat sortu dute, Mass Media, eta hor idazten ari dira Ryszard Kapuscinsky erreportari poloniar famatuaren liburu batek eragindako hausnarketak eta iradokizunak. Beak idazten du lehen komentarioa atal bakoitzean, eta gero ikasleek bakoitzak berea idazten du, erantzunetan.

Beñat Azurmendirekin, berriz, zazpi blog sortu dituzte, taldeka. Aprobetxaturik argazkigintza ari direla lantzen, ikasleak hasi dira historiak kontatzen, edo albisteak sartzen, argazkiak erabilita. Hauek dira:

2005/11/29

BBBilbo eta Technorati

Igandean ezin izan nuen parte hartu Irratia.com-ek Bilbon eratutako Blogs&Beers 2.0 euskal blogarion bilkuran. Hala ere, Sustatuk gonbidatuta, nik eta beste blogari zenbaitek idatzi genuen bilkura horretaz, eta horretarako sortu genuen etiketa berri bat: BBBilbo. Emaitza berehala ikus daiteke Technorati blog bilatzailean: Technoratik berehala jaso ditu BBBilbo etiketarekin jasotako artikuluak eta argazkiak.

Hortik ondoriozta daiteke inportantea dela etiketa egokiak sortzea (nazioartean gehien erabiltzen direnak besteak beste), bilatzaileek ondo jaso dezaten norberak idatzitakoa.

2005/11/28

Posta elektronikoaren gorabeherak

El País.es egunkariak elkarrizketa egin dio Jakob Nielsen erabilgarritasun adituari, zeinek azpimarratu baitu posta elektronikoak duen eragozpen bat, diseinatuta dagoen moduagatik.
Recomiendo desactivar esa característica (el buzón entrante) porque te obliga a mirar constantemente tu buzón. Si a un ratón de laboratorio se le proporciona comida cada vez que presiona una barra, y luego se hace que el alimento sólo caiga en algunas ocasiones, la rata pulsa aún más veces. Es exactamente lo mismo que sucede con el correo, porque aunque la mayoría de mensajes no es interesante, a veces uno lo es, de modo que cuando la campana del correo suena, el usuario acude y la productividad desciende. Hay que liberarse de ese comportamiento, no podemos eliminar la respuesta, pero si el estímulo.

2005/11/25

Blog erakargarria

Begira nolako blog polita: sinplea eta garbia. Erakargarria da, oso, eta irakurterraza. Biz Stonek erakutsi zigun non zegoen.

2005/11/24

Harry Potter

Artikulu hau esperimentu bat da. Ikusi nahi dugu izen oso ezaguna jartzeak artikuluaren izenburuan bisita gehiago erakarriko ote dituen blog honetara. Izan ere, Harry Potter puri-purian dago, oraintxe estrenatu baita sagaren laugarren filma, Harry Potter eta suaren kopa, zeinak lehen asteburuan 101,4 milioi dolar irabazi baitu.

Blogosferan ere hots handia ateratzen ari da film berriak, Technoratin ikus daitekeen bezala, blog askotan aipatzen baita pelikula.

2005/11/23

Posta elektronikoa, jarduerarik garrantzitsuena

AEBetan egindako azterketa batek dio amerikar erabiltzaileek jarduera hauek erabiltzen dituztela gehien Interneten dabiltzan bitartean:
  1. Posta elektronikoa
  2. Bilatzaileak
  3. Albisteak
Antza denez, horietatik bigarrena izugarri hazi da, %30etik %41era. Horrek esan nahi du orain amerikar internautek askoz ere gehiago erabiltzen dituztela bilatzaileak Interneten nabigatzeko. Eta bilatzaileen artean, gehien erabiltzen dutena Google da, zeinek baitauka bilatzaileen merkatuaren %46. Yahoo Search-ek baino dezente gehiago, azken horrek %23 du-eta.

Datu hauek Pew Internet & American Life Project erakundeak landu ditu, eta guk irakurri ditugu C/net aldizkarian.

2005/11/22

Lankidetza aztergai

Bukatu dugu ikastaroa, Metodologiaren inguruan egin beharrekoa, doktorego ikastaroaren barruan. Orain beste gai batzuk landuko ditugu. Doktorego tesirako HUHEZI aukeratu dugunok, zazpi lagunek, kooperatibismoa aztertuko dugu hiru hilabetean.

Hasteko, liburu bat bereiztu dugu, Lankidetza. Arizmendiarrietaren eraldaketa proiektua, Lanki ikertegiak argitaratua. Abenduaren 20rako irakurri behar dugu, eta egun horretan mintegi bat antolatu, hausnarketa egiteko liburuaren inguruan.

Hiru hilabete honetan metodologia horrekin egingo dugu aurrera: liburu bat aukeratu, irakurri, eta hausnarketak partekatu. Harik eta, ikastaroaren bukaera aldera, lan bat aurkezten dugun arte.

2005/11/21

Infoxikazioa

Informazio larregi jasotzeak informazio intoxikazioa eragin lezake, edo sarean deitzen zaion bezala, infoxikazioa. Bestela esanda, informazio larregiak eragin lezake hartzaileagan nolabaiteko ezintasuna informazio hori ulertu eta bereganatzeko.

Infomazioaren gizartean infoxikazioa arrisku erreala da, oso, izan ere, hedabideak ugaltzen ari dira etengabe (blogak soilik 20 milioitik gora dira), eta horren aurrean irakurleok askotan ez dakigu informazio hori guztia nola kudeatu eta geureganatu. Horretaz gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri Alfons Cornella irakaslearen artikulua.

2005/11/16

Flickr marketin erreminta gisa

Octavio Rojasek esana da, sortzen denean medio arrakastatsu bat, zeina milaka edo milioika lagunek erabiltzen duten, orduan marketin adituak berehala hasten dira pentsatzen nola erabili erreminta hori edozer gauza sustatzeko. Horixe gertatu da Flickr programarekin ere.

¡View Multimediak argazki sorta bat ezarri du Flickr-en, eta hor erakusten du bere softwarea argazkiak eta irudiak tratatzekoa, irudi katalogo bat, eta hainbat irakasgai software hori erabiltzen ikasteko. Argazki guztiak ondo azalduta datoz testu landuekin, eta loturak eskaintzen dituzte enpresaren webgunera.

Horrelako katalogo bat prestatzeak sekulako lana dauka, erabat egokitu behar baita Flckr-en formatura, baina emaitza oso ona da.

2005/11/15

MUniversitas aldizkaria jaio da

Mondragon Unibertsitateak aldizkari bat sortu du, MUniversitas. Urtean hiru ale kaleratuko ditu, 24 orrialderekin erabat kolorez, eta hiru hizkuntzatan. Tirada, ostera, 7.000 alekoa izan du aldizkari berriak.

Lehen zenbakiak gai nagusi bat du, Mendeberri hezkuntza proiektua. Elkarrizketa, berriz, Lander Belokiri eskaini zaio, Enpresa Zientzien Fakultateko dekano berriari. Horiez gain, aldizkariak denetik eskaintzen du: berriak, iritzi artikuluak, zerbitzuak, agenda akademikoa… Lehen zenbakiaren azalak ilustrazio bat dakar, Lorena Martinez artistak egina, Mendeberri proiektua irudikatzeko.

Arteman komunikazio agentziak egin du aldizkariaren diseinua, eta berak egin ditu, halaber, errealizazio eta publizitate lanak. Artemanek bere webgunean adierazi duen bezala, “diseinu mailan, erakargarritasuna, modernitatea, garbitasuna eta irakurgarritasuna lortzea izan da helburua”. Eta, benetan, helburua bete da.

2005/11/14

Zergatik blog bat?

Pablo Mancini aditu argentinarrak 19 arrazoi eman ditu zergatik, bere ustez, komunikazio eta kazetaritza ikasleek izan beharko luketen blog bat. Irakurtzekoa. Eskerrik asko Jose Luis Orihuela irakasleari informazioagatik.

2005/11/11

Wikipedia: Eroski, eztabaidagai

Iragan urriaren 19tik Wikipediak badu, gaztelaniazko bertsioan, sarrera bat Eroski kooperatibari eskainia. Badirudi hasieratik hainbat jende ez zegoela pozik sarrera horretan agertzen zen informazioarekin, eta, hori dela eta, zenbait aldaketa egin zaizkio.

Hala ere, aldaketak nahikoa ez, antza, eta orain sarrera bera zalantzan dago, berau ezabatzeko proposamena egin baitute, hor agertzen den informazioa funts gabea omen delako. Oraingoz ez dute sarrera ezabatu, bozketa egiten ari baitira irakurleen artean, berau ezabatu ala ez erabakitzeko.

Bistan da sarrerak informazio azalekoa ematen duela Eroskiren gainean. Beraz, badu zer hobeturik.

2005/11/10

Skype, sakelako telefonoetan

Accton Technology Corporation enpresak iragarri du sakelako telefono bat kaleratuko duela Japonian, eta telefono horrek Skype programa erabiliko du deiak egiteko, doan. Enpresak esan duenez, telefono berriak ahalmena du Interneten haririk gabeko konexioak egiteko, eta, horiek erabilita, telefono deiak egiteko Skype duten beste aparailu batzuetara.

Telefono berriak sekulako arrakasta izan lezake, bat ere ondo baldin badabil noski, zeren dagoeneko 54 milioi lagunek erabiltzen dute Skype munduan, doako deiak egiteko, horietarik asko enpresak. Oraindik ere Skype doan jaitsi daiteke ordenagailura, gero hortik doako deiak egiteko, ADSL lineak erabilita.

Skype edukita, noiz arte segitu Telefonicaren, Euskaltelen eta enparauen patrikak gizentzen?

2005/11/09

Jardunaldiak: Elkarrekin Ikasi

Azaroaren 11n, ostirala, Elkarrekin Ikasi izeneko jardunaldiak egingo dira Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, HUHEZIn.

Helburuak
Jardunaldi horien helburuak dira sendotzea unibertsitatearen eta eskolaren arteko loturak, azpimarratzea komunitate zentzua hezkuntza maila guztien artean, aztertzea prozesu didaktiko berritzaileak eta bidek jartzea irakaslearen hezitzaile rola indartzeko.

Egitaraua
Jardunaldiak goizeko 09:00etan hasiko dira HUHEZIko areto nagusian, eta arratsaldeko 14:00ak arte iraungo dute.

09:00 Aurkezpena: Joxe Mari Aizega, errektoreorde akademikoa MUn.
09:30 Cristina Garre eta Ines Gonzalez (Artatse Ikastetxea): Elkarrekin ikasi.
10:30 Atsedena, kafea.
11:00 Pilar Etxaniz (Antzuolako Herri Eskola): Elkarrekin ikasten ikasi.
12:00 Pili Sagasta (HUHEZI): Ikaskidetzan ardaztutako ikaskuntza.
13:00 HUHEZIko ikasleen testigantza.

Jardunaldiok doakoak izango dira. Informazioa jaso eta izena emateko, bidali mezu bat Ainara Aranbarriri, edo idatzi mezu bat helbide honetara: info@mondragon.edu

2005/11/08

Ekosistema digitala

Luistxo Fernandez lagunari esker izan dugu liburu honen berri, El ecosistema digital: Modelos de comunicación, nuevos medios y público en Internet. Liburuak hamabost artikulu jasotzen ditu, zortzi adituk eginak, batzuk iragan maiatzean Valentzian egin ziren jardunaldi batzuetan aurkeztuak, eta beste batzuk propio idatziak liburu honetarako.

Hiru atal nagusi ditu liburuak: modeloak, hedabide berriak eta publikoa. Berauetan, berriz, gai asko jorratzen dira: Internet bidezko komunikazioa, blogak, kultura digitala on line, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, zentsura…

Liburua PDF formatuan dator, eta doan jaitsi daiteke, osorik (375 orrialde ditu) nahiz artikuluka, Creative Commons lizentziarekin dator eta. Democracia y Poder analisi taldearen lehen liburu digitala izango da hau. Kontuan hartzekoa.

2005/11/04

Nola erabili Google

Denok dakigu hitz bat idazten Google bilatzailearen laukian eta, gehienetan, hori nahikoa izaten da bilatzen duguna aurkitzeko. Baina zenbaitetan, gauzak zaildu egiten dira, eta, horrelakoetan, ondo etortzen da jakitea zenbait aholku eta trikimailu Googleri ahalik eta etenik handiena ateratzeko.

Microsiervos webguneak aholku zerrenda bat eskaini digu, nola erabili Google. Aprobetxatu.

2005/11/03

Iritsi da USB adimentsua

Gailu txikiak dira, supiztekoaren tamainakoak zenbaitetan, baina bere barrenean dokumentuak ez ezik, programak ere gorde ditzakete, edo ordenagailu baten mahaigainekoa. “USB adimentsuak” deritze, aurten bertan sortu dira, eta aldaketa handiak ekar ditzakete nola darabilgun ordenagailua.

Lehendik ere ezagutzen genituen USB drive deiturikoak, zeinak baitarabilte “flash” memoria, diskorik erabili gabe. Aurten bertan horietako 85 milioi ale salduko dira munduan, eta datorren urtean 115 milioi. Arinak dira, fidagarriak eta erosoak dokumentuak PCrik PC garraiatzeko. Baina orain etorri dira USB adimentsuak, zeinek eramango baikaituzte urrats bat harago, izan ere, gailu horiei esker bidaiatuko dugu geure dokumentuak aldean daramatzagula, baita aplikazioak eta gure gustuko mahaigainekoa, geure ordenagailuan erabiltzen duguna.

Horrela, inoren ordenagailuan sartzen garenean, nahikoa izango dugu geure USB adimentsua sartzea, ordenagailu hori erabat pertsonalizatzeko, guk nahi bezala. Ateratzen dugunean, berriz, ordenagailua lehengo moduan geratuko da, gure dokumentuen arrastorik gabe.

Lehendik ere idatzi izan dugu Gizakom honetan bertan gailu horien gainean, bizkar zorro digitalaz, baina orain horretaz gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri hemen.

2005/11/02

Blogariak irrati-telebistetan

Juan Varelari irakurri diogu: Localia TV, Prisa taldeko telebista lokalak, saio bat sortu du, T/Blog, eta hor lau blogari espainiar arituko dira blogen gainean hitz egiten. Concha García Campoy esatariak ere beste horrenbeste egiten omen du bere irratian, joan den sasoia ezkero.

Euskal Herrian, guk dakigula, euskal telebistek ez dute oraindik tarterik sortu blogen gainean hitz egiteko, ez ETB1ek, ez eta euskaraz lan egiten duten herri telebistek ere.

Euskadi Irratiak izan zuen tarte bat larunbatero teknologia berriez hitz egiteko, Patxi Gaztelumendiren ardurapean, baina dagoeneko desagertu da. Irratien artean, seguruenik, Irratia.com izango da bakarra gai hori jorratzen duena maiztasun jakin batekin. Zorionak, bide batez, Irratia.comi, oraintsu bost urte bete berri ditu-eta.

Egunkarien artean, Berriak badauka tarte bat egunero, Blogteka, eta hor egunean blog batean agertutako artikulu bat ateratzen du. Jakin aldizkarian, bestalde, agertu ohi da hainbat informazio blogen gainean, Patxi Gaztelumendik idatzia.

Oraindik argi dago blogak bazter fenomeno bat direla euskarazko hedabideetan. Noiz edo behin agertzen dira, baina ez modu jarraian, eta ahots propioarekin.

2005/10/28

Blogosfera, gaur

Gaur egun 19,6 milioi blog daude munduan, eta egunean 70.000 blog sortzen ari dira Interneten, segunduko blog bat. Horixe dio David Sifryk bere blogean. Hazkunde izugarria. Ez da harritzekoa, hortaz, blogak jende askoren ahotan izatea.

Hauek dira, laburbilduta, Sifryk emandako datuak, urriaren 6an bertan egin zuen hitzaldi batean. Guk Felix Gerenabarrenari esker jakin dugu horien berri:

  • 2005eko urrian Technoratik 19,6 milioi blog sailkatu zituen.
  • Bost hilabetez behin blog kopurua biderkatu egiten da.
  • Blogosfera da, gaur egun, orain hiru urte halako 30 handiagoa.
  • Egunean 70.000 blog sortzen dira.
  • Segundu bakoitzero blog bat sortzen da.
  • Egunero sortzen diren blogen %2-8 sasiblogak dira edo spam blogak.
  • Egunero 700.000 eta 1,3 milioi artikulu idazten dira blogetan.
  • Orduro 33.000 artikulu argitaratzen dira blogetan, 9,2 segunduro.
  • Egunero ikusitako artikuluen ia %6 spam dira.

2005/10/25

Larriminarekin gosaltzen

Aurreko egun batean produktore batekin izan ginen hizketan, Ikus-entzunezko Komunikazioa dela eta. Piztuta zeukan ordenagailua, eta orduan iritsi zitzaion mezu bat, bezperako audientziekin. “Hauxe duk eguneko unerik gogorrena, aztertzen dugunean guk egindako programek zer harrera izan zuten bezperan. Egunero gosaltzen dugu larrimin horrekin”.

Hainbat dokumentu zituen irekitzeko zain, denak PDF formatuan. Bi errepasatu zituen gurekin batera, EAEko audientziei zegokiena, eta Espainia kontuan hartzen zuena.

“Ikusten dugunean gure saio batek behera egin duela, berehala jartzen gara lanean, erantzun bizkor eta eraginkorra bilatu guran. Ez dakizue nola aldatu den mundu hau: gaur egun ez dago lekurik bihozkadentzat. Asmatzen duzu, edo zure programa pikutara doa ziztu batean”.

Bisita hark balio izan zigun hobeto ulertzeko ekoiztetxeen mundua.

2005/10/24

Kalean da OpenOffice.org 2.0

Bi urte behar izan ditu prestatzeko, baina, azkenean, kalean da OpenOffice.org 2.0 software librean oinarrituriko office paketea, oraingoan, gainera, datu base eta guzti. Microsoft Office paketeak gero eta aurkari gogorragoa du merkatuan.

Nahi duenak doako programaren azken bertsioa jaitsi, oraingoz ingelesez bakarrik, aukeran izango ditu Windows, Linux eta Solaris sistema eragileentzako bertsioak. Mac OS X darabiltenek, aldiz, itxaron egin behar apur bat gehiago.

Hainbat enpresa eta programatzaile independente aritu dira OpenOffice.org 2.0 prestatzen, tartean Sun, Novell, Red Hat, Debian, Propylon eta Intel. Zenbait gobernuk, gainera, garbi adierazi dute OpenOfficen alde daudela, eta horrek sekulako indarra eman dio proiektu osoari.

Datu basea eskaintzeaz gain, office pakete berriak hobetu egin du bateragarritasuna Microsoft Officekin eta birdiseinatu egin du interfazea.

OpenOffice.org taldearen euskal adarrak eskubete lan izango du pakete berria euskaratzen.

2005/10/21

Abiatu da doktorego kurtsoa

Atzo bildu zen Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoan, Arrasaten, talde bat doktore gaiez osatua, zeinek bi urtean ikastaro bat egingo baitute metodologia lantzeko, nola egin doktore tesi bat.

Hogeita bederatzi doktore gai bildu ziren, 29, gehienak Mondragon Unibertsitatekoak. Horien artean, ingeniariak ziren nagusi, Goi Eskola Politeknikoan dabiltzanak, baina baziren beste fakultateetakoak ere, tartean HUHEZIko lau. Sexuari dagokionez, %55 gizonezkoak dira. Eta 29 horietatik, oraingoz 6k bakarrik dute asmoa doktore tesia euskaraz egiteko, hau da, doktore gaien %20k. Gainerakoek gaztelaniaz egingo dute.

Hasteko, lau ostegunez egun osoko ikastaroak emango ditu Elena Auzmendi irakasleak, metodologia lantzeko.

2005/10/20

Internet irudikatzen



Hona hemen liburu interesgarri bat ulertzeko Internet zer den eta norantz doan: Imagining the Internet: Personalities, Predictions, Perspectives. Janna Quitney Andersonek idatzi du, eta hainbat jenderen arreta erakarri du.

1990. urte inguruan hainbat iragarpen egin ziren, adibidez, pribatutasuna galduko genuela, baita jabegoa gaur egun ulertzen dugun moduan, paperik gabeko gizartea, telebistak 500 kanalekin bereizmen handikoak, eta robotek ordezkatuko zutela gizateria. Liburu honek aztertu egiten ditu iragarpen horiek, eta esan zertan geratu diren. Komunikazioen historia laburbiltzen du, eta jaso futuristen, zientzialarien eta teknologoen iragarpenak, nondik nora egingo duen teknologiak, eta bereziki Internet.

2005/10/18

Kritikak Googleri

Jende asko haserre dago Google enpresarekin, horren Blogger/Blogspot plataforma (eta blog honen etxea) bihurtu delako spam edo eskatu gabeko publizitate zabaltzailerik handiena blogen artean,.

Chris Pirillo blogari ezagunak, adibidez, artikulu gogor bat idatzi du, eta bertan eskatzen dio Googleri ken dezala Blogspot, horixe baita Blogger plataformaren zerbitzaria, eta splog (blogetan zabaltzen den spama) guztiaren zabaltzailea.

Dan Gillmor aditua ere bat dator Chris Pirillorekin, kritikatu egiten du Google, eta, bide batez, alderatu Microsoftekin, honek bezala, bilatzailearen konpainiak ezer ez baitu egin arazoa konpontzeko.

Gu konturatuta gaude spam oldearekin, Gizakom blog honetan ere lapak baino gogorrago itsasten baitira eskatu gabeko iragarki nazkagarriak, batez ere erantzunetan. Ea bada Googlek zerbait egiten duen sploga konpontzeko.

2005/10/17

Euskal blogosgera osatzen ari da

Azken aldian blog komunitate gehiago plazaratu dira euskal blogosferan: Uztarria.com orain dela gutxi, eta Berria egunkariarena gaur bertan. Ongi etorririk beroena bioi!

Azpeitiarrek bederatzi blog sortu dituzte, gehienak pertsonalak, eta, Uztarriak berak aspaldi erakutsi duen tradizioari eutsiz, irakurleak parte handia hartzen ari dira erantzunetan. Urola alde horretan jendea gustura dabil Interneten, eta blog komunitateak aberastu egingo du horko ahots polifonia.

Berriak, berriz, hamaika blog ekarri dizkigu, gehienak bertako kazetariek eginak, gaika. Bertan salbuespenak izango dira Anjel Lertxundi eta Mikel Elortza, zutabegile moduan eskarmentu handikoak. Atzoko Berriak zioenez, “irakurlearekin harreman zuzenagoa eta interaktiboagoa bultzatzeko formula da” blogena.

Correok ere antzeko ahalegina egin zuen orain astebete pasatxo. Beraz, esan liteke egunkariak alor berriak probatzen ari direla; nahiago dute berrikuntzak probatu eta ikasi, kanpoan gelditu baino. Horren harira, “Berandu gatoz, baina seguru”, dio Idurre Eskisabelek Sustatun. Gure ustez, berriz, inoz ez da berandu, gaurtik orain euskal blogosfera aberatsagoa baita.

2005/10/14

Blogintzaren geroa ote?

TypePad blog plataformak proiektu ausarta du etorkizunari begira: Comet proiektua, eta datorren urtearen hastapenetan plazaratuko du. Konpainiaren helburua da blog zaletasuna publiko zabalera hedatzea, eta horretarako adierazi du uztartuko dituela TypePad beraren ahalmena, LiveJournal-en komunitate arloa, eta Movable Typek azken urteotan bildu duen esperientzia.

Comet proiektuak azken teknologiak uztartuko ditu, adibidez:

1. Komunitate multzokatzea. Aukera emango dizu blogak egiteko eta horietako hainbat atal partekatzeko beste erabiltzaile batzuekin, modu dotorean egokituta.

2. Jario askotarikoa. Zuri gehien inporta zaizun guztia, leku batean. Zure bizitzaren historia sortuko duzu, hainbat hedabidetatik ekarritako jarioak bilduta, hala nola, musika, argazkiak eta bideoak, dena blog bakar batean, neurrira egina.

3. Pribatutasuna. Utziko dizu erabakitzen nork ikusiko duen zer zure blogean, ahaztu gabe pasahitz bidezko babesak, blog osoak zaintzeko.

Gehiago jakin nahi baduzu Comet proiektuaren gainean, irakurri Mena Trott-en azalpenak, berau baita TypePad enpresako sortzailetariko bat.

2005/10/13

Bizkar zorro digitala

Badira zenbait ikastetxe AEBetan, Eastside Preparatory School adibidez, Kirklanden, Washingtonen, non irakasleak hasi baitira eskolako materiala banatzen oso beste modu batean, pen drive direlakoen bidez.

Bizkar zorro digitalak ere deitzen diete gailu txiki horiei, eta eskolak horiek erabiltzen ditu ikasleei irakurgaiak banatzeko —eleberriak zein antzerki lanak—, testu liburuak, hiztegia, software berezia, edozer ia. Hori guztia erraz sartzen da pen drive horren flash memorian, eta erraz konektatu edozein ordenagailutan, USB sarbideak erabilita.

Flash memoriaren prezioak jaitsi ahala, bizkar zorro digital horiek tresna ahaltsu bihurtu dira, halako moldez non aldatu egin baitezakete nola elkar eragiten dugun ordenagailu pertsonalekin. Gaur egun erraz eros daiteke 1GBeko pen horietako bat 100 dolarretan, eta hor dokumentuak ez ezik, software programa osoak eraman daitezke.

Edozeinek eraman dezake pen drive horietako batean Skype programa, adibidez, eta, Kroazian ari dela oporretan, nahikoa du ziberkafe batean ordenagailu bat hartu eta etxekoekin hitz egin, bizkar zorro digitalean daraman programa erabilita, nahiz eta ordenagailuak berak ez eduki Skype instalaturik.

Gehiago jakiteko, irakurri artikulu hau.

2005/10/11

Obaba eta komunikazio ikasleak

Larunbat honetan, hauxe irakurri nion Joxemari Iturralde idazleari bere asteroko orrian, Mugalari gehigarrian, Gara egunkariaren barruan:
Montxo Armendarizen “Obaba” filmean neskato baten peripezia kontatzen zaigu liburutik hartutako hiru istorio nagusiak lotzeko aitzakia gisa. Neskato horrek, ikasten ari den ikus-entzunezko ikastaroa gainditzeko, lan bat egin behar du eta horregatik, kamara bat hartu, Obabara iritsiko da hiruzpalau egun pasatzeko asmoz.

Gure ikasleekin gogoratu nintzen, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikastera etorri direnekin, horiek ere egin beharko dituzte-eta horrelako lanak behin baino gehiagotan ikasketak egin bitartean. Ez dakit euretariko zenbatek ikusi duten “Obaba”, baina badakit irakasle batek baino gehiagok aipatu dietela filma, ohartarazteko batez ere Iturraldek goian aipatzen duena, neskato batek ematen diola batasuna filmari, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari den neskato batek. Beraiek bezalako batek.

2005/10/10

Backlinks: loturen jarraipena egiteko

Konturatu bazarete, joan den astea ezkero, Blogger plataforma backlinks hasi da eskaintzen, beste zerbitzu bat, plataforma hori erabiltzen dutenek jakin dezaten zer lotura egin diren blogosferan norberak idatzitako mezuekin.



Lotura horiek agertuko dira artikuluaren azpian, eta erantzunen ondoan. Horretarako, baina, norberak aktibatu egin behar du aukera hori Bloggerren aginte koadroan, klik eginez Settings erlaintzean, eta gero comments atalean. Nahi izanez gero baclinks aktibatu, aukeratu show, erakutsi.

Hortik aurrera, baten batek lotura egiten dionean zuen artikulu bati, hortxe agertuko zaizue. Klik egin bertan, eta ikusiko duzue zer testuingurutan egin duten lotura

2005/10/06

Nola hedatu euskal blogosfera?

Euskal blogosfera zabalduz doa, baina oraindik blogari gutxi gabiltza hor. Nola bilakatu fenomeno masibo ez bada, bai gaur egun baino dezente zabalago? Nire ustez, horretarako sortuko beharko litzateke blog zerbitzu automatikoa, beste batzuek dituztenen tankera.

Hasieran Sustatu zen, lehen euskarazko bloga, baina, denborak aurrera egin ahala, sustatukide askok bakarrik hegan egiten ikasi, eta hasi ziren beren kontura blogeatzen. Lau urtean blog dezente sortu dira euskaraz, gehienak pertsonalak, begira bestela Eibar.org eta Goiena.net blog komunitateetan, eta, baita Uztarriaren blog komunitate berri-berrian (ongi etorri zuei ere!), baina oraindik lau katu gara, nolabait esatearren.

Zerbitzu automatikoa
Orain blog bat egin nahi duena euskaraz, nahi izatera horretarako erabili euskarazko plataforma bat, haiekin jarri behar da harremanetan (Eibar.org, Goiena.net edo Uztarriarekin, esate baterako), hitzartu ikastaro labur bat, eta orduan hasi blogeatzen. Bide horrek emaitza onak eman ditu orain arte, baina begitatzen zait hemendik aurrera beste bide bat ireki behar dela, errazagoa.

Bide horretan, euskal plataformek eskaini beharko lukete sistema automatiko bat blogak sortzeko, Blogger eta La Coctelera plataformek eskaintzen duten legez. Hiru pauso egin, eta kitto! Horrela, gazte mordo bat sartuko litzateke blogeatzen, zuzenean beren etxeetatik, eta euskal blogosfera nabarmen haziko litzateke. Orduan bai, izango luke masa krititiko nahikoa.

2005/10/05

Hutsegiterik handienak web diseinuan

Jakob Nielsenek argitaratu berri du zerrenda bat, hutsegiterik handienak web diseinuan:

  1. Irakurgarritasun arazoak letratipo txikiegia delako, tamaina finkokoa edo kontraste eskasekoa.
  2. Lotura estandarrik ez: azpimarrarik ez, bereiztu barik bisitatutako guneak eta bisitatu gabeak, JavaScript…
  3. Flash.
  4. Edukia idatzi ez dena Interneten pentsaturik.
  5. Bilaketa traketsak.
  6. Bateragarritasunik ez hainbat nabigatzailerekin.
  7. Formulario luzeegiak eta konplikatuak.
  8. Informaziorik ez harremanetarako, edo enpresaren gainean.
  9. Diseinu zurrunak zabalero finkoarekin.
  10. Gaizki anpliaturiko argazkiak.

Microsiervos webgunetik jaso dugu informazio hau, Maite Rementeriak bidalita. Eskerrik asko, Maite!

2005/10/04

Kazetaritza euskaraz

Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu berri du Kazetaritza euskaraz: oraina eta geroa izeneko liburua, PDF formatuan. Liburua osatu da Kazetaritza Euskaraz izeneko jardunaldietan aurkeztutako hitzaldiekin.

Gorkaren ikasbitakoran irakurri dugunez, honako irakasle hauek prestatu dute materiala: Marian Gonzalez Abrisketa, Arantza Gutierrez Paz, Idoia Torregarai, Ana Urkiza, Aitor Zuberogoitia, Mikel Arrieta, Jose Inazio Basterretxea eta Txema Ramirez de la Piscina.

Nahi baduzue liburua zuen ordenagailura jaitsi, saguaren eskuineko botoiarekin sakatu lotura honetako liburuaren irudian, eta gorde fitxategia: 2,5 MB ditu.

2005/10/03

Sustatu, puntaren puntan

Sustatu 39. tokian dago Alianzo Networks enpresak eratu duen sailkapenean, Espainiako blog eraginkorrenekin. Sailkapen horretan, gainera, Sustatu da blog bakarra gaztelaniaz idatzita ez dagoena.

Sustatuk berak adierazi duen bezala, “seguruenik, katalanaren indarra ikusita, egon behar dute hortik beste blog batzuk hizkuntza hartan geureak baino eragin handiagoa izango dutenak. Baina ez dira ageri”.

Sailkapen horrek izan ditzake oraindik zuzendu beharreko zenbait xehetasun, baina emaitzak ez daude bat ere gaizki Sustaturentzat, kontuan hartuta gure blog dekanoa euskara hutsean egiten dela, eta, beraz, bere irakurle potentzialak 600.000 lagun direla, euskara dakigunok. Ordea, sailkapen horretan agertzen diren gainerako guztiek 300.000.000 irakurle potentzial dituzte, munduan gaztelania hitz egiten dutenak.

Zorionak, bada, Sustaturi, datu horiek berretsi egiten baitute haren kalitatea eta eragina.

2005/09/29

Globalizazioa eta Autoeraketa

Joan den asteartean "Globalizazioa eta Autoeraketa" liburua aurkeztu zen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean, HUHEZIn. Liburua elkarlanean egin dute unibertsitate publikoaren (EHU) eta unibertsitate kooperatiboaren (MU) artean, zehazki, Lanki eta Gezki institutuek.

Liburuaren egileak
Liburuak gogoeta zabala egiten du globalizazioaren inguruan, eta ekarpen berria egiten du autoeraketaren inguruan, atal horretan kooperatibismoa hartzen baitu kontuan. Lau irakaslek idatzi dute lana, euskaraz:
  • Mikel Zurbano. EHUko ekonomia irakaslea, eta Gezkiko partaidea.
  • Antxon Mendizabal. EHUko ekonomia irakaslea eta Gezkiko partaidea.
  • Jon Sarasua. HUHEZIko pentsamendu irakaslea eta Lankiko partaidea.
  • Ainara Udaondo. HUHEZIko irakaslea eta Lankiko partaidea.

Mamia
Liburuak bi atal nagusi ditu, eta bakoitzak globalizazioaren hainbat arlo aztertzen ditu.

Lehen atala
  • Pentsamendu sozioekonomikoa
  • Globalizazioa
  • Munduko ekonomiia gaur egun
  • II Mundu Gerraren ondoko eredu sozioekonomikoak
  • Oinarriak eredu berrirako

Bigarren atala
  • Autoeraketa
  • Lau ideia autoeraketa gaur egun kokatzeko
  • Autoeraketa ekonomikoaren potentziala eta mugak

Horrekin guztiarekin, egileek gogoeta eta eztabaidarako marko bat eskaini nahi diote unibertsitate irakurleari, berarengan pentsaturik idatzi baitute liburua.


2005/09/28

Komunikazioa helburu




Iritsi dira gazteenak, Ikus-entzunezko komunikazioa ikastera etorriak. 38 dira guztira, eta dagoeneko hasi dira eskolatan. Guk astelehenean atera genien argazkia, lehen eskola egunean, artean lur hartu gabe zeudela.

Lau urte dituzte aurrean, bi ziklotan banatuta, eta helburu bat: komunikatzaile bihurtzea. Ilusiorik, behintzat, ez zaie falta. Eta guri ere ez. Ongi etorri!

2005/09/27

Euskal Jakintza

Jakintza Ikastolako zenbait ikaslek eta irakaslek, zehazki DBHO 2koak, blog bat sortu berri dute, Euskal Jakintza, eta hor hasi dira beraien gauzak plazaratzen, denetik apur bat: liburuak, komikiak, albisteak… Oso itxura ona du Euskal Jakintzak.

Nor Gara atalean garbi adierazi dute zer helbururekin sortu duten bloga:
Gure asmoa euskara ahalik eta gehien erabiltzea izango da, bai ahoz baita idatziz ere. Gauzak horrela, ideia ona iruditu zaigu hizkuntzaren erabilerarako oinarri gisa blog hau erabiltzea! Euskara eta teknologia berriak bikote ederra osa dezaketela pentsatzen dugu eta ideia hori aurrera eramateari ekin nahi diogu.

Helburu horietan lagungarri, hainbat baliabide ipini dituzte blogaren eskuineko zutabea, jendeak erabil ditzan kontsultak-eta egiteko, hala nola hiztegiak, EGA ariketak eta azterketak, hautaprobak, hizkuntza jokoak, kritikak, informazioa euskal idazleei buruz, etab.

HUHEZIko Giza Zientzia departamendutik agurrik beroena Euskal Jakintzako taldeari, eta zorionak, egin duen blog ederrarengatik.

2005/09/25

Writely

Writely
Gaur Writely aurkitu dut, programa bat testuak idazteko, Word eta TextEdit bezalakoa, baina Writely ez dago nire ordenagailuan, baizik eta sarean. Artikulu hau berau Writelyn idatzi dut osorik, eta gero zuzenean argitaratu blog honetan.

Harrituta geratu naiz zein erraza den berau erabiltzea. Artikulu hau hemen argitaratzeko, pauso hauek eman ditut:

  • Writely horren webgunera joan.
  • Izena eman.
  • Erantzun postara etorri zaidan mezuari, baieztatzeko nik eman dudala izena.
  • Idatzi artikulua.
  • Zuzenean argitaratu Writelytik Gizakomera.

Hori guztia egiteko ezin izan dut Safari erabili, oraingoz Writely ez baitabil nire eguneroko nabigatzailearekin. Firefox erabilita, ordea, dena bikain joan da.

Primeran elkarlanerako
Writelyk badu ezaugarri bat oso garrantzizkoa: aukera ematen du hainbat lagunek lan egin dezaten dokumentu berean. Beraz, taldeetan oso erabilgarria izan daiteke. Nik dagoeneko sortu dut horrelako dokumentu bat, eta bi laguni bidali diet, dokumentua osa dezaten.

Writely, gainera, erabilerraza da, oso, erabiltzeko. Itxura garbia du, ulerterraza, eta malgua. Oraingoz musutruk erabil daiteke, ezer ordaindu barik, gutxienez beta moduan dabilenean, hau da, proba gisa. Gero beharbada hasiko dira zerbait kobratzen, zenbat erabiltzen den.

Bukatzeko, gomendio bat: ahal baduzue, probatu.

2005/09/21

Jainkoa ere, pokastinean

Elizak beti erakutsi du begi ona teknologia berriak bereganatzeko. 1931n Eliza Katolikoak Vatikano Irratia sortu zuen, zeinak gaur egun zabaltzen baitu bere mezua 34 hizkuntzatan. Eliza Ebangelikoak, bestalde, irratia bai, baina telebista landu du bereziki, AEBetan. Gaur egun, berriz, Ipar Ameriketan 500etik gora elizak hedatzen dute beren mezua pokastina erabiliz.

The New York Times egunkariak azaltzen du nola ari den zabaltzen pokastina AEBetako elizen artean, parrokia txikietan zein handietan. Kristau batzuek gimnasioan entzungo dute beren abadearen igandeko sermoia, edo paseatzen ari direla, edo automobilean, lanera bidean. Ulertzekoa denez, abade gazteak ari dira pokastina egiten.

Zer da, baina, pokastina? Pokastina Adam Curryk ezagutarazi zuen 2004an, eta beronen bidez edozeinek —afizionatua izan, nahiz irrati profesionala— sortu ahal ditu audio artxiboak, irratsaio baten tankerakoak, jendea harpidetu dadin eta entzun ditzan ordenagailuan eta edozein mp3 musika jogailutan (ez derrigorrean ipotx batean), nahi duen unean eta tokian.

2005/09/20

MUren ikasturte hasiera, luzeegia

Atzo ikasturte hasiera ofiziala egin zuen Mondragon Unibertsitateak Oñatin, Santa Ana aretoan. Eta hantxe izan ginen, agintariez eta kazetariez gain, hiru fakultateetako irakasle dezente. Eguraldia, primerakoa; aretoa, egokia; eta ekitaldia, luzea. Horrelakoxeak izan ziren goizeko ordu horiek.

Eguraldiarekin eta aretoarekin, beraz, aitzakiarik ez. Baina ekitaldiaz esango nuke gauzaren bat edo beste. Adibidez, gure agintariek hobeto komunikatu beharko luketela, ez baitago zertan bihurtu ikasturte hasiera adreilu jasangaitz eta aspergarri.

Mahaian zortzi lagun egon ziren, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria tartean. Horietatik, baina, bost lagunek hitz egin zuten. Eta horietaz gain, seigarren batek ere egin zuen berba, ekitaldiari zegokion ikasgai magistrala emateko. Ikasgai magistrala eta MUko lehendakariaren txostena luzeak izan ziren, batez ere lehena. Gainerakoak, luze ibili ez baziren ere, ez zuten giroa larregi arindu.

Nire iritziz, hiru lagunek hitz eginda, nahikoa litzateke: ikasgai magistrala eman behar duenak, errektoreak, eta lehendakariak. Eta, hala ere, inor ez litzateke iritsi behar 40 minutura, atzokoan gertatu zen bezala.

2005/09/19

Blog bilatzaileak

Ugaltzen ari dira blogak, egunero milaka. Nola, orduan, egin horien jarraipena? Gero eta tresna egokiagoak sortzen ari dira kudeatzeko blogetan zer informazio agertzen den, tartean burua galdu barik. Horietako azkena Google enpresak atera berri du: Google Blog Search.

Google Blog Search
Beta moduan kaleratu da Google Blog Search, hau da, oraindik probatan dago, eta izan dezake zer hobeturik. Hala ere, dagoeneko erabil daiteke. Sartu gai bat bilatzailean, edo pertsona baten izena, eta blogosferan ezer argitaratu bada hitz horren inguruan, hor agertuko da. Guk Fagor hitza idatzi dugu, eta hauxe agertu zaigu emaitzetan. Baita HUHEZI ere.

Bilaketa modu sinplean egin daiteke hor, bilatu nahi den hitza idatzita, edo bilaketa aurreratua, klik eginez Advanced search loturan, Google izenaren eskuin aldean.

Technorati
Technorati ere blog bilatzaile bat da. 2005eko irailean bilatzaile horrek indexaturik zituen 17 milioi blog. Beraz, informazio iturri baliotsua da, oso, informazioa bilatu nahi izanez gero blogosferan. Search botoian klik eginez gero, sartu adibidez Tagzania hitza, eta orri oso hau emango digu CodeSyntax enpresa euskaldunak eginiko programari buruz.

Beste bilatzaileak
Badira beste blog bilatzaileak hortik zehar. Hona hemen zenbait:
Feedster.
Bloglines.
Blogger.

2005/09/16

Hogei blogari Eibar.org blog komunitatean

Euskal Herrian Eibar.org taldeak sortu zuen lehen blog komunitatea, uztailean urtebete. Gero etorriko ziren Goiena.net eta DV, besteak beste. Baina eibartarrak izan ziren lehenak.

Iazko uztailean, ikastaro bat antolatu zuten Eibarren, eta haren ondorioz abiatu zen blog komunitatea. Urtebete geroago, 20 blogarik osatzen dute Eibar.org blog komunitatea, denak euskaradunak, eta zein baino zein hobea. Zorionik beroenak!

2005/09/15

Datorren astean hasiko dira ikasleak

Datorren astelehenean hasiko dira eskolak HUHEZI fakultatearen ia karrera gehienetan. Gizan Zientzietan behintzat, bai. Ikus-entzunezko karreran, berriz, aurten estreinatuko baita, astebete geroago hasiko dira.

Giza Zientziak
Irailaren 19an hasiko dira Giza Zientzietako ikasle guztiak, betiko moduan, arratsaldez. Eta aurkezpen orduak hauek izango dira:
  • 15:00 – Enpresarako Giza Zientziak. 4. maila.
  • 15:45 – Enpresarako Giza Zientziak. 3. maila.
  • 16:30 – Enpresarako Giza Zientziak eta Informaziorako eta Komunikaziorako Giza Zientziak. 2. maila.
Ikus-entzunezko Komunikazioa
Karrera berriko ikasleak, berriz, hurrengo astelehenean hasiko dira, alegia, irailaren 26an.
  • 14:30 - Ikus-entzunezko Komunikazioa. 1. maila.
Ikasturte hasiera MUn
Mondragon Unibertsitateak ere irailaren 19an egingo du ikasturte berriaren hasiera ekitaldia. Oñatin izango da, Santa Ana aretoan, goizeko 11:30ean. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ere hantxe izango da, beste unibertsitateetako errektoreekin batera.

2005/09/14

Aitor Zuberogoitia, irakasle HUHEZIn

Informazio eta Komunikazio departamendua (IK) indartu egin da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Izan ere, HUHEZIk Aitor Zuberogoitia irakaslea kontratatu du, bertan irakatsi eta IK departamenduan lan egin dezan.

Aitor Zuberogoitiak hainbat zeregin izango ditu lehen urtean: parte hartu karreraren garapenean, lagundu ikasketa berriak ezagutarazten, harremanak landu Euskal Herriko hedabideekin, eta irakatsi.

Biografia
Aitor Zuberogoitia Etxebarrian jaio zen, Bizkaian, orain 33 urte. EHUn lizentziatu kazetaritzan, eta 2003an aurkeztu zuen doktore tesia: “Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean”. Urtetan euskarazko hedabide askotan egin du lan (Argia, Euskaldunon Egunkaria, Bilbo Hiria Irratia…), eta Topagunean ere aritu da, tokian tokiko hedabideen koordinatzaile.

2005/09/13

Bategiteak huts egiten duenean

Auto hegalaria sortu zenean 1945ean, mundua zur eta lur geratu zen, pentsaturik marabilla hark zientzia fikzioaren esparruetara eramango gintuela. Antzeko zerbait gertatu zen auto anfibioa jaio zenean 1961ean: jendeak ez zuen nahi izango besterik. Biek, baina, auto hegalariak eta auto anfibioak, porrot egin zuten erabat.

Produktu hibridoek beti sortu dute lilura handia, baina apenas funtzionatu duten. Hala ere, hitzik baldin badago puri-purian, hori convergence da, bategitea, orain, noski, teknologia berrien eremuan. Kasurik berriena joan den astean azaldu zitzaigun: telefono bat, musika jotzen duena.

ROKR
Motorolak eta Applek egin dute hibrido hori, Cingular telefono konpainiarekin batera, eta sekulako publizitate kanpaina egiten ari dira hori plazaratzeko. Baina beldur naiz Rokr telefonoak ez ote duen porrot egingo: botoiz betea dago eta zaila da erabiltzeko. Dagoeneko agertu dira lehen kritika txarrak horren gainean.

Driron
Euskal Herrian ere badugu konbergentzia kasu bat, oso garbia. Orain dela gutxi, Fagor kooperatibak Driron aurkeztu zuen, makina bat arropa berotu eta lisatzen duena. Nahiago nuke hanka sartuko banu, baina Drironek ere horma jo dezake. Izan ere, etxeko tresna elektrikoetan badago aurrekaririk: garbigailu-lehorgailuak. Egin ziren, baina oso jende gutxik erosi ditu.

Jendeak hibridoak baino nahi ditu produktu onak eta errazak erabiltzeko. Hibridoak, jeneralean zailak izaten dira, oso, eta inork ez du horrelakorik nahi izaten.

Liburu interesgarria
Justu egun hauetan ari naiz liburu bat irakurtzen, El origen de las marcas, eta hor Al eta Laura Ries aita-alabek argi erakusten dute, ehunka adibiderekin, zergatik betegite horiek ez duten arrakastarik. Goiko irudia liburu horretatik aterata dago. Ahal baduzue, irakurri.

2005/09/12

Aurkezpen bikaina

Joan den ostiralean, aprobetxaturik lanean jai nuela, ikusi nuen, hasi eta buka, Steve Jobs Apple enpresako buruzagiak bezperan San Frantziskon egin zuen agerpena, besteak beste iPod Nano berria aurkezteko. Iruditu zitzaidan aurkezpen bikaina, komunikazioaren ikuspegitik. Hona hemen zergatik.
  • Pantaila erabili zuen makulu gisa, ez gidoi moduan, berak handik irakurtzeko.
  • Ematen zuen dena zuela buruan, uneoro bai baitzekien zer esan.
  • Berotasun itzela transmititzen zuen bere mezua azaltzerakoan.
  • Erabili zuen pantaila maisuen pare.
Pantaila
Gutako gehienok Powerpoint erabiltzen dugu laguntza gisa aurkezpenetan. Jobsek beste bat erabili zuen, Keynote, Applek sortutako programa bat, baina biak berdintsuak dira. Desberdintasun txiki hori kontuan hartuta, ohar pare bat egin nahiko nuke Jobsek nola erabiltzen duen aurkezpen programa.
  • Ez du erabiltzen izenbururik pantailetan.
  • Pantaila bakoitzean ez du erabiltzen bost lerro baino gehiago.
  • Pantaila guztien %90ean, bi lerro baino ez ditu erabiltzen. Bi lerro.
  • Behar duenean, irudiak erabiltzen ditu mezua transmititzeko.
  • Grafikoak ere badaki erabiltzen, baina neurrian, eta era sinplean aurkeztuta.
Kontuan hartuta guk joera dugula pantaila datuz eta informazioz betetzeko, Steve Jobsen joera minimalistak harritu egingo gaitu, baina berak lortzen duen emaitza askoz ere eraginkorragoa iruditzen zait. Egun hartan, Steve Jobsek datu mordoa eman zituen, baina amaitutakoan ez genuen datu betekadarik. Geureganatu genituen banaka, eta modu logikoan.

Hizlaria nagusi
Steve Jobsen komunikatzeko erak esaten digu hizlaria dela inportantea, izarra, eta Powerpoint makulu bat, neurriz erabiltzekoa, lagungarri gisa. Eta entzulea ez dela nekatu behar milaka datu emanda. Horrek eskatzen du aurrelana. Ondo prestatu behar aurkezpena, eta ondo aukeratu behar zer datu eman.

Biziki gomendatzen dizuet Steve Jobsen aurkezpena. Hemen ikusi ahal izango duzue, QuickTime erabilita.

2005/09/06

Hogeita lau ikaslek aurkeztuko dute proiektua irailean

Irailaren 14tik 23ra bitartean 24 ikaslek, denak Enpresarako Giza Zientziak ikasitakoak, karrera amaierako proiektuak aurkeztuko dituzte Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI).

Gaiak
Gaiei dagokienez, denetik dago iraileko proiektuetan. Hauxe da zerrenda:
  • Partehartzearen diagnosia MCCn
  • Lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak.
  • ETEO: prozesukako kudeaketa.
  • Nola aztertu barne komunikazioa, eta berau kudeatzeko bi erreminta: bloga eta intraneta.
  • Nola kudeatu jakitatea.
  • Konpetentzia bidezko kudeaketa (bi proiektu).
  • Nola ezarri informatika programa bat langileen prestakuntzarako Maierren.
  • Negozio e-mozionalak.
  • Nola ebaluatu “Bazkide” prestakuntza programa.
  • Kalitate hobekuntza ontzi garbigailuen sailean.
  • Komunikazioaren azterketa eta gizarteratze prozesuen hobekuntza.
  • Bideragarritasun plana.
  • Ikastolen historia eta errealitatea.
  • Hozkailuen pertsonalizazioa.
  • Fagor Arrasate kooperatiba elkartearen etxeko tresna elektrikoen erosketen garapena eta trazabilitatea.
  • ISO 9001 hezkuntzan.
  • Definitu ordainsari aldakorrak.
  • 5Sak Fagor Industrialen.
  • 5Sen jarraipena egosketa sailean.
  • Aztertu zer fiskalitate eta legeria duten fundazioek Europako Batasunean.
  • Huen ikasketen marketin plana.
  • Marketin plana.
  • Marketin plana Lasao enpresan.
Deialdiak
Ikasleek hiru deialdi izaten dituzte karrera amaierako proiektuak aurkezteko: uztailean, irailean eta otsailean. Bakoitzak aukeratzen du proiektua noiz aurkeztu, bere interesen arabera.

Aurkezpenak
Ikasleak hamabost eta hogei minutu artean ditu bere proiektua aurkezteko, diapositiba proiektagailu baten laguntzarekin. Aurrez aurre izango ditu tutore akademikoa, enpresan izan duen begiralea, eta beste gonbidaturen bat. Aurkezpenak, bestalde, irekiak dira. Ikaslearen familiartekoak, lagunak eta ikaskideak egon daitezke bertan.

2005/09/05

Wikiversity: unibertsitate bat doakoa

Wikiversity sortu da, ikastaro bilduma bat, irekia, eta elkarlanean idatzia Wikimedia Fundazioak bultzatuta. Webgune hori da wiki bat, eta horrek esan nahi du edonork, baita guk ere, aldatu edo osatu dezakegula oraintxe bertan edozein modulu, klik eginez edit orrialdean, zein agertzen baita Wikiversityren modulu guztietan.

Wikiversityren webgunean agertzen diren eduki guztiak GNU Dokumentazio Librearen Lizentziapean daude. Horko artikuluak idatzi dizutenak dira eduki horien jabe intelektualak, baina copyleft lizentziari esker, edonork kopia ditzake edo banatu horko edukiak.

Zer da Wikiversity?
Wikiversity orain dela gutxi sortu zen, baina bertan sar litezke edukiak hainbat hizkuntzatan: ingelesez, katalanez, alemanez, gaztelaniaz, esperantoz, frantsesez, interlinguaz, italieraz, nederlanderaz, portugesez, romanaz, suomieraz, vietnamieraz eta txineraz.

Wikiversityk, bestalde, honako ezaugarri hauek ditu:
  • Baliabide bat da, doakoa eta irekia, bestelako wikimedia proiektuak diren bezala.
  • Baliabide bat, non elkartzen diren ikasteko estilo desberdinak eta irakasteko metodo diferenteak.
  • Komunitate ahalegin global bat.
  • Proiektu bat behetik gorakoa eta elkarlanean oinarritua, sortzeko plataformak, metodoak eta edukiak.
  • Baliabide bat aztertu nahi diren gaiak lantzeko.
  • Esperimentu bat uztartzeko ordenagailuak, Internet eta ikasketak.
  • Bilduma bat, non aurki daitezkeen ikasmaterial doakoak eta libreak.
Helburua
Wikivertsityren helburua ez da jakintza zabaltzea, baizik eta ikaskuntza erraztea. Wikiren elkarlanerako ereduak aplikatuko dira e-learning delakoaren egituretara. Eta Wikiversityren audientzia helburua ikasleak dira.

Zerk bereizten du Wikiversity gainerako unibertsitateetatik?
  • Ez duzu ordaindu behar berau erabiltzeko.
  • Ez duzu dirurik jasoko bertan egin ditzakezun ekarpenen truke. Hor lan egiten duten guztiak boluntarioak dira.
  • Ez dauka etxerik, Interneten aterpetzen da eta, zerbitzari batzuetan.
Adibideak
Nahi baduzu ikusi nola antolatzen diren gaiak Wikiversityn, klik egin kristautasunari dagokion orrian. Jakinak, ingelesez dezente garatu dira gaiak.

Gaztelaniaz ere hasi da lanean Wikiversidad delakoa, ingelesezkoa baino motelago, baina euskarazkoa baino biziago, oraindik ere ez baita sortu Wikibertsitatea. Noiz sortuko da?

2005/09/02

Ahotsaren indarra

Bere azken liburuan, El regalo de la comunicación, Sebastiá Serrano katedradunak azpimarratzen du ahotsak zer indarra duen gaixoak hobeto sentiarazteko, eta beste egoera askotan: enpresan, familian, lagunen arteko harremanetan, etab. Egun hauetan, ordea, nabarmen geratu da orobat ahotsak sekulako kalteak sor ditzakeela. Aste honetan bertan Bagdaden izandako gertaerez ari naiz, non ia 1.000 erromes xiita hil diren.

Egia baldin bada hedabideek zabaldu duten informazioa, nahikoa izan da pertsona gutxi batzuk oihuka jartzea, esanez erromesen artean terrorista suizida bat zegoela, jendartean izuikara hedatu eta ia mila pertsona hiltzeko, batzuk zapalduta, eta beste asko zubi batetik ibaira salto eginda. Emaitza izan da atentaturik odoltsuena baino dezente odoltsuagoa. Tiro bakar bat jaurti barik.

Horrelakoxeak gara pertsonak: ahots batek limurtu egin gaitzake, eztia eta beroa baldin bada, baina beste ahots batek ikaratan jar gaitzake, histeriko huts, Bagdaden gertatu bezala. Komunikazioaren gorabeherak.

2005/09/01

Wikipedia, kazetaritza lanetan

Beste behin, Wikipediak harritu egin gaitu: Katrina urakanak Louisianako kosta jo orduko, artikulu oso bat zuen urakanaren ondorioez. Eta artikulu hori etengabe ari da eguneratzen, datu berriak agertu ahala. Hedabide askok baino hobeto ari da lan hori egiten Wikipedia, eta bere emaitza, betiko moduan, doan jaso liteke Interneten.

Eneko Astigarragak ohartarazi zidan lehenengo Wikipediaren balentriaz, eta gero Dan Gillmor adituari gauza bera irakurri nion. Biek hala biek azpimarratzen dute Wikipedia dela hiritar kazetaritzaren adibiderik onenetakoa, eta kasu horrek arrazoia ematen die. “Ez du ezer kontatzen lehen pertsonan —dio Gillmor-ek—, baina (Katrina urakanaren gainekoa) kazetaritza pieza erabatekoa da”.

Wikipedia
Wikipedia entziklopedia bat da, doakoa, Interneten oinarritua eta hainbat hizkuntzatan egina, baita euskaraz ere. Boluntarioek egiten dute elkarlanean, Wikimedia Fundazioak babestuta. 200 bat hizkuntzatan argitaratzen da (horietatik 100 inguruk jarraipena dute), eta gaiei dagokienez, lantzen ditu entziklopedietan lantzen diren gaiak, almanaketakoak, eta egunerokotasun handiko gertakizunak. Bere helburua da entziklopedia bat sortzea, doakoa, eta banatzea ahalik eta hizkuntza gehienetan. Dagoeneko bihurtu da kontsulta lekurik bisitatuenetako bat sarean.

Nork dio doako gauzek ez dutela baliorik?